Infernuko Mojak eta A Wall Is A Screen

apirila 7, 2014 @


P1040631

(Irudia: A Wall Is A Screen, Hanburgo)

Kaixo ‘Elearazi-zale’ guztioi!

Galder naiz, orain dela lau aste Danelek eta Garazik jaurti zuten amuari koxk egin dion arrainetako bat. Euskal itzulpengintzaren inguruan komunitatea sortzeko beharraz aritu zitzaizkigun elearazi.org webgunearen bigarren urtemugan, eta halaxe izan behar dela uste dut nik ere, komunitatearen bidez eztabaidari eta sorkuntzari ateak ireki behar dizkiogu eta zentzu horretan Elearazi gu guztion arteko topagunea izan daiteke. Ni neu ere, norabide horretan ahaleginduko naiz ekarpena egiten.

Nire burua aurkeztu asmoz, zer esan… Itzulpengintza eta Interpretazio ikasketak amaitu nituen iaz Gasteizen, eta hori izan da hizkuntza eta itzulpengintzaren mundu honetan murgiltzeko lehendabiziko pausua. Orain dela hilabete batzuk, beste askok bezala, etorkizuna, lana eta inspirazio bila atzerrirako bidea hartu nuen. Orain Bremenen bizi naiz, Alemanian, eta Elearazi, herrimina sendatzeko botika gisa erabili nahi dut. Garazik eta Danelek hemen ikusi, irakurri, eta bizitzen ditudanak zuekin konpartitu eta euskarara ekartzeko aukera eman didate eta zuen baimenarekin horri ekingo diot!

‘Lehen posta’ lehen muxuaren urduritasun berarekin bizi izan dut, hasiera izaten baita beti zailena. Baina tira, gaur ekartzen dizuedan bideo honen testuinguruan jarri nahi zaituztet. Iazko azaroan Kassel hirian ospatzen den Dokfest dokumental eta bideo festibalean izan nintzen. Bertan, A Wall Is A Screen Hanburgoko kolektibo gaztea ezagutu nuen. Izenak oso ongi deskribatzen du euren filosofia: pareta bat pantaila bat da. Arratsaldeko 20.00etan Kasseleko tren geltokian zen zita. Ehunka pertsona gerturatu ginen eta kolektiboari buruzko azalpen batzuk eman ostean saioari hasiera eman zioten. Bi orduz Kasseleko eraikinen hormetan Film akademia ezberdinetako ikasleek eginiko bideo motzak ikusi genituen. Proiektore indartsu bat eta bozgorailu batzuk, besterik ez. Aurrez aukeratutako hormetan proiektatu zituzten bideoak, eta proiektatzen zuten lekuarekin lotura zuten filmak ikusten genituen. Ideia sinplea bezain polita iruditu zitzaidan, apurka-apurka indarra hartzen ari zen ekimena zela azaldu zuten, eta nazioarteko zein bertako arte eskoletako zuzendari gazteek egindako bideoak proiektatzen zituztela. Gau horretan ikusi genuen bideoetako bat ekarri nahi dizuet gaur: Baden-Württemberg Film eskolako Roland Petrizza (1983) zuzendariaren Infernal nuns (Infernuko mojak). Bideoa trailer faltsua da, existitzen ez den film baten trailerra alegia, eta Petrizzak bere ikasketen graduazioan aurkeztu zuen 2011. urtean.

Beraz, momentu batez, kale ilun batean imajinatu beharko duzue zuen burua, beste ehunka pertsonarekin batera zaudete, hotza egiten du eta proiektorea eliza baten horma batean proiektatzen hasi da. On egin!

A Wall Is A Screen kolektiboari buruzko informazio gehiago: http://www.awallisascreen.com/

Eta Infernal Nuns bideoari buruzko informazio gehiago: http://www.infernalnuns.com/