Zenbat Ariel

apirila 15, 2014 @


ariel

Apirilaren 12ko alean, Ortzadar kultur gehigarrian argitaratutako kritika.

Zenbat Ariel

Txoko honetan bertan aipatu zutenarekin bat nator, badirudi euskarara itzulitako poesia boladatxoan dagoela, eta hori hauspotu nahian erabaki dut liburu hauxe iruzkintzea: Denonarteanek argitaratu duen Sylvia Plathen Ariel eta beste poema batzuk, Iñigo Astiz baita ere poetak euskaraz emana; nahiz eta ezagun batek esan zidan “poesia irakurle haundia izan behar d[el]a Plathi heltzeko”, eta etiketa hori beldurgarria den. Seguru asko zuzen zegoen hein handi batean nire ezaguna, baina liburu hau hit bat da, eta etengabe gabiltza lanturuka euskaraz ez ditugun hitak gora eta behera; hortaz, ororen gainetik iruzkin honek adore-emailea nahi du izan, zailtasunak zailtasun, aukera bikain hau aprobetxatu eta anima gaitezen poeta konfesional nabarmenetako bat euskaraz deskubritzen hastera.

Astizek hitzaurrean dioenez, bi Ariel daude liburuan: batetik, Plathek berak buruan zuen poema-bilduma, “maitasuna” hitzarekin hasi eta “udaberria”rekin amaitzen zena, eta, bestetik, Ted Hughes senarrak hil ostean apailatutako bertsioa, urte luzez irakurleek ezagutu zuten bakarra. Are, bikoizki da bikoitza gure Ariel hau, irakurleak eskura baititu eskuman Astizen itzulpena eta ezkerrean ingelesezko abiapuntua. Gutxitan egin dira gurean edizio elebidunak eta interesgarriak dira, bai itzulpengintzaren ikuspuntutik ariketa konparatiboak egiteko, bai besterik gabe ingelesa ezagutzen duten irakurleek Plathen kadentzia zuzenean aditzeko, nahi izatekotan. Poesia-bildumak, gainera, bereziki dira aproposak ele bitan ipintzeko, laburragoak direlako.

Gisako edizioek, baina, badute alde arriskutsu bat, itzultzailearengan normalean baino are presio handiagoa eragin dezake, jatorrizkoarenganako fideltasuna dela eta ez dela, itzulpen-erabakiak puntuz puntu justifikatu behar dituelakoan.

Ezagun da Plathen poesiak zinez maite duela Astizek, eta miresmenetik eta errespetutik abiatutako itzulpena dugula hauxe. Ona da hori, mimo handiz egindako itzulpenak suertatzen baitira maitasun literario mota horretatik. Halere, lehen aipatu dudan gehiegizko justifikazioarekin egin dezakegu topo, eta kasu honetan uste dut agian oin-ohar batzuk soberan daudela. Niri neuri interesgarriak begitandu zaizkit xehetasun linguistikoak, baina beste irakurketa-mota berezituago baterako irizten diet aproposen. Alegia, uste dut jende askori agian ez zaiola hil ala bizikoa irudituko hitz zehatzak zergatik hautatu diren jakitea, eta agian poemen irakurketa trabatuko diola atzera eta aurre ibili behar horrek (paradoxikoa neuk esatea, bai).Denise Levertoven hitzak dakartza Alex Gurrutxaga kritikariak liburuari egindako iruzkin jakingarrian; hain justu, Plathen irudiak sortzeko gaitasun goratuz. Levertovekin bat nator, Plathek lerro ezin ederragoak ateratzen ditu egoera prosaikoenetik, kasu, hatza ebakitzetik. Horrez gain, Astizek zenbait aldiz aipatu dituen umore printzak aurkitu ditut zenbait poematan, adibidez, “Detektibea” izenekoan.

Baliteke Plathen sartzeko estrategia gomendagarriena izatea Plathi berari ahalik eta gutxien begiratzea, haren itzalak zure barruko poesia irakurle jantzia/hasiberria elbarritu ez dezan; azken batean, irudien indarrak teoriaren beharrik gabe kolpatzen duelako sabela.

Azken batean, hainbat Ariel daude, zenbat Ariel dauden; irakurle bakoitzak has dezala berea.

Sylvia_plath