Ekainaren 7ko alean Ortzadar kultur gehigarrian argitaratutako kritika.
Hainbat herritan arrotz
Egunkariko aipamenaren bitartez izan nuen estreina Biribilgune eleberri honen berri, harrigarriki, Gazteluma bekaren eskutik datorren lana izanik aurreikustekoa litzatekeelako aurrez ere propaganda pixka bat gehiago jasoko zuela beste kasu batzuetan horrela izaten delako. Bego horretan. Egunkariko aipamenean jakin nuen intrigazkoa-edo zela eleberria, inkesta bat zuela abiapuntu eta nor eta euskal literaturako detektibe erruraletan finena erreferentzia. Dolharek berak aitortua Amaia Ezpeldoirekiko keinua, tren-bidai luzeetan bihotza goxatzen laguntzen zioten Itxaro Bordak irudikatutako pertsonaiaren abenturek. Hitz gutxi horiek nahikoa eta sobera nire interesa pizteko, neuri ere irribarreak franko atera baitizkit Amaiak Bardeetan, Bilbon, Baionan eta abarretan.
Hartu nuen liburua, beraz, eta esan dezadan aho-bilorik gabe, azalak ez dio mesederik egiten batere. Iparluma gisako kolekzio bereizi baten balizko onura/kalteetan eta kolekzioaren diseinu orokorrean sartu gabe iruditu zait koloretako marrazkia erabat dela nahasgarria, HGLko abentura-liburu baten aurrean zaudela dirudi. HGLko abentura-liburuek, noski, ez dute berez ezer txarrik, baina azalen arteko orrietan aurkituko duguna ez dator inonik inora sailkapen horrekin bat. Ez dut uste esteta mokofinen kontua denik, ezpada funtsezko zerbait, azalak tentu handiagoz aukeratze behar hau.
Orrialdeak pasatzen hasi eta ikus dezakegu Bordarekiko lotura ez dela soilik gure nobela honetako protagonista izengabearen eta Ezpeldoiren arteko adiskidetasuna. Kontrara, Bordaren pentalogian detektibegintza aitzakia den heinean gai politikoak, sozialak eta pertsonalak jorratzeko, Dolharerenean ere bertsu, inkesta heldulekua da ardatza bainoago, bilaketa esistentzialerako.
“Malgutasun moral eta ideologikorik gabeko [euskal] herrikideen artean” (13. orria) arrotz sentitzen den narratzaileak bidean topo egingo du bere antzera sorterriarekin nolabaiteko gatazkan dauden pertsonaiekin: auzoek adoptatutako Sinbulunbai umearekin Harriagan, hautu sexuala dela-eta jaioterrian bizitzea zail duen Mamadurekin Dakarren, frantses jaio baina frantses egokitzat sekula hartuak izango ez diren migranteen seme-alabekin Pariseko Meaux banlieuean. Aski ezpeldoitarrak ere badiren lekualdatze geografikoei esker iristen zaizkigu, besteak beste, kolonialismoaren bi alde, batetik, kolonia ohietako egoeraren konplexutasuna sakonago ulertzeko nahia, bestetik, kolonizatzailearen ezgaitasuna eta gogorik eza bere iraganeko gehiegikerien ondorioak kudeatzen hasteko. Horrez gain agertzen zaizkigu emakumeen subordinazio-egoerak hemen, hor, han eta harago, baina baita indarrez eta kuraiaz betetako andreak ere, eta narratzailea egoera zitalenetik salbatzen duen neskato argia.
Arin doakizu liburua esku artean, euskara batua zabaltzen eta arnasarazten duen hizkeran, apur bat biribilegia dirudien amaierara heldu arte. Apur bat birilegia, apur bat zoriontsuegia, badakigu denok bizitza zer den gordina, baina segundu batez gelditu eta pentsatu dut eleberriak deskribatzen dituen eguneroko tragedia latz guztietan, eta zer demontre, itxaropen izpitxo bat eskertzen da, ondo amaitzen den istorio bakar bat ez da hain sinesgaitza, sorterri eta molde diferenteetakoon elkarbizitza sustatzeko deia, ez flower-powerki, baizik eta guztion esfortzuz.
Katixa Dolhare. Irudia: berria.info
ekaina 10, 2014 @ Danele