Belarriak irakurtzen duenean

ekaina 12, 2014 @


audiobooks

(Irudia: Penguin audiobooks)

Berriako Hirudia ataleko hogeita zazpigarren artikulua da hau. Egurra onartzen da, baina, ahal dela, sua egiteko baliagarria izan dadila.

Duela gutxi kolaborazio bat eskatu zidaten Manex Agirrek eta Gaizka Amondarainek, Hala Bedi irratian gidatzen duten Celosamente gordea saiorako. Euskarazko literatur irratsaio bakarrenetarikoa da, uler bedi bere horretan, hots, ez literaturaz mintzo den saioa, baizik eta literatura egiten duena. Testu laburrak irakurtzen dituzte eta batetik bestera abesti bat jartzen dute, ordubeteko saioa osatu arte; gozamen hutsa. Begiak itxi eta entzun. Hain erraza balitz. Begiez irensten dugu gehienok literatura, begi ikasiez fidatzen gara. Ariketa aktiboa da; ez, ordea, entzumena. Ez dut lortu irratsaio bat, edozein dela ere, osorik entzutea beste deus egin gabe, horretara bakarrik jarriz buru-gorputza. Besteren osagarri izaten da nire kasuan belarritik sartutako hori.

Alejandro Zambraren No leer liburuan neure barrurako irakurri dut irakurketa isilak X. mende hasieran hartu zuela indarra, ordura arte irakurtzea ozen irakurtzea baitzen. Antzinako liburutegiak leku zaratatsuak ziren, beraz; narrazio bateko eta besteko hitzak, esaldiak elkarren artean nahastuko ziren, testu berriak sortuz, iragankor bezain errepikaezinak, zentzugabeak akaso, espazio eta denbora jakin bati lotuak. Irakurtzeak begiak eta belarriak behar zituela uste zen, irakurketa isila ulertezintzat hartzeraino; irakurle bakartua, halakorik bazen, friki hutsa izanen zen, izaki misteriotsu eta berekoia. Hamaika mende atzera joan gabe, akordatzen naiz amonak egunkaria nahiz liburuak irakurtzen zituenean xuxurla bat ateratzen zela beti haren ezpain-artetik. Ezin izaten nuen halakotan bere ondoan etxerako lanik egin, eta berak ez zekien bestela irakurtzen.

Denok sufritu dugu maite ditugun poemak autoreen irakurketa eskasean edo trabatuan entzun ditugunean. «Poeta onak ez du zertan irakurle ona izan», esan zidaten duela gutxi. Norbere baitara irakurtzeko literatur lan onak entzuteko ona izan behar du? Irakurlearen trebetasunaren arabera, berriz ere. Erraz eta atseginez egin dezakegu proba Xerezaderen Artxiboko edo Etxegiroan atariko podcast-ak entzunda, besteak beste. Hala ere, batek baino gehiagok dio literatur lan bat ona den jakiteko ozen irakurri behar dela, entzuleen pazientzia gainditzen duen edo norberaren belarria konbentzitzen duen ikusteko. 1849an Flaubertek La tentation de saint Antoine eleberriaren lehenengo bertsioa bukatu zuen, eta ozen irakurri zien oso-osorik Louis Bouilhet eta Maxime Du Camp adiskideei. Lau egun behar izan zituen horretarako, eta bukatu arte iritzirik ez emateko eskatu zien. Amaierara iristean, lagunek esan zioten eskuizkribua sutara botatzeko eta eguneroko bizitzari heltzeko, hainbesteko fantasian galdu ordez*.

Entzuteko literatura ume txikiekin lotzen da askotan, lehen, behintzat, ipuinak kontatzen baitzizkiguten lotarakoan. Igual horregatik kostatzen zaigu heldu askori horretara jartzea, buruan gauza inportanteagoak ditugulakoan haria galtzen dugulako ez ezik, haurren kontuekin lotzen dugulako eta beti egonen delako hori beheragoko mailaren batean (zer esanik ez ustezko haur-gauzekin mozteko dugun beharraz). Esanen nuke eskolan, lehen hezkuntzara igarotzen direnetik, oso gutxi irakurtzen dutela haurrek ozen, eta, beraz, ikaskideek gutxi dutela irakurketa entzuten. Txikientzako literatura ahozkoa da baina, errimak, errepikapenak, onomatopeiak, batez ere oraindik irakurtzeko gai ez diren edo ikasten ari diren umeentzako liburuak. Kuantitatiboki genero nagusia izan arren, prestigio gutxiagokoa da haurren literatura, eta oraindik ere errazkeriatzat jotzen da haientzako ipuinak sortzea eta itzultzea. Laburrak eta sinpleak omen. Alta, Juan Kruz Igerabidek zioenez, idazleak (eta, beraz, itzultzaileak) zozokeriak idazteko eta pedante azaltzeko mugaren artean ibili behar du orekan, errazkerian ez erortzeko ahaleginean. Errimak, errepikak, soinuak… eta irudiak. Begietara buelta. Esanen nuke (lagunartean kontrastatua da) azken urteotan marrazkilari on gehiago sortu direla genero honetan idazle on baino. Baina hori beste eztabaida bat da. Bitartean, fida diezaiegun belarriei literatura.

*Ikus erantzuna.