(Irudia: aranburuharategia.com)
Berriako Hirudia ataleko hogeita zortzigarren eta azken artikulua da hau. Egurra onartzen da, baina, ahal dela, sua egiteko baliagarria izan dadila.
Guztiek bigarren mailan jartzen duten pertsona horrek lehenengoan egoteko aski meritu badituela axiomatzat jotzen zuen Jonathan Swiftek. Hala gertatzen da liburu askotan, protagonista modura aurkezten zaigun hori baino maiteago ditugula bigarren mailako direnak, hala protagonista itzalpean uzteraino autoreak gehiago landu dituelako nola irakurleari begiz jotzen dion zerbait dutelako. Protagonista babesteko, hauspotzeko edo zilegitasuna emateko daude hor bigarrenak, bidelagunak dira batzuetan, arerio besteetan. Akorduan ditut bi atso gogoangarri, bigarren mailako nahi eta protagonista direnak; batetik, Koaderno Handia-ko Amona, bikien ahotsak hain modu ikusgarrian agerrarazten duena, eta, bestetik, Garbiketa-ko Aliide alarguntsa, hasieran Zara bada ere nagusi, berehala iristen baitzaio ondora. Biek ala biek badute zenbait antzeko ezaugarri; aunitz sufritutakoak dira eta horren ondorioz-edo, mesfidantza eta zakarkeria dute oskol. Baina narrazioak aurrera egin ahala, ia bukaeran, xamurtasun izpiren bat azaltzen da biengan. Itzalpean ez geratzetik urrun, lehen lerroa hartzen dute bien ekintzek eta bizipenek, funtsezko zutoin baitira istorioaren eraikuntzan.
Iragana biziberritzen da bi atso horiengan, atzean utzitako bidea aurrean dutena baino askoz luzeagoa den pertsonengan ohi denez. Erraz geratzen da gibelean memoria. Bihar aspaldi izanen diren ikaskizunak edo epopeiak bigarren mailako pertsonaiez beteriko liburuetan aurkitzen dute batzuetan apalategietako eternitatea. Erreskatatzen dugu iraganeko gertakariren bat: ariketa politikoa, batzuentzat beti arrotz txertatzen dena orainean. Komenentziaz arrotz. Biziberritzen ditugu hildakoak: lehen mailakoak gehienak, jakinda multzo baten ordezkari direla aurpegiok, ur-laster baten tanta ikusgarria, guztiok behar baititugu erreferenteak, memoriak ezin baitu oro gorde.
Gune eta periferiarekin gertatzen den gisan, lehen lerroan dauden horiek beharrezko dute atzean dauden guztiak. Beti izaten baitira gehiago atze horretan, edo, egun arrazoiketa bertikalak gehiago konbentzitzen duela ikusita, behean. Kulturgintzan gauza bera gertatzen da, noski. Orri hauetan duela zenbait aste Iñigo Astizek zioen haizetan eraikita daudela zenbait kulturgune, leku fisikorik gabe mugimenduan. Eta hamaika lagun dira hauspoak utzi beharrez haize horri putz egiten. Kide batek esaten du egindakoez hitz eta pitz dabilenak ez duela horiek besterik egin; «soinu haundik eta intxaur gutti». Zorionez, herri honetan gehiago dira hitz eta pitz ibili beharrean egin eta egin ari direnak; norbanako ikusezinak, kulturaren militanteak, farandulak farandula eta ezinikusiak ezinikusi, lanean diharduten agente nekaezinak.
Neurriaren mesedetan izen-abizenak ez aipatuz atze hori elikatzen nabilela jakinda, izan bedi haientzat omenaldi txiki hau. Haien guztien putzekin baitabiltza Literatura eskola, Eako poesia egunak, irakurle klubak, Hatsaren elkartea, Literaturia, Artedrama topaketak, hamaika argitaletxe, armiarma.com ataria, EIZIE, liburu-dendatik harago doazen egitasmo engaiatuak, aldizkari eta irrati autogestionatuak… Eta, noski, ahazten edo ezagutzen ez ditudan guztiak. Atzean egon arren atzean geratzen ez direnak. Beren lan eta nekeak ongi egindako lanak eta beste inor gutxik aitortuko dizkiotenak. Bigarren planoan geratzen diren horiek protagonistak baino meritu handiagoa dutela ere axiomatzat har baitezakegu.
Bukatzeko, zutabe honetan idazten dudan azkena ere badelako, eskerrak eman nahiko nizkieke nire izenaren atzean dauden horiei. BERRIAko langile, kazetari, zuzentzaile, maketatzaile, erosle eta irakurle guztiei. Eta bi urteotan idatzitakoek publikatu aurretik izandako bi irakurle zorrotzei, Daneleri eta Andoniri. Eta hitz politak eta kritikak egin dizkidazuen guziei. Irakurle zarelako hauspo zaitudan horri. Hogeita zortzigarren zutabe hau azkena izanen da formatu berean jarraituz gero idatzien kalterako litzatekeelako. Geroz eta gehiago barneratu orduan eta gehiago dira zabaltzeko ditugun leihoak. Hauspoa ematen segituko dugu kanpo, atze eta azpi, putz eta putz, ikusi ez baizik arnasten den haize izateko.
uztaila 3, 2014 @ Garazi