Itzultzaileak mintzo: Arantzazu Royo Manterola

uztaila 15, 2014 @


zaldi ero

(Argazkia: Zaldi Ero)

Hernanin sortu zen baina Gros auzoan aurki dezakegu EIZIEk beste kulturgintzako elkarte batzuekin batera duen txokoan, Mila Garmendiarekin elkar harturik. Hogei urte pasa daramatza Arantzazuk EIZIE elkartean bulegari, eta bai lanbidearen barrunbeak bai ofizioak gurean egindako ibilbide hurbila ederki ezagutzen dituela esan daiteke, beraz. Ez dizkiogu barne kontuak kontatzeko eskatuko, nahiz eta memoria zoragarria duela badakigun. Ezagun dugu, halaber, kosta egiten zaiola plazara ateratzea, eta irakurri dugu «petit comité-n hobeto» moldatzen dela, «gauza guztietan»; horregatik eskertu nahi diogu elkarrizketa hau egitea onartu izana, uztaila izanik irakurle gutxi izanen dituela esanez konbentzituta.

Itzulpen eta Interpretazioan lizentziatua da, eta bulegari lan(handi)az gainera, egin du literatur itzulpenik. Lantaldean hasi zen horretan, H.C. Andersenen 19 ipuin (Ibaizabal, 1997) euskaratu zuenean Martxel Eguen itzultzaile-taldearekin. Arabiera ikasi zuen eskola partikularretan lehenik eta bertatik bertara gero, Egipton, Tunisian, Marokon, Sirian… eta hizkuntza eta itzulpengintza, biak uztartzeko asmoz, Mohamed Xukriren Ogi hutsa (Igela, 2010) itzultzen hasi zen, «ez oso seriotan» hasieran. Hori izan zuen kaleraturiko lehen lan luzea, eta Xabier Olarrarekin lankidetzan aritu zen gero Alaa Al Aswaniren Jakobian eraikina eleberriaren itzulpenean (Igela, 2011). Euskadi saria jaso zuten itzulpen-lan horrekin. Orain esku artean du Xukriren Hutsegite garaiaren euskaratzea, trilogia ospetsuaren 2. eleberria.

Urte asko egin dituzu EIZIEko bulegari. Erreferente bihurtu da elkartea, euskararekin lan egiten duten itzultzaile, interprete eta zuzentzaileen arteko sare. Zer erronka eta zer huts ditu gaur egun EIZIEk?

Boteprontoan, erronka, daukagunari eustea. Diru-kontuak ditut buruan hori esatean. Beste elkarte askorena bezala, ezta? Eta lehenengo etorri zaidan hutsunea: lanbidearen beraren inguruko kontuak gehixeago lantzea. Alegia, gehiago konpartitzea zertan ari garen, zein baldintzatan, zein esparrutan… Litekeena da, hala ere, itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteak beren kontuak konpartitzea eta bulegora iristen ez delako izatea sensazio hori. Konpartitzeko moduak asko aldatu dira, hori ere bai. Literatur itzulpena da gehien ikusten dena, gehien iristen dena eta baloratzen dena, baina zenbat eta zenbat esparru itzulpengintzan… horien oihartzuna askoz txikiagoa da, eta, normala bada ere, nolabaiteko desproportzio bat ikusten dut. Alorka dugu elkartea banatuta, eta bada bat lanbidearen gaiak lantzeko; zailenetako bat, esango nuke. Itzultzaile aitzindariei ez diegu aspalditxo kasu handirik egin… Iritsi ezina ere bada sensazio orokorra (ezta laguntza eskatzera ere…).

Baditu erronkak eta hutsak, baina gauza oso onak ere bai, niretzat behintzat. Ez dakit… talde edo kolektibo baten parte sentitzen naiz… Estimatzen dut taldekideen arteko giroa, elkartearen jardueretan parte hartzeko eta lanerako prest izatea jendea, berriki izan dugun “jipoi ekonomikoaren” aurrean elkartasun adierazpenak…

Gehien ikusten den horri helduko diogu jarraian, ba. Lantaldean ekin zenion literatura euskaratzeari, Literatura Unibertsalean H.C. Andersenen 19 ipuin (Ibaizabal, 1997) liburua Martxel Eguen taldearekin itzuli zenuenean. Bikotetan bai, baina ez da hain ohikoa liburuak taldean euskaratzea.

Niretzat, esperientzia gogoangarria. Beharbada idealizatu ere egin dut pittin bat, baina oso ederra izan zen hura. Taldekideak: Irene Aldasoro, Aintzane Atela, Miren Arratibel, Eskarne Mujika, Antton Olano, Marije Sanjose eta neu. Eskarmentu handikoak eta eskarmentu handirik gabeak (are gutxiago literaturan), denak elkarrekin. Ordurako testu literarioak itzultzeko elkartzen hasiak, trebatzeko. Lehiaketa etorri zen, eta proiektua esleitu.

19 ipuinak banatu genituen (ez zen homogeneoa izan banaketa, kopuruz), eta astean behin biltzen ginen. Itzulpena egiten zuenak beste guztioi pasatzen zigun —garai hartan faxez—; besteok begiratu, oharrak jaso, eta elkartearen egoitzan egiten genuen bileran eztabaidatu eta adostu. Ostegunero, ia, urtebetez-edo; hortik “eguen”. Hor ikusi nuen nik, adibidez, zer zen hiztegietan barrena paseatzea (liburukote haiek mahai-gainean…). Eta beste gauza asko, jakina. Zeharbidez jardun genuen. Zubi hizkuntzak, hiru: gaztelania, frantsesa, eta ingelesa. Laguntza ere eskatu genuen, danierazko kontu batzuk argitzeko, bertsoak itzultzeko, zuzenketak egiteko… Eta ez, ez ginen haserretu.

Desproportzio bat ikusten dut literatur itzulpenaren eta itzulpenaren beste esparruen artean.

Mohamed Xukriren Ogi hutsa (Igela, 2010) izan zen lehenengo itzulpen luze argitaratua. Nobela autobiografiko izugarria da, eta idatzi eta hamar urtera kaleratu zuen Xukrik bere poltsikotik ordaindutako edizioa. Kaleratu eta gutxira debekatu zuen zentsurak, ordea, hamazazpi urtez.

Bitxia da liburu horren ibilbidea, bai. Paul Bowlsek eta Tahar ben Jellounek ekarri zuten mendebaldera, nork bere itzulpenaren bidez, eta lehenago ikusi zuen argia ingelesez eta frantsesez, arabieraz baino. Frantsesezko argitalpenaren egile-eskubideei esker atera omen zuen Xukrik arabieraz.

Miseria gorria, sexu esplizitua, prostituzioa, alkohola eta drogak, homosexualitatea… eskandalua sortu zuen, eta zentsura. Aitarengandik jasotakoez eta hari zion gorrotoaz hain garbi hitz egiteak ere izango zuen zerikusirik.

Liburuaren hasiera ikaragarria da, oso gogorra, baina aurrera egin behar da. Badira irribarrea ateratzen dizuten pasarteak ere. Liburua lehenengoz irakurri nuenean, frantsesez, txundituta utzi ninduen kontatzeko moduak; zer kontatzen zuen baino gehiago. Ez du batere dramatizatzen. Zuzen-zuzenean eta batere apaindurarik gabe kontatzen ditu haurtzaroan eta nerabezaroan bizi izandakoak. Indar handia du liburuak, nire ustez.

Beste liburu indartsu bat Xabier Olarrarekin euskaratu zenuen, Alaa Al Aswaniren Jakobian eraikina (Igela, 2011) hain zuzen. Eleberriak Egiptoko gizarte ustel eta mendekotasunez betea (ekonomikoa, afektiboa, erlijiosoa…) marrazten badu ere, Egipton ez zuten zentsuratu.

Ez, hala da. Ez dakit… misterio bat da, nonbait. Denis Johnson Davis itzultzaile aitzindariak ere esaten zuen harrituta zegoela nola ez zuten debekatu Egipton, Ogi hutsa bezala, hain zuzen (liburua aipatu zuen). Homosexualitatea, esate baterako, tabua da, eta erabat gaitzetsia.

Orain arabiera ere inguruan dugun arren, zer berezitasun du horrek hurbilago ditugun beste hizkuntza handiekin alderatuta?

Alfabetoa, hasteko, eta eskuinetik ezkerrera irakurtzen dela. Zeinu diakritikorik gabe idazten da; zeinu horien artean dira hiru bokalak (ez bost), eta normalean ez dira idazten, ezpada gaizki-ulerturen bat saihesteko. Letra larririk ere ez da, eta horrek izen propioak irakurtzea zailtzen du. Denbora adierazteko, berriz, aspektua erabiltzen da… Aditz-erroa da oinarria, eta hortik abiatzen da dena. Hiztegian hitzak bilatzeko, erroa atera behar da lehenik, horren azpian baitira hortik eratorritako hitz guztiak. Eta erroa ateratzeko, gramatika ondo ezagutu behar…

Ez dakit, hala ere, hainbeste den hizkuntzaren beraren kontu bat. Guretik hain urrun dagoen kultura bat, itzulpen-tradizio txikia… horiek ere badira.

Bestalde, hor da estandarraren eta dialektoen arteko aldea (gurean bezalaxe, baina distantzia handiagoa dela esango nuke). Elkarrizketetan eta lexikoan erabiltzen dute, erabiltzekotan (ez idazle guztiek). Egiptoko dialektoa ezagutu nuen, baina Marokokoa ez. Badut non eskatu laguntza, zorionez. Laguntza handia dira, bestalde, beste itzulpenak, nire “makulu-hizkuntzak”: gaztelania, frantsesa eta ingelesa. Hirurekin ibiltzen naiz, dela ulertu ez dudan zerbait argitzeko, dela nondik jo duten ikusteko. Ez nintzateke ausartuko horiek gabe. Ederra da interpretazio eta irtenbide diferenteak ikustea, bestalde.

Bi liburu horiek itzuli zenituenean Euskaltzaindiak ez zituen oraindik transliterazio arauak emanak. 2012an arautu zuten. Alde handia dago zuek egindakoarekin?

Oraintxe ari naiz pertsona- eta leku- izenen zerrenda ateratzen, eta irudipena dut kostako zaidala koherente izaten. Xukriren liburu batetik bestera —Ogi hutsa liburutik Hutsegite garaia liburura— pasatzean izango ditut lanak, lehen agertzen diren pertsonaien izenekin. Ahal nuen bezala arrazoitu nizkion orduan neure buruari erabakietako batzuk (EIMAren estilo-liburua eta Berriarena ibili nituen, eta, asko eta askotan, Google). Izan ere, kontuan hartu nituen bai soinua bai nola idazten duten haiek beren izena edo herria (mapetan, esate baterako)… Araua atera zen gero, eta orduko batzuk aldatu beharko ditut. Badira arauarekin bat datozenak, noski. Bestalde, arrazoitze hori, jakina, komenientziaren araberakoa ere izan zen, edo nire begi-belarrien sentsibilitatearen araberakoa. Adibidez: Abdelmalek (Xukriren anaia) eta Abdel Wahab (egiptoar kantari ezaguna) biak agertzen dira Ogi hutsa liburuan. Egitura bera dute izenek, baina ez nituen berdin transkribitu. Arauaren arabera, oso oker ez banabil, Abd al-Malik behar luke, berez. Batetik, “e” eta “i” bokal bera dira arabieraz, eta, bestetik, “el” hori “al” artikuluaren aldaera da. Oso izen arrunta da Abdelmalek, eta hala transkribitzea ateratzen zitzaidan. Beste itzultzaileek zer egin zuten ere begiratu nuen. Abdel Wahab kantaria, halaxe idatzita agertzen zen maizenik Googlen, nik uste. Mila modutara idatziak agertzen dira izenak, hizkuntza guztietan.

Eta orain ere ahal dudana egingo dut, araua ondo irakurri ondoren. Amaierarako utzi dut zerrenda sortu eta erabakiak hartzea, Xabier Olarraren laguntzaz.

Mundu bat da oharrena, ezta? Ez da erraza muga jartzea: erabakitzea zer den irakurle potentzialarentzat ezaguna eta zer ez; zerk eskatzen duen azalpena eta zerk ez, eta zenbaterainokoa…

Erabakitzeko beste adar bat: Xukrirenean oin-oharrak erabili zenituen, eta Al-Aswanirenean, berriz, glosarioa jarri zenuten bukaeran.

Bai, hala da. Buruz ari naiz, baina esango nuke Xukrirenean kultur hitzak azaldu nituela gehienbat oharretan. Jakobian eraikinaren glosarioan, berriz, erreferentzia ugari eman genuen, eta erreferentzia horiek testuarekiko zuten garrantzia neurtu genuen, nik uste. Kopuruz ere bada aldea, eta azalpenaren luzerak enbarazu egin lezakeen edo ez… Beste itzultzaileek nondik jo zuten begiratu izanak ere izango du horretan zerikusirik… 

Xukriren bigarrenean, oin-oharrak jarriko ditut ziurrenik, aurrekoan bezala, baina, idazlearen oharrei dagokienez, badut zer erabaki. Oraingo honetan, Ekialde Hurbileko eta oro har arabiar munduko irakurleak izan zituen buruan Xukrik, eta ohar dezente gehiago jarri zituen. Era guztietakoak. Marokoar kulturari buruzkoak, espainiar kulturari dagozkion erreferentziak… (txurroak erosi zituela-eta, zer diren adierazten du oin-ohar batean. Edo kifa erretzeko pipari eta “erritualari” buruzkoak. Kifa barra-barra agertzen da Ogi hutsa liburuan, eta orduan ez zuen azalpenik eman). Enfin… mundu bat da oharrena, ezta? Ez da erraza muga jartzea: erabakitzea zer den irakurle potentzialarentzat ezaguna eta zer ez; zerk eskatzen duen azalpena eta zerk ez, eta zenbaterainokoa… Ohiturak, zaletasunak… Gaztelaniazkoan ahalik eta ohar gutxien jartzea erabaki dute; frantsesak, berriz, arabierazko kultur erreferentzia asko ematen du.

Bertsio kontu bat ere izan dut bidean. Bi bertsio izan ditut esku artean. Bata Marokon argitaratua da (1995eko edizio batekin ari naiz), eta bestea Libanon eta Londresen (2006ko bat dut). Obra bera da, baina izenburua ez. Atal bat gehiago du bigarrenak, paragrafo banaketa ere ez dator bat, testuan ere aldaketa bat edo beste ikusi dut… Marokoarrari heldu diot, azkenean.

Arabierari heldu eta horrekin segituko duzu epe laburrean, behintzat.

Bai, amaitzear dut Mohamed Xukriren Hutsegite garaia. Udazkenean aterako da, seguru aski. Ogi hutsa liburuan, 20 urte zituela eskolatzeko erabakia hartu zuenekoa kontatzen du amaieran. Tanger utzi eta Larachera doa ikastera, lagun batek idatzitako gomendio gutun bat hartuta. Hortxe hasten bigarren liburukia. Eskola lehenengo, gero irakasle-eskola, familiarekiko harremana, bidean ezagutu dituen lagunak (liburu hau atalka antolatu zuen, eta bat baino gehiago dira bereziki lagun horiei eskainiak), haurtzarokoekin ere egiten du topo berriro… Eta Tanger, beti Tanger, Tangerreko gauak. Xukri irakurzale amorratua liburu osoan zehar agertzen da, eta nola hasi zen idazten. Oro har, bigarren honen erritmoa pausatuagoa da, gogoeta gehiago egiten du.

hirurak