(Irudia: Barbara Kruger)
Ailegatu da iraila, eta horrekin, gu. Ikasturtea umore pixka batekin hasteko, postmodernoz mintzatzeko eta idazteko jarraibide batzuk dakarzkizuegu, boladan egon zaitezten. Hemendik hartu dugu testua, eta, antza, 1995ekoa da. Ohartuko zinetenez, euskara ere konkistatzen hasi da postmoderno hizkera, eta ezin gara atzean geratu. Hartu oharrak, beraz!
Nola mintzatu eta idatzi postmodernoz
Stephen Katz, Soziologian doktore.
Trent University, Peterborough, Ontario.
Hona hemen jarraibide batzuk, postmodernoek bezala mintzatu eta idazteko.
Hasteko, gogoan izan behar duzu soilki adierazitako hizkerak ez duela balio. Errealistegia, modernistegia eta argiegia da. Gauza bera azaltzeko hizkera postmodernoaren funtsezko teknikak jokoa, parodia eta zehaztugabetasuna erabiltzea dakar. Batzuetan eskakizun zaila da betetzen; halakoetan, iluntasuna ordezko ona izan daiteke. Adibidez, eman dezagun halako zerbait esan nahi duzula: «Mendebaldeko gizartetik kanpoko jendearen ikuspuntua entzun behar genuke gugan eragina duten aurre-juzgu kulturalez jabetzeko». Hori zintzoa da, baina aspergarria. Hartu “ikuspegi” hitza. Postmoderno-hiztunek horren lekuan “mintzairak” jarriko lukete, edo, hobeki, “ahotsak”, edo are, “ahots-aniztunak”. Txertatu “testuarteko” moduko adjektibo bat, eta listo. “-tik kanpoko jendea” ere lauegia da. Zer iruditzen “bestetasun postkoloniala”? Postmodernoz behar bezala hitz egiteko, beharrezkoa da aurreiritzi multzo bat ongi baino hobeki ezagutzea, ohiko arraza-, sexu- eta adin-diskriminazioaz gainera. Esaterako, falogozentrismoa (gizonaren zentraltasunaren eta logika bitarraren molde arrazionalisten nahastea).
Azkenik, “gugan eragina eduki” horrek ume-kontua dirudi. Erabili aditz eta perpaus ilunagoak, hala nola, “gure identitateen bitarteko izan”. Guztira, hau genuke: «Mendebaldeko kulturatik kanpoko bestetasun postkolonial, testuarteko eta ahotsaniztunen ikuspuntua entzun beharko genuke gure identitateen bitarteko diren aurre-juzgu falogozentrikoez jabetzeko». Orain bai, orain ari zara postmodernoz!
Batzuetan presaka ibiliko zara eta ez duzu denborarik izanen besteen aurrean irrigarri ez geratzeko beharrezkoa den gutxieneko sinonimo eta neologismo postmoderno kopurua pentsatzeko ere. Gogoan izan: okerreko zerbait esatea onargarria da baldin eta modu zuzenean esaten baduzu. Horrek postmodernoz mintzatzeko bigarren estrategia garrantzitsura narama: ahalik eta aurrizki, atzizki, gidoi, alderantzizko barra, azpimarra eta zure ordenagailuak (postmodernoz idazteko behar-beharrezkoa) eskura jartzen dizun beste edozer baliatzea. Erreferentzien taula oinarrizko bat egin dezakezu denborarik ez galtzeko. Egin hiru zutabe. Idatzi lehenengo zutabean aurrizkiak: post-, hiper-, aurre-, de(s)-, dis-, azpi-, bir/ber- eta gain-. Bigarrenean atzizkiak eta bestelako bukaerak jarri: -(t)ar, -ismo, -tasun, -tate, -ki eta -(k)eria. Hirugarren zutabean ospe handiko izen-zerrenda bat idatzi, horiekin adjektibo itxurosoak edo pentsamenduaren eskolak sortzeko; besteak beste, Barthes (barthestar), Foucault (Foucaultar, foucaultismo), Derrida (Derridar, derridaismoa).
Jar dezagun orain adibide bat. Demagun halako zerbait esan edo idatzi nahi duzula: «Eraikin garaikideak alienatzaileak dira». Ideia ona da, baina, noski, horrekin jai duzu. Konferentzia bateko ongietorrian bigarrengoz kanapeak banatzean ezikusia eginen lizukete. Are, esaldi hori bota eta gero, ongietorria bukatzean kanape hondarrak biltzeko eskatuko lizukete. Hartu hiru zutabeak. Hasteko, aurrizkia. Aurre- ez dago gaizki, post- bezala, eta aurrizki bat baino gehiago jarrita, demasa. “Eraikin garaikideak” esan beharrean, sormena erabili. “Hiper-garaikidetasun kontra-arkitektonikoaren aurre/post/espazialtasunak” hasiera ona da. Alde batera utzi beharko duzu “alienatzaile” termino ahul eta zaharkitua, eta bigarren zutabeko hitz atzizkidun batez ordeztu. “Antigizartetasun” izan daiteke, edo postmodernoago jarri nahi izanez gero, anbiguotasuna sar dezakezu bi hitz elkartuz, honela: “antigizartetasun/limurkortasun”.
Jarraian, jo hirugarren zutabera eta aukeratu izenen bat; autore horren idatziei garrantzia die edonork, baina inork gutxik bilduko zuen horiek irakurtzeko denborarik edo gogorik. Zalantza eginez gero, europar teorialari garaikideak dira onenak. Jean Baudrillard soziologoa gomendatzen dut nik, espazio postmodernoari buruz idatzi konplexu ugari baititu. Gogoan izan generoaz ere zerbait esan behar duzula. Azkenik, gehitu hitz arin batzuk katramila ilun horri jarioa emateko, eta ez ahaztu gidoi, barra eta parentesiak. Zer geratzen zaigu? «Hiper-garaikidetasun kontra-arkitektonikoaren aurre/post/espazialtasunak (ber)engaiarazten gaitu antigizartetasun/limurkortasunezko errepika anbibalente batera, zeina subjektibotasunez bustitako diskurtso Braudillardar-generogabe batean adierazten den». Hori esan ostean, orratz postindustrial bat entzuteko gai izanen zara zoru retrokulturala jotzen.
Uneren batean norbaitek galdetuko dizu zertaz ari zaren. Horren arriskua beti izanen du postmoderno hiztunak, eta kontu handiz saihestu beharko du. Galdetzaileari pentsarazi behar diozu haria galdu duela, eta, beraz, zaparrada postmoderno hanpatu batez erantzun iezaiozu, zure hitzek hasierako adierazpena “sinpletzera” edo “argitzera” baletoz bezala. Hori aski ez bazaio, beharbada zorigaiztoko pentsamendu modernista hau bururatuko zaizu soilik: “ez dakit”. Baina lasai, zera esan dezakezu: “Zure galderaren ezegonkortasunak geruza aniztuneko erantzun zenbait sorrarazten dit, zeinen, alegia, erantzunon arteko harremanek ezin baitute adierazi bilatzen duzun koherentzia logozentrikoa. Esan dezakedan bakarra da errealitatea asimetrikoagoa dela eta horren errepresentazio(okerr)ak fidagaitzagoak orain horiek aztertzeko genukeen denborak erakutsiko zukeena baino. Bada beste galderarik? Ez? Has dadila, beraz, kanape festa”.
i.
2014-09-02
Ze ona!
Alegia, goiko testu sasi-logozentrikoa post-irakurrita, ustezko (aurre/atze)iritzia hein handi batean positibotzat joko nukeela, balizko (giz/jend)arte duinago baten baitan betiere.