Itzultzaileak mintzo: Iraitz Urkulo

iraila 15, 2014 @


alain urrutia (iraitz)

(Irudia: Back and front, Alain Urrutia)

Zuetako batek baino gehiagok izanen zuen mezu bidezko hartu-emana Iraitz Urkulorekin. Alta, inork gutxik jarriko dio aurpegia ordenagailu atzean dagoen kulturzale langile eta prestu horri. Elkarrizketa hau egitean ere zorrotz azaldu da Iraitz, gauzak ongi egin zale dela behin eta berriz erakutsiz. Ez du argitara ateratzeko asmorik, gainera, norberaren lanak definitzen gaituela uste baitu, eta, argazkia eskatzean, Alain Urrutiaren margolan bat bidali digu bere printzipio eta zaletasunekin koherente. Alferrik bilatuko dugu sarean bere argazkirik, baina hamaika idazleren aurpegiak agertuko zaizkigu haren izen-abizenekin; izan ere, Berria egunkariko eta Berton aldizkariko literatura kritikaria da, eta El Correo egunkariko “Territorios” kultur gehigarrian kolaboratzen du, euskal kultura eta literaturari buruzko artikuluekin.

Jakin dugu Euskal Filologian lizentziatua dela, eta Literatura Konparatua eta Ikasketa Literarioak masterra egin eta gero, gaur egun doktorego tesia idazten ari dela euskal literatura garaikidearen arloan. Horrekin lotuta, hainbat artikulu argitaratu ditu aldizkari espezializatuetan, eta Liverpooleko Unibertsitateko Bulletin of Hispanic Studieseko artikulu-ebaluatzailea ere bada. Arte kritika ardatz duen Sans Soleil argitaletxearen baitan, “Txinpartak” euskarazko bilduma zuzentzen du. Literatur itzulpen lanak egiten ditu eta 452ºF Literaturaren Teoria eta Literatura Konparatua aldizkariko euskara itzultzaile eta zuzentzaile taldea koordinatzen du.

Luma bizi eta gogo sutsu horren atzeko hazpegiak misterioz elikatzen jarraituko dugu bihotzez eskertzen diogun elkarrizketa honekin, bada.

Atalari ez diogu izena aldatu, ez baikenekien nola deitu: prentsarako kolaborazioak egiten dituzu, euskal literatura garaikidearen arloan tesia egiten ari zara, Sans Soleil argitaletxeko “Txinpartak” saileko arduradun zara… Nor dugu mintzo?

Ez da erraza, ezta batere dotorea ere ziurrenik, norbere burua aurkeztea, baina ahalegina egingo dut. Ikasketez euskal filologoa naiz, gaur egun euskal literatura garaikidean doktoregaia. Lanbidez, literatura itzultzaile eta zuzentzailea, batez ere haur literatura eta saiakera euskaratzen ditut. Gainerakoak oso gustura egiten ditudan aldizkako lanak dira.

Euskal literatura dut pasio. Definizio horrek beste edozein titulu, etiketa edo izendapenek baino erosoago sentiarazten dit, horretan nire burua identifikatu dezakedan neurrian. Hortik abiatuta, sekulako zortea dut idazleak elkarrizketatu, euskal literatura garaikidea ikertu, artikuluak eta kritikak argitaratu, literatura itzuli, editore lanak egin, itzultzaile eta zuzentzaile taldeak koordinatu eta euskal literaturarekin lotutako bestelako egitasmotan parte hartu ahal izateagatik. Oso esperientzia polita eta, aldi berean, aberasgarria da euskal literaturara eremu ezberdinetatik hurbiltzea.

Beti itzalean ibiltzen zara, ordea, eta hori benetan da zaila gurean kulturgintzan ari bazara.

Ez da kasuala, nik bilatutako zerbait baizik. Izan ere, oraintxe, dagoeneko neure burua aurkeztu izanaz damutzen hasia naiz. Berdin da nitaz egia ala gezurra esaten dizudan, azken batean nire lanak definituko (eta defendatuko) nau, halaxe pentsatu nahi dut, behintzat. Ez dago, nire ustez, norberaren lana baino aurkezpen zintzoagorik, onerako zein txarrerako.

Askotan sentsazioa dut egileok (hauek idazle, itzultzaile, kritikari zein kazetari izan) gehiegi hitz egiten dugula geure buruaz, lana bera ordezkatzeraino, horren ondorioz fokua garrantzia osoa jaso beharko lukeen literaturatik aldenduz. Asmo onez egiten dugu, eta oharkabean maiz, baina literaturari dagokion arreta desbideratzen dugu itzalean ez geratzeagatik. Ez nuke oker horretan erori nahi. Elkarrizketa hau, argi eta garbi nire inkoherentziaren erakusgarri izateaz gain, salbuespentzat jo dezagun, mesedez.

“Askotan sentsazioa dut egileok gehiegi hitz egiten dugula geure buruaz, lana bera ordezkatzeraino, horren ondorioz fokua garrantzia osoa jaso beharko lukeen literaturatik aldenduz”.

El Correoko Territorios kultura-gehigarrirako elkarrizketak eta erreportajeak egiten dituzu. Bestalde, orain arte Berton aldizkarian aritu bazara ere, atzotik aurrera, Berrian literatura kritika eginen duzu.

Biak prentsan argitaratzeagatik ere, oso zeregin ezberdinak dira, nire ustez. Nik behintzat, batean ala bestean aritu, oso modu ezberdinean jokatzen dut. Elkarrizketatzaile gisa dena da zilegi, baita apur bat kabroia izatea ere. Inoiz pentsatzen dudanaren kontrakoa galdetu izan diot elkarrizketatuari, edo elkarrizketatuak berak pentsatzen duela uste dudanaren kontrakoa, haren erreakzioari nolabaiteko etekin “literarioa” atera niezaiokeela uste izan dudanean eta, batez ere, aurreko elkarrizketetan eman dituen erantzun berberak jasotzea ekiditeko.

Kritikariaren zeregina, aldiz, erabat zintzoa da. Irakurleari obra jakin bati buruzko informazio argia eman, alderdi nabarmenenak aipatu eta argudio sendoz lagundutako iritziak edo interpretazioak eskaini behar zaizkio. Hor jolasak ez du lekurik. Elkarrizketetan, bestetik, garrantzirik handiena beste norbaiten erantzunek dute; kritiketan, ordea, nirea da erantzukizun osoa. Zentzu horretan, kritikek askoz inplikazio eta ardura handiagoa eskatzen dute, noski.

JAKIN aldizkarian hiru artikulu argitaratu dituzu orain baino lehen; horietako bat da “Postmodernitatea, gaurko mundurako filosofia berria” (185. zk, 2011). Nola liteke batzuek bizi dugun garaia postmodernotzat jotzea, beste batzuek modernitatea gainditu ez dugula dioten bitartean?

Kontraesan hori azal dezaketen arrazoi ezberdinak daude. Modernitatearen definizioa bera oraindik zenbait alderditan problematikoa bada, postmodernitatearen kasuan are gehiago. Ez dago adostasunik ezaugarri postmodernoen zerrenda osatzeko orduan; are gehiago, adituen artean ere izendapen bakarrak interpretazio ezberdinetarako bidea ematen du maiz. Zentzu horretan, postmodernitatearena nahiko kontzeptu ezegonkorra da. Gainera, nork erabakitzen du non ezarri modernitatea eta postmodernitatearen arteko muga? Noiz amaitzen da paradigma bat eta noiz hasten hurrengoa? Teorialariek asmatutako kategoria artifizialak izanik, horiek mugatzeko irizpideak gehienbat interpretazioaren araberakoak dira eta, horregatik, nahiko eztabaida arbitrarioa iruditzen zait.

Gizakiok oro har sailkapenak maite ditugu eta askotan joera horrek itsutzen gaitu, berez errealitatearen ulermena errazteko baliabidea behar lukeena sekulako nahasmen-tresna bihurtuz. Errealitate guztiz postmodernorik bada, akaso? Eta erabat modernorik? Errealitateari guk geuk ere subjektu gisa erakusten ez dugun koherentzia erabatekoa eskatzen diogu, eta hori gehiegi eskatzea da, zalantzarik gabe. Ni neu ere ez nintzen hastapenetan akats horretaz libratu.

Halere, humanitateen arloko teoria gehienek (guztiek ez esatearren) erakusten dute, neurri nabarmen zein apalagoan, arbitrariotasun puntu bat, baina horrek ez die interesik kentzen. Izan ere, kategoriaren artifizialtasuna gorabehera, ikuspegi postmodernoa, hau da, postmodernotzat jotzen diren ezaugarriak errealitate jakin bati aplikatzea oso ikerketa-lerro emankorra dela uste dutenetakoa naiz.

“Postmodernitatearena nahiko kontzeptu ezegonkorra da. Errealitateari guk geuk ere subjektu gisa erakusten ez dugun koherentzia erabatekoa eskatzen diogu, eta hori gehiegi eskatzea da”.

Postmodernitatea euskal literaturan baden ere ikertu duzu (JAKIN 189. zk, 2012; Oihenart 27. zk, 2013). Subjektua krisian agertzen dela omen da postmodernitatearen aztarnetako bat.

Nik ez nuke hainbeste esango, baina egia da krisian dagoen subjektu literarioaren azterketa bereziki emankorra dela ikuspuntu postmodernoa bereganatuz gero. Literaturaz ari garela, subjektuaren krisia ezin daiteke (soilik) postmodernitatearen bereizgarritzat jo, besteak beste, hori defendatzeak hain zuzen kontzeptu hura oinarri zuen korronte existentzialista eta honen eraginpean sortutako obra zabala ukatzera eramango gintuzkeelako.

Ez uste krisiak jotako subjektuarena salbuespena denik, izan ere, modernitatea eta postmodernitatea bereizteko arazoak literaturan modu ezin argiagoan islatzen dira. Pentsa bestela postmodernitatearen funtsezko ezaugarri gisa aipatu ohi den axolagabekerian. Har dezagun Igela argitaletxeak duela gutxi kaleratutako Gizon bat lotan eleberri laburra adibidetzat, Juan Luis Agirrek itzulia. Bada, sekula ez dut subjektuaren krisia eta axolagabekeria lan horretan baino modu ageriko eta sakonagoan irudikatuta ikusi. Horrek zer esan nahi du, Georges Perec (surrealismora lerratu baino lehen) idazle existentzialista ez, baizik eta postmoderno goiztiarra zela? Ez dut uste, eta edozein kasutan, sailkapen berriak ezer gutxi aldatuko luke. Ikerlari gisa axola didan bakarra da axolagabekeriaren kontzeptuari tiraka (berdin da hau modernitatean ala postmodernitatearen baitan kokatzen den) badagoela zer aztertua.

Euskal literaturan, edo euskal literaturaren inguruko eremu zehatz batzuetan hobeto esanda, azken urteotan postmodernitatearen gaiarekin obsesionatu eta gehiegikerian erori garelako inpresioa dut. Zenbaitek lehen euskal eleberri erabat postmodernoa ere aldarrikatu nahi izan zuten, gure kultura berezitxo honetan edozer lantzen lehena izatea berez inolako meritua bailitzan eta postmodernitatean txertatze hutsak arrakasta literarioa ziurtatuko balu bezala. Baina ez gaitezen oker, gurean postmodernitatearen erabilera iruzurtia egin da. Zirkulu jakin batzuetatik teoriari eman zaion bultzada, neurri batean behintzat, komenientzia hutsari zor zaio. Berritzat aurkeztutako ezaugarrietatik dexente, agian modu berezian emanak bai, baina ez dira inolaz ere berriak. Generoen hibridazioa, idazkera ludikoa, espazio- eta denbora-pertzepzio nahasiak, diskurtso polifonikoa… Adi irakurriz gero, ezaugarri horietako batzuk Garoan aurkitu baietz!

Lehen aipatu bezala, Sans Soleil argitaletxean “Txinpartak” saileko arduradun zaitugu. Webgunearen arabera, «arte gaiei buruzko erreferentziazko lanak euskaraz argitaratzen dituen bilduma da». Euskaraz hutsunea ikusten duzue, zein uste duzu dela horren arrazoia?

Euskaraz apenas arte kritikako libururik ez argitaratzeko arrazoiak, oro har, euskal literaturari eragiten dizkioten berberak dira: irakurle-kopuru eskasa eta horrek dakarren etekin ekonomikorik eza. Inork ez du zalantzan jartzen artea, zinema, literatura edo argazkigintzaren inguruko erreferentziazko obrak beharrezkoak, are gehiago, ezinbestekoak direla gurean, eta arlo horretan bide luzea geratzen zaigula oraindik, baina ohiko argitaletxeentzat ez da ekonomikoki bideragarria, esaterako, soilik 20 pertsonek erosiko duten lan bat prestatu eta kaleratzea.

Sans Soleil argitaletxearen (http://www.sanssoleil.es/txinpartak/) planteamendua, zentzu horretan, argitaletxe komertzialena ez bezalakoa da. Gurea irabazi asmorik gabeko egitasmoa den heinean, ez dugu inolako etekin ekonomikorik bilatzen, bideragarritasun hutsa baizik; inprenta- eta, kasuaren arabera, bidalketa-gastuei aurre egitea, alegia. Gainerakoak gure esku. Laguntza publikoak jasotzeari uko egiten diogu, hortaz, tirada txikiekin eta lan-esfortzu handia eginez bizirauten dugu, ez dago beste sekreturik.

botticelli

Orain baino lehen, Aby Warbug arte historialariaren Sandro Botticelliren Venusen jaiotza eta Udaberria liburua argitaratu duzue, eta zuk zeuk egin duzu itzulpena. Euskaraz arteari buruzko bibliografia gutxi dugula esan duzu; itzultzerakoan gabezia horrek eragina izanen zuen, ezta?

Aby Warburg XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako arte historialaririk prestigiotsuenetakoa da. Obra zabala eta aberatsa du, eta nazioartean erreferentziazko ikerlaria izan arren, Warburg euskaraz irakurtzeko aukerarik ez zegoela ohartu ginen. Horregatik erabaki genuen Sandro Botticelliren Venusen jaiotza eta Udaberria gurera ekartzea, Errenazimendu garaiko artean interesa duen edonork irakurri beharreko oinarrizko obra delako, Botticelliren bi margolan ospetsuenen eragin piktoriko zein literarioak ezagutzeko eta horien interpretazioan sakontzeko gomendagarria.

Arte kritikarekin lotutako halako gaiak gutxi landu izanak baditu bere alde onak eta txarrak. Batetik, bereziki terminologia-mailan, erabaki jakin batzuk hartu eta zenbait zailtasuni aurre egin behar izan diet; baina horrek, aldi berean, askatasun handiagoz aritzeko aukera eman dit. Irakurleari dagokio orain erabaki horiek zuzenak ote diren esatea.

Walter Benjaminen bi antologia prestatzen ari zarete bilduma berean, Verkamin kanpaina ere abiatu zenuten hori finantzatzeko. Badakigu, tamalez, diru-bilketak ez zuela asmo zuen kopurua lortu, baina zertan da orain proiektua?

Walter Benjaminen literatura eta historia/filosofiari buruzko bi antologia argitaratzeko egitasmoa aurrera doa. Verkami bidezko crowdfunding kanpainak batez ere antologietan parte hartzen duten itzultzaileei sikiera gutxieneko tarifa ordaintzea zuen helburu. Kanpainak ez zuen arrakastarik izan, beraz, proiektuak bizirik badirau itzultzaile horien eskuzabaltasunari esker da. Halere, Verkamin ekarpenen bat egindako 32 pertsonekin harremanetan jarri ginen eta, horietatik, 18k beren ekarpena mantentzea onartu zuten. Inprenta-gastuei aurre egiteko nahikoa.

Zenbaiti sekulako erokeria irudituko zaie, izan ere, ia irakurle beste dira antologiak argitaratu arteko prozesuan parte hartuko dutenak (itzultzaileak, zuzentzaileak, hitzaurregileak, maketatzailea, etab.). Kopuruari begiratuta absurdua ematen du, ezta? Baina kontua beste ikuspegi batetik aztertuz gero, orain arte Benjamin euskaraz irakurtzea galarazi diguna 800 euro ziztrin baino ez dira. Zorionez, lan egiteko gogorik ez da falta eta itzalean bada halako proiektuekin bat egin eta modu ezberdinetan laguntzeko prest dagoen jendea; asko ala gutxi izan, kulturaz ari garela hori gutxienekoa da.

“452ºF aldizkaria, gogoa izanez gero, lehen begiratuan ezinezkoak diruditen egitasmoak era arrakastatsuan gauzatu daitezkeelako beste adibide garbi bat da”.

Bestela ere zeregin gutxi ez eta 452ºF aldizkariko erredakzio kontseiluan parte hartzen duzu. Itzultzaile taldeaz zeu arduratzen zara, oker ez banabil.

452ºF Literaturaren Teoria eta Literatura Konparatua aldizkaria (http://www.452f.com/eu.html), gogoa izanez gero, lehen begiratuan ezinezkoak diruditen egitasmoak era arrakastatsuan gauzatu daitezkeelako beste adibide garbi bat da. Izan ere, sei hilabetean behin 12-15 artikuluz osatutako zenbaki berri bat kaleratzen dugu, eta dagoeneko hamaikagarrenetik goaz. Ale bakoitzak bi atal nagusi ditu, gai jakin bati buruzko monografikoa eta miszelanea; eta lau hizkuntzatan argitaratzen da, euskaraz, katalanez, gazteleraz eta ingelesez.

Halako proiektu anbiziotsu bat aurrera ateratzeko, konpromisoa, eskuzabaltasuna eta gogoa dira gakoak. Eskuzabaltasuna, irabazi asmorik gabeko egitasmoa izanik, inork bere lanagatik kobratzen ez duelako. Konpromisoa eta gogoa aldizkarian modu batera edo bestera kolaboratzen duten guztien aldetik, bestela ezinezkoa litzatekeelako munduan zehar barreiatuta dauden akademia, literatura eta itzulpengintzaren inguruko 100 pertsonetatik gorako taldea (beren gain hainbat funtzio hartzen dituzten Erredakzio Batzordeko kideak, Batzorde Zientifikoa osatzen duten akademikoak, itzultzaileak eta zuzentzaileak) koordinatzea.

Gainera, 452ºF-ren beste dohainetako bat erabaki bakoitza guztion artean eztabaidatzean eta adostean datza, sistema parte-hartzailean, alegia. Ez dago, bestalde, kargu finkorik; zuzendaritza urtero aldatzen da, eta ale bakoitzean atal monografikoa koordinatzaile berri batek kudeatzen du. Euskara itzultzaile taldeaz arduratzen naizen heinean, profesional talde bikain eta nahiko egonkorrarekin lan egiteko plazera dudan arren, kide berriak gurera batu nahi izanez gero, ateak zabal-zabalik daude, jakina.

Euskal kulturaren hainbat eremutan zabiltzala aprobetxatuz, nola ikusten duzu egungo kulturgintzaren osasuna?

Diru gutxirekin gauza zinez interesgarriak egiten dituen jendea badagoela argi dago, baina hortik aurrera ez naiz gai kulturgintzaren inguruko diagnostikoa egiteko. Ausarkeria hutsa litzateke nire aldetik. Zer uste duzu, Xabier Mendiguren naizela ala?