Autoreak plazara: Magda Szabó

urria 13, 2014 @


szabó

(Irudia hemendik hartu dugu.)

Duela zazpi urte hil zen, 90 zituela. Bere eserleku gogokoenean aurkitu zuten, liburu ireki bat magalean. Debrecen sortu zen, Hungariako ipar-ekialdean, 1917an, eta hungariar elite intelektualean hezi zen. Aitak latina irakatsi zion eskolara joan aurretik ere. Hungariar eta latin irakasle aritu zen. Bigarren mundu gerra eta gero hezkuntza ministerioan lan egin zuen lau urtez, eta orduan hasi zen literatura argitaratzen, poesia lehenik eta beste genero ia guztiak gero. 1949an komunistek boterea hartu zutenean kaleratu zuten ministeriotik. Hurrengo zazpi urteetan ez zuen deus argitaratu; iturri batzuek diote erregimenak debekatu egin ziola, eta beste batzuek, berriz, botere komunistak meriturik ez bereganatzeko deus (idatzi, marraztu, umeak izan) ez egiteko borondatezko hautua egin zuen talde disidente bateko kidea zela. Batera zein bestera, eskola batean irakasle ibili zen, 1956an berriz liburuak erruz kaleratzeari ekin zion arte. Saiakera, nobela, antzezlana, poesia, gazte literatura eta memoriak idatzi zituen, zerrenda luze bat, eta berrogei hizkuntza baino gehiagora itzuli dituzte haren lanak.

Sari asko jaso ditu bai bere sorterrian bai Europako beste herrialde batzuetan; besteak beste, gaur dakarkizuegun nobelagatik irabazi zuen atzerriko obra onenari Femina saria 2003an. Europa Mendebaldean ezagun egin zuen liburua da Az ajtó (“Atea”). Nobelak neskame baten eta horrek lan egiten duen etxeko andrearen arteko harreman gatazkatsua du hizpide. Belaunaldi ezberdineko bi emakumeren bizipenak, erruduntasuna eta botere-harremanak lantzen ditu. Egoera sozial eta politikoa espazio pribatuaren bidez kontatu izan du Szabok. Nobelaren lehen atala euskaratu dugu. Hungariera ez dakigunez, ingelesezko (Harvill Secker, 2005, itzul. Len Rix) eta gaztelaniazko (Mondadori, 2005, itzul. Márta Komlósi) bertsioak hartu ditugu zubi-hizkuntzatzat. Esan behar dugu batetik bestera alde handia dagoela pasarte askoren zentzuan; halakoetan, gaztelaniazko bertsioari lotu gatzaizkio. 2012an, eleberrian oinarritutako izen bereko filma estreinatu zuten, István Szabók zuzendua.

Atea zeharkatzen ausartuz gero, espero dugu bestaldean dagoenak ez zaituela sorgor utziko.

 

 

ATEA

 

Gutxitan egiten dut lo. Egiten dudanean, izuturik esnatzen naiz, izerditan blai. Orduan berriz etzaten naiz, nire bihotz aztoratua lasaitzeko zain, eta gauaren botere sorgintzaileaz gogoeta egiten dut. Umetan eta emakume gazte nintzela, ez nuen ametsik egiten, ez onik ez gaiztorik, baina helduaroak behin eta berriz arrastaka dakarzkit iraganeko hondarrak, are eta lazgarriagoak modu itogarri eta trinkoan baitatoz, eta inoiz bizitako beste ezer baino izugarriagoak. Ikarazko oihuen artean esnatzen naiz orduan.

Amets berdinak dira beti, ñabardurarik txikienean ere, behin eta berriz datozkidan irudipenak: aldatzen ez den amets horretan etxeko sarreran zutik nago eskaileren ondoan, altzairuzko markoa eta segurtasunezko beira dituen kanpoko atearen aurrean. Kalean anbulantzia bat dago. Beiratik antzeman ditzakedan langileen silueta distiratsuek neurri ikaragarria dute, eta haien aurpegi puztuek ilargiaren gisako haloa. Giltza jiratzen saiatzen naiz atea irekitzeko eta sendagileei sartzen uzteko: salbatzaileek sartu ezin badute, berandu izanen da eta ezinen dute nire gaixoa artatu. Baina nire ahalegina alferrikakoa da, giltzarrapoa ez da mugitzen, atea zurrun dago altzairuzko markora soldatu izan balute bezala. Laguntza eskatzen dut, baina ez da inor agertzen, eraikineko hiru solairuetako auzokide bakar bat ere ez; ezin dute etorri, noski —berehala ohartzen naiz—, zeren zaratarik atera gabe mugitzen ditut ezpainak, arrain baten gisan, eta ametseko izua sakonagoa bihurtzen da ohartzen naizenean sendagileei atea ireki ezin izateaz gainera, mintzatzeko gaitasuna ere galdu dudala.

Une horretan esnatzen naute nire oihuek. Argia piztu eta amesgaiztoen ondoren itotzen nauten arnasestuak kontrolatzen saiatzen naiz. Gure logelako altzari ezagunak ditut inguruan, eta, ohearen gainean, familia-erretratuak ikusten ditut, lepo luze almidoituzko kasakaz jantzitako arbaso ezagunak, hungariar barroko eta Beidermeier estiloan. Oro ezagutzen eta oro ulertzen duten arbasoak; haiek bakarrik dakite zenbat gauetan —eguneroko zaratak isiltzen eta ate irekitik katuen urrats isilen eta adar kulunkarien soinu ia antzemanezina sartzen zenean— egiten nuen korrika atea zabaltzera eta zenbat aldiz galdetzen nion nire buruari zer gertatuko zen egunen batean giltza jiratzen alferrik ahaleginduko banintz.

Irudiak iltzatuta geratzen dira, eta nire oroimenetik ezabatzen saiatzen naizen hori da gehien agertzen zaidana, egiazko eszena bat dena eta ez garun sorgortuaren amets hutsa: lehenengoz nire begien aurrean ate jakin bat zabaltzea, bere bakardadea jelosia handiz defendatzen eta bere miseria amorragarria lotsaz ezkutatzen zuen eta, hain zuzen horregatik buru gainean sabaiak su hartuko balu ere inoiz inori zeharkatzen utziko ez zion pertsonaren logelako atea. Giltzarrapo hura ukitzeko boterea zuen izaki bakarra ni nintzen, zeren giltzaz itxi zuenak nigan sinesten zuen Sortzailearengan berarengan baino gehiago, eta ni neu ere Jainko nintzen zorigaiztoko une horretan, zuhurra, ongilea eta justua. Biak okertu gara; bera, nigan konfiantza osoa jarri zuelako, eta ni, handiustetsuegia izan nintzelako. Hala ere dagoeneko berdin dio, iragana iragan delako eta, gainera, aldaezin. Beraz, zer axola dio noiz edo noiz Eriniak nire ametsetan sartzen badira, koturno bihurtutako haien osasun-oinetakoekin eta erizain-txanoen azpiko maskara tragikoekin, nire ohea inguratuz eta bi ahoko ezpatak eskuan. Gauero itzaltzen dut argia jakinda haiek etor daitezkeela eta berehala txirrinak nire belarrian burrunba eginen duela, eta segidan izenik gabeko espantu hori, ametsetako eta ireki ezinezko ate horretara eramanen nauena.

Nire erlijioak ez du gizabanakoaren aitortza ezagutzen, guk esan gabe eta gure artzainaren mezuaren bidez adierazten dugu damugabeak garela, galbidea merezi dugula, mila modutan egin dugulako bekatu Aginduen aurka. Gure Jainkoak xehetasunik edo azalpenik eskatu gabe absolbitzen gaitu.

Azalpen horiexek eman nahi ditut orain.

Ondoko kontakizuna ez da Jainkoarentzat idatzi, nire bihotzeko sekretuen ezagutzaile, ezta itzalentzat ere, hainbeste gaubeila eta ametsen lekuko. Gizakiei eskaintzen diet liburu hau. Ausardiaz bizi izan naiz orain arte, eta espero dut berdin hilko naizela, kementsu, gezurrik gabe, eta horretarako beharrezkoa da behingoz onartzea nik hil nuela Emerenc. Nik bera salbatu nahi nuen, ez suntsitu, baina horrek ez du deus aldatzen.