Itzultzaileak mintzo: Ana I. Morales

urria 20, 2014 @


20140527_9999_86 copia

Irudia: Edu Gaviña

Urriko elkarrizketarako Ana I. Moralesen (Bilbo, 1969) atea jo dugu, eta mamitsu erantzun digu. Moralesek Euskal Filologia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta Genero Ikasketak, ondoren, Marylandekoan. Gaur egun, itzultzaile eta interprete lanetan dabil UPV/EHUn, eta Nazio Batuetan ere aritu izan da itzultzaile. Horrez gain, hainbat literatur  lan itzuli ditu euskarara, tartean, Jane Austenen Harrotasuna eta Aurrejuzkuak (itzulpen horren gorabeheren berri eman genuen duela bi urteko kronika batean), eta Charlotte Perkins-Gilmanen Hormako paper horia (itzulpen horren harira elkarrizketa egin zioten Moralesi Hitzen Uberan atarian). Jasone Larrinagarekin batera literatur podcast bat du Bilbo Hiria irratian: Xerezaderen Artxiboa.

Besterik gabe, zuekin guztiokin, Ana I. Morales.

Nola sartu zinen itzulpengintza eta interpretazioaren munduan?

Itzulpengintzaren ideia erakargarria egiten zitzaidan institutuan nengoenetik, baina ez nuen niretzako aukera erreal bezala ikusten, nahiz eta oso ederra iruditzen zitzaidan kanpotik. Gero, Euskal Filologia ikasi nuen eta karreran nengoenean iragarki bat ikusi nuen tabloian, emakume bat doktore-tesia idazten zegoen eta itzultzaile bat behar zuen, euskaratik gaztelaniara itzultzeko prentsa-artikulu batzuk. Eta orduan aurkeztu nintzen, nire inozentzia eta ilusio guztiarekin. Emakume hau Mercedes Ugalde zen, eta tesia egiten zegoen emakumeek euskal nazionalismoan izandako rolaz, Emakume Abertzale Batzaz. Ez zekien euskaraz eta orduan nahi zuen El día Donostiako egunkarian 30eko hamarkadan argitaratutako hirurogei bat artikulu gaztelaniaratzea. Nitaz fidatu zen eta orduan hori izan zen nire lehenengo harremana itzulpenarekin, eta oso interesgarria egin zitzaidan gaia bera ere. Niretzako ezezagunak ziren idazleak, Tene Mujika, adibidez.

Gero, karrera bukatu nuenean, beka bat atera zuten, IVAPek ateratzen zuen administrazio-itzulpenerako itzultzaileak prestatzeko. Aurkeztu nintzen eta horietako bat eman zidaten. Bertan hartu nuen nire lehendabiziko prestakuntza formala itzulpengintzan. Bekaldia urtebetekoa zen baina ez nuen bukatu, orduan argitaratu baitzuten Literatura Unibertsaleko lanen deialdia eta niri Jane Austenen Pride and Prejudice esleitu zidaten. Buru-belarri ekin nion horri, eta gogoan dut aurreztutako diruarekin bulego bat alkilatu nuela, leku huts eta mortu batean, hara joateko lanera. Izugarrizko plazera izan zen niretzat, ze gu jende asko izan gara etxean eta nik ez nuen eduki nire gela propioa, Woolfen gela famatua. Niretzat oso atsegina izan zen espazio bat izatea bera eta horretan buru-belarri jarri ahal izatea. Sasoi bertsuan aurkeztua nintzen beste itzulpen-lehiaketa batera, HABEkoa, linguistika aplikatuko liburu bat ingelesetik itzultzeko, eta hori ere esleitu zidaten. Orduan biekin ibili nintzen aldi berean urte hartan.

Horrela hasi nintzen. Gero, Austenena bukatu baino lehen oposizioa atera zen Euskal Herriko Unibertsitatean itzultzaile-interprete plazarako. Aurkeztu nintzen eta atera nuen plaza, eta plantillako itzultzaile-interprete bilakatu nintzen.

Bertan jarraitzen duzu lanean?

Bai. Tartean, 2003an-edo aurkeztu nintzen Nazio Batuetako Erakundearen oposizioetara eta atera nuen itzultzaile plaza bat. New Yorkera joan nintzen, unibertsitatean eszedentzia bat hartuta. Bertan egon nintzen lanean bolada batez, urte eta erdi inguru. Betirako zen lanpostua baina itzuli egin nintzen. Gero, hurrengo urteetan, jarraitu nuen tarteka joaten, bolada laburragoetarako, hiru hilabeteko kontratuekin.

Intepretazioa momentuan egiten den gauza bat da, eta orduan zenbat eta gehiago jakin, zenbat eta dokumentatuago eta prestatuago egon, lodiagoa izango da zure koltxoia, baina beti dago adrenalina-igoera hori, amildegiaren ertzetik ibiltzearen sentsazio hori.

Eta nolakoa zen bertako lana?

Niretzat izugarrizko jauzia izan zen, alde batetik, New Yorkera bizitzera joatea. Oso ona, niretzako hiria zoragarria da, hori izan zen gauza onenetariko bat. Han nire lanpostua itzultzailearena zen. Espainoleko departamentuan nengoen eta lana zen ingeles eta frantsesetik gaztelaniara itzultzea. Niretzat oso harrigarriak izan ziren iristean aurkitu nituen kontrasteak. Alde batetik, ni oso ikaratuta nindoan kategoria handiko jendea zegoelako hor, eta oso ingurune berria zelako: sei hizkuntza ofizial daude NBEn, sei horiekin egiten da lan eta itzultzaile bakoitzak hiru hizkuntza eduki behar ditu.

Kuriositate moduan, esango dut heldu nintzenean harritu ninduen gauzetako bat izan zela zera galdetu zidatela: tekleatzen duzu ala diktatzen duzu? Nik ez nuen galdera ulertu, nola diktatu? Aurreneko sorpresetako bat izan zen, beraz, bertan lan egiten zuten itzultzaileetako batzuek ez zutela ordenagailuan tekleatzen, baizik eta ahotsa erabiltzen zutela. Ni aldaketa-garaian iritsi nintzen, justu teknologia berriago batera pasatzen ari zirenean, baina garai batean magnetofoiak erabiltzen zituzten. Izugarrizko abilidadearekin, hori bai, dokumentua hartzen zuten eta hasten ziren ahoz gora itzultzen. Magnetofoian grabatu eta zinta horiek “pool” deitzen zen toki batera bidaltzen zituzten. Bertan, mekanografoek kaskoak jantzi eta itzulpenak tekleatzen zituzten. Hori inprimatu eta zuzentzaileei bidaltzen zieten. Esan dudan moduan, justu ni iritsi nintzen astean edo hurrengoan teknologia berritu zuten eta ahotsaren errekonozimendurako softwarea ipini zuten, Dragon izeneko programa. Oso programa sofistikatua da, oso ondo transkribatzen du ahotsa.

Nik han itzultzaile senior bat eduki nuen, nire ardura zeukana eta erakutsi zidana nola zegoen antolatuta dokumentazio guztia, nola egin bilaketak, zelako signaturak erabiltzen zituzten dokumentuak bereizteko eta abar. Luxu handi bat zen, adibidez, erreferentzia-zerbitzu bat zegoela, orduan, lana banatzeko aplikazioaren bitartez dokumentu bat heltzen zenean zure pantailara, dokumentua heltzen zen baina baita karpetatxo bat ere, dokumentu hori itzultzeko lagungarria izan zitekeen informazioarekin. Bazegoen terminologia zerbitzu bat ere, eta zerbitzu horrek dokumentu bera bidaltzen zizun termino esanguratsuenak eurek dagoeneko emanda, edo haien esangura argitzeko estekaren batekin. Zuk testuinguruagatik eta abar beste erabaki batzuk har zenitzakeen, baina, nolabait, lehen orrazketa-lan bat egiten zuten terminologia-zerbitzukoek zure lana errazteko.

Beste gauza aipagarri bat zen han zuzentzaileak zirela kategoria handieneko itzultzaileak. Batzuetan hemen ematen du zuzentzaileak ez direla hain garrantzitsuak, baina, han, zuzentzaile izateko, lehendabizi pasa behar zenituen itzultzaileen eskala guztiak. Itzultzaileen ibilbideko puntu gorenera iristen zinenean, zuzentzaile bihurtzen zinen, eta sekulako prestigioa zenuen. Sarritan, zuzentzaileak bere bulegora deitzen zizun eta zuzenketak komentatzen zizkizun. Ahozko azterketa bat bezalakoa izaten zen, pasatu beharreko azterketa bat. Zuzentzailearentzat iraingarriak ziren tilde bat ahaztea moduko akatsak, hori ez zen zuzentzailearen mahaira heldu behar, ez zenion denbora galarazi behar. Horrelako akatsak itzultzailearen lotsaria ziren, zuk erabat errepasatuta eraman behar zenuen dokumentua, zuzentzaileak ukitu dibinoa emateko, estilo-zuzenketa bikain hori. Ez zizuten dokumentu guztiekin deitzen, baina berari iruditzen bazitzaion zeozer oso larria zegoela edo zuk ikasi beharreko gauza bat zegoela aurrez ez zenekiena, orduan deitu egiten zizun.

Feminista izatea nire identitatearen parte bat den heinean, uste dut nire lan-eremu guztietan eduki behar duela isla. Problematikoagoa da administrazioan, baina hor ere uste dut zertxobait egin daitekeela.

Itzulpenak ezagutzen dizkizugu batez ere, baina interpretazioan ere aritua zara.

Niretzat zortea da nire lanpostua itzultzaile-interpreterena izatea interpretazioa izugarri gustatzen zaidalako, eta aldi berean interpretazioa asko egiten den erakunde batean nagoelako. Gainera, etengabeko praktika eskatzen duen gauza bat da. EHUn interpreteok egiten dugu lan unibertsitateko organo ofizialetako bileretan. Aldi bereko itzulpena egiten dugu, garai batean esan ostekoa ere egiten genuen, ez zegoelako kabinarik toki guztietan. Gaur egun, oso arraroa litzateke, askoz ere kabina gehiago daudelako. %99an euskaratik gaztelaniara egiten dugu, beste norabidean ez. Nire poz handietako bat da gero eta gehiago egiten dela, alde handiarekin. Euskara erabiltzen da bileretan eta jendea ohitu egin da interpretazioarekin.

Musikaria den lankide batek instrumentu bat jotzearekin konparatzen du interpretazioa. Berak esaten du instrumentu bat jotzen duen musikariak zenbat eta gehiago praktikatu, zenbat eta gehiago ikasi eta zenbat eta gehiago jakin musikaz, probabilitate gehiago dituela ondo egiteko, baina, hala ere, horrek ez duela inoiz bermatzen jo behar duen momentuan akatsik egingo ez duenik. Intepretazioan ere berdin, momentuan egiten den gauza bat da, eta orduan zenbat eta gehiago jakin, zenbat eta dokumentatuago eta prestatuago egon, lodiagoa izango da zure koltxoia, baina beti dago adrenalina-igoera hori, amildegiaren ertzetik ibiltzearen sentsazio hori.

Itzultzaileok oreka zail batean ibiltzen gara beti, ea testua etxekotu edo arrotz utzi. Nik uste dut joan naizela gero eta gehiago lerratzen ez-etxekoturantz. Iruditzen zait, arroztasun-puntu bat eduki behar duela testuak, islatu behar duzula beste kultura batetik datorrela.

aust

Duela ia hogei urte LU lehiaketara aurkeztu eta Jane Austenen Pride and Prejudice lana esleitu zizuten. Nolakoa izan zen esperientzia? Garai hartan ez zenituzten guk gaur egun ditugun baliabideak…

Bai, izugarrizko aldea zen garai hartan itzultzea edo orain egitea, ditugun baliabide guztiekin. Alde batetik, zortea zen Jane Austenena izatea liburua, oso idazle ezaguna delako, oso landua, eta bibliografia pila bat dagoelako. Hala ere, garai hartan erabili behar genituen paperezko iturriak, eta, orduan, alde batetik kargatu nintzen kultur hiztegiekin, soinekoei buruzkoekin… Eta gero bertara joan nintzen, Ingalaterrara, haren liburuak girotutako lekuetara. Papera eta landa-lana, horiek izan ziren nire tresnak.

Iaz berrargitaratu zuten Austenen eleberria Urrezko Bibliotekan, eta oker ez bagaude berrikusketa-lanetan parte hartu zenuen.

Berriro argitaratzea oso pozgarria izan zen, baina, beldur handia ere sortu zidan. Beti gertatzen zait nik egin ditudan lanekin ez ditudala berriro zabaldu nahi izaten. Eta nagia ere ematen zidan, oso potoloa delako liburua, mendi bat egiten zitzaidan. Baina nirekin batera lana egin zuen pertsona, Xabier Mendiguren Elizegi, oso ondo portatu zen nirekin eta asko lagundu zidan. Alde batetik, zuzenketa errazak zeuden, esan dezagun ortografikoak, urteotan aldatu diren arauak aplikatzea, adibidez. Nahiko automatikoak ziren. Beste batzuk zeuden nahiko orokorrak zirenak, kasu askotan aplikatzekoak, eta horiek bien artean adostu genituen aurrez. Horiek guztiak berak aplikatu zituen. Gero, eskatu zidan berari pasatzeko niri beharrezko iruditzen zitzaizkidan bestelako zuzenketa estilistikoak, eta berak zerrenda bat pasako zidala zalantza eragiten ziotenekin, orria eta lerroa markatuta. Berak modu nahiko sistematiko batean antolatu zuen nirekin batera zuzenketak egiten joateko, eta askoz eramangarriagoa izan zen.

Itzulpena egin nuen garaian hiru printzipio jarri nizkion nire buruari, zer tentaziori egin behar nion aurre: 1) ez sinplifikatu, ez egin testua dena baino sinpleagoa; 2) ez zaitez jatorragoa izan idazlea baino, eta horrekin esan nahi dut, alegia, ez aprobetxatu zeure burua luzitzeko motiborik ez dagoenean; eta 3) ez gehiegi azaldu gauzak, hau da, batzuetan ikerketa-lan handia egin behar izan duzu erreferentzia kulturalen bat ulertzeko, eta orduan behin harrapatu duzunean nahi izaten duzu azaldu nola iritsi zaren horraino, baina batzuetan azalpenak ez du ezertan laguntzen, areago oztopo bilakatzen da irakurlearentzat, begia joaten zaiolako garrantziarik ez duen zerbaitera. Berrargitalpenerako liburua hartu nuenean ikusi nuen nire hiru agindu horiek askotan ez nituela bete, eta bigarren honetan saiatu naiz horiek hobeto betetzen.

Ez da bakarrik ez dudala uste itzultzaileak ikusezina izan behar duela, ni ikusgaitasunaren guztiz aldekoa naiz. Nik esan egiten dut: ni nago tartean, ni ez naiz Virginia Woolf.

Hogei urte hauetan zure langintza findu duzulako seinale…

Beno, ikusi dut behintzat kontu horietan erradikalizatu egin naizela. Oro har, honak kontu honetan erradikalizatu naiz: dakizun bezala itzultzaileok oreka zail batean ibiltzen gara beti, ea testua etxekotu edo arrotz utzi. Nik uste dut joan naizela gero eta gehiago lerratzen ez-etxekoturantz. Iruditzen zait, arroztasun-puntu bat eduki behar duela testuak, islatu behar duzula beste kultura batetik datorrela. Adibide hau absurdoa da, baina ulertzeko: fish and chips ez dela marmitako bihurtu behar. Arroztasun horrekin bizi behar dugula, eta batzuetan gutxietsi egiten dugula irakurlea.

Azken bi urteotan Edo! argitaletxearen eskutik iritsi zaizkigu zure itzulpenak. Hasteko, 2012an Charlotte Perkins-Gilmanen Hormako paper horia kontakizun luzea euskaratu zenuen.

Bai, bueno, baina horra heldu orduko beste gauza batzuk egin nituen. Tartean itzulpen ez-literario asko: linguistika aplikatuko zazpi liburu eta artikulu ugari, arte garaikideko hainbat artikulu ere bai, Bulegoa z/g-rentzat eginak… Literatur itzulpegintzaren arloan antzerkia ere itzuli nituen, pare bat obra Maskarada konpainiarentzat, oso esperientzia interesgarria, ze testu bera egokitzen nuen ingelesetik euskarara eta gaztelaniara, bi bertsioak. Bestalde, Margaret Oliphant idazle eskoziarraren The Library Window ere itzuli nuen, baina esango nuke inor gutxi enteratu zela, agian «gazte literatura» sail batean argitaratu zelako, nahiz eta niri ez zaidan iruditzen sail horretakoa denik…

Baina Hormako paper horia-z galdetu didazu. Testua AEBetan ezagutu nuen. Bitxia da, baina ni AEBetara joan nintzen lehen aldia izan zen itzulpengintza graduondoko bat egiteko Georgetown-eko unibertsitatean, eta dagoeneko azterketa eta elkarrizketa eginak nituela, bat-batean erabaki nuen ez zitzaidala gustatzen ez unibertsitatea, ez giroa, eta gainera garestiegia zela… eta ikusi nuen Marylandeko unibertsitatean bazegoela genero-ikasketen graduondoko bat, eta hori egin nuen. Dena dela, Perkins-Gilmanen testua ez nuen ezagutu horko programan zegoelako, baizik eta liburu-denda batean emakume idazle estatubatuar klasikoen antologia bat topatu nuelako kasualitatez, eta bertan zegoelako. Inpaktatuta utzi ninduen testuak: nola ez zidan inork hau aipatu inoiz? Irakurri nuen, baina ez nuen ezer egin horrekin. Gero, 2011n Xerezaderen artxiboa sortu genuenean itzuli egin nuen, eta podcasterako grabatu. Kasualitateekin jarraituz, lankide batek, Iñigo Roquek, topo egin zuen bere aspaldiko ezagun batekin, Harkaitz Zubirirekin. Harkaitzek kontatu zion Edo! argitaletxea sortzeko lanean ari zirela, eta Perkins-Gilmanen testua itzuli nahi zutela, ez baitzegoen euskaraz. Orduan Iñigok esan zion baietz, nik euskaratu nuela, eta horrelaxe egin genuen kontaktua.

hph-aitziber-alonso1-1024x549

Hormako paper horia-ren azaleko ilustrazioa, Aitziber Alonsorena.

Kontakizun hau klasikoa da AEBetako literaturan eta feminismoan. Liburuak hitzostea du, berriki argitaratutako beste obra feminista batek bezala, hain justu, Virginia Woolfen Gela bat norberarena (Consonni, 2013. Itzultzailea: Maria Colera).

Hitzaurreak direla-eta badakit jende askok ez diela kasurik egiten. Askok uste dute irakurlea eta testua, horixe izan behar dela dena. Ni, aldiz, hitzaurreen eta hitzosteen oso fana naiz, gustatzen zaizkit bisita gidatuak, gidari on batekin noski, museo batera-edo joaten naizenean. Gidari on batek laguntzen dit agian bestela ikusiko ez nituzkeen gauzak ikusten, gauzak erlazionatzen edo kontestuan jartzen. Pertsona batek lana hartu badu testuari gertutik begiratzeko eta aurkezten badizkit klabe batzuk, nik eskertu egiten dut. Ez dut esaten irakurketa horrekin bat egin behar duzunik, baina niri neuri oso lagungarriak egiten zaizkit horrelakoak. Nik uste dut Edo!-ren apustua dela beti ateratzea lanak hitzoste batekin, baina beti jartzea atzean, nahi duenak egin ahal izan dezan harreman zuzena testuarekin. Irakurleak testuarekin bere lehenengo harreman hori eduki eta gero kontrastatu ahal izatea beste batekin. Niri oso ideia ona iruditzen zait. Hormako paper horiarena Amaia Serranok eta Saioa Ruizek egin zuten, eta niri oso konpletoa iruditzen zait. Alde batera utzita testuak duen harremana autorearen biografiarekin, hori gutxienekoa da, nik uste dut oso ondo kokatzen duela testuinguruan: XIX. mendeko emakumeen zapalkuntza ezkontzaren eta medikuntzaren bidez, gero psikoanalisiarekin eta abar. Iruditzen zait oso aproposa dela kontestu zabal horretan sartzeko. Irakurleak ez dira tontoak, baina hitzaurrea ondo dago adierazteko kontua harago doala pertsona batek momentu batean eduki dezakeen krisi psikologiko edo momentu bateko gaixoaldi testuinguru gabeko batetik.

Esaldi famatu hori: “hain da itzulpen ona, ezen itzultzailea ez den ikusten”, ez zait meritu bat iruditzen eta gainera ez dut uste egia denik. Hori esaten denean esan nahi dute itzultzaile hori dela korronte nagusi bateko kidea, hain nagusia eta hain hegemonikoa, non ez den bereizten.

Bestalde, ostiralean bertan aurkeztu zenuten Virginia Woolfen Dalloway andrea // Emakumeen lanbideak edo Etxeko aingerua hiltzea (Edo!, 2014). Itziar Diez de Utzurrunek itzuli du eleberria, eta zuk, aldiz, hitzaldia.

«Etxeko aingerua hiltzea» jada itzulita zegoen. Nik itzuli nuen oso gaztea nintzenean, 26 urterekin-edo, gero galdu egin zitzaidan itzulpena… Hori ere berriro itzuli nuen podcasterako. Hormako paper horiaren ostean Edo!-koek galdetu zidaten ea banuen beste testu interesgarririk, eta nik esan nien Woolfen hori neukala. Orduan proposatu zidaten Dalloway andrearekin batera ateratzeko. Asko poztu nintzen, baina gogoratzen naiz pentsatu nuela bi testuek ez zeukatela zerikusirik. Pentsa, gero nire hitzostearen erdigunea da bi obrek sekulako harremana dutela, baina hori nik ez nuen momentuan ikusi.

Kohesioaren harira, nik lehenagotik itzulia neukanez aingeruarena, gogoan dut Itziar Díez de Ultzurrunek esan zidala berak itzulpena egitean neure estilorantz joko zuela, saiatuko zela nirera hurbiltzen. Nik esan nion niri ez zitzaidala beharrezkoa iruditzen. Biok liburu bakarra itzuliko bagenu agian bai irudituko litzaidake beharrezkoa, baina bi obra diferente izanda… Iruditzen zait interpreteak bezalakoak garela itzultzaileak, baina ez kabinetakoak baizik eta musika-interpreteak. Gogoratzen dut esan niola: niri oso ondo iruditzen zait Bach-en CD batean egotea pieza bat Glen Gouldek interpretatua, beste bat pieza bat Landowskak interpretatua, eta abar. Ez da bakarrik ez dudala uste itzultzaileak ikusezina izan behar duela, ni ikusgaitasunaren guztiz aldekoa naiz. Nik esan egiten dut: ni nago tartean, ni ez naiz Virginia Woolf. Uste dut, itzultzaile bakoitzak daukala bere bagajea, bere historiala, bere gustu estilistikoak, bere irakurketak… Bakoitzak ditu pilo bat iragazi eta egin behar duena da iragazi horiek aitortu. Adibidez, esaldi famatu hori: “hain da itzulpen ona, ezen itzultzailea ez den ikusten”, ez zait meritu bat iruditzen eta gainera ez dut uste egia denik. Hori esaten denean esan nahi dute itzultzaile hori dela korronte nagusi bateko kidea, hain nagusia eta hain hegemonikoa, non ez den bereizten. Pianista bakoitza konpositore baten interpretea da, bada itzultzaileak berdin. Gainera, zeure izena agertzen da hor eta zeu zara erantzulea, onerako eta txarrerako. Nik aldarrikatu egiten dut itzultzaileen ikusgaitasuna eta iruditzen zait ikusezintasunarena dela objektibotasunarena bezalakoa. Objektibotasuna ez da existitzen, orduan, esaten duena objektiboa dela onenean xaloa da eta txarrenean ez da zintzoa. Gauza baten kontaketa egiten dugunean saiatu gaitezke zintzoki ahalik eta ertz gehienen ematen, baina beti ipiniko dituzu gauza batzuk erdigunean, beste batzuk itzalean… Hori edozein narraziotan gertatzen da, eta itzulpenean ere bai, esan dudan moduan itzultzaile bakoitzak baduelako bere historiala, eta hori aitortzea iruditzen zait etikoena.

Dena dela, hori guztia kontatu ostean Itziarrek esan zidan berarentzat nirera hurbiltzea ez zela ahalegin handi bat, ez zuela bere burua behartu behar; izan ere, bere etxeko euskaran Bizkaiko eta Nafarroako kutsuak, biak, bizi eta nahastu izan direlako naturalki.

woolf-dalloway

Dalloway Andrea-ren azaleko ilustrazioa, Eider Salaberriarena.

Hitzosteetara bueltatuta, itzulpena egiteaz gainera testu bat ere idatzi duzu, Woolfen bi obren arteko loturak aipatuz.

Hain zuzen, hitzosteak balio izan dit lehen aipatu dizudan horretaz konturatzeko, alegia, hasieran pentsatzen banuen testu batek ez zeukala bestearekin zerikusirik, gero ondorioztatu nuen munduko zerikusi guztia zeukatela. Virginia Woolfek Etxeko aingerua hiltzea hitzaldian planteatzen duena, alegia, nola daukagun emakumeok barneratua autozentsurara bultzatzen gaituen arau-sistema bat, patriarkatuak ezarritako balio batzuk nola dauzkagun hain barneratuta non geure burua anulatzen dugun, hori gorpuzten da Dalloway andrearen pertsonaian. Anfitrioi perfektua, harmonia-sortzailea, bere inguruan maitatua izateko premia izugarri hori daukana, eta, orduan, gatazkarik sor ez dadin edozer egiteko prest dagoena. Baina, aldi berean, auto-anulazio horrek zelako higadura psikologikoa sortzen dion, zelako bakardadea.

Nik aldarrikatu egiten dut itzultzaileen ikusgaitasuna eta iruditzen zait ikusezintasunarena dela objektibotasunarena bezalakoa. Objektibotasuna ez da existitzen, orduan, esaten duena objektiboa dela onenean xaloa da eta txarrenean ez da zintzoa. Gauza baten kontaketa egiten dugunean saiatu gaitezke zintzoki ahalik eta ertz gehienen ematen, baina beti ipiniko dituzu gauza batzuk erdigunean, beste batzuk itzalean… Hori edozein narraziotan gertatzen da, eta itzulpenean ere bai, itzultzaile bakoitzak badu bere historiala, eta hori aitortzea iruditzen zait etikoena.

Twitterreko zure aurkezpenean, besteak beste, queerzalea zarela diozu. Nola uztartzen dituzu (uztartu nahi/behar izatekotan) feminismoa eta itzulpen-jarduna? Agenda edo itzulpen-proiekturik duzu?

Gai honetan, bereizketa bat egingo nuke. Alde batetik, literatura eta autore baten izenarekin argitaratzen diren lanak daude, eta, bestetik, nire egunerokoan itzuli behar izaten ditudan beste testuak. Erakunde batean nago eta itzultzen ditudan testuak herritarrentzat dira, ez daukate autore bat, badago narratzaile bat atzean, baina ez dute autore zehatz bat.

Literaturari dagokionez, edo autore baten izenpean ateratzen diren testuei dagokienez, nire proiektua da argitara ateratzea isilduako ahotsak, nire xumean. Esan nahi dut, ez dut arkeologia-lanik egingo, ez nago horretan sartuta, jende ezezagunaren bila artxiboetara joan, inork irakurri ez dituenen bila… zentzu horretan diot arkeologiarena. Bai, ordea, gurean ez dauden autoreak. Hori oso argi ikusten da gure podcastean. Denetik dago, baina asko dira emakumeek idatzitakoak edo generoaren ikuspegitik ekarpen bat egiten dutenak, generoaren mugak nolabait hautsi dituztenak edo kolokan jarri dituztenak. Nire proiektua, orduan, bada alde batetik argitara ateratzea testigantza horiek, eta beste alde batetik, testu horien bitartez lanabesak jartzea euskaraz pentsatzen lagunduko digutenak. Euskaraz hitz egin ahal izatea eta kontzeptu horiek edukitzea euskaraz: zer da etxeko aingerua, kontzeptu bat da, hitz egin dezakegu horretaz; zer dira nagusiaren lanabesak, nagusiaren lanabesekin ez duzu nagusiaren etxea suntsituko; zer da kristalezko sabaia, edo hormako paper horia… Horiek dira kontzeptu konplexuak laburbiltzen dituzten hitzak. Nire proiektua da hitz horiek euskarara ekartzea guk horretaz hitz egin ahal izateko. Badakizu, euskaraz badugu esaera hori: izena duenak izana du. 

Neure eguneroko lanaz ere esan nahi nuke zerbait. Nik ezin diot feminista izateari utzi, feminista bazara feminista zara eguneko 24 orduetan, batzuetan gauzatu ahal duzu gehiago, bestetan gutxiago, eta denok ere deskantsu pixka bat behar izaten dugu, eta batzuetan ezikusia egiten duzu; baina feminista izatea nire identitatearen parte bat den heinean, uste dut nire lan-eremu guztietan eduki behar duela isla. Orduan problematikoagoa da administrazioan, baina hor ere uste dut zertxobait egin daitekeela. Labainagoa da, eta jende asko ez da ados egongo, baina nire erronka xumea bada. Adibide batekin adieraziko dizut: duela gutxi lanean tokatu zitzaidan osasun-zientzietako ikasleen eginbeharrei buruzko testu bat itzultzea, eta jartzen zuen: “los médicos y las enfermeras…”. Fideltasunaren izenean nik jarri beharko nuke “mediku jaunak eta erizain andreak”, baina nik badakit ez zela asmo kontzientea izan bereizketa hori egitea, aurreiritzi batzuen ondorio dela, orduan nik itzulpenean ez dut bereizketa hori egingo. Nire eskuetara horrelako desoreka sexistak dituzten testuak iristen direnean, desorekak ezabatzen ditut. Are gehiago, interpretazioan aukera daukadanean emakumeen presentzia nabarmentzen dut. Nire lankide bati gertatutako adibidea aipatuko dizut, interpretazioaren arlokoa. Batek esan zuen: “irakasle bat, tesia egin duena arkitekturan…”. Orduan nire lankideak interpretatu zuen: “si una profesora que ha hecho su tesis sobre arquitectura…” Euskaraz ez dago generorik, inork ez daki hizlariak zer zeukan buruan, eta orduan zergatik betikotu behar dut nik maskulinoaren generikotasun hori? Nire hautua bestea da. Batek esan dezake ideologia egiten ari naizela, baina maskulinoa hautatzea ere ideologia egitea da. Nik maskulinoa generiko moduan erabiltzen badut, ideologia jakin baten alde egiten ari naiz.

Kontu linguistiko konkretuetara etorrita, gogoratu naiz podcasterako Mark Twainen testu bat itzuli nuela, duela ez asko: Was the world made for man? Hor berak generikoki erabiltzen du man, eta zalantzan ibili nintzen gizaki jarri edo gizon jarri. Iruditzen zait bi jarrerak defendagarriak direla. Batetik, garai hartako irakurleentzat testuak zeukan efektu bera sortzeko (hau da, generikoa), «gizaki» erabili daiteke. Baina, bestalde, igual gehiago interesatzen zait gaur egungo jendea harritzea. «Gizon» hitza «pertsona» esateko horrela erabilita ikustea gaur egungo irakurleentzat gogorra egiten bada, horrek lagundu egingo dio nire agendari. Kontraste hori sortzea emankorra izango da, gaurko irakurlearentzat etengabe «gizon», «gizon», «gizon» dakarren testu bat gogorra delako.

Zergatik betikotu behar dut nik maskulinoaren generikotasuna? Nire hautua bestea da. Batek esan dezake ideologia egiten ari naizela, baina maskulinoa hautatzea ere ideologia egitea da. Nik maskulinoa generiko moduan erabiltzen badut, ideologia jakin baten alde egiten ari naiz.

Ezin elkarrizketa amaitu Xerezaderen artxiboa aipatu gabe, Jasone Larrinagarekin batera grabatzen duzun literatur podcasta.

Podcasta gure kuttuna da, ilusio handiz (eta ordu asko emanez) egiten dugun gauza. Audioa asko gustatzen zait. AEBetan egon nintzenean ikusi nuen zenbat literatura dagoen han entzungai, eta zenbat irakurketa publiko egiten den, eta asko zaletu nintzen. Betidanik gustatu zait irakurketa ozena, bai irakurtzea eta bai entzutea ere. Badago jende asko kostatu egiten zaiona irakurtzea, edo nagia daukana, edo beldurra ematen diona liburu-denda batera sartzeak. Nahi nuena zen, alde batetik, niri horrelako atsegina ematen didan gauza baten jendearen esku ipintzea, eta, bestetik, ohitura handirik ez daukan jendeak ere gozatu ahal izatea narrazioez eta literaturaz oro har. Gure beste asmo bat da ezagutzera ematea jada eginda dauden gauza pila bat. Guk asko itzultzen dugu podcasterako, baina erabiltzen ditugu baita ere itzulita dauden gauzak. Literatura Unibertsalaren bildumarekin gertatzen da lan pila bat daudela eginda, batzuk oso-oso onak, baina edizioak agortuta daudela, edo jendeak ez dituela ezagutu ere egiten. Gero, inertziak ere gure kontra egiten du. Nire adinerko jendeak, behintzat, gaztelaniaz edo frantsesez ezagutu ditu klasiko gehienak eta ematen du gogorra egiten zaigula euskaraz hartzea. Podcasta da apur bat zera esatea bezala: ez duzu irakurri nahi? Ba nik irakurriko dizut! Eta ikusten duzunean zer ondo, zer xamur, eta zer atsegina den zuk egingo duzu bide hori eta ikusiko duzu zenbat gauza dauden eta zer irakurgarriak diren.

Gauza jakingarri bat da gure podcastean daudela entzungai beste inon euskaraz ez dauden literatur pieza batzuk. Uste dugu primizia horiek ere balio erantsia ematen diotela gure podcastari. Azkenik, beti esaten dut jendea animatzeko eskariak egitera gure blogean, esateko zeintzuk entzun nahi lituzketen. Eta aprobetxatu nahi dut, baita ere, Bilbo Hiria irratiari eskerrak emateko, haiek aukera eman ez baligute ez genukeelako podcasta sortuko. Guk hasieran ez genekien ezer, eta beraiek eman ziguten bertara joan eta grabatzeko aukera. Eta, podcastaren kolaboratzaile guztiei ere gure eskerrik beroena: bai beren itzulpenak edo idazlanak grabatzeko baimena eman diguten itzultzaile eta idazleei, eta bai tarteka gurekin irakurtzera etorri direnei. Sarea da giltzarria!