Erbestearen kartografia(k) Martin Ugalderen narratiban

urria 29, 2014 @


Ugalde Otañok

(Marrazkia: Celedoño Otaño)

Ez itxi niri zuen ateak, biblioteka harroputz horiek,

Gainezka dauden zuen apalategietan falta zena ekarri baitizuet,

Guztiz beharrezkoa zaizue-eta;

Gerratik atera naiz eta liburu bat idatzi dut,

Nire liburuaren hitzak ez dira ezer; beren asmoa, ordea, den-dena da.

Walt Whitman

Zarauzko Sanz Enean eman genion hasiera 2014/15 ikasturteko Literatura Eskolari larunbatean, Larraitz Ariznabarreta irakaslearen eskutik. Hamabost lagun inguru elkartu ginen Martin Ugalderen narratibari buruzko saioan, erbestearen kartografia bat ulertzen saiatzeko. Bukaerara arte iraun zuten arazo teknikoak zirela eta, pixka bat berandu hasi genuen, eta azkenerako labur ere geratu zen hizlariak benetan arina egin zuen saioa.

Ariznabarretak hasieratik esan zuen ez zuela bibliografia kontatuko; interesa duenak sarean du Joan Mari Torrealdaik egindakoa, eta Jakinen ere bada haren lanaren katalogo bat. Aitzitik, hizlaria Martin Ugalderen obran aztarnak topatzera abiatu zen: zer kontatzen du? Nola ikusten du mundua? «Ugalde kanonera ekartzera nator, ez biografia hutsa egitera, euskaldunok ohi dugunez; oso latza da gure kanon txikian Ugalde ez agertzea». Beraz, estrukturalismotik zetorren begiradatik aldendu eta anglosaxoien joerak eta kultur ikasketen oinarriak eredutzat hartu zituen Martin Ugalde: Cartografías de un discurso (Martin Ugalde: Diskurtso baten kartografiak) doktore tesia egiteko. Halaber, garai hura ere kanonera ekartzeko saiakera izan zen Ariznabarretarena, eta esan behar dugu entzuleok behintzat konbentzitu gintuela, pasioz mintzatu baitzen hasi eta buka, eta pasio hori ederki transmititzen jakin baitzuen.

Lau puntu kardinal mapa osagabe batean

Bi helburu zituen, bada, eskolak. Batetik, Ugalderen mapa edo puzzle bat osatzea; «oso fragmentatuta dugu haren irudia, azken urteotakoa bakarrik gorde dugu gehienok, egunkariari lotutakoa, desleku bat», esan zuen ikertzaileak. Ugalde leku guztietan omen dago eta inon ez; guztiok ezagutu arren, irudi lausoa dugu hari buruz. «Garai bateko abertzaletasunaren metafora bat da Ugalde, beregan dago enkapsulatua garai oso bat». Bestetik, Martin Ugalderi erreferentzialtasuna aitortzea ere helburu zuen Ariznabarretak. Horretarako, klabe ideologikoak eta literarioak lotu nahi izan zituen, eta katakonbetatik kanonera ekarri. Edward Saiden liburuek ikergaiari beste marko bat jartzeko aukera eman zioten: «Literaturaren inguruko ikerketa ez da abstraktua. Kontrara, ikerketa hori kultura batean kokatu behar da. Izan ere, kultura horren egoera historikoak eragin zuzena baitu, erabat determinatzen ez badu, egin eta esaten duguna», idatzi zuen palestinarrak (itzul. Larraitz Ariznabarreta; berak itzuli ditu euskarara kronika honek dakartzan ingelesezko gainontzeko aipuak). Beraz, kulturan txertatu behar da obra edo autore bat, hori aztertu eta ulertu ahal izateko. Halaber, bi begirada aitortu behar zaizkio Ugalderi, Euskal Herrikoa eta Venezuelakoa, urte asko egon baitzen erbestean, eta hango irakurleentzat idatzitako testu kopurua ez da nolanahikoa.

Identitatearen problematizazioa Ugalderengan nola adierazten zen ere ikertu nahi zuen Ariznabarretak. «Guztia esana dago; BERRIAn idazten duten batzuek uste dute orain asmatu dela identitatearen auzi hori, baina dialektika horiek baziren Ugalderengan, Txillardegirengan eta lehenagokoengan». Oso presente dago andoaindarrarengan identitatearen problematizazioa, baita nazionalismo politikoa eta nazionalismo kulturala ere, ez bakarrik haren idatzietan, baizik eta beste intelektual batzuekin izandako gutun-trukean. Horrela, bada, teorizatu nahi izanez gero, ezin da hutsetik hasi; continuum bat dago, ez da etenik, eta ezinbestekoa da besteek aurretik zer egin edo esan duten jakitea. Sarean badago hainbat eta hainbat baliabide, Armiarma ataria esaterako, eta hala ere ez ditugula aitzindariak ezagutzen esan zuen entzule batek baino gehiagok ere.

Kartografia lauso eta anitzentzat ezezagunaren lau puntu kardinalak zehaztu genituen, bada: 1) kanona; 2) erbestea; 3) ideologia eta pentsamendua; eta 4) identitatea. Horiekin egin genuen Martin Ugalderen narratiban eta pentsamenduan barneratzeko bidea.

 «Garai bateko abertzaletasunaren metafora bat da Ugalde, beregan dago enkapsulatua garai oso bat. Oso latza da gure kanon txikian Ugalde ez agertzea».

Guzion ahotan eta inon ez

«Hamar urte pasatu dira Ugalde hil zenetik. Hainbeste maite zituen eguneroko heroi apal ahaztuen panteoian dagoela uste dut», idatzi zuen Anjel Lertxundik iragan urriaren 12an. Bere etxean preso zendu zela gogorarazi zuen Ariznabarretak, kontu guztiak itxi zizkiotela, «tragedia bat». Ordutik idazlea nork bere interesen arabera gogoratu izan duela salatu zuen irakasleak, eta gogoratzerakoan, inork ez duela azterketa edo irakurketa sakonik egin.

«Venezuelara gaztetik joan zen Ugalde, nola bizi izan zuen deserriratzea? Garaiko erbesteratuek minetik edo aukera modura bizi zuten hura?». Hori interesatzen zitzaion Ariznabarretari. Gerrako EAJrentzat, Venezuela erbestea baino gehiago izan zen. Venezuela diktaduratik atera berria zen, eta hitzarmen baten bidez euskaldunak hartu zituzten lanerako, garaiko paperek diotenez, «kristauak eta langile onak» baitziren. Martin Ugalde hala mintzo zen deserriratze hartaz: «Askotan pentsatu izan dut Venezuelarako bidea soilik egin zutela beren kabuz mugitzeko aukerarik ez zutenak». Ez zen, beraz, inolako pagotxa. Hala ere, Euskal Herri zapaldutik ospa egin eta beste aukera bat izan zuelako zorioneko agertzen da Ugalde idatzietan. Izan ere, erbestean kazetari lanetan hasi zenean, Venezuelak gizakia unibertsaltasunean ezagutzeko aukera eman ziola esan zuen Ugaldek, ordura arte Euskal Herri zapaldua besterik ez baitzuen ezagutzen. «Oso ongi uztartzen da bere obran unibertsaltasun ikuspegi hori eta Euskal Herriarekiko mira», esan zuen Ariznabarretak.

Gaztelania eta euskara nola uztartu zituen ere aztertu zuen; hutsetik hasi zen dialektismo edo alienazio linguistiko batetik idazten baitzituen erreportajeak Ugaldek, venezuelarrez, Koldo Izagirreren hitzetan. Erbesteko euskaldun bakarretakoa izan zen kultura berriko hartzaileentzat idazten, gainontzekoek euskaldunei zuzentzen jarraitu baitzuten etxetik kanpo urtetan izan arren. Bi (edo hiru) hizkuntzetan idazten zuen aldi berean, bada, baina ez dira horiek bi (edo hiru) identitate, bakarra baizik. Horri tiraka, ikerketaren bidegurutze batean Ariznabarretari zalantza sortu zitzaion: denak batera joanda, denak EAJkoak izanda, zer ziren, talde politiko bat? Lagun-talde bat? «Nik oso argi ikusi nuen kategoria politiko bat zela, Eusko Jaurlaritzaren agindupeko egitura bat; kode abertzalea iraunarazteko agindua zuten». Ugalderen diskurtsoa EAJren diskurtsoa zen, eta Ugalde bera, hortaz, alderdiaren diskurtsoa erreproduzitzen zuen intelektual organikoa; «baina ortodoxia erabateko horrek ez dio Ugalderen lanari balioa kentzen».

Mounier-en pertsonalismoak garaiko intelektualengan eragin handia izan zuela irakurri zuen Ariznabarretak Joxe Azurmendik idatzitako Karlos Santamariari buruzko artikulu batean. Mounier irakurtzen hasi zen, beraz, eta horren bidez ulertu zuen Ugalderen begirada berezia. Giro baten ondorioz-edo, pertsonalismo horretatik edan zuen Ugaldek. Ariznabarretak ez du pentsalariari buruzko erreferentziarik aurkitu Ugalderen obran, baina jakin zuen gaztetan Donibane Garazira joan zela andoaindarra, Eusko Jaurlaritzak gerra garaian egituratutako kolonietan, eta hango irakasleentzat Mounierren filosofia garrantzitsua zela.

Argi dago, beraz, Ugalderen hautua ortodoxoa izan zela, baina berak zioen «herritar ezindu bat» zela, politikakeriatik urrun. Testuinguruan ikusi behar da, zerbitzuzko lan bat eginez ekarpen bat egin zezakeela uste zuen, eta horretan jarraitu zuen Venezuelatik etxera itzuli zenean ere.

 Ugalderen diskurtsoa EAJren diskurtsoa zen, eta Ugalde bera alderdiaren diskurtsoa erreproduzitzen zuen intelektual organikoa; «baina ortodoxia erabateko horrek ez dio Ugalderen lanari balioa kentzen».

Egia monolitikoaren pitzaduretan hazka

Atsedenaldiaren ondoren, Ugalderen hartzaile motez jardun zuen Ariznabarretak. Pertsona jakin bati idazten zion andoaindarrak, irakurlea imajinatzen saiatzen zen beti. «Niari kantatzen diot: pertsona sinple, bananduari. Hala ere, hitz demokratikoa ahoskatzen dut, Masa-hitza», idatzi zuen Walt Whitmanek, eta hori Ugalderi oso ongi dagokiola uste du Ariznabarretak. Garaiko kritikariek zioten haiek baino hobeki ezagutzen zuela Ugaldek Venezuela, aberastu berrien dirdiratik urrun Ugaldek haien hizkuntzan erakutsi baitzien miseria, prentsako erreportaje sortarekin. «Subalternoaren ahotsa da Ugalde, hango min eta pobreziaren bozgorailua zen». Botere monolitikoak egia monolitikoa sortzen du, aldaezina, finkoa, eta Ugalde etengabe saiatu zen egia horri pitzadurak aurkitzen.

Euskaraz ari denean bere komunitateari mintzo zaio: erregimena bukatzean zer herri eraikiko zuten, zer ezaugarri izan behar zituen gizarte berriak. Gaztelaniaz ari zenean, ordea, frankismoari erantzuteko egiten zuen, botere arrotzari zuzentzen zitzaion oso modu defentsiboan; bazekien euskaldun askok ere irakurriko zituztela gaztelaniazko testu haiek, eta parentesi artean keinuak egiten zizkien konplize zituen horiei. Askoz tonu politikoagoa zuen gaztelaniaz, euskarazkoaren xamurraren eta errotik kulturalaren aldean. Spivaken Can the subaltern speak? haren ildotik, kezka adierazi zuen Ariznabarretak: «Lortu zuen benetan erresistentziaren diskurtso hori entzunaraztea?».

«Aberririk ez daukan pertsonentzat, idaztea bizitzeko tokia bihurtzen da», esan zuen Adornok. Deserriratuak etengabe eraiki behar izan du bere identitatea (pertsonala zein kolektiboa). Zein da nire aberria? Nor naiz ni? Noren oinordeko? Idazketaren bidez egin dute askok identitatearen berreraikitze prozesu hori, tartean, Ugaldek. Entzuleen artean zeresana sortu zuen gaiak; aberriaren adiera bera asko aldatu da gurean, batez ere kantuetan agertzen zen, orain geroz eta gutxiago. Lehenengo garaietan oso argi zegoen Euskal Herria edo Euskadi zela aberria, orain “zure gorputza” da, edo poema batean kabitzen den hori. Bilakaera bat egon da, beraz, baina ez soilik literaturan; krisia unibertsala da, eta filosofian, esaterako, subjektuaren bila ari dira berriro.

Narratiba bi, identitate beretik

Honezkero ez du inork zalantzan jartzen identitatea aldakorra dela, baina identitatea ez da hautu hutsa, «klabe batzuk ez ditugu guk aukeratzen», Ariznabarretak esan zuenez. «Kolektiboek drama fundazional batzuk dituzte, egitura eratzean garrantzitsuak diren une batzuk». Ugalderen kasuan erbestea da horietako bat; Euskal Herrian, drama fundazional kolektibo bat frankismoa izan zen. Une jakin horiek identitatea batera edo bestera egituratzen laguntzen dute.

Ugaldek bere identitatea berregituratzeko beharra zuen. Nola eman zen hori idazlearengan? «Baieztapen bat da, identitate bakarra, baina bi diskurtso bateratzen dituena». Horrela, euskal gaien inguruko testuetan identitate kolektiboa, hizkuntza defentsiboa, erresistentzia eta argumentazio praktikoa agertzen zaizkigu. Testu “venezuelarretan”, berriz, literatura moral-etiko bat aurki dezakegu, identitate indibiduala. Venezuelar pobreekiko enpatia agertzen da, baina haien eskuari helduta badabil ere, ez du iraultzarako asmorik. Ez da identitateen artean gatazkarik ikusten, Ugalderen erreformismoak euskal testuinguruarekiko begirada blaitzen zuen. Euskal Herriarekiko erresistentzia eta Venezuelarekiko proiektu-identitatea zuen, eta gero Euskal Herrira etortzean proiektu baterako saiakera egin zuen, egunkaria zela, ikastolak zirela eta abar. Ariznabarretak esan zuenez, «hori izan zen ere EAJren begirada frankismo ondotik, proiektu batekiko asmoa».

Izateko borondatea, gizatasuna (erresistentzia ere humanismotik egin zuen), estereotipo faltsuen birrintzea (“kristau fededun” jeltzalea kasurako), kulturari etengabe egindako aitortza eta praktikotasuna (entelekia kanpora) nagusi dira andoaindarraren obra osoan, helburu zuen irakurle mota gorabehera. Ariznabarretak gogorarazi zuen lan handia egin zuela Ugaldek, zerbitzuzko lantzat zuela berak, eta beharra ikusiz gero, berdin idazten zuela prentsarako artikulu bat, umeentzako ipuin bat edo dibulgaziozko antzezlan bat. «Lanerako gaitasun handia zuen, eta oso eskuzabala izan zen haren atea jo genuen guztiokin».

 Deserriratuak etengabe eraiki behar du bere identitate pertsonala zein kolektiboa; batzuek, Ugaldek tartean, idazketaren bidez egin dute identitatearen berreraikitze prozesu hori.

Erbesterik gabe, gaurko euskaldunik ez

Mahmoud Darwish palestinarrak poema batean galdetzen du: Nor naiz ni, erbesterik gabe? Zer eginen dugu erbesterik gabe? Halako zerbait galde genezake euskaldunok ere, zer edo nor ginatekeen gu, euskaldunok, erbesterik nahiz erbesteraturik gabe; Ariznabarretak argi du, «erbesterik gabe Euskal Herria oso bestelakoa litzateke. Mantu beltz bat bota da frankismo ondorengo garaian, baina Ugalde bezalako gizonik gabe oso diferentea litzateke gaur egungo egoera». Badago zer ikertua eremu horretan ere, deserriak euskal literaturan izan duen isla eta eragina, itzulpenean izandakoa, erbesteak kulturari emandakoa… Inork bideari ekin nahiko balio, segur gara Larraitz Ariznabarretaren iparrorratz paregabea hurbil lukeela.

 

Gehiago jakiteko:

  • Ander Gurrutxagaren El código Nacionalista Vasco durante el franquismo (Anthropos, 1985).
  • “Migrazioak euskal literaturan”, iaz Literatura Eskolan Gotzon Barandiaranek emandako saioaren kronika.
  • Martin Ugalderen zenbait liburu.

LE_kartela