Uko egitearen artea

azaroa 1, 2014 @


savall_musica_antigua

Irudia hemendik hartu dugu.

Euren printzipioei traizio ez egiteko sari, eskaintza edo ohorei uko egin dieten artistak ugari dira. Guganainoko oihartzuna izan duen azken kasua, Jordi Savall musikari katalanarena. Biola jotzen du Savallek, eta antzinako musikan aditua izanik, viola da gamba izeneko biola-mota berezi-bereziari eskaintzen dizkio orduak. Interpretazio onenari saria eman nahi izan diote, aurtengo Espainiako Musika Sari Nazionala, baina uko egin dio errekonozimenduari eta diruari. Gutuna idatzi die Wert ministroari eta epaimahaikideei, eta bertan azaltzen ditu erabakiaren zergatiak.

Zuekin gaurkoan, gurean, Jordi Savallen hitzak, gogoetarako bazka izan daitezkeelakoan.

2014ko urriaren 30ean

 

José Ignacio Wert jauna

Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa

Espainiako Gobernua

Wert jaun agurgarria,

2014ko Musika Sari Nazionaleko epaimahaikide agurgarriak:

Sari garrantzitsu hau emango zidatela jakinarazi zidatenean, bi sentimendu sortu zitzaizkidan, sakonki kontraesankorrak eta erabat bateraezinak biak: batetik, ikaragarrizko poza sentiarazi zidan errekonozimendu berantiar honek, zeina eman baitidate musikaren zabalkundeari –musika zibilizazioaren eta elkarbizitzaren indar eta lengoaia gisa ulertuta–, eskaini diodan berrogei urtetik gorako jardun apasionatu eta zorrotzagatik; eta, bestetik, izugarrizko tristura, iruditzen baitzait ezin dudala saria onartu nire printzipio eta sinesmen intimoenei traizio egin gabe.

Hortaz, pena handiz jakinarazi nahi dizuet ezin dudala saria onartu, hain justu ere, saria ematen duen espainiar gobernuko erakundea baita, nire ustez, artearen eta artisten defentsa eta aldarrikapenarekiko nagusi den jarrera dramatikoki desinteresatua eta larriki ezgaiaren erantzule behinena. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak ematen du sari hau, nahiz eta, aldi berean, ministerio horrek berak ahanzturara kondenatzen duen gure kulturaren oinarrizko zati bat, alegia, milaka urteko ondare musikal hispanikoa, eta, ez hori bakarrik, gutxietsi egiten dituen sakrifizio handiak eginda ondare hori biziarazten duten musikari gehienak.

Egia da, egoera bakan batzuetan, berrogei urtetik gorako nire ibilbidean, elkarlan instituzionalen bat profitatu izan dudala: Amerika aurkitu zeneko V. mendeurreneko ospakizuna, nazioarteko birak egiteko laguntza txikiak eta, duela gutxi, Musikaren Zabalkunderako Nazio Zentrorako gonbitak, Madrilera joan baikinen geure ekimenak aurkeztera. Baina, estatuko musikari eta talde gehien-gehienak bezala, aurrera egin dut soilik neure esfortzua lagun, instituzioen inolako laguntza iraunkorrik gabe neure musika-proiektu guztiak ekoizteko eta gauzatzeko. Berorrek zuzentzen dituen Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko instantziek denbora luzeegiz baztertu dituzte estatu espainiarreko kultur alor horiek guztiak, gogor borrokatzen direnak aurrera egiteko, inongo babes instituzional edo mezenasgo-legerik gabe; gisako lege eta baldintzak, dudarik gabe, lagungarri gertatuko litzaizkiekeen arren finantzaketa eta egonkortasuna lortzeko.

Krisi politiko, ekonomiko eta kultural larria bizi dugu eta, horren ondorioz, espainiarren laurdena prekarietate-egoera latzean dago, eta geure gazteen erdiak baino gehiagok ez du aukerarik, ezta etorkizunean izango ere, bizitza minimoki duin bat ziurtatuko dien lanbiderik lortzeko. Kultura, artea eta bereziki musika hezkuntzaren oinarri dira, hezkuntza horrek ahalbidetzen digularik pertsona gisa geure burua garatzea, eta, aldi berean, entitate kultural moduan presente egotea, gero eta globalizatuagoa den mundu batean. Sakonki sinisten dut artea baliagarria dela gizartearentzat eta ekarpenak egiten dizkiola gazteen hezkuntzari; eta gizakion alderdi gizatiar eta espirituala goratzeko eta sendotzeko lagungarria dela. Zenbat espainiarrek izan dute aukera, noiz edo noiz Cristóbal de Morales, Francisco Guerrero eta Tomás Luis de Victoriaren musika bikaina zuzenean entzuteko? Akaso, zenbait pribilegiatu, milaka gutxi batzuk joan ahal izan dira musika-mota horixe programatzen duten jaialdi bakanetako kontzerturen batera. Dena dela, gehien-gehienak ezingo dira sekula gauditu musika hauen edertasun jainkotiarrak helarazten duen energia espiritual miragarriaz. Irudika al genezake Prado museo bat, zeinean antzinako ondare guztia ez legokeen ikusgai? Bada horixe bera gertatzen da musikarekin, zeren eta, musika bizia soil-soilik existitzen da kantari batek abesten duenean, edo musikari batek jotzean; musikariak dira, egiazki, musika-artearen museo biziak. Beraiei esker entzun ditzakegu Alfontso X Jakintsuaren “Cantigas de Santa María” piezak, urrezko mendeetako “Villancicos” eta “Motetes”ak, barrokoko “Tonos Humanos y Divinos”ak… Horrexegatik da ezinbestekoa musikariei gutxieneko babes instituzional iraunkorra ematea, eurek gabe gure ondare musikalak lotan jarraituko bailuke, ahanztura eta ezjakintasunaren amets tristeari lotuta.

Ezjakintasuna eta amnesia dira zibilizazio ororen amaiera, hezkuntzarik gabe ez baitago arterik eta memoriarik gabe ez baitago justiziarik. Ezin dugu onartu Espainiako gobernuko instantzia gorenen arduradunek, euren ezjakintasuna eta kulturaren balioarekiko duten kontzientzia falta medio, hainbeste artistaren lan eskerga suntsi dezaten, ezer gertatuko ez balitz bezala; kulturaren benetako estandarteari eusten dioten hainbeste musikari, aktore, dantzari, zinemagile, idazle eta artista plastikok ez dute merezi jasotzen duten tratu eskasa, eurek dira-eta estatu honetako identitate kulturalaren zinezko protagonistak.

Azaldu dudan hori guztia dela-eta, eta pena handiz, 2014ko Musika Sari Nazional horri emandako ezezkoa berresten dut, eta espero dut sakrifizio hori uler dadila artisten duintasuna defendatzeko ekintza akuilagarri modura eta, akaso, hausnarketarako balio dezala, gure gazteentzako etorkizun itxaropentsuago bat irudikatzeko eta eraikitzeko.

Uste dut, Dostoievskik zioen bezala, edertasunak mundua salbatuko duela, baina horretarako beharrezkoa da duinki bizi ahal izatea eta hezkuntza eta kultura eskura izatea.

Adeitasunez,
Jordi Savall

Fundació Centre Internacional de Música Antiga
Camí de la Font, 2 · 08193 Bellaterra

Tags: