Autoreak plazara atalerako ekar genezakeen Amélie Nothomb maitea, baina euskaraz ez da hain ezezaguna, bi liburu baititugu Joxan Elosegi itzultzaileari eta Igela argitaletxeari esker: Katilinarenak eta Durduzaz eta dardaraz. Oraingoan Métaphysique des tubes (Le livre de poche, 2000) gozagarriaren hasierako atalak dakarzkizuegu, ea argitaletxeren batek amuari kosk egiten dion, Elosegiri monopolioa kentzeko moduan. On egin!
TUTUEN METAFISIKA
Hasieran ez zegoen deus. Eta deus hori ez zen ez hutsa ezta lausoa ere: aski zuen bere buruarekin. Eta Jainkoak ikusi zuen hori ona zela. Inolaz ere ez zitzaion bururatuko deus sortzea. Hutsa nahikoa eta sobera zen: ase egiten zuen.
Jainkoak begiak zabalik eta aldaezin zituen beti. Itxita egon izan balira, deus ez zen bestelakoa izanen. Ez zegoen deus ikusteko, eta Jainkoak ez zion ezeri begiratzen. Osorik eta trinko sentitzen zen, arrautza egosi baten gisan, eta horren biribiltasuna eta mugiezintasuna ere bazituen.
Jainkoa asetasun osoa zen. Ez zuen deus nahi, deus espero, deus jasotzen, deusi uko egiten eta deusek ez zuen harengan interesik pizten. Bizitza hain zen osotasuna non bizitza ere ez zen. Jainkoa ez zen bizi, existitu egiten zen.
Harentzat, bere existentziak ez zuen hasiera hautemangarri bat izan. Zenbait liburu ospetsuren hasierako esaldiak hain dira arruntak berehala ahazten baititugu eta iruditzen baitzaigu irakurketa horretan geldi gaudela antzinako garaietatik. Era berean, ezinezkoa zen Jainkoa existitzen hasi zen unea zehaztea. Betidanik existitu izan zela zirudien.
Jainkoak ez zuen hizkuntzarik eta, beraz, ez zuen pentsamendurik. Asetasuna eta eternitatea baino ez zen. Eta horrek guztiak erakusten zuen zer puntutaraino zen Jainkoa jainko. Eta ebidentzia horrek ez zuen garrantzirik, Jainkoari bost axola baitzitzaion Jainkoa izatea.
Bizidunen begiek ondasunik txundigarriena dute: begirada. Ez dago hori bezalakorik. Izakien belarriei buruz ez dugu esaten “entzunkada” bat dutela, ezta sudurrei buruz “usainkada” edo “arnaskada” bat ere.
Zer da begirada? Ezin da azaldu. Hitz bakar batek ere ezin du haren muin berezira hurbildu. Eta, hala ere, begirada existitu egiten da. Are, errealitate gutxi existitzen dira hura bezala.
Zer alde dago begirada bat duten begien eta halakorik ez duten begien artean? Alde horrek badu izen bat: bizitza. Bizitza hasten da begirada hasten den tokian.
Jainkoak ez zuen begiradarik.
Jainkoaren zeregin bakarrak irenstea, digeritzea eta, ondorioz, iraiztea ziren. Ekintza begetatibo horiek Jainkoaren gorputzetik igarotzen ziren Jainkoa hartaz jabetu gabe ere. Elikagaiak, beti berdinak, ez ziren haietaz ohartzeko bezain suspergarriak. Edariaren estatusa antzekoa zen. Jainkoak beharrezko zulo guztiak zabaltzen zituen elikagai solido eta likidoek zeharka zezaten.
Horregatik, haren garapenaren une honetara iritsita, tutu deituko diogu Jainkoari.
Tutuen metafisika bat badago. Mahukei buruz, Slawomir Mrozek-ek sakon-sakonean asaldagarriak edo zoragarriki barrez lehertzekoak ote diren esaten zaila den adierazpenak idatzi ditu. Beharbada biak dira aldi berean: tutuak osotasun eta hustasunezko nahasketa bitxi bat dira, materia hutsezkoa, sorta bat inexistentzia babesten duen existentzia-mintz bat. Mahuka tutuaren bertsio malgua da: biguntasun horrek ez dio misteriorik kentzen.
Jainkoak mahukaren malgutasuna zuen, baina zurrun eta bizigabe jarraitzen zuen, tutuaren izaera berretsiz. Zilindroaren lasaitasun erabatekoa ezagun zuen. Unibertsoa iragazten zuen, eta deus ez zuen gordetzen.
azaroa 24, 2014 @ Garazi