Nola irten armairutik patetikokeriarik gabe: ironiaren eta iraultzaren artean

urtarrila 19, 2015 @


1201778094_f

Urtarrilaren 29an egingo dira zazpi urte Paco Vidarte idazle eta LGTBen aldeko aktibista espainiarra zendu zela. Filosofian doktorea, sakon ezagutu eta landu zuen Jacques Derrida pentsalari frantziarraren obra. Queer teoriak ere landu zituen, eta hamaika liburu eta artikulu idatzi. Itzultzaile gisa ere oparo aritu zen, esate baterako, Monique Wittig-en The Straight Mind and Other Essays beronek gaztelaniaratu zuen, Javier Sáezekin batera. Omenaldi txiki bat egin nahi izan diogu, aspaldiko artikulu bat euskarara ekarrita, sonatua eta umorez betea.

Nola irten armairutik patetikokeriarik gabe:

ironiaren eta iraultzaren artean 

            Armairutik irteteak “ezagutzea” esan nahi du, sexuari buruzkoak, bizitza pribatuari buruzkoak “ezagutzea”. Armairutik irteteak esan nahi du ezohiko gai bat hizpide hartzea: hitz egin dezagun sexuaz. Kontrako hautu sexualari dagokionean, kontua ez da aitorpen berezi bat egitea momentu jakin batean; aitzitik, jendarteari uneoro jakinarazi behar zaio heterosexuala zarela, alegia, paradoxikoki, ez duzu ezer esan behar. Zerbait esaten denean, heterosexualtasun hori ukatzeko izan ohi da. Sexu-diskurtsorako hurbilketa, alegia, gure belaunaldiko gurasoekin sexuaz hitz egitearena soilik gertatzen da maritxua zarenean eta kontatzen duzunean. Bestela, heterosexualtasuna isila da. Ez da beharrezkoa, egun batean, zera aitortzea: aita, heterosexuala naiz. Litekeena da, kasuko aitari alditxarrak ematea, hitzaren esanahi zehatza garaiz ezin topatzeagatik. Aitorpenaren dinamika hausteko (aitorpena beti baita penagarria, zaharkitua eta erruduntzailea den heinean, eta oso gaizki pasatzen delako), estrategia aproposena da ondo erasotzea. Armairutik irtetean beti saiatu behar duzu atea kolpez zabaltzen, indartsu, eta ate horrekin berarekin muturrean ematen kanpoan zegoenari, biktima kutsuko aitorpen baten esperoan. Armairutiko irteerak ez du izan behar ez adoregabea ez norbere burua akusatzekoa. Aldarrikapenezko ekintza politikoa ere izan daiteke. Heteroak (eta barka orokortzea, beraietako batzuk egiten duten moduan maritxuez edo homosexualez edo lesbianez dihardutenean) ikaragarri urduri ipintzen dira maritxu oldarkor baten aurrean, armairutik ateratzen denean, kirioak dantzan eta zoro baten moduan, ate danbatekoak aurpegian ematen ezker-eskuin. Entzuten dagoenari iniziatiba eten behar zaio, ihesbide oro oztopatu, galdera guztiak irauli eta itzuli, ikusarazi oraindik orain bere heterosexualtasuna ez dela erabat fidatzekoa, ez delako sekula diskurtsoaren mailara iritsi, eta are gutxiago aitorpenen mailara. Ez da gauza bera armairu baten parean kokatzea eta bertatik Mari Errauskin irtetea, lotsati, bere sudurtxo zikina erakutsiz lehendabizi, gero atzamar bat, gero eskutxoa osorik, gero oina; baimena eskatzea ahots ezin meheagoarekin, eta, ia entzuteko ezinezkoa den moduan, baxu-baxu esatea: “lesbiana naiz”, “gay naiz”, “homosexuala naiz” eta abar; edo, kontrara, Chwebacca moduko bat agertzea, amorruak sututa, bere ile horail guztiak altxatuta, zehazki ulertzen ez den zerbait esaten, baina argi eta garbi uzten amore ematea ez dela bere estiloa. Azken hori egin ezean, hilda zaude, entregatuta, eta lepoa mozteko gertu, edo, are okerragoa dena, gertu zaude xamurki tratatua izateko, ulerkorki, kontsolamenduz eta adurra dariela, gertu zaude xuabe-xuabe hitz egin diezazuten.

            Armairutik irteten zarenean, ez dakit zergatik, heteroak xuabe hitz egiten hasten baitira, xuabe-xuabe. Txakurtxo izutua laztantzen duenak nola, lasaitu dadin, eta konfiantza har dezan. Inondik ere ez. Zergatik aurreratzen utzi? Van Dammen gisara irten behar duzu armairutik, edo Ramboren gisara, edo Demi Moorenera, edo Joana Arc-ekoa moduan, edo marine bat bezala (ez zait hori baino gauza lotsa gutxiko, gaizki hezitako eta bortitzagorik okurritzen). Kristoren zalaparta egiten. Ez duzu atea ireki behar, ezpada ostikoka bota, eta kanpoan daudenak tentuz ibil daitezela ezpal-puskekin; animalia baten eran irten behar duzu, metraileta eskuan, kamuflaje-prakak soinean, eta margo beltza begien azpian, horrek sekulako errespetua ematen baitu (azken batean, trabestitzea eta gure burua margotzea atsegin dugu, ezta?); edo, bestela, Alien-eko munstroaren tankeran. Zer demontre gertatzen da? Bollera naiz, eta ea azkenean ostia bat eman beharko dizudan. Finean, beraiek sartu gaituzte armairuan, eta haserrea ulergarria da. Askapena da, kartzelatik irtetea da, eta ez dago zertan baimenik eskatu. Ekintza iraultzaile bat da. Miramendurik ez kartzelazainarekiko ezta geure espetxea isilarazten, hauspotzen edo edozein modura sustatzen zutenekiko. Sorpresarena oinarrizko faktorea da. Nahikoa da izotza hausteko. Gero, pixkana-pixkana, erne egoteari utzi gabe, solasaldi-tonu normalago batera hurbil zaitezke, naturaltasuna eta espontaneotasuna inoiz ahaztu gabe (komeni da, une honetara iristerako Rambo mozorroa kentzea). Eta makal, ahul edo herabe agertu gabe. Erakutsi behar duzu –edo itxurak egin– armairuan itxita emandako denborak ez dizula inolaz ere eragin. Hantxe sartu gintuzten ea sendatzen ginen edo ea aburuz aldatzen genuen, eta irteterakoan argi eta garbi adierazi behar diegu itxialdi-praktikek kontrako eragina dutela, eta, ateratzen garenean sartu ginenean baino maritxuagoak garela, amorratuago gaudela, seko deliberatuta, sekula berriro ez sartzera eta betirako armairuaren praktika ezin basatiagoa suntsitzera; haurraren, nerabearen, gaztearen, helduaren eta zaharraren eskubideak urratzen dituen praktika da, bizitza osoa iraun baitezake. Pena izugarria ematen dute kartzelan dauden umeek, baina inork ez du malko ziztrinik isurtzen armairuan sartutako haur eta nerabeengatik. Betiko hipokresia, alegia.

            Bada beste estrategia posible bat, baldin eta ez baduzu gustuko apur bat erridikulua eta antzeztuegia gerta daitekeen armairutiko irteera hori, edo oso gaizki gelditzen bazaizu AEBetako marineen mozorroa; eta estrategia horixe da, gaur egun, gauzatutako egitateen politika izendatzen den hori. Esan nahi baita, aitorpenari muzin egitea, ez esan behar izatea, ez ahoskatzea. Beraiek ez badute egiten, geuk ere ez. Bat-batean anaiatxoa neskalagunarekin etorriko da etxera, edo amak koltxoi azpian topatuko du aldizkari pornoa. Bada geuk ahoan musu emango diogu mutil-lagunari, egongelaren erdi-erdian, eta gure ipurdiak inprimatuko ditugu, koloretan, eta ondoren irudia ohe azpian gordeko dugu, edonork bezala. Shock-tratamendua. Kontraerasoa izugarria izan daiteke. Hala ere, erne bazaude eta aurkaria suntsitzeko behar duzun guztia lubakian badaukazu, ez duzu zertan beldurtu. Etxetik bota zaitzakete, noski. Baina zu, ostera, geratu egingo zara. Dei diezaiotela poliziari. Ez badizute jaten ematen, arpila ezazu hozkailua. Ez badizute dirurik ematen, lapurtu ezazu, edo telebista saldu. Ez badizute arroparik erosten, ipin ezazu amarena. Eta ez utzi sekula lagunak etxera eramateari. Bilaka ezazu egongelatxoa manifestazio, egunero. Heterosexual bat ezin da uneoro amorruak jota egon, baina maritxu bat maritxua da eguneko hogeita lau orduetan. Eta maritxua izatea, berez, borroka da. Ohiz kanpoko ezer egin gabe ere. Jendea nekatu egiten da amorratuta egoteaz, baina norbera ez da inoiz nekatuko maribollera izateaz. Horixe da geure abantaila. Aita sutu egiten da ikusten gaituenean, tentsioa igotzen zaio eta bitartean guk, lasai asko, hankak gurutzatuta ikusten dugu nola gorritzen zaion aurpegia eta nola puzten zaizkion lepoko zainak, manera on-onekin esaten diogunean: “Egun on, kaferik nahi al duzu?” Garrantzitsuena da beti neurriz jokatzea eta eztabaida zentzugabeetan ez katigatzea. Eta, batez ere, ez negoziatzea. Ez negoziatzea, sekula. Zer negoziatu edo eztabaidatu behar da, ba? Zer esplikatu behar da, litekeena bada norberak azaltzen ez jakitea eta egiatan bost axola izatea? Galdetu zure aitari ea zergatik den bera heterosexuala. Esaten dituen txepelkeriekin harrituko zara. Ez dauka azalpenik. Ez daki nola esplikatu. Esango duen arrazoizkoena hauxe izango da: “Ba, hargatik, normala delako, jende guztia bezala, nire aita bezala, a zer galdera ergela. Mutiko hau, maritxua izateaz gain, leloa ere bada”. Lasai egon, iraintzen bazaitu ere, zuk barregarri utzi duzu dagoeneko, eta hemendik aurrera ez diozu errespeturik zor, lehen bezala, eta dagoeneko suntsitzen hasia egongo da berari buruz zeneukan irudikapen idilikoa. Irudi hori berreskuratu nahi badu, zure maitasuna eta errespetua zinez merezi dituela frogatu beharko dizu. Nahiz eta zenbait aitek aterkiak bezala galtzen dituzten seme-alabak, neguro bana. Izorratzen die, baina badirudi ez diela hori baino askoz gehiago eragiten. Gal dezaketen seme-alabarik gabe geratzen diren arte, oinazeak hartuta, beraien intrantsigentzia dela medio. Negurik gabe geratzen diren arte. Kontua da negu gehiago daudela seme-alabak baino. Baina hori beraien arazoa da.