Azpidatzien gorazarrean

apirila 23, 2012 @


auggie-screenshot

Nor garen azaltzen saiatu ginenean gure ardi galdu izaera azpimarratu genuen, beraz, ez dadila inor harritu, mesedez, askok liburuaren eguna ospatzen duten tenore honetan, guk ikus-entzunezkoen itzulpenaren inguruko hausnarketa plazaratzen dugulako. Sorkuntza literario idatzizkoaren jarraitzaile sutsuak izaten eta liburuaren alde behar adina gurutzadatan borrokatzen jarraituko dugun arren, ezin ahantzi gure garaiaren ezaugarri den ikus-entzunezko materialaren presentzia nonahikoa eta betierekoa. Gaur egun, inoiz baino gehiago, itzulpenak erronkari aurre egin behar dio. Gogoeta labur honetan, azpidazketaren alde mintzatuko naiz, izan ere, teknika horri abantaila andana topatzen baitizkiot.

Tradizionalki film eta telesailek osatu dute itzuli beharreko ikus-entzunezko ekoizpenaren zati handiena. Helburu honetarako erabilitako teknikak, behinik behin, azpidazketa eta bikoizketa izan dira, herrialdearen arabera, bata edo bestea gailendu delarik. Europa hartzen badugu, estatu gehienek azpidazketaren alde egin dute, neurri handiagoan edo txikiagoan; marrazki bizidunak, kasu, bikoiztuta joan ohi dira. Nagusiki bikoizketa darabilten bakarrak Espainia, Frantzia, Italia, Alemania eta Errusia dira. Bikoizketaren aldeko hautua egitearen atzean, ezin da ukatu arrazoi politikoek, hala nola, kanpoko eragina kontrolatzeko grinak eta zentsuraren artaziari bidea errazteak, berebiziko garrantzia izan zutela. Kontuan izan dezagun soinuaren etorreraren garai historikoa: lehendabiziko soinudun filma 1927koa da (Alan Croslanden The Jazz Singer) eta AEBetan estreinatu zen. 1930eko hamarkadatik aurrera mundu osora hedatu ziren zinema mutuaren bazterketa eta soinudunaren arrakasta. Politikoki aro tirabiratsua, ezbairik gabe.

Jendartearen egoera aski aldatu da ordutik, eta teknologiak berak sekulako iraultza jasan eta eragin du. Dena den, herrialde bikoizketazaleek bereari eutsi (eta eusten) diote, ohituta daudelako, eta janaria errazago sartzen delako jada murtxikatuta ahoratzen bada.

Gureari dagokionean, euskaraz ere bikoizketaren bidetik jo da batik bat. Inertziagatik edo osmosiagatik, apika. Euskarazko bikoizketaren historia, EITBren historiari hertsiki lotuta dago, hortaz, 1980ko hamarkadan ematen zaio hasiera. Beranduago telebistaz kanpo ere zenbait gauza bikoiztu diren arren, ekoizpenaren gehiengoa telebistakoa da. Ikuslegoaren erantzuna neurritsua izan da. Aktore gutxiren artean banatu da pertsonaia desberdin asko gorpuztearen zama, ondorioz, bozen errepikapenaz eta uniformetasunaz kexu izan dira hainbat. Filmen eskaintza urriak ere kritikak jaso ditu eta hizkuntzari dagokionez, sinesgarritasun eza salatu da. Haatik, esan beharra dago, dokumentalen kasuan harrera beroagoa izan duela bikoizketak.

EITBek 30 urte bete berri dituen honetan, krisi garai honetan, euskarazko ikus-entzunezko komunikabide nagusiaren inguruko eztabaidak ugaldu dira. Azkenaldian asko idatzi da, esaterako, hizkuntza politikaren inguruan. EITB soilik euskarazkoa izan beharko litzatekeen ala ez, horra galdera (eztabaida zuzeu-n, Aritz Galarragaren artikulua Berria-n). Nik neuk, eskatzea librea ei denez, beste aldaketa bati luzatu nahi nioke gonbita, bikoizketatik azpidatzietara jauzi egiteari, hain zuzen.

Hona, nire ustez, azpidazketaren abantaila orokorrak:

1)      Merkeagoa da, giza baliabide eta teknologia gutxiago behar baitu. Diru kopuru berberarekin film gehiago azpidatzi litezke, ondorioz, eskaintza zabalduz, eta kalitateari kalterik egin gabe.

2)      Itzulpenaren aldetik, azpidazketak bikoizketak baino egokitzapen gutxiago eskatzen du, izan ere, ez da sinkronizaziorik behar, hots, hitzak ez dira antzezleen ezpainen mugimenduekin bat etorri behar. Gutxiago “galtzen” da eta hein batean, azpidazketa beti egongo da jatorrizkotik hurbilago.

3)      Boza interpretazioaren zati garrantzizkoa den aldetik (aktore bikoiztailea ona bada ere), jatorrizko antzezlearen lanaren oinarrizko osagai bat ezabatzen da. Adibide gisa, Garaziren hitz batzuk ekarri nahi nituzke gogora, hain zuzen,  Rafeef Ziadahren azpidatzitako errezitaldiaren harira esandakoak (ez da film edo telesail batekoa, baina, argigarriak dira): “Ingelesez ulertzen ez dutenentzat ere soinua pizturik entzutea gomendatzen dugu, indar ikaragarria baitu”.

4)      Biztanleen bigarren edo hirugarren (edo laugarren etab.) hizkuntzaren ikasketa prozesuan demaseko laguntza litzateke, hizkuntza entzutea, nahiz arreta berezirik jarri ez, onuragarria baita, ulermena zein ahoskera hobetzeko.

5)      Biztanleen irakurketa maila orokorra hobetuko litzateke.

Bestalde, azpidatzien aurka sarrien errepikatzen diren argudioak honakoak dira: irudia zikintzen dutela eta ikuslearen esfortzua eskatzen dutela. Zinez, aurrez aipatutako abantailen aldean, ez zaizkit arrazoi pisutsuegiak iruditzen. Jakitun naiz, betidanik bikoizketara ohituta egon denari, hastapenean aldaketa bortitza gertatuko zaiola. Baita ere, bikoizketatik azpidazketarako trantsizioa nolabaiteko iraultza izango dela. Hala ere, epe luzera hoberako izango dela begitantzen zait. Halaber, ohitzeko praktika apur bat besterik ez da behar, eta ahots faltsuarekin moldatu bezala, irakurketara egokitzeko gai izango da ikus-entzule oro.

Gauero oheratzen gara, egunero jaikitzeko. Oheak oso inportanteak dira giza bizitzan: ohean jaio, ohean maitatu, ohean hiltzen gara. Benetako maitasuna denean, gainera, ohea bihurtu daiteke irla, edo untzia. Erlazioren bat izan behar dute ‘ohe’ eta ‘ohitura’ hitzek. Hala ere, ohea noizean behin astindu egin behar da.

Joseba Sarrionandia – Hitzen Ondoeza

Informazio gehiago:

2008ko otsailean argitaratuko Senez aldizkariak ikus-entzunezko itzulpenaren inguruan eginiko monografikoa.

http://www.eizie.org/Argitalpenak/Senez/20080222/sarrera

Beatriz Zabalondoren artikulua nerabe eta telebistaren inguruan, Jakin aldizkarian:

http://www.jakingunea.com/50urte/pdf/Jakin05_151/Jakin05_151_071.pdf