Joxe Austin Arrietak helarazi digu gaurkoa. Duela lau urte ekarri zuen euskarara Marcel Proust idazle frantsesaren eleberri-sorta luzeko lehenengo alea, Literatura Unibertsala bildumaren barruan: Swann-enetik. Aurkezpenarako idatzitako hitzak dituzue hauek.
Prousten itzulpenaren aurkezpeneko hitzak
(2010eko martxoan)
Joxe Azurmendi, “Azken egunak Gandiagarekin” bere azken summa filosofiko-existentzial zoragarri horretan, beste hamaika mila gogoeta eta argibide gogoangarriren artean, 339. orrialdearen inguruan, Stendahlen sindromea deitu ohi denaz mintzo zaigu, entzuten edo ikusten edo usaintzen edo dastatzen, hots, oro har, edozein zentzumenez hautematen ari garen objektuak gure subjektua erabat atzitzen eta xurgatzen diguneko esperientzia ezohiko baina bizitzan barrena noizbehinka denoi agitzen zaigun horretaz, eta zera dio, besteak beste:
“Zer da gizon-emakume aberearen fakultate estrainio hori?…(…)esperientzia horietan ageri zaiguna da, gizon-emakumea ez dela egunerokotasunera mugatzen, arrazoimen enpirikora. Gure baitan uste ez ditugun fakultate eta ahalmen ezezagunak dauzkagula errealitatea modu ezohiko batzuetan ere atzeman ahal izateko, edo errealitateari geu entregatzeko. Eta fakultate horien jabe geu ez garela, baizik eta berak egiten direla bat-batean gure jabe, gure gainetik, eta errealitatearen dimentsio ez arrunt batzuetara transportatzen gaituztela. Errealitateak berak dimentsioak dauzkala edo barrendurak, egunerokotasunean susmatu ere egiten ez ditugunak. Eta errebelatzen zaizkigunean, geuk ez dakigu nola, ikaraz, zoriontasunez, izuz ausaz, edo konfiantzaz, “esanezinezko” zer batez, hanpatzen gaituztela”.
Badirateke Marcel Prousten idazkintzaren Big-Bang erraldoia enfokatzeko beste modu batzuk. Baina honako hau, Joxe Azurmendiren aipamen horretan oinarritua, oso egokia iruditzen zait. Ñabardura oso garrantzitsu bat erantsiz, gainera: Prousten “Stendahlen sindromea” ez du ezein arte-obraren ikusmiraren lilurak eragiten (Stendahlengan ez bezala, hari Florentziako Santa Croce elizaren begiespenak eragin omen zion-eta bere izena daraman ekstasi-mota hori), baizik eta…zerak, badakizue, eguneroko bizitzako objektu ezin xumeago batzuek, aho-goxagarri teaz bustiriko madalentxo batzuek (“ai, Madalen, Madalen, ai Madalen, zure bila nebilen orain baino lehen…”).Eta hozi horretatik abiatuz, ernamuin horretatik jalgiz, eraikitzen du, adorez eta atseginez, paristar eskisito honek bere mundu osoa, barne eta kanpo; mundua? mundua esatea beharbada gutxi da; unibertsoa, agian hobeto; galaxia multzoak, nolanahi ere, bata besteari txirikordatuak. Milaka orri idatzi dira, eta milioika hitz egin, Proustek literatura unibertsalera ekarritako iraultza ia kopernikano honi buruz. Ez noa ezin athera naitekeien erudizio-itsaso hondargabe horretan sartzera; Prousti buruzko bibliografia ugari bai ugari aurki dezakegu denok ere hainbat tokitan (edizio honetako oharretan ere bai, lagin txiki bat besterik ez bada ere). Soilik hauxe nahi nuke azpimarratu (edo goi-marratu), Prousten irakasbidearen funtsa, balio unibertsalekoa, baiteritzot: merezi du literaturak, lanbide nekagarri bezain gogo-pizgarri honek, merezi du denon iragan ikaztuan aztarrikatzeak, beti ez jakina, baina batzuetan bai, literatura emanez edo literatura hartuz, literatura eginez azken batean, ikatz hori diamante bihur baitezakegu, eta diamante horretaz baliatu errealitatea zorrozki leuntzeko, alegia, bizitzeko, sinpleki, bizitzeko, eta bide batez, baita elkar-bizitzarako zenbait arau oinarrizko galdegin eta hitzartzeko ere, giza espeziearen duintasunaz eta gainbizigarritasunaz oraindik erabat etsiturik ez baldin bagaude behintzat.
Île de France-ko baserritar eta kaletarrak, Parisko saloi chic-etako burges nahiz aristokratak, euskaraz mintzo datozkigu. Halaxe paratu ditugu, kostata, erran gabe doa, eta birtualki, noski. Bitxia dirudi oraindik, edo bitxia iruditzen zait neuri behinik behin, oraingo honetan azio horren kulpante nagusi naizen honi. Badakit, joan deneko hogeita hamar urte honetan, dezente aldatu direla gauzak, ez nahi eta behar genukeen adina gure hizkuntzaren sendotze soziolinguistikoaren aldetik, baina bai beronen sendatzearen arragoa den literatur sorkuntzaren eta itzulpengintzarenetik. Uxatu ditugu, neurri handi batean, “simulakroaren” mamuak, hain aspaldi ez dela, 80. hamarkadan bertan, benetako euskal literatura bat, euskarazko literatura bat bien entendu, ezinezkoa zela ohi zioten adur txarreko iragarleen profezia destainatiak, ezinezkoa, zergatik-eta, horko mundua, kaleko mundua, gehienbat erdaraz bizi delako. Bada, gainditu dugu hesi hori, nik uste; askatu dugu korapilo hori. Eta handira jokatuz gainditu eta askatu ere: gure hizkuntzaren birikak mundu zabaleko literaturaren egurats orotara zabalduz, “munduko hizkuntza jantzi guztiak elkartzen diren bidegurutzean”, Anjel Lertxundiren hitz doien bidez esanik. Egia da, halere, literatur lan batek ispilatzen duen errealitate-zatia zenbat eta gure eguneroko esperientziatik hurbilagokoa izan, hainbat eta arraroagoa irudi dakigukeela mimetismo aldetik dagokeen aldea. Naturaltasun osoz irakurtzen ditugu euskara dotorean mintzo Shangai, New York, Novosibirsk edo Veneziako pertsonaiak; aldiz, hemengoak direnean, bertakoak, kosta egiten zaigu, askotan, ezinbesteko konbentzionalismo hori onartzea. Bere “Ehun metro”n – ikono bat, edo erreferente bat orain esaten den bezala, nire belaunaldiko literaturzaleontzat- Saizarbitoriak ezin izan zituen polizia espainolak, edo Diario Vascoko kronistak, euskaraz mintzatzen aurkeztu: kirrinkariegia zen errealitatearekiko, kontraesan bortitzegia. Orain, denok ikusi ditugu Saturrarango borrero eta borrera faxista nazional-katolikoak euskara txukunean mintzo “Izarren argia” filmean (euskaraz eman duten tokietan behintzat, ez omen baita beti hala izan, dirudienez; areto gehienetan erdaraz eman baitute, baina hori…beste historia bat da). “Beste historia bat”? Ba ote?…Ez. Historia berbera da. Gure eskizofreniaren historia. 153 liburu eder euskaratu ditugu, “Literatura Unibertsala” bilduma honetan bakarrik. Eta sortu, idatzi, beste ehunka batzuk, eder askoak horietariko asko ere…Zaharberritu, apaindu, zarpeatu, emokatu, loreztatu, garbitu, erraztu…egin ditugu gure auzoko etxeak eta kaleak. Baina gure auzo hau ghettoa da oraindik ere Euskal Hirian. Eta noiz aterako gara ghettotik? Edo etsi egin behar ote dugu, eta ghettoan laketu?…
Zintzilik uzten dut galdera. Edo galdera-sorta. Ez da oraingo hau unerik aproposena halakoez eztabaidatzeko; hau bi liburu oso garrantzitsuren aurkezpen-ospakizuna baita, eta horiek irakurriz gozatzeko gonbita, zer gerta ere, eta ez gure ahalegina beltxargaren azken kantua ala fenixaren errautsetiko birjaiotza, bata ala bestea, zein izango ote, gure betiko bitxilorea hostokatzen jarduteko unea. Bego, beraz, honenbestean nire pheredikia, ohi bezala -beldur naiz- sobera luzexkoa. Mila esker denoi zuen etorrera eta arretarengatik.
A, post-data bat, barka. Proust ez zen bere bolizko dorrean entzerratu, ez. Nik hala uste nuen, baina oker nengoen. Engaiatu zen, bere neurrian eta bere erara, baina engaiatu zen, bere garaiko zurrunbilo politiko larrienetan. Egunero joan omen zen, esate baterako, bere kolega Emile Zolaren epaiketara, eta beronen eta Île du Diable-n (“Papillon”en Uharte infernuzkoan, alegia) zegoen Dreyffus kapitainaren askatasunaren alde bermatu zen publikoki Estatuaren kontra. Ez zuen “J´accuse” sukartsurik idatzi, baina bai bere protesta zogiki bezain irmoki adierazi. Zer gutxiagorik, beraz, egin genezake besteok ere, aldeak alde….8.719.600.510. Ezagutzen duzue, noski, zenbaki hau. Badakizue zer esan nahi duen. Beste bat ere erakutsiko nizueke gustura asko, zein den baneki, bereziki estimatzen dudan pertsona batena izaki. Zenbakirik ez, baina izen-abizenak esango ditut, beraz: Pablo Gorostiaga, Laudioko Alkate txit langile eta zintzoa, bere herritar guztiek –PPko frankistak salbu, noski- errespetatua eta maitatua, Jose Luis Elkoro bezala, EGINeko administrazio-kontseilukide izateagatik urte luzetarako Inkisizio espainolaren ziegetara kondenatua: betor bera ere etxera, lehenbailehen. Mila esker.
abendua 24, 2014 @ elearazleak