Ulysses itzultzea odisea hutsa da

urtarrila 26, 2015 @


ulysses_430

James Joyceren eleberri sonatuena hasten den moduan iritsi nintzen larunbatean Literatura Eskolako urtarrileko saiora, termino zehatza erabilita, in medias res heldu nintzen, edo egunerokoan esatearren, pixka bat berandu eta Xabier Olarra, egun horretako hizlaria, gehi han bertaratutako dozena bat lagunak dagoeneko zereginari lotuta zeudela, buru-belarri, Bilboko Alondegiko Mediatekan. Azkar antzean harrapatu nuen, hala ere, erritmoa.

Ulyssesi heldu aurretik

Eleberri nahiko konplexu eta zaila izanda, sarritan gomendatzen dute Ulyssesi kosk egin aurretik beroketa pixka bat egitea, maratoi bat korri egin ez dezakezun moduan aurrez gorputza prestatu gabe. Noski, erreferentzia begien bistakoena izenburuak berak ematen digu: Homeroren Odisea. Olarraren esanetan, lagungarria izan daiteke Odisea irakurtzea zenbait kontutan paralelismoak nabarmenak direlako. Esate baterako, pertsonaien ugaritasuna bi-bietan da azpimarratzekoa. Ulyssesen 86 pertsonaia agertzen dira; noski, pertsonaia benetan inportanteak askoz gutxiago dira, hiru, egia esatera, eta bigarren mailako pertsonaia nagusi garrantzitsuak, ordea, dozena bat. Baso itxurako pertsonaia pilaketa hori Dublinen ezaugarritzat jo zitekeen heinean baliatu zuen Joycek, garai hartan, hiri hartan, gutxi-asko, denek ezagutzen baitzuten elkar.

Nobela honi buruzko ikerketa mordoa egin dituzte, mordoa terminoak lausoki adieraz dezakeena baino mila bider gehiago, egia esan, eta nahi duenak topa dezake zehatz-mehatz Ulysseseko pertsonaia bakoitza Odiseako zer pertsonaiari dagokion. Horrez gain, eleberriaren azken bertsioan kapituluek izenbururik ez duten arren, hasiera batean bai zeuzkaten, eta guzti-guztiak Odiseako pasarteekin bat datoz.

Bestalde, aurrez aipatu in medias res hasiera hori ere hala poema klasikoan nola eleberri modernistan aurki dezakegu, inongo kokapen edo testuingurutzerik gabe hasten dira-eta istorioak aurrera egiten, XIX. mendeko nobeletan ez bezala. Odisearen kasuan, Olarrak dio ahozko tradizioko kontaketa-moldeen eragina izan dezakeela. Ulyssesi gagozkiolarik, modernismoak XIX. mendeko moduekin hautsi nahi izan zuen, argiki.

Olarrak, azkenik, irakurgai errazxeago batzuk gomendatu zizkigun: batetik, Odisearen bertsio laburtua, eta, bestetik, Alfonso Zapico komikigilearen lan bat, Dublinés [Dublindarra] (Astiberri, 2011). Komiki horrek Espainiako Sari Nazionala jaso zuen 2012an, eta Joyceren bizitza du ardatz. Bertan azaldutakoei esker, irakurleari askoz errazagoa izango zaio eleberriko hainbat pasarte eta xehetasun identifikatzea eta ulertzea.

longenbach_tschinkwithtschunk_ba_img_0Sylvia Beach eta James Joyce Shakespeare&Co liburu-dendan

Harrera

Labur-labur esplikatu zigun Olarrak zer-nolako harrera izan zuen Ulysses eleberriak argitara eman zutenean, alegia, 1922an. Ezra Pound eta T.S. Eliot poetak Joyceren defendatzaile sutsuak izan ziren, nolabait esatearren, idazlearen literatur prestigioa sustatu zuten. Elioten beraren poesiak Joycek urratu antzeko bideak ibili zituen, antzinako ahotsen eta oihartzunen pilaketarekin.

Virginia Woolf eta Rebecca West idazleek (eta baimenduko didazue hemen parentesi txikia, bihar aurkeztuko baitute beste hiru lanekin batera Westen eleberri ezagunaren euskarazko itzulpena, Soldaduaren Itzulera, Maialen Berasategik euskaratua, Literatura Unibertsala bildumaren barruan) ez zuten hain begi onez ikusi. Woolfek Joyceri leporatu bide zion kontatzen zituen gauzen zakartasuna. Uste izatekoa da berritasun literarioak eta abarrak ondo irudituko zitzaizkiola, bera ere gisa horretako teknikak erabiltzen ari zenez bere idazketan. Westek, bestetik, Joyceren poesia zuen irakurria, eta txarra iruditzen omen zitzaion, sentimentalegia. Olarraren ustez, Ulyssesen dagoena ez da sentimentalismoa; berak, behintzat, ez du eleberria modu horretara ulertu.

Azkenik, Valery Larbaudek ere funtsezko egitekoa izan zuen Ulyssesen zabalkundean, batez ere frantsesezko bertsioari dagokionean. Larbaud, idazlea bera, izan baitzen Ulyssesen frantsesezko itzulpenaren gainbegiratzailea, eta, nolabait esateko, Frantzian Joyceren aldeko kanpaina egin zutenetakoa. Itzulpen horrek hainbat tirabira sortu zituen, baina hori geroxeago aipatuko dugu sakonago.

Kuriosoa da, halaber, Carl Jung psikoanalistak Joyceri bidalitako gutun batean dioena. Eskutitz horretan Jungek aitortzen dio irlandarrari ikaragarri kostatu zitzaiola liburua irakurtzea, eleberriak sekulako erronka psikologikoak pausatzen dizkiola irakurleari, Jungen jakin-mina hainbat urtez asetzeko beste, eta seko aspertu, hasperenka ibili eta azkenik miretsi ere gogoz miretsi duela lana.

Periferian goxoago hartu ei zutela

Ulyssesek Iberiar Penintsulan izandako eraginaren eta harreraren harira, Olarrak azaldu du Galizian eta Katalunian piztu zela lehen-lehenik obrarekiko interesa. Galizian, esate baterako, 1925ean dagoeneko hasiak ziren eleberriko pasarteak galegora ekartzen eta aldizkaritan argitaratzen. Otero Pedrayok itzuli zuen osorik estreina, eta zurrumurruak ibili izan dira ingelesetik ala frantsesetik egin ote zuen.

Bigarren itzulpena duela gutxi kaleratu du Galaxia argitaletxeak, eta Olarraren esanetan lan txukuna egin dute; hain justu ere, lan horrek Itzulpeneko Sari Nazionala jaso zuen iaz. Lau itzultzaile aritu dira horretan (María Alonso Seisdedos, Eva Almazán, Xavier Queipo eta Anton Vialle), hamar urtez, etenik gabe. Dirudienez, argitalpena atzeratu egin dute autorearen heriotzatik 70 urte pasa diren arte, egile-eskubideekin arazorik ez izateko, ohikoak baitira kasu honetan. Itzultzaileek irizpide traduktologiko eguneratuak baliatu dituzte, eta literatura kritikoa eta baliabideak ezagutzen zituzten. Hori agerikoa da, Olarraren esanetan, aise ikus daitekeelako Ulysses Annotated erreferentziazko obra erabili dutela, eta lan horixe delako Ulysses itzultzea asmo duen ororen katixima ezinbestekoa.

Katalunian ere, 1980ko hamarkadara arte itzuli ez arren, Joaquím Mallafré jardun zen horretan, aurretiaz zatika aldatu zituzten hainbat pasarte katalanera, eta hainbat idazle katalanek ere, tartean Josep Plak, Joyceren obraren aditzea zuten eta miresten zuten.

Osorik euskaratuta egon ez arren, euskal idazleengan ageriko eragina izan zuen dublindarraren lanak, adibidez, Ramon Saizarbitoriarengan, Koldo Izagirrerengan eta Patri Urkizurengan.

Joyce gurean

Eta gurean, Euskal Herrian? Pasadizoa ezaguna da, Gabriel Arestik euskaratu omen zuela nobela eta Guardia Zibilak kendu ziola errepideko erregistro batean… zer esango dizuet, ba. Euskarazko bertsio hori, noski, inoiz izan bazen, ez zen sekula atzera agertu. Bestalde, Oh Euzkadi aldizkarian lehen kapituluko pasarte bat itzuli zuten, gaelikoari buruzko solas bat biltzen duena.

Osorik euskaratuta egon ez arren, euskal idazleengan ageriko eragina izan zuen dublindarraren lanak. Hiru autore aipatu ditu Olarrak. Hasteko, Ramon Saizarbitoria. Egunero hasten delako liburuan, ulertezina litzateke bestela kafetegiko elkarrizketa, non Heidegger eta latinezko esapideak aipatzen diren. Izagirreren kasuan, Zergatik bai lanean, Molly Bloomen bakarrizketaren itzaletan etzan zaitezke, puntuazioa ezabatzera eta ahozkotasuna txertatzera jo zuen-eta Izagirrek. Azkenik, Patri Urkizuk are hautu muturrekoagoa egin zuen Sekulorun Sekulotan lanean, Olarraren ustez bere Molly Bloom propioa egin baitzuen, bata bestearen atzetik katigatuz garai hartan zituen kezka, hausnarketa eta pentsamenduak.

Ez dezagun ahaztu baditugula Joyceren bi eleberri euskaraz: Artistaren gaztetako portreta (Ibaizabal, 1992) eta Dublindarrak (Alberdania, 1999), Irene Aldasorok ekarriak bi-biak. Olarrak dioenez, horiek euskaraz edukitzea lagungarri gertatzen da Ulysses itzultzeko ere; izan ere, liburu horietako pertsonaia batzuk atzera azaltzen dira eleberrikotean.

2jp-james-joyce-when-asked-what-he-did-during-ww1Nik Ulysses idatzi nuen. Zuk zer egin duzu?

Beste Ulysses batzuk

Beste auzo hizkuntzetan ere gorabehera franko izan ditu Ulyssesen translazioak. Frantsesezkotik hasiko gara; izan ere, Joyceren obra honek lotura berezia du republique-arekin, ingelesdun lurraldeetan editorerik ezin topatu eta, azkenean, Parisko Shakespeare&Co liburu-dendako Sylvia Beach editorearen eskutik argitaratu baitzuen.

Frantsesezko itzulpena berrikustea beharrezkoa zen itzulpen orori gertatzen zaion legez zaharkitua zegoelako, garaiko hizkuntza eta gizarte egoerarekiko morrontzatik askatu behar zeelako, distantziak abantailak ematen dituelako, eta obraren desfrantsestea ere onuragarria izango zelako.

1929an, jatorrizkoa kaleratu eta zazpi urte beranduago iritsi zen frantsesezkoa. Auguste Morel izan zen horren egilea, baina itzultzailea ez zen bakar-bakarrik aritu bere zereginean, inondik inora. Dagoeneko aipatu dugun Valery Balaurd idazleak izan zuen zeresanik. Joycek berak bertatik bertara ezagutzen zuen Balaurd, eta, hasieran, hark itzul zezan nahi zuen. Edonola ere, Balaurd diruduna zen, bidaiari handia, eta ez zuen horrelako langintza batean sartzeko interesik, azkenean, itzulpenaren azken bertsioa gainbegiratzea onartu bazuen ere. Stuart Gilberten parte hartzea ere ezin ahaztu. Amateur, literatur zale eta idazlenahi horietako bat dugu Gilbert, Joycekin harremana zuena. Hain zuzen ere, Gilberti eta Linati izeneko italiar bati pasatu zizkien Joycek Ulyssesen egiturari buruzko eskema eta argibide batzuk, gaur egun ezagun-ezagunak direnak. Kontua da Gilbert Shakespeare&Co dendako inguruetatik pasatu ei zela, eta ikusi ei zituela Morel egiten ari ziren itzulpenaren pasarte batzuk, erakusleihoan zintzilik. Arretaz begiratu, eta eleberriaren zale sutsua zenez, segituan konturatu zen hainbat gauza ez zeudela ondo. Itzultzaile-kuadrilla, beraz, azkenean horrela geratu zen: Morel itzultzaile, Gilbert langintzan laguntzaile, Labaurd eta Joyce bera gainbegiratzaile.

Autorearen oniritzi horren ondorioz, luzez kanonikoa izan da Morelen itzulpena, hala ere, 2004an itzulpen berri bat eman zuten argitara, talde-lan eskergarekin egina. Jacques Aubert itzultzaile-taldearen buruak esan zuenez, itzulpena berrikustea beharrezkoa zen itzulpen orori gertatzen zaion legez zaharkitua zegoelako, garaiko hizkuntza eta gizarte egoerarekiko morrontzatik askatu behar zelako, distantziak abantailak ematen dituelako, eta obraren desfrantsestea ere onuragarria izango zelako. Hamar lagunek jardun zuten itzulpenean: hiru idazlek, itzultzaile batek, lau adituk eta Joyceri buruzko bi jakitunek (Jacques Aubert, Pascal Bataillard, Michel Cusin, Sylvie Doizelet, Patrick Drevet, Bernard Hoepffner, Tiphaine Samoyault eta Marie-Danièle Vors).

Gaztelaniaz, ostera, hiru bertsio daude. Estreinakoa Buenos Airesen argitaratu zen, José Salas Subiraten itzulpenean, 1945ean. Borgesek eta beste batzuk gogor kritikatu zuten itzulpen hori, txar-txarra omen zela-eta. Gainera, herra punturen bat ere izango zen, Borges eta bere zenbait lagunek bazeramatelako bolada bat astero biltzen obraren itzulpenaz hitz egiteko, hara non, beste amateur horren bertsioa azaldu zenean. Itzulpena, agian, akatsez betea egongo zen, baina idazle bikaina zen Salas Subirat, haren bertsioak elikatu baititu gaztelaniazko idazleen belaunaldi oparoak.

Ondoren, Espainian, bi itzulpen gehiago egin dira. Batetik, José María Valverdek, 1976an kaleratu zuen bere bertsioa, 1991n berrikusi eta hobetu zuena. Valverdek ez dio inori aitortzarik egiten, esan nahi baita bere aurretik egindako beste itzulpenei, gaztelaniazko zein beste hizkuntzetakoei. Lan honek arrakasta handia ekarri zion Valverderi: sari nazionala jaso zuen.

Valverderena hain bikaina izan arren, ia dena hobetu daiteke, eta Ulyssesen gaztelaniazko itzulpen berri bat egin zuten 1999an Francisco García Tortosa eta María Luisa Venegas Lagüénsek. Olarraren esanetan, itzulpen horixe da aurreko itzulpen-lan guztiaz eta bibliografia kritiko esanguratsuenaz baliatu dena, horretatik edan du eta emaitza osoago bat lortu.

Testuaren zailtasunez

Lehenago esan moduan, Ulysses eleberriak zailtasun ugari sortzen dizkio irakurleari, zer esanik ez itzultzaileari. Konplexutasuna Joycek berak bilatua izan zen, huraxe zen autore gisa hilezkortasuna bermatzeko bere modua: hainbeste asmakizun eta trikimailu ipini omen zituen barruan, ezen adituak mendetan aritu beharko ziren ikerketan, zer esan nahi ote zuen igartzeko.

Zailtasun nabarmenetako bat da Joycek eleberri honekin erakutsi nahi izan zuela edukia eta forma bereiziezinak direla, eta, hortaz, idazten duzun moduak ezinbestean baldintzatzen duela zertaz idazten duzun.

Trabak, ordea, ez datoz asmakizunetatik bakarrik. Olarrak esanda, barne-jarioaren teknikak eta testuingururik ezak izugarri zailtzen dute irakurketa eta itzulpena. Obraren %80a pertsonaien hausnarketez osatua da, ez gertaerez, eta Joycek pentsamendu horiek modu hiperrealistan islatu zituen, alegia, etenda, ez-logikoki, kaotikoki. Pentsamenduak bere lege propioak ditu-eta, zalantzak tartekatzen zaizkio, galderak, eta ez zaio, gero, orden zehatz eta karratu bati jarraitzen. Liburuan, hiru barne-jario dira nagusi, hiruak ere diferenteak euren artean. Ez baitituzte eite bereko gogoetak egiten Stephen Dedalus poeta gazteak, Leopold Bloom 40 urteko aitak edo Molly Bloomek, psikosi-gaitza duenak.

Beste zailtasun nabarmenetako bat da Joycek eleberri honekin erakutsi nahi izan zuela edukia eta forma bereizezinak direla, eta, hortaz, idazten duzun moduak ezinbestean baldintzatzen duela zertaz idazten duzun. Teknika literarioen sorta zabala baliatu zuen, bada, eta 100dik gora figura erretoriko (Don Giffordek Ulysses Annotated horretan zerrendatzen eta identifikatzen ditu denak). Kontatzeko teknika arantzatsuenetakoak dira parodiak eta pasticheak. Olarrak, adibidez, “Eguzkiaren Abelgorriak” kapitulua hartu du hizpide, hamalaugarrena. Bertan, Joycek, 20 estilo ezberdin darabilzki, X. mendetik hasita, ingelesezko prosaren laburpen bat eginez, prosaren garapena islatu nahian-edo. Beraz, hasieran, ia-ia latinez idazten ziren poemetako estiloa baliatzen du, XV. mendeko autoreen moldeekin jarraituz, eta XX. mendeko argot dublindarrera iritsi arte. Olarraren konponbidea izan da euskarazko tradiziora jotzea, eta astia izan balu oraindik atzerago joko zukeen arren, azkenean Leizarraga eta Etxepareren estilotik hasi da ibilbide hori dena gurean adierazteko. Estilorik garaikideenean, askatasunez jardun du, hango eta hemengo euskalkien moduak beldurrik gabe erabiliz.

Molly Bloomen bakarrizketaren zailtasunak franko aipatzen badira ere, Olarrak esan du puntuaziorik ezak dakarkiola batez ere ospe hori. Dirudienez, bakarrizketaren oinarrian gutun bat dago, Nora Barnacle Joyceren emazteak idazleari igorria, beraien harremanaren hasieran. Gutun horretan ez dago ez puntu ez komarik, baina, hala ere, aise ulertzen da (laburra da, hamar bat lerrokoa). Bakarrizketa ere berdin da ulergarria, luzeagoa izanagatik zailagoa gertatzen bada ere. Olarrak, itzultzeko orduan, puntuazioa ipini dio errazago jorratzeko, eta, puntuazioarekin irakurrita, pertsona baten barne-pentsamenduak baino ez dira, hau da, adibidez, egun batean esnatzen denetik senarra goizeko lauetan etxera mozkor iristen den arte berekiko pentsatzen dituenak, maitalearekin arratsalde atsegin bat pasata, erabat pozik geratu ez den arren. Irakurleari ez liokete eragozpen berezirik sortuko, puntuazioaren auziagatik ez balitz.

Eta, amaitzeko…

Ondo bidean, aurten argitaratuko dute Igela etxekoek Ulyssesen euskarazko itzulpena, ekainean edo abenduan. Iiieeeup!

DSC00104_1Xabier Olarra, Bilboko Alondegian