Oso harro gaude, Kobane! (I)

otsaila 18, 2015 @


Syria-YPJ-Fighters-in-Kobane

Urtarrilaren azken astean indar kurduek Kobaneren gaineko kontrol osoa hartu zuten. Horren harira, The Guardian egunkariak hiria askatze bidean bizitza eman zuten lau emakumeri buruzko artikulu bat argitaratu zuen, We are so proud! izenekoa. Mona Mahmood kazetariak bizitza galdu zuten emakume hauen familiako kideekin hitz egin zuen, eta artikulu batean bildu zituen entzundakoak. Gaur lehendabizikoa duzue, Shireen Taher.

Shireen Taher

Mustafa Taher, 30 urte, abokatua eta kurduera irakaslea bere arrebari buruz.

b0648743-10b0-40fa-aec3-285aa9f88790-480x720Siriako iraultza hasi eta hilabete batzuetara, Siriako herri kurdu gehienetan kurduera irakasteko baimena eman zuen Siriako erregimenak. Hiri horien artean nire jaioterria zegoen, Kobane. Nire arreba Shireenek 19 urte zituen eta ustez ingeles literatura ikasketak hasi behar zituen Damaskoko Unibertsatean 2012ko udazkenean, baina Sirian hedatu zen indarkeriaren erruz ezinezkoa zen Kobane eta hiriburuaren artean bidaiarik egitea. Unibertsitatean hasteko aukeraren zain zegoen bitartean, Shireenek kurduera ikasi zuen Kobanen. Gure 11 anai-arreben artean, ni nintzen Shireenek gertuen zuena. Neba-arrebak izateaz gain, adiskideak ere baginen. Sentibera izateaz gain festak eta kirola maite zituen. Bartzelona futbol taldeko zale sutsuak ginen. 2010eko Mundu Kopa Johannesburgon izan zenean, Damaskon egiten nuen lan abokatu gisa, eta Shireen bertaraino etortzen zen parke zabaletan egiten zituzten futbol partiduak elkarrekin ikusteko. Shireenen kurduera irakaslea Vian deitzen zen, 29 urte zituen eta Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) borrokalaria zen. Shireenek emakume harengandik jaso zuen bere adorea. Vian 2012ko uztailaren 26an erail zuten Siriako Tel Abyad hirian Jabhat al-Nusrako kideen aurkako borroka batean (Al-Qaedarekin lotura duten jihadista siriarrak), eta Kobaneko herritarrentzat egun goibela izan zen hura. Vian martiria goresteko ospatu zen hiletan, gure aitak bere pistola zaharra eman zion Shireeni eta irakaslearen bideari jarraitu eta borrokalari bihurtzeko esan zion. Nire ama ez zegoen ados. Kobane askatu eta irakaslea mendekatzeko asmoz, Shireen Herriaren Babeserako Unitateetara (YPG) batu zen. Shireenek izena eman izan ez balu, nik egingo nukeen.

Handik gutxira, Irak eta Siriako Estatu Islamikoa (ISIS) Kobane erasotzen hasi zen. Erasoak 2012ko azaroaren 11n hasi ziren Gurutze Gorriaren gunearen aurkako bonba-auto batekin. Nire aita, 67 urtekoa, eta bere lagun bat ondoan zeuden eta eztandak hil zituen beste 12 martirirekin batera. “Betidanik uste nuen nire aita martirien aita izango zela, baina sekula ez ni martiri baten alaba izango nintzenik”, esan zuen Shireenek haren hiletan. Gure aitaren heriotzak bere nahia bete eta borrokalari bikaina izateko adorez bete zuen Shireen. Batez ere gorputegira joan eta aitaren gorpua ikusi genuenean. Eztandak eragindako kalteen eraginez oso zaila zen hura identifikatzea. Gertuko lagunak galdu izanaren ondorioz Shireen lur jota zegoen. Ezin zituen aitaren eta irakaslearen heriotzak gainditu. Bizitzak zentzua galdu zuen Shireenentzat. Egunak igarotzen zituen eremu militarrean entrenatzen, bertan hainbat arma kontrolatzen ikasi zuen: Kalashnikovak, suziri bidezko granadak eta esku-granadak. Bere entrenamenduak bi urte iraun zituen, eta tarteka bisita egitera etortzen zen. Kobaneko kanpoaldean dagoen eremu militarrean eman zuen denbora luzean bere izaera erabat aldatu zen, nik ezin nuen sinetsi. Lehenago, makillaje asko erabiltzen zuen eta lepoan Bartzelonako ikur bat zeraman. Ezin ditut bere eskuak eraztun edo eskumuturrekorik gabe imajinatu. Lehenago perfumeek zein kosmetikoek betetzen zuten zorroa bonba eta balaz beteta zuen orain. Kobaneko biztanle gehienek egin zuten modu berean  ama eta arrebak Turkiara eramateko hautua egin nuen egunean, amak Shireeni deitzeko eskatu zidan. “Kobanetik alde egiten baduzue, ez zara sekula berriro nire ama izango”, esan zion amari. Hiru egun beranduago Shireenek hiritik alde egiteko eskatu zion amari, ISISeko soldaduak hirira gerturatzen ari baitziren.

Shireen Kobaneko mendebaldeko kanpamentu batean zegoen ISISeko soldaduak bere arma eta tanke astunekin hirira sartzeko ahaleginak egiten hasi zirenean. Kurdistango erresistentziaren arma arinekin aurrerapen hura eteten ahalegindu zitezkeen, baina ezingo zituzten betiko geldiarazi. Shireen Kurdistango irratiko egoitzaren ondoko lubaki batean zegoen ezkutaturik. Martiri bihurtu baino bost ordu lehenago deitu nion Turkiatik. “Ez kezkatu, bizirik nago”, esan zidan. Nire beste arreba erizaina zen Kobaneko ospitalean, eta arratsaldeko zortzietan deitu egin zion hilik ote zen beldur zelako. Shireenek gehiago ez deitzeko eskatu zion, borroka lazten ari zela-eta mugikorretik ezingo baitzuen gehiago hitz egin. Entzun genuen ISISek eraso gogorra egin zuela Kobaneren aurka. Gaueko hamarretan arrebaren telefono-dei bat jaso genuen. Gizon baten ahotsa zen. Shireenen familiarekin hitz egiten ari ote zen galdetu zuen. Nire arrebetako batek baietz esan zion. ISISek Shireen akatu zuela eta bere buruaren bila joateko erantzun zion gizonak. Nire arrebak nire amarekin hitz egin aurretik, ISISeko soldaduak amari deitu zion Turkiara, eta Shireenek berarekin hitz egin nahi zuela esan zion. Nire amak telefonoa hartu zuenean, gizonak bere alabaren buruaren bila etortzeko esan zion. Amak konortea galdu zuen eta ospitalera eraman behar izan genuen. Gerra frontean zeuden Shireenen lagunei deitu genien. ISISek Shireen eta beste bost emakume erail zituela esan ziguten. Kobanera itzuli nintzen Shireenen gorpua hartzera, baina haren lagunek esan zidaten gorpua ISISekoek zeukatela eta ezinezkoa zela hil zuten auzoan sartzea. Turkiara bueltatu nintzen beste arrebarekin, krisi bat izan zuen eta ez zuen Kobanera bueltatu nahi. Haren heriotza familiarentzat lazgarria izan bazen ere, harro gaude Shireenez eta bizitza Kobane defenditzen eman duten bere lagun guztiez.