Maria Mercèren (b)egia

martxoa 2, 2015 @


maria-merce-marçal

Munduko Poesia Kaierak egitasmoaren eskutik kaleratu du Itxaro Bordak Maria Mercè Marçalen poesia-bilduma bat. Itzulpen-prozesuak eta Marçalen obrak iradokitako hausnarketak helarazi dizkigu gaurkoan.

Maria Mercèren (b)egia

Egilea: Itxaro Borda

Sóc aqui per que tu fores…

 

Urtea eman dinat hire hitzak biltzen.

Ene mintzairan ere ez hintzen isiltzen.

Elerik samurrenak nitinan ibiltzen

Eskail nagiaz itsu, mirail biribiltzen.

 

Hire begia zunan, lotsarikan gabe,

Zabaltzen azkorrian, argiaren jabe:

So urratua zohar, batzutan herabe,

Egin dinat munduaz amodio habe.

 

Gatzaren andereak ditizten girgiltzen

Baina aritzen gaitun tipulak bipiltzen

Heriotzari trufaz, oraindik nerabe.

 

Dugun kanta bizia, aditzen norabe,

Berma dakigun egi biluzien labe:

Urtea eman dinat hirekilan hiltzen…

 

Itzultzea bizitzea da, edo behintzat, bizitzea bezala da.

Historia luzea eta ederra da (enetzat…).

2008a aitzin ez nuen Maria Mercè Marçal poetaz sekula ezer entzun. Olerkari katalanak ezagutzen nituen bai eta Galeuska junten karietara gurutzatzen eta solastatzen. Galegoen pare.

Bartzelonara gonbidatu ninduten 2008an. Autobusez joan nintzen eta hango ekitaldiak bukaturik Helena Gonzalez galiziar irakaslearekin En Ravaleko liburutegira zuzendu genituen urratsak zerbait behar nuela etxerako bidean ez aspertzeko. Miquel Marti I Polen eta Merce Rodoredaren sakelako bi best of eskuratzear nituen, Helenak Maria Mercé Marçalen Contraban de Llum argitalpena erakutsi zidala, hau oso ona da erranez. Lluisa Juliaren edizioa zen. Uste dut Tuterara heltzean poema guztiak irakurriak nituela bietan ez bazen behin bederen: i jo, sola, entre albera i alba.

Hiru poema itzuli nituen berehala Laia Nogueraren laguntza linguistikoarekin: per tu retorno de un exili vell (zuregatik exilio zahar batetik itzuli naiz), el meu amor sense casa (etxerik gabeko nire maitasuna) eta covava l’ou de la mort blanca (koloka zegoen herio zuriaren arraultza). 2010ean hirurak irakurri nituen Vall d’Aneuko pirineoetako idazleen topaketaren karietara, Miquel Viladegut Lleidako poetak katalanez eta nik euskaraz. Handizki funtzionatzen zuten.

Ordutik hara, eta urte betez, egunez egun, liburu ezberdinetako eta Aritz Galarragak bidaliriko Llengua Abolida bilduma marduleko olerkiak banan bana itzultzen nituen, itzuli, landu eta Pau Joan Hernandez adiskideari bidali, hark bere aldian itzulpenaren egokitasuna finkatu zezan.

Bizitza bat harilkatzen zihoakidan hitzen eta arkatzaren jomugan. Ukitua nintzen eta batzuetan, identifikazio pertsonalaren ispiluak bete-betean eragiten zidala, begiak hezetzen zitzaizkidan bereziki desglaç eta rao de cor liburu postumako olerkiak euskaratzean.

Lana bukatua nuela iruditu zitzaidanean Maria Mercè Marçalen (b)egia sonetoa izkiriatu nuen. Eskerronez bezain doluminez.

Susako Munduko Poesia Kaierak sailean agertu ziren azkenean nik euskaratu katalandarraren hirurogei bat poema. Itzultzen nenbilala ez nuen pentsatzen ere noizbait plazaren argia dastatuko zuketenik!

Aldatu nintzen MMM-en hitzak euskaratzen.

50080642