Margaret Atwood eta zientzia-fikzioa

martxoa 6, 2015 @


Jacob Escobedo_TheNewYorker

(Irudia: Jacob Escobedo)

The New Yorker aldizkaritik hartutako testu bat dakarkizuegu, Margaret Atwoodek 2012an idatzitakoa. Zientzia-fikzioarekin izandako lehen hartu-emana azaltzen du bertan kanadarrak, eta haurtzarora jotzen du generoaren mugak nola eraiki zituen kontatzeko. Euskaraz deus ez dugula-eta (argitaratzaileei deia!), Atwood eta bere ipuingintza ekarri nahi genuen hona, baina denbora faltagatik, zientzia-fikzioa ekarri dugu, gurean ahaztuxe izan dugun generoa, apika; horra hor gure mugen ondorio gazi-gozoa. On egin!

Armiarma-emakumeak

Irakiten jarritako ur hotzez beteriko lapiko batean dagoen otarrainak ez daki jateko prestatzen ari direnik beranduegi izan arte. Antzera, gaur egun zientzia-fikzioaren saldan gaudenok ez genekien zopa-ontzi jakin horretara igotzen ari ginenik: goizegi hasi ginen. Umeek ez dute “genero” bat edo beste irakurtzen; istorioak irakurtzen dituzte. Adin batetik behera, ez dute bereizten “egia” eta “ez egia”, zeren ez dute ulertzen zergatik ez duen untxi zuri batek poltsiko-erloju bat izanen, zergatik ez diren baleak mintzatuko, zergatik ez diren izaki sentibera horiek beste planeta batzuetan bizi eta espazio-ontzietan ibiliko. Zientzia-fikzioko tropoak ez dira “zientzia-fikzio”tzat hartzen; fikziotzat hartzen dira. Eta fikzioa errealitatetzat hartzen da. Eta batzuetan errealitatea ohe azpian bizi da eta hortz zorrotz-zorrotzak ditu, eta ezin du bestela izan.

Baina, adin batera iristerakoan, konturatzen gara irakurtzen dugunetik zenbait —hara, nola esan hau sotilki?— apainduegi dagoela. Noiz ohartu nintzen zientzia-fikzioa bestelako zerbait zela, demagun, Oliver Twisten aldean? Hamar urte inguru nituenean; apur bat berandu, beharbada, baina inozoagoak ginen orduan (ia hamahiru urte nituen jakin nuenean “child molester” [pederasta] ez zela umeentzako zeregin berezi bat satorrak [moles] biltzean zetzana —jendeak arrantzarako zizareak biltzen dituen bezala, nolabait—).

Zientzia-fikzioa, beraz: hamar urte ditut, adibidez, baten bat gehiago agian. Familiako etxolan nago Quebeceko iparreko baso bakartuetan. Ez da elektrizitaterik. Irakurtzeko aukera zabala dago, baina ez da erraza dagoenari deus gehitzea, ez baitago liburutegi edo saltokirik, hortaz, irakur zitekeen guztia irakurria dut, batzuk behin baino gehiagotan. Aldizkari bat lortzen dut. Nola? Bisitariren batek utziko zuen. Zientzia-fikziozko aldizkari bat da. Zein? Ñabardura hori galdu da, eta, nolanahi ere, aldizkariak ez du azalik.

Aldizkari horretan istorio hau irakurtzen dut: espazio-ontzi batek planeta urrun baten kontra jo du eta ontziko gizonezko guztiak bizirik atera dira. Itxuraz emakume ederrez baizik osatuta ez dagoen jendarte batek harrera egiten die. Emakume horiek oso atseginak dira haiekin, goxoki hartzen dituzte eta oturuntza ederrak prestatzen dizkiete (berrogeiko urteen amaiera edo berrogeita hamarren hasiera denez, ez dago sexu-aipamen espliziturik). Gizonak kontent daude. Patxada ederrean dabiltza, ariketarik egin gabe, eta gizendu egiten dira. Elkar zoriontzen dute inoiz baino hobeki daudelako.

Egun batean, ezustean, kaiola batean sartzen dituzte beste gizon batzuekin. Gizon horiek mehe-meheak dira. Istripua izandako beste espazio-ontzi bateko bidaiariak dira ―hala balitz, jendea erruz dabilen galaxiaren txokoren batean egonen da planeta―, edo planetako bertako gizonezkoak dira? Ñabardura hori ere galdua da.

–Ergel halakoak –diote gizon meheek, edo antzeko zerbait–. Ez dakizue zer gertatuko den bihar?

Potolo dauden gizonak urduri daude. Badirudi estaltze-garaia dela, eta biharamunean gizonak kaiolatik aterako dituztela. Korrika bizian ihes egiten saiatuko dira, eta emakume ederrak haien atzetik abiatuko dira. Emakume batek gizon bat harrapatzen duenean —eta, jakina, gizon potoloak motelagoak izanen dira, eta baita emakumeentzat erakargarriagoak ere, segidan argituko ditugun arrazoiengatik—, lepoan hozka eginen dio, bertan geldiaraziz. Orduan arrautzak jarriko dizkio gizonari.

Tripontziek beranduegi ulertzen dute burugabe jardun dutela. Hurrengo egunak ere argitzen du. Atea zabaltzen da. Zer beste egin dezakete ahalik eta lasterren ibiltzea baino, gizenegi daudelako ahateen pare eta arnasestuka? Bitartean, mutil lerdenak ziztu bizian ari dira, beste egun batez biziraun eta korrika egiteko, itxuraz.

Istorioko azken atala letra etzanez zegoen —lehen aldia zen letra etzana ikusten nuela barne-bakarrizketa aurkezteko—, eta emakumeetako baten gogoeta zuzena zen. Maitasun kantu bat. Desiraz borborka zegoen jarraitzen ari zen gizon zoritxarreko eta izutuarekiko, eta bereziki larba elikatuko zuen haren ehun koipetsuekiko —eta desira aseko zuen, istorioaren bukaeran, estasi eta asetasun hasperen batez—.

Irakurketa liluragarria, zinez, hamar (edo nituenak nituela) urteko norbaitentzat. Irakurle helduek, orduan nahiz etorkizunean, hainbat modutara deskodetu zezaketen istorioa; misoginoa («halakoak dira emakumeak, bizkarroi horiek»), feminista («halakoxetzat dituzte gizonek emakumeak, koldar horiek»), sadomasokista («horri esaten diot nik ederki pasatzea») eta araknidologoa («hara zer iruzkin interesgarria armiarmek kumeak elikatzeko darabilten amarruei buruz»). Baina niri, irakurle honi, bereizgarri on bat eman zidan: segur aski ez zen egiazkoa, edo ez zen egiaz gertatuko. Fantasia hutsa zen. Alta, Orwellen 1984 irakurri nuenean, urte gutxi barru, pentsatu nuen egiaz gerta zitekeela: Gerra hotzaren erdian, halakoxea zen gutxi gorabehera. Bereizketa horiek oraindik ere balio dute. Neuri bai, behintzat.

>Margaret Atwood has   extolled the virtues of the   social media site, Wattpad.Margaret Atwood