Ramon Saizarbitoriak duela gutxi plazaratutako Martutene (Erein, 2012) izango dugu oraingoan hizpide. Izan ere, berriki burutu dugu horren irakurketa, eta gogoeta, eztabaida eta hausnarketa andana sortu dizkigu. Literarioki lan itzela da, ezbairik gabe, ahots, gai eta pentsamolde ugari biltzen eta elkarlotzen dituena. Modu berezian erakarri gaituena, dena den eta nola ez, itzulpenaren inguruan esaten direnak dira. Beste post batzuetako iruzkinetan erabili dugu liburuko esaldiren bat, halaber, aipu bilduma osatzeko asmoa ere aipatu genuen. Gure hitza betetzera gatoz. Liburuan zehar topatutako pasarte mamitsuenak (gureari dagokionean, jakina) dakarzkizuegu, gustuko izango dituzuelakoan, eta zeresana emango dutelakoan.
Liburuaz gehiago honako loturetan: Jon Kortazarren iruzkina, Hasier Etxeberriaren iruzkina, autoreari elkarrizketa Gara-n, autoreari elkarrizketa Sautrela-n.
Askotan egin ohi den galderari buruz berriz, alegia, zergatik ez dituen Martinek berak bere lanak itzultzen, bi ipuinekin izandako esperientziaz baliatzen da ezinezkotzat jotzeko. Lana nekea eta aspergarria egiten zitzaion, egile izateak baimentzen zuenez etengabe traizionatzen zuen testua, eta zailtasunak aldentzearren, edo hobetu asmoz, hainbeste urruntzen zen jatorrizkotik non une batetik atzera birsortze bat bilakatzen zen emaitza, lehenengo bertsioa baino hobea agian, inondik inora ez jatorrizkoa. Ezinezkoa zitzaion, oroz gain, sortzeko ahalmen handiagoa eskatzen zuten lanak zeuzkalako zain. Hori esan zion proposamena onartzeko konbentzitu zuenean. Idazlea da, kaka-idazlea ziur asko, baina idazlea azken finean, eta ez itzultzailea.
(Saizarbitoria, Martutene, 2012: 112)
Noski, itzultzaileon lana, salbuespen bakan batzuk izan ezik, ziur aski inork irakurriko ez dituen testu administratibo aspergarriak gaztelaniatik euskarara ekartzea, besterik gabe elebitasunaren legea betetzeko, ez da izugarri esker onekoa ere.
(113)
Itzulitako testu batean ez omen genuke itzultzaileaz oroitu beharrik, eta honetan edonon dago present, ikusten denez. El texto chirría. (…) TRADUTTORE, TRADITORE.
(161)
Idazlearen iritziz itzulpen arazoa gainditzeko modurik errazena Maxek edozein jaka mota eusten duela esatea omen litzateke. Larruzko bat edo trikotazkoa, kirrinka egingo ez lukeen edozein motatakoa, idazleari ez bailitzaioke axola, jaka shaggy jacket bat izatea, jatorrizko alemanean itsuan aukeratuko baitzuen edo, besterik gabe, perpausaren erritmoari zegokiolako. Jaka motak pertsonaia definitzen lagunduko balu bakarrik izango litzateke beharrezkoa, espainieraz panazko batek bezala adibidez, jaka sozialistaren edo ezformalaren baliokide bat aurkitzea. Belarrian min emango ez lukeen zerbait nolanahi ere. Julia ados legoke originaletan egiten duen aldaketarik txikienak funtsa traizionatzen duela esaten diolako ez balitz. Idazlearen eta itzultzailearen arteko bitarte gaindiezina. Nolako enpeinu alferra materia horretan, berretsi behar izateko argi gera dadila, hori bai, axaleko apaltasunez, bera “piccolo scrittore” dela, idazle mokordo bat menturaz, “un escritor de mierda”, baina idazlea. Eta nolako karra neskarena ere itzultzailearen garrantzia aldarrikatzen. (…) Itzultzailearen zeregina nobletzen eraginkorragoa izatearren ingelesaz baliatu da orain gaztea, eta ustez bere helbururako, alegia itzulpena ere artea dela egiaztatzeko, musikaz baliatu da paradigma errazago baten bila, konpositorearen eta interpretearen funtzio osagarriaz. Dohakabeak ez daki Martinek eraman duela eremu horretara eta jostakin itxaroten diola, aurpegian dakusa, azken argudioa ezartzeko asmoz. Behin baino gehiagotan ikusi izan du Juliak erakustaldi hori, trikimailu bera erabiltzen baitu gaia solaskide berri batekin azaltzen den aldiro. Besteak, orain gazte amerikarrak xaloki bezala, Bach oso handia dela baina Gould ere handia dela dionean, bestela entzungo ez genituzkeen haren bariazioak itzuli zituelako, partiturak irakur ditzakegula esaten du orduan berak, ahots itxuraz apalean, musikaren matematika hor dagoelako partituran, eta gainerakoa ez delako zaborra sentimentala baizik.
(162-163)
Montauk-en fotokopiak astindu ditu airean eta gaztelerazko itzulpenaz hitz egin nahi duela dio salara ia korrika itzuliz. I am so angry. Benetan du haserre egoteko itxura, eta orriak pasatzen dituen indarrarekin badirudi lotzen dituen plastikozko espiraletik aterako dituela atzeman duen traizio barkaezin baten bila, dioenez. Traduttore, traditore. Haserrearen arrazoi nagusia da, bertsio espainolaren arabera, Maxek eta Lynnek Montauk-eko hotela uzten dutenean idazlea gaitzitua dela bere buruarekin neskak ez duelako jakingo egonaldiagatik zenbat ordaindu behar izan duen. Irakurtzea nahi duen lerroa erakutsi dio hatz arinaz Juliari, maistra batek irakasleari bezala, eta Juliak obeditu egin du: “Le irrita, luego, el pensamiento de que Lynn, que se ha encargado de hacer las reservas, apenas tenga idea de lo que él ha tenido que pagar por las dos noches que han pasado aquí”.
Guztiz bestelakoa omen da egia, dolutzen da. Benetan gertatzen dena omen da Maxi min ematen diola, hain zuzen, Lynnek jakiteak nolako disparatea ordaindu behar izan duen. Neskak astebetean irabazten duenaren halako bi kasik. Argi eta garbi ageri da ingelesezko bertsioan, Frischek berak berrikusia, baina ezin die testua gaztelerazkoarekin erkatu liburua Harriri utzi ziolako – amorraziozko aieruz esana – baina ziur da horrela dela. So geratu zaizkie. Hil ala bizi sinetsia izateko beharra dutenetakoa da, era Julia lasaitzen saiatu da. Argi dauka gogoan eszena hori gazteleraz irakurri zuenean harrigarria iruditu zitzaiola, idazlearen sentimendu zikoitz horren aitorpenak – neskak larrua jotzea zenbat kostatu zaion ikustea duena helburu -, agure lizun harroputz bati dagokionak, zerikusirik ez duelako Maxek testuaren luzera guztian Lynnekiko duen jarrera apal eta dotorearekin, ezta istorio osoan diruarekin azaltzen duen harremanarekin, zeinaz, bestalde, luzez jarduten duen. Logikoa da idazlea nahigabetzea edo lotsatzea edo penatzea – hau nahikoa ez eta aberatsa izatearen kontzientzia txarra ere badu – neskak jakin izanak berarentzat diru asko den hori alegeraki gastatu dutela. Bestalde, paragrafoa kontrakarrekoa da, logikoki erreserbak egiteaz arduratu zena, Lynn bera, nahitaez ohartu behar izan zelako prezioaz. Ez al da hala? Neskak erabat esker oneko dirudi oharpenaz, eta Julia berriz nahasi antzean sentitu da itzultzailearen itzalak horren eragin luzea izan dezakeelako (…)
(216-217)
(…) itzulpenak arazo larri bat dauka, alegia, jatorrizko testuan darabilkien euskara eta gaztelera situazioen arabera tartekatzearen jolasa, dena hizkuntza batera ekarriz galdu egiten dela ezinbestez. Lost in translation. Hizkuntza bakarreko testuak berdindu egiten ditu xehetasunak, hizkuntza bat ala bestea erabiltzea, esaten diren hitzak baino garrantzitsuago gerta bailiteke giro bat adierazteko, eta galera hori ez da konpontzen oinean “en castellano en el original” jarrita.
(227)
Abaituari esker txarrekoa iruditzen zaio itzulpen lana, testu itzuli bat erraztasunez irakurtzerakoan inor gutxi oroitzen delako itzultzaileaz, halaxe dio. Sendagileei, zorionez, alderantziz gertatzen zaiela, Normalean, gauzak ondo badoaz, naturak horrela nahi duelako izan ohi dela, eta beroriek hartzen dituztela merituak.
(508)
Iñigo
2012-05-08
Eskerrik asko halako lana hartzeagatik. Nik oraindik apalategian dut itxaron-zerrendan. Halako batean behar beste kemen bilduko dut zortziehun orrialdeoi buru egiteko.
Garazi
2012-05-08
Hasteko, aitor behar dut nik ez dudala liburua irakurri, eta Danelek sarreran plurala darabilenean haren aurpegi anitzei egiten diela erreferentzia, diot nik. Lana eta eskerrak, beraz, Danelerentzat. Kontua da aipuek ematen didaten ezagutza mugatutik mintzatuko naizela, baina itzulpengintza hizpide hartzeko hori aski delakoan nago.
Hori argi, azkenaurreko parrafoaz ariko naiz labur. Zailtasun aunitz ekar ditzake sormen lan bat itzultzea, bistan da, eta horietako bi dira idiolektoen eta erregistroen itzulpena, baita, kasu honetan bezala, hizkuntza bat baino gehiago nahastea ere. Dialektoak darabilten testuetan bezala, neutralizatzeko hautua egiten da maiz, batzuetan kasik ezinezko gertatzen delako efektu “baliokidea” lortzea. Gainera, demagun, Euskal Herrian gertatzen den kontakizuna italierara itzultzen bada, pixka bat irrigarria/nahasgarria ere gerta daiteke lapurtera Calabriako hizkeran ematea, giroa eta agertokia Lapurdi bera izanik. Are, zergatik Calabria eta ez Lombardia? Zer irizpideren arabera?
Dialektoei dagokienez, orokorrean, aski baztertuta dago xede hizkuntzan jatorrizkoaren joera ematea; hala dio Santoyok (1987): “Las relaciones dialecto/estándar son siempre en el segundo idioma distintas de las que se mantenían en el primero, tanto en connotación como en distribución”. Baina zer gertatzen da idiolektoekin? Akordatu naiz Literatur itzulpena ikasgaian, Josu Barambones irakasleak William Faulknerren “The Sound and the Fury” (Hotsa eta Ardaila) obra aipatu zuela; Maria Garikano itzultzailea hala mintzo zen itzulpen arazoez: “Baina nobelako mintzo guzti horien artetik, erabakirik zailena, eta seguraski eztabaidagarriena, beltzen mintzoa euskarara pasatzerakoan hartu nuen. (…), beltzen hizkera berezia da oso nobelan. Tarte nabarmena dago batzuen eta besteen hizkeraren artean. Zer egin behar du itzultzaileak horren aurrean? (…) Azkenean erabaki nuen hizkera desberdintasun hori markatzeko, beltzen zenbait letra ‘janez’ hitzegingo zutela, alegia marka fonetiko bat gehituko niola beltzen hitzegiteko moduari. Ez da, noski, soluzio borobila, baina arazo honek ez du soluzio borobilik. Nire soluzioa fiktizioa da”.
Zer bide hartu erabakitzeko, idiolektoak, erregistroak edota dialektoak testuan zer funtzio betetzen duen neurtu beharko du itzultzaileak, eta horren araberako hautua egin.
Egia da kasu hauetan “galeraz” aritzea erraza dela, baina Martutene eleberriko pertsonaiak dioenaren kontra, eta guztiz ordezka ezin badaiteke ere, bada itzulpenean bertan aipatzea, ez agian oin-ohar baten bidez, baina iruditzen zait itzulpenaren hitzaurrean gero eta ohikoagoak direla halako kezka eta azalpenak. Baten bati entzun izan diot zertarako behar ote duen irakurleak ohar hori, hutsala ez ote den. “Galeratzat” hartzen bada, hitzaurrean oreka moduko bat egiteko aipa daitekeela uste dut. Halere, ez zait batere gustatzen “galera” kontu hori, itzulpenetan sekula “irabazirik” ez balego bezala…