Autoreak plazara: Kurt Vonnegut

maiatza 21, 2012 @


vonnegut-signature

Kurt Vonnegut Jr. (Indianapolis, AEB 1922 – New York AEB 2007) idazle eta marrazkilari estatubatuarra, ezaguna da zientzia-fikzioa, satira eta umore beltza uztartzen dituen, gerlaren zentzugabekeria salatzen duen eta ilustrazioz josita dagoen literatura egiteagatik. Ingeniaritza ikasketak egiten ari zela soldadu joan zen eta 2. Mundu Gerlan tropa estatubatuarrekin borrokatu zen. Alemanian preso hartu zuten 1944an eta Dresden hiria 1945an erabat suntsitu zuen bonbardaketa gertu-gertutik bizi izan zuen. Gertakari horien kontakizun zuzena bere liburu sonatuenean egin zuen: Slaughterhouse Five (Delacorte, 1969) eleberrian, hain zuzen. Bestalde, bere hurrengo liburuetan ere etengabe egiten dio erreferentzia Dresdeni, dela kontakizunaren ardatz gisa erabiliz, dela bigarren mailako gai moduan.

Guztira hamalau eleberri, hamahiru ipuin-bilduma eta beste hainbeste narrazio labur plazaratu ditu. Bizirik zegoela sari edo aipamen nagusirik jaso ez arren, bere eleberrietan oinarritutako lau film egin dira eta kultuzko autoretzat dute askok. Horren erakusgarritzat eta zertzelada gisa, hona (ingelesez) Publisher’s Weekly aldizkariak urtarrilean kaleratutako literatura tatuatuaren zerrenda, hau da, zein liburutatik datozen jendeak gehien tatuatzen dituen aipuak adierazten diguna. Vonneguten Slaughterhouse Five gailentzen da.

Euskaratutako bi narrazioak Armageddon in Retrospect (G.P Putnam’s Sons 2008) hil ondoren argitaratutako bilduman agertu ziren lehendabizikoz. Liburu horrek Vonneguten heriotzaren ostean argitaratzeke gelditutako hainbat narrazio eta saiakera biltzen ditu, guztiak gerla eta bakearen inguruan idatziak.

SOLDADU EZEZAGUNA

Zentzugabekeria hutsa izan zen, noski, gure haurtxoa garai kristauko hirugarren milurtekoan New York Cityn jaiotako lehendabizikoa izan zela esatea – gauerdia baino hamar segundo beranduago, 2000ko urtarrilaren 1ean. Lehenik eta behin, hirugarren milurtekoa, ezin konta ahala pertsonek adierazi bezala, ez da 2001eko urtarrilaren 1a arte hasiko. Planeten arabera, urte berriak jada sei ordu zituen gure umea jaio zenean, izan ere, arrunt goizago hasi zen Ingalaterran,  Greenwicheko Behatoki Errealean, denbora abiatzen den tokian. Aintzat hartu gabe Kristoren jaiotzatik aurrera egindako urteen zenbaketa soilik gutxi gorabeherakoa dela. Datuak hain dira ilunak. Eta nork erabaki dezake zein minututan jaiotzen den haur bat? Burua azaltzen denean? Osoki amaren gorputzetik kanpo dagoenean? Zilbor-hestea moztean? Baliozko sari asko zeudenez hirian 2000an jaiotako lehendabiziko haurrarentzat, eta horren gurasoentzat, eta erditzeko sendagile nagusiarentzat, lehiaketa baino aski aitzinago hitzartu zen hestearen etetea ez zela kontuan hartuko, izan ere,  hil ala biziko gauerdia baino dezente beranduago arte atzeratu zitekeen une hori. Hiri guztian zehar doktoreak egon litezke begiak ordularian iltzatuta eta artaziak prest, noski lekukoz inguratuta, artaziei begira, ordulariari begira. Sendagile irabazleak oporraldi bat lortuko zuen, guzti-guztia ordainduta, turistak oraindik ere nahiko seguru sentitu daitezkeen irla bakanetako batean, hau da, Bermudan. Paraxutista batailoi britainiar bat bertara igorria zen. Ulergarriki, doktoreek jaiotze ordua maneatzeko bulkada sentitu zezaketen, aukera izanik.

Hautatutako irizpidea edozein dela ere, jaiotzaren unea definitzea ez da hain polemikoa, askozaz arantzatsuagoa da,  esaterako, ernaldutako obulu bat noiz pasatzen den amaren umetokian dagoen gizakia izatera erabakitzea. Lehiaketarako honakoa deliberatu zen, jaiotzaren unea izango zela haurtxoaren begiek edo betazalek kanpoko munduko argia estreina jasoko zuten unea bera, hau da, lekukoek begiak aurrenengoz ikusi ziezazkiotenean. Beraz, haurtxoa, eta hala gertatu zen gurean, oraindik ere amaren barruan egongo litzateke hein batean. Ipurdiz jaio izan balitz, jakina, agertuko zitzaizkigun azkeneko gauzetarikoak izango lirateke begiak. Eta hona hemen irabazi genuen lehiaketaren aspekturik zentzugabeena: ipurdiz jaio izan balitz, edo Down sindromea izan balu, edo bizkarrezur zatibitua, edo krak mendekotasuna edo HIESA edo horrelako edozer, lehiaketatik kanporatuko lukete balizko datu teknikoren bat aitzakia gisa jarrita, ziur aski denboraren neurketarekin zerikusia zuena eta ez, edo hala esango lukete epaileek, delako gizarte-arauak ez betetzeagatik. Azken finean, berak sinbolizatu behar omen zuen, hurrengo mila urteek zein osasuntsuak eta zoragarriak  izan behar omen zuten. Epaileek bermatu zuten gurasoen arrazak eta erlijioak eta nazio-jatorriak ez zuela eraginik izango erabakia hartzean. Eta egia da ni amerikar indigena beltza naizela eta nire emaztea, nahiz zuri gisa sailkatua, Kuban jaioa dela. Dena den, ez zen kalterako izan ni Columbia Unibertsitateko soziologia departamentuko burua izatea, edo nire emazteak New York erietxean lan egitea fisioterapeuta modura. Ziur nago gure haurra beste hainbati gailendu zitzaiela, hala nola, Brooklyneko zakarrontzi batean aurkitutako mutiko jaioberriari, klase ertainekoak ginelako.

Ford etxeko auto handia eman ziguten eta Disney World parkerako bizi guztirako hiru txartel eta etxerako ekipo elektronikoa, sekulako telebista-pantailarekin eta bideo-aparatuarekin eta edozein motatako disko eta zintetarako balio zuen soinu-sistemarekin, eta etxean gimnasioa jartzeko aparatuak, eta abar.  Eta haurtxoari berrogeita hamar mila dolarreko gobernu-bonoa eman zioten 18 urte betetzen zituenerako, eta sehaska eta haur-kotxea eta doako haur-oihal zerbitzua eta abar eta abar. Baina gero hil egin zen sei aste besterik ez zituenean. Munduratzen lagundu zion doktorea Bermudan zegoen garaian eta bertan ez zuen heriotzaren berririk izan. Hantxe, edo New Yorkez landa beste edonon, gure haurtxoaren heriotza ez zen izan bere jaiotza baino sonatuagoa. Hemen ere ez zen sonatuegia izan, izan ere, soilik lehiaketa ergelaren antolatzaileek eta opariak eman zituzten exekutiboek hartu zuten serioski haurraren inguruko zalaparta guztia, hainbeste gauza miragarriren sinboloa izatearen matraka: arrazen nahasketa edertasun eta zoriontasunean, behiala New York munduko nazio bikaineneko hiri bikainena bihurtu zuen espirituaren birjaiotzea, eta bakea bera, eta ez dakit zer gehiago. Orain iruditzen zait haurtxoa gerla oroitarrietako soldadu ezezaguna bezalakoa zela, haragi eta hezur eta ile apur bat, zoramenera arte goretsitakoa. Bere hiletara ez zen ia inor etorri, bide batez. Lehiaketa egitea bururatu zitzaion telebista kateak bigarren mailako exekutibo bat bidali zuen, ospetsua ere ez zena, eta noski, kameralaririk ez. Nork nahi du datozen mila urteen lurperatzea behatu? Telebistak zerbaiti begiratzeari uko egiten badio, inoiz gertatu ez balitz bezala da. Edozer ezabatu dezake, kontinente oso bat ere, esaterako Afrika, orain basamortu handi bat dena, non milioika eta milioika haurtxo, zeinak historiako mila urte berri-berri baitituzte aurretik, gosez hiltzen diren. Sehaskako heriotzaren sindromeak hil zuen gure alaba, diote. Genetika-huts bat da, oraingoz eta agian betirako, amniozentesi bidez atzemanezina. Gure lehendabiziko haurra zen. Oi ene.

ZORIONAK, 1951

─Uda garai ona da urteak betetzeko −esan zuen agureak,− eta aukeratzerik badaukazu, zergatik ez  duzu udako egun bat hautatuko?

Mihiarekin erpurua busti eta soldaduek betetzeko agindu zioten dokumentu sortan irristatu zuen. Dokumentu oro betetzeko jaiotza-data beharrezkoa zen, eta mutikoaren kasuan, bat aukeratu beharra zegoen.

─Gaur zure urtebetetzea izan daiteke, gogoko baduzu −esan zuen agureak.

─Goizean euria egin du −esan zuen mutikoak

─Ondo da, orduan, bihar. Lainoak hegoalderantz doaz hegan. Bihar eguzkiak dir-dir egin beharko luke egun osoan zehar.

Goizeko ekaitzetik babesteko aterpe bila zebiltzala, soldaduek ezkutalekua topatu zuten non, mirarietatik mirariena, agurea eta mutikoa zazpi urtez hondakin artean biziak baitziren, dokumenturik gabe, nolabait esatearren, bizirik egoteko baimen ofizialik gabe. Soldaduek zioten ezinezkoa zela janaririk edo ostaturik edo arroparik lortzea dokumenturik gabe. Baina agureak eta mutikoak hirurak topatuak zituzten suntsitutako hiriaren azpiko sotoen katakonbak zulatuz, gauean xixkatuz.

─Zergatik ari zara dardarka? −esan zuen mutikoak

─Zaharra naizelako. Soldaduek agureak izutzen dituztelako

─Ni neu ez naute izutzen −esan zuen mutikoak.

Gogoberotuta zegoen beraien lurrazpiko munduan supituan norbait sartua zelako. Zerbait urrekara eta distiratsua eusten zuen eskuan, sotoko leihotik sartzen zen errainu mehearen argitan.

─Ikusten? Batek letoizko botoi bat eman dit.

Soldaduek ez zeukaten deus beldurgarritik. Agurea hain zaharra eta umea hain gaztea zenez militarrek bromazko itxura hartu zieten biei, izan ere, hiriko pertsona guztien artetik, horiek izan ziren guda hasi zenetik inon izenik eman ez zuten, ezeren aurkako inokulaziorik jaso ez zuten, ezeri leialtasunik agindu ez zioten, ezeri uko egin edo ezergatik barkamenik eskatu ez zuten, ezeren alde botoa eman edo manifestaziotan parte hartu ez zuten bakarrak.

─Ez nuen txarrera egin −esan zien agureak soldaduei zahartasunak jota zegoenaren itxurak eginez −ez nekien.

Azaldu zien nola guda amaitu zen egunean emakume errefuxiatu batek jaioberria besoetan paratu zion eta ez zen egundo itzuli. Horrela egokitu zitzaion mutikoa. Umearen hiritartasuna? Izena? Jaiotza data? Ez zekien.

Agureak patatak birarazi zituen egurrezko sutik makila batekin, txingarrak kendu zizkien azal belztuetatik.

─Ez naiz oso aita ona izan, horrenbeste denboraz urtebetetzerik gabe uztean −esan zuen− urtero bat edukitzeko eskubidea duzu, eta nire erruz sei urte eman dituzu bat bera ere gabe. Eta oparirik ere ez. Opariak jaso beharko zenituzke, baita ere.

Patata bat hartu zuen kontu handiz eta mutikoari jaurti zion, zeinak harrapatu eta barre egin baitzuen.

─Beraz eguna bihar izatea erabaki duzu, e?

─Bai, hori uste dut.

─Ondo da. Horrek ez dit opari bat lortzeko denbora asko uzten, baina zerbait egongo da.

─Zer?

─Urtebetetze opariak hobeak dira ezustekoak badira.

Kalearen behealdeko hondakin mordoan ikusitako gurpiletan pentsatu zuen. Mutikoak lo hartzean, nolabaiteko orga bat egingo zion.

─Entzun! −esan zuen mutikoak.

Iluntzero bezala, hondakinen gainetik urruneko kale batetik martxa baten soinua zetorren.

─Ez aditu −esan zuen agureak. Atzamar bat altxatu zuen arreta eske−ba al dakizu zer egingo dugun zure urtebetetzean?

─Okindegitik pastelak lapurtu?

─Baliteke, baina ez nengoen horretan pentsatzen. Ba al dakizu zer egin nahi nukeen bihar? Bizitza osoan sekula egon ez zaren tokira eraman nahi zintuzket, urte askoan egon ez naizen tokira.

Pentsatze hutsarekin poztu eta gogoberotu zen agurea. Hori izango zen oparia. Orga ez zen ezer izango.

─Bihar gudatik urrun eramango zaitut.

Ez zuen ikusi mutikoaren begiradan ageri zen harridura eta etsipena.

***

Mutikoak bere buruarentzat hautatutako urtebetetzea zen, eta zerua, agureak agindu bezala, garbi zegoen. Sotoko egunsentian gosaldu zuten. Gaueko ordu txikietan agureak egindako orga mahaian zetzan. Mutikoak esku batekin jaten zuen, bestea orgaren gainean paratuta. Batzuetan, jateari uzten zion orga aurrera eta atzera, zenbait zentimetroz mugitzeko eta motor baten soinua antzeratzeko.

─Gurdi polita hortxe daukazuna, jauna −esan zuen agureak. −Animaliaz beteta azokarako, ezta?

─Brummmmmm, brummmmm. Alde nire bidetik! Brummmmm. Alde nire tankearen bidetik!

─Barkatu− hasperen egin zuen agureak −gurdia zinela uste nuen. Gogoko duzu, dena den, eta hori da balio duena.

Latorrizko platera su motelean irakiten zegoen pertzera erortzen utzi zuen.

─Eta hau hasiera besterik ez da, hasiera besterik ez− esan zuen, hitz egiteko gogoz −Onena oraindik etortzeko dago

─Beste opari bat?

─Gutxi gorabehera. Gogoan duzu agindu nizuna? Gudatik urrun joango gara gaur. Basora joango gara.

─Brummmmmm, brummmmm. Tankea eraman dezaket?

─Gurdia izaten utziko bazenio, gaurkoz bakarrik

Mutikoak besaburuak altxatu zituen.

─Hemen lagako dut eta itzultzean jostatuko naiz.

Goizeko argian begiak kliskatuz kale mortuan behera abiatu ziren, fatxada berri-berriz estalitako bulebar jendetsu batean sartu ziren. Bazirudien mundua bat-batean freskoa eta garbia eta osoa bilakatua zela berriz ere. Bazirudien jendeak ez zekiela hondamendia bulebarraren alde banatara zeuden alboko kaleetan hasten zela, eta kilometro askoz hedatzen. Biak, jatordua besazpian zutela, hegoaldeko pinuz estalitako muinoetarantz joan ziren, bulebarra amultsuki altxatzen zen haietarantz.

Lau soldadu gazte espaloian beherantz zetozen ilara bat osatuz. Agurea kalera irten zen, horien bidetik kanpo. Mutikoak diosala egin zien eta tokian tinko gelditu zen. Soldaduek irribarre egin, diosala itzuli eta ilara hautsi zuten pasa zedin.

─Infanteria blindatua −esan zion mutikoak agureari

─Ummm −esan zuen agureak modu absentean, begiak muino berdeetan iltzatuta, −benetan? Nola dakizu hori?

─Ez al duzu xingola berdea ikusi?

─Bai, baina gauza horiek aldatzen dira. Gogoan dut infanteria blindatua gorri-beltza zen garaia, eta berdea, aldiz…– esaldia eten zuen −zentzugabekeria hutsa guztia − esan zuen, gogorki kasik −zentzugabea da guztia, eta gaur horren inguruko dena ahaztuko dugu. Egun guztietatik, zure urtebetetzean hain zuzen, ez zenuke gauza hauetan pentsatzen…

─Gorri-beltza ingeniariak dira− eten zion mutilak serioski−beltza soilik polizia militarra da eta gorria artilleria, eta gorri-urdina sendagileak eta laranja-beltza da…

Pinudia bare-bare zegoen. Ehunka urte zituen orratzezko tapizak eta teilatu berdeak hiritik zetorren zarata moteltzen zuen. Enbor sendo marroizko zutabedi infinituek inguratzen zituzten agurea eta mutikoa. Eguzkia, zuzenki beraien buruen gainean, argi pinporta taldea besterik ez zen,  adar eta orratzez osaturiko tapaki sarriaren bitartez.

─Hemen? −esan zuen mutikoak.

Agureak ingurura begiratu zuen.

─Ez, apurtxo bat urrunago −hatzaz seinalatu zuen− hor, ikusten? Eliza ikusi dezakegu hemendik.

Kiskalitako kanpandorre baten eskeleto beltza zeruzko lauki baten aurka kokaturik zegoen, basoaren ertzeko bi enborren artean.

─Baina aditu, entzuten duzu hori? Ura. Han goian erreka bat dago eta bere haran txikian behera joan gaitezke eta soilik zuhaitzak eta zerua ikusi.

─Ondo da −esan zuen mutikoak− toki hau gogoko dut, baina ondo da”

Kanpandorrea behatu zuen, ondoren agurea eta bekainak altxatu zituen zalantzati.

─Ikusiko duzu, ikusiko duzu nola askoz hobea den −esan zuen agureak.

Gailurrera iristean poz-pozik beheko errekarantz keinuka hasi zen.

─Hortxe! Eta zer iruditzen zaizu hau? Paradisua! Hastapenetan zen moduan: zuhaitzak, zerua eta ura. Hau da eduki behar izan zenukeen mundua, eta gaur, bederen, eduki dezakezu.

─Eta begira! −esan zuen mutikoak, bestaldeko gailurra hatzaz seinalatuz.

Tanke erraldoi bat, pinu-orratzen kolorea arte herdoilduta, muinoaren maila hondatuetan makurtuta, behiala kanoia izandako zulo beltza korrosio zarakarrez estalita.

─Nola gurutzatu dezakegu ura bertara iristeko? −esan zuen mutikoak

─Ez dugu bertara iritsi nahi −esan zuen agureak petralduta. Mutikoaren eskuari tinko heldu zion,− gaur ez. Beste egunen batean itzuli gaitezke hona, agian. Baina gaur ez.

Mutikoa burumakur zegoen. Bere esku txikia mantso-mantso zegoen agurearenean.

─Hemen goian bihurgune bat dago eta horren ostean zehatz-mehatz desio duguna topatuko dugu.

Mutikoak ez zuen ezer esan. Harri bat heldu zuen eta tankearen aurka jaurti zuen. Misil txikia jomugarantz jausten ari zela, giharrak tenkatu zituen, mundu osoa lehertzera balihoa bezala. Klik lauso bat iritsi zen dorretxotik eta lasaitu zen, asebeteta nolabait. Otzanki, agurearen atzetik abiatu zen.

Bihurgunearen bestaldean agureak bilatzen zuen guztia aurkitu zuten: harrizko mahai lehor eta laua, urmaelaren ondoan, erribera garaiek mugatuta. Agurea luze etzan zen goroldioan, amultsuki bere alboan zegoen tokiari kolpetxoak eman zizkion, mutikoa jesarri zedin. Janari-poltsa zabaldu zuen.

Bazkalostean mutikoa urduritu zen.

─Oso isila da −esan zuen azkenean.

─Behar den modukoa da −esan zuen agureak− munduaren ertz bat, behar den modukoa.

─Bakartia da

─Edertasuna da hori

─Nahiago dut hiria, soldaduekin eta…

Agureak besotik oratu zuen zakarki, gogor estutu zuen.

─Ez, ez da hala. Ez dakizu, besterik ez. Gazteegia zara, gazteegia hau zer den jakiteko, eskaintzen saiatzen ari naizena. Baina nagusiagoa zarenean akordatuko zara eta hona itzuli nahiko duzu… zure orga txikia aspaldi hautsi denean

─Ez dut nire orga hausterik nahi −esan zuen mutikoak

─Ez da hautsiko, ez da hautsiko. Baina soilik etzan hemen, itxi begiak eta aditu, ahaztu ezazu beste guztia. Hauxe behintzat eskaini diezazuket, ordu batzuk gudatik urrun.

Begiak itxi zituen. Mutikoa bere ondoan etzan zen eta berak ere begiak itxi zituen, arduratsuki.

Eguzkia jada zeruaren behealdean zegoen agurea iratzartzean. Minez eta izerdituta zegoen erreka alboko lo kuluxka luzearen ostean. Aharrausika egin eta nagiak atera zituen.

─Alde egiteko ordua −esan zuen, artean begiak itxita− gure bake eguna bukatu da.

Eta orduan konturatu zen mutikoa joana zela. Izenaz dei egin zion, axolagabeki hasieran, baina gero, haizearenaz landa beste erantzunik ez jasotzean, zutitu eta oihuka hasi zen.

Izua ernatu zitzaion barrenean. Mutikoa ez zen sekula lehenago basoan ibili, aise galdu zitekeen iparralderantz joango balitz, muino eta basoetan barneratuz. Gorago igo eta oihu egin zuen berriro. Erantzunik ez.

Agian mutikoa tankera jaitsi zen beste behin eta erreka gurutzatzen saiatu. Ez zekien igerian. Agurea presaka abiatu zen errekan behera, tankea ikusi zezakeen bihurgunea pasata. Erlikia itsusiak ahoa zabalik, kopetilun so egiten zion sakanaren bestaldetik. Ez zen ezer mugitzen, soilik uraren eta haizearen soinua aditzen zen.

─Bang! −garrasi egin zuen ahots txiki batek.

Mutikoak burua altxatu zuen dorretxotik, garaile.

─Harrapatuta! −esan zuen.