Gerardo Markuleta euskal itzulpengintzaz orokorrean mintzo da elkarrizketa honetan, eta berriki plazaratu duen Jean Echenoz-en “Lasterka” (Meettok, 2011) obraz zehazkiago. Gerardo Markuleta esperientzia handiko itzultzailea izateaz gainera, baditu zenbait testu argitaratuak, poesia, batez ere. Echenozen lanaz gainera, Sergi Pàmies katalanaren “Limoi bat imintziorik egin gabe jaten baduzu” ipuin-bilduma euskaratu zuen iaz, Txalaparta argitaletxearen eskutik (hona, bide batez, Aritz Galarragak autoreari eginiko elkarrizketa interesgarria http://www.argia.com/argia-astekaria/2307/sergi-pamies).
http://www.111akademia.com/berriak.php?id_edukia=1891
1963an jaio zen Oñatin, eta Gasteizen bizi da egun. Poesiaren arloan argitaratu ditu literatur lan gehienak, besteak beste, Sagarraren hausterrea eta Ezjakintasunak. Aurten Jean Echenoz idazle frantziarraren Lasterka eleberria itzuli du Meettok argitaletxearekin, trilogia baten bigarren alea.
Jean Echenoz Europako eleberrigilerik interesgarrienetakoa zela aipatu izan duzu. Bere lanak itzuli aurretik ba al zenuen haren berririk?
Aurretik apenas ezagutzen nuen. Banuen aditzea, eta banekien Atxagarekin lehian ibili zela, Europako sariketa garrantzitsu batean. Oso gauza irudimentsuak baina aldi berean errealistak idazten zituela ere ezaguna nuen, eta postmoderno etiketa jartzen zitzaiola; adjektibo hori gehienetan modu gaitzesgarrian erabiltzen da, baina kasu honetan ez da hala, zentzu positiboa duela iruditu zitzaidan. Irakurri, ordea, Ravel izan zen irakurri nion lehenengo liburua, itzuli nuen bere lehen lana hain zuzen ere, eta uste dut zorte handia izan dudala. Batetik, gauza laburrak direlako, nobelak izanda ere nire itzultzaile ahalmenetarako egokiak. Bestetik, oso garai berezia delako bere produkzioan. Pertsona errealak hartu eta horien bizitza erabiltzen du testu literario bat sortzeko. Hori beharbada ez da berri-berria izango, baina bada ezberdina, eta planteamendu oso interesgarria da, oso emankor gerta daitekeena, fikzioa noraino ote den fikzio… Errealitatearen gainean oinarrituta oso gauza ezberdinak egin daitezke. Beraz, literarioki oso interesgarria iruditzen zait, eta itzultzaile batentzat ere erronka bitxia da, benetako pertsona hori baitago. Alde batetik, literatur testua dago, egileak egin duen lana, baina itzultzerakoan oso tentuz ibili behar da kasu batzuetan. Adibidez, Emil Zatopek korrikalaria, Lasterka nobelako protagonista, Euskal Herrira etorri zen. Bere azken lasterketa ofiziala Lasarten korritu zuen, eta horren ingurukoak kontatzen ari dela, jatorrizkoan jartzen du txapela eta fox terrier euskaldun bat oparitu zizkiotela. Txakurraren kontu hori oso arraroa iruditu zitzaidan. Testuak hori dio, eta orijinala errespetatu beharra dago, baina euskalduna naiz, eta pentsa dezaket ez ziotela fox terrier bat oparituko. Arraza zerrendetan bila ibili nintzen eta ez zegoen halakorik, hemen artzain txakurra bakarrik dago. Ordea, txapel hura eman zionaren iloba batek blog batean aipatzen duena aurkitu nuen: hasiera batean ez omen zuen txakurra etxera eramateko asmorik mugan arazoak ipiniko zizkiotelako; baina azkenean eraman omen zuten eta hamabost bat urtez izan omen zuten txakurra etxean. Beraz, jatorrizko testuari men egin behar zaio, baina, badaezpada ere, beste begia benetako pertsonaiarengan jarrita eduki behar da.
Beste daturik kontrastatu behar izan al duzu?
Zer edo zer, bai. Fikzio hutserako tarte txiki bat gordetzen du Echenozek, eta hor beldur pixka bat izan dut. Oraintxe bertan trilogia horretako hirugarren liburuaren itzulpenarekin ari naiz. Eleberri horren oinarrian dagoen pertsona Nikola Tesla da, baina egileak Gregor deitzen dio. Nikola Tesla oso tipo berezia zen, jeinu bat, baina eszentriko hutsa; Monk telesaileko protagonistaren antza du alderdi askotan. Gauza asko asmatu zituen Teslak, eta nobelan interneta ere aipatzen da momenturen batean; proiektu zerrenda bat agertzen da eta halako batean interneta azaltzen da. Beharbada egia izango da, baina Gregor delako batek internetari buruz hitz egin zuela esatea eta garai hartan Nikola Teslak internetari buruz hitz egin zuela esatea ez dira gauza bera.
Lasterka ezusteko bat izan liteke askorentzat, ezta?
Baietz uste dut. Ni ez nintzen Emil Zatopek medioetan ikustera iritsi. Gerora bai, Adidasek iragarki bat egin zuela uste dut, eta hura ezaguna egiten zait orain interneten ikusita, baina ez nekien hain berezia zenik. Nire garaikoa Mariano Haro da, eta ez dut uste sekula elkarrekin korrika egin zutenik. Niretzat ere ezusteko bat izan da korrikalari hau ezagutzea. Emil Zatopek modu onean sartu da gainera nire bizitzan, literarioki, Echenozena bezalako ahots batek kontatuta. Aldiz, Zatopeki buruzko kirol kazetari baten kontakizunak ez ninduen horrela harrapatuko.
Itzultzaile batek liburu bat lehen aldiz irakurtzen duenean, nola irakurtzen du, irakurlearen edo itzultzailearen begiekin?
Galdera ona da hori. Guztiz ezberdina da. Lehenengo irakurraldia irakurle naif batena bezalakoa izan dadin saiatu beharko genuke, baina oso zaila da. Berehala ikusten dizkiozu arazoak testuari, eta lana burutu egin behar duzu, enkargua eginda dago eta data bat ere badaukazu lana amaitzeko. Hortaz, ezin zara airera begira geratu. Baina bai, komeni da lehenengo aldiz irakurleek jasoko duten moduan irakurtzen saiatzea, irakurleek ez baitute kontuan izango hau frantsesetik itzulia dela, itzulpen bat dela. Nik testu irakurgarri eta gozagarri bat nahi dut. Orduan, norberak ere hasierako inpresio horixe eduki behar du, testua ni, eta aurrera. Baina ezinezkoa da hori, lanbidearen ajeak dira. Era naif horretan irakurtzen ditugunak itzuli behar ez ditugun liburuak dira, gustuz irakurtzen ditugunak.
Sinpletasuna eta umorea daude, zalantzarik gabe, nobela honen ezaugarrien artean. Erraz mantendu al dituzu bi elementu horiek itzulpenean?
Ez. Frantsesez erraz irakurtzen dena ez da ezinbestean erraz irakurtzen euskaraz. Echenozek askatasun dezente hartzen ditu, eta ezagutzen duzuna frantses akademikoa bada, gauza batzuk bitxiak egiten dira. Adibidez, puis, “gero” esaterakoan, ez du etenik jartzen, ez puntu, ez puntu-koma, ez ezer. Beraz, hori berriz puntuatu beharra dago. Eta hori, adibide soil bat aipatzearren. Aldi bereko lau ekintza adierazteko gerundioak erabiltzen ditu, eta hori euskaraz ezinezkoa da. Orduan, berrasmatu egin behar duzu, berriro lotu… Hau da, frantsesez adierazten duen sinpletasun hori mantentzeko euskaraz konplikatu egin behar duzu pixka bat: puntuazioarekin, tartekiak jarrita, parentesiren bat… Sinpletasun bilatua litzateke, beraz, euskarazkoa. Eta umoreari dagokionez ere antzeko zerbait esango nuke. Echenoz oso burutsua da, zorrotza, umorea lortzeko ez du ia txisterik sartzen. Pasarte batean Emil Zatopek Brasilera doan San Silvestre lasterketa korritzera. Hego hemisferiora bidaiatzen duen lehenengo aldia da. Bidaian joan baino lehen, etxeko komunean sartzen da erretzeko paperarekin, eta paperezko bolatxoak komunetik behera botatzen hasten da. Baina ez digu kontatzen Brasilera iritsi eta inor agurtu edo beste ezer egin baino lehen komunera joatea dela hego hemisferioan komuneko ura beste aldera doala frogatzera. Horrelako anekdotetan dago, gehienbat, umorea. Eta oso kontuz ibili behar da umore hori nabarmenegi ez emateko, berak oso modu suabean ematen duen hori, eta horrek lana suposatzen du. Umorea oso zaila da. Aktoreek ere hala esaten dute, eta literaturan ere antzeko zerbait gertatzen da.
Jean Echenozek pertsonaia errealetan oinarritutako nobelen trilogia bat jarri zuen abian Ravelekin. Haren ostean Lasterka etorri zen eta orain, zeuk aipatu bezala, hirugarrena itzultzen ari zara, Tximistak. Ezberdintasun nabarmenik aurkitu al duzu bat edo bestea itzultzerako garaian?
Nahiko antzera lan egiten dut itzuli behar dudana prosa, poesia edota antzerkia izan. Baina egia da hiru liburu hauek oso ezberdinak direla. Planteamendua berbera izan arren, pertsonaia bakoitza erabat ezberdina da: jeinuak dira hirurak, baina bakoitza bere esparruan, eta bakoitzaren izateko modua ere erabat ezberdina da besteen aldean. Echenozek aipatzen du pertsonaia bakoitzak idazteko modu bat eskatu diola, baita ahots ezberdin bat ere, eta, nahiz eta berak ez esan, sintaxi eta lexiko ezberdin bat ere eskatu dizkiola esango nuke. Gaiak berak eta pertsonaia bakoitzaren bizimoduak baldintzatzen dute hori. Ravelek luxuzko bizimodua zeraman zuen, asko bidaiatu zuen, kontzertuak izan ohi zituen han eta hemen, artistaz inguratuta bizi zen. Zatopek, berriz, askoz tipo apalagoa zen, ez zuen hainbesteko kulturarik, eta emaztearekin ez bazen, bizitza bakarrik pasatu zuen, ez entrenatzailerik, ez ezer. Bera korri egiteko zegoen, ez beste ezertarako. Nikola Tesla, aldiz, oraindik amaitu ez dudana, txoroago dator. Gauza pila bat asmatu zuen, baina ez zuen sekula patenterik eduki bere izenean. Momentu batean zazpi proiektu asma zitzakeen: neon argia, elektrizitatea nola eraman kilometroetan, estralurtarrekin harremanetan nola jarri, airean dagoen energia nola erabili sekula elektrizitaterik behar ez izateko… Baina gero ez zituen proiektu horiek inon jasotzen. Dena bere buruan ikusten zuen, kapazitate izugarria omen zeukan planorik edo antzekorik gabe makinak hiru dimentsiotan ikusteko, bere zehaztasun guztiekin. Eta kolaboratzaileei barre egiten omen zien marraztu egiten zituztelako. Bizitza guztian bakarrik, hau ere.
Zer moduz ikusten duzu euskal itzulpengintza? Euskaldun askok errazago jotzen omen du gaztelaniara euskarara baino…
Euskarazko itzulpenak gozatzen ez ditugulako errudun sentitzen bagara, ez gara sekula horretara ohituko. Horrek modu naturalean atera behar du, gainontzean jai dago. Gure garaiko gehienek gaztelania hutsean ikasi dugu, euskara gero etorri zaigu, eta euskara irakurtzeko hizkuntza modura, askoz geroago. Nik zuhaitzak edota zenbakiak, esaterako, nahiago ditu gaztelaniaz, eta garai batean errudun sentitzen nintzen horregatik. Baina, gero pentsatzen hasten zara eta, horregatik ere errudun sentitu behar ote dut? Ez, nahikoa da. Noski, euskararentzat, euskal literaturarentzat eta euskal itzulpengintzarentzat askoz hobea litzateke jende gehiagok hautu hori egingo balu, baina hautu horrek pertsonala izan behar du, ez du ezertarako balio idazle handiek itzulpenak irakurtzea oso ona dela esateak. Emaidazu gozatzeko moduko itzulpen bat, gaitasun handirik ez daukadan arren. Itzultzailearen lana hori da. Nik hauxe jarri dizut: honen aurretik hamaika mila itzulpen irakurri badituzu, erraz sartuko zaizu; lehena bada, poliki baina moldatuko zara, eta hurrengoan, hobeto. Horixe da giltza: hurrengoan, hobeto. Itzulpenak ere horrela hobetu ditugu, beraz, irakurleekin ere gauza bera gertatuko da. Baina errurik bota gabe.
Beste hizkuntza batzuetatik euskarara itzuli duzu, baina kontrakoa ere egin duzu. Berdin ikusten al dituzu bi lanak?
Euskaratik gaztelaniara egiten ditudanak garrantzitsuagoak iruditzen zaizkit. Gaztelaniatik euskarara itzultzen duen jende asko dago, itzulpenak oso ondo egiten dituena gainera, baina euskaratik gaztelaniara itzultzen dutenak gutxiago dira. Ez dago horren kontzientziarik, askotan aurreiritziak eta beldurrak ere egon dira, eta normala da. Hizkuntza txikia da gurea, eta ezin dugu den-dena berehala itzuli. Esan izan da euskaraz idatzitakoa berehala gaztelaniara itzultzen bada jendeak ez duela euskaraz irakurriko. Ez dut uste hainbesterako denik. Kontua da herritarren gehiengoak euskaraz sortutako gauzak irakurri ezin dituen herrialde batean bizi garela, eta gustatu edo ez, hori horrela da. Horrek esan nahi du euskal literaturaren parte handi bat erabat ezezaguna dela euskal herritar askorentzat, eta hori izugarria da. Euskarara itzultzen gozatzen dut, baina euskal poesia gaztelaniara itzultzea zoragarria da. Euskal idazleok ez dugu gaztelania lantzeko astirik izaten, askok gogorik ere ez, eta batzuk euskarazko lanak gaztelaniara itzultzen hasten direnean konturatzen dira ez dutela maila bera ematen, euren sorkuntza tresna euskara baita. Nire kasuan, ordea, gaztelania nire ama hizkuntza da, eta gaztelaniaren beste zentzu bat daukat, beraz. Alde horretatik, beti esaten dut kulturalki mestizoa naizela, eta orain hori normaltzat ikus liteke, baina orain hamar urte ezin zen halakorik esan.
Itzultzaile gisa lanez lepo zabiltzala garbi geratu da. Eta sortzaile gisa?
Gaztetxoa nintzenean beti nituen lauzpabost gauza buruan, eta denak kontatzen nituen; orain ere baditut, baina ez ditut kontatzen, urteak ez dira alferrik joan. Bost poema liburu dauzkat argitaratuta. Poema horietako batzuk kendu egin nahi nituzke, beste batzuk moldatu… Poema liburu horietan atalak egoten dira. Idazten ditudan poemak karpetetan bilduta daude eta karpeta horiek tematikoak izaten dira. Gaiak aldatuz joan dira, baina ez hainbeste, eta karpeta asko daude liburu askotan. Orduan, orain, gai bakoitza karpeta bakarrean bildu nahi dut, hau da, maitasunezko poemak karpeta batean, herrimin ariketak beste batean, etab. Antologia baino gehiago baina poesia guztia baino gutxiago izango den zerbait egitea darabilt buruan. Baina, noski, gero norbaitek argitaratu behar du, eta hori ez dago hain argi garai hauetan. Egia esan, ezin naiz kexatu, nahi izan dudanean argitaratzeko aukera izan baitut, nahi nituen argitaletxeetan gainera. Baina orain ikusi egin behar. Lehendik ere liburu digitalaren kontuarekin nahikoa zintzilik zegoen egoera, eta orain krisiarekin… Kulturatik hasten dira murrizketak egiten, ez protokolotik, kulturatik baizik.
Garazi
2012-01-24
Interesgarriak egin zaizkit Markuletaren hitzak, batez ere euskaraturiko liburuen nondik norakoez gainera, elkarrizketatzaileak itzulpenari buruz galdetu diolako. Markuletarekin bat nator esandako zenbait kontutan, eta horietako bat da “Itzultzaile batek liburu bat lehen aldiz irakurtzen duenean, nola irakurtzen du, irakurlearen edo itzultzailearen begiekin?” galderari ematen dion erantzuna.
Iruditzen zait, ileapaintzaile batek nahi gabe ere ondokoaren ile orrazkerari begiratuko dion bezala, itzultzaileak nahi gabe ere testuaren azterketa moduko bat egiten duela, plazeragatik irakurtzen duenean ere. Jakina, liburu bat itzultzeko enkargua egiten badizute (baliteke oker ibiltzea, sekula ez bainaiz egoera horretan izan), arreta handiagoa jarriko duzu estiloan, egituran, zailtasunetan edo dena delakoan. Hala ere, hagitz izanen dira itzultzaileak testu bat plazeraz irakurri ondoren jasotzen dutenak hori itzultzeko enkargua, edo irakurri eta gero erabakitzen dutenak itzuli egin nahi dutela. Orduan ere, aurreneko irakurraldi horretan, jatorrizkoa haiena ez den beste hizkuntza batean egonda edo haien hizkuntzara itzulia bada, ziur naiz behin behintzat esanen dutela, “a zer esaldi aldrebesa itzultzeko” edo “nik honela eman izanen nukeen?”; irakurritakoa euskaraz bada ere, “ez du lan erraza izanen hau itzultzen duenak” gisako pentsamenduak otu ahal zaizkigu. Niri gertatzen zait. Baliteke hasiberria naizelako izatea, eta esperientziarekin eta denborarekin ikastea liburu bat plazer hutsagatik irakurtzen, zuzenketari edo hizkuntzaren eta hizkeraren nondik norakoei erreparatu gabe.