Orain arteko poesia eta ipuinetatik saiakerara eginen dugu jauzi, autoreak ezagutarazteko plaza honetan. Horretarako, pentsamendu garaikidean eragin handia izan duten obren autorea dakargu, Judith Butler filosofo postestrukturalista amerikarra. Orain arte argitaratu dituen ikerketek eremu zabala hartzen dute, hala nola, literatur teoria, fikzio filosofiko modernoa, feminismoa eta sexualitatea, generoa eta identitatearen iraultza. Dagoeneko 90eko urteetan, ezbaian jarri zuen sexua zerbait naturala dela eta generoa jendartean eraikitzen den zerbait dela zioen ideia. Sexuari eta generoari barneko esentzia erauzi eta “emakume” edo “emakumeak” kategoria ezegonkortu zituen eta teoria feministek beren oinarriak birformulatzea eragin zuen; horrela, bada, “emakumeak” subjektu kolektibotzat beharrean, adierazle politikotzat hartu behar zirela aldarrikatu zuen. Queer mugimenduaren zutabetzat hartzen dira bere testu zenbait; izan ere, genero arauak subjektibitatea ekoizten duten gailuak direla dioen ideia oinarri teorikotzat eta tresnatzat baliatu zuten zenbait kolektibok, zeinak gutxiengo sexualtzat hartzen baitziren eta zeinak generoaren arau bitarraren ondorioz baztertuta baitzeuden.
Gender Trouble: Feminism and the Subversion of Identity liburua 1990ean kaleratu zen lehen aldiz. Kritika zorrotza egiten die Simone de Beauvoir, Julia Kristeva, Sigmund Freud, Jacques Lacan, Luce Irigaray, Monique Wittig, Jacques Derrida eta Michel Foucault autoreen lanei. Testuan azaltzen duenez, generoaren, sexuaren eta sexualitatearen adierazpena ez da aukerazkoa, eta subjektu generodun, sexudun eta desiratuaren eraikuntza “diskurtso arautzaile” deitzen duenaren barruan jartzen du. Diskurtso horiek, “ulergarritasun markoak” edo “diziplinazko erregimen” ere deituak, aurretik erabakitzen dute zer sexu, genero eta sexualitate aukerek duten baimena koherente edo “natural” gisara agertzeko. Halaber, Butlerek generoaren teoria performatibo famatua garatu zuen, subjektuaren identitatea nola eratzen den azaltzen duena; izan ere, genero identitatea ez da barne esentzia baten adierazpena, baizik eta ekintza eta jarreren ondorio, hots, performatibitatearen ondorio. Labur, liburu honekin autorearen asmoa da genero identitatearen izaera esentziala deseraikitzea eta asmakuntza hutsa dela agerian uztea.
Butler ez dago euskaraz, eta orain artekoak adierazi bezala, bistan da hutsunea handia dela (horren adibide, Xabier Gantzarainen artikulu baten harira Volgako Batelariak atarian sortu zen eztabaida). Hori nolabait betetzeko aurkeztu nahi izan dugu hemen Gender Trouble liburuko hitzaurrea, baina ez 1990ekoa, baizik eta geroagokoa, liburuaren berrargitalpen batean (Routledge, 1999) plazaratu zuena. Bi zatitan ematea pentsatu dugu, bai testuaren zurruntasunagatik bai luzeragatik, eta horrek itzultzailearengan eta irakurlearengan sortzen ahal duen burukominagatik.
Hitzaurrea, 1999
Duela hamar urte bukatu nuen Gender Trouble liburuaren eskuizkribua, eta Routledge etxera bidali nuen argitaratzeko. Ez nekien testuak hainbeste irakurle izanen zituenik, ez teoria feministan “esku-hartze” probokatzaile bat izanen zenik, ez queer teoriaren oinarrizko testutzat hartuko zenik. Liburuaren bizitzak nire helburuak gainditu ditu, eta hein batean hala izan da, segur aski, testuak hartu duen testuinguru aldakorragatik. Idatzi nuenean, banekien neure burua nolabaiteko borrokan eta aurkakotasunean zegoela feminismoaren molde jakin batzuekin, nahiz eta banekien, baita ere, testuak feminismoaren beraren parte izan behar zuela. Bere baitako kritikaren tradizioan idazten nuen orduan, zeinak helburu baitu kritika barne den pentsamenduaren mugimenduko oinarrizko hiztegia aztertzea, modu kritikoan. Bazen eta artean ere bada arrazoi bat kritika molde hori erabiltzeko, eta ezberdindu behar da autokritikaren –horrek mugimenduaren bizitza demokratikoagoa eta integratzaileagoa segurtatzen du–, eta kritikaren artean, mugimendua erabat ahultzeko xede duena. Bistan denez, beti da posible bi horiek nahastu eta gaizki ulertzea, baina espero dut halakorik ez dela gertatuko Gender Troublen kasuan.
1989an asmorik behinena zen literatur teoria feministaren suposizio heterosexual nagusi bat kritikatzea. Generoaren mugei eta jabetzari buruzko aurresuposizioak egiten dituzten ikuspegi horiei kontra egin nahi nien, aurresuposiziook maizenik onartzen diren maskulinitate eta feminitate kontzeptuetara mugatzen baitzuten generoaren esanahia. Uste nuen eta oraindik ere uste dut generoaren esanahia bere aurresuposizioen praktikan mugatzen duen edozein teoria feministak generoari buruzko arau baztertzaileak ematen dituela feminismoaren baitan, eta horrek ondorio homofobikoak dakartza sarritan. Iruditzen zitzaidan, eta oraindik ere iruditzen zait feminismoak saiatu behar duela generoaren zenbait adierazpen ez idealizatzen, zeren eta horiek, aldi berean, hierarkia eta bazterketa molde berriak sortzen baitituzte. Bereziki, kontra egiten nien generoaren adierazpen jakin batzuk faltsuak edo eratorriak, eta beste batzuk, aldiz, egiazkoak eta originalak zirela predikatzen zuten egiaren arau haiei. Asmoa ez zen testuaren irakurleek eredutzat har zezaketen bizimolde generodun berri bat aurkeztea; aitzitik, testuaren helburua generoaren aukera eremua zabaltzea zen, horietarik zer aukera molde garatu beharko litzatekeen zehaztu gabe, ordea. Norbaitek galde lezake zertarako balio duen “aukera eremua zabaltzeak”, baina esanen nuke mundu sozialean bizitzea zer den eta “ezinezko”, irakurtezin, gertagaitz, irreal eta ez legitimoa zer den dakien inork ez duela halakorik galdetuko.
Gender Trouble liburuaren asmoa zen agerian uztea aurresuposizio ohiko eta biolento batzuek zer modutan eragozten zuten bizitza generodunean zer den posible pentsatze hutsa. Halaber, testuak bilatzen zuen bertan behera uztea saiakera oro egiaren diskurtso bat garatzeko, zeinak helburu baitzuen gutxiengoa ziren genero- eta sexu-praktikei zilegitasuna kentzea. Horrek ez du esan nahi gutxiengo diren praktika guztiek onargarriak eta goraipatuak izan behar dutenik; bai, ordea, hausnartzeko gai izan beharko genukeela praktika horiei buruzko edozein erabaki hartu aurretik. Gehien kezkatzen ninduena zera zen: praktika horiek sortzen zuten panikoak zer modutan galarazten zuen horien inguruko hausnarketa. Genero bitar horiek desegitea, esaterako, hain al da munstrokeria edo beldurgarria non definizioz ezinezkotzat jo behar baita, eta non heuristikoki baztertu behar baitugu generoa hausnartzeko edozein saiakeratatik?
Aurresuposizio mota horietako batzuk garaiko “feminismo frantsesa” deitzen zen horretan aurki zitezkeen, eta literatur ikastunen eta zenbait teorialari sozialen artean arrakasta handia lortu zuten.
Nahiz eta sexu-diferentziaren fundamentalismoaren muinean zetzan heterosexismoa baztertu, postestrukturalismo frantsesetik zerbait hartu nuen nire planteamenduak osatzeko. Gender Troublen egindako lana itzulpen kulturaleko azterketa bat izan zen, funtsean. Generoaren teoria estatubatuarrak eta feminismoaren egoera politiko zaila, beraz, teoria postestrukturalistaren bidetik azaldu ziren. Nahiz eta, batzuetan, postestrukturalismoa formalismo gisara aurkezten zaigun –testuinguru sozial eta helburu politikoetatik urrun, alegia–, ez da hala gertatu estatubatuarren azkenaldiko eskuratzeekin. Izan ere, nire asmoa ez zen postestrukturalismoa feminismoari “aplikatzea”, baizik eta aukera ematea teoria horiek birformulazio espresuki feminista batetik aztertzeko. Formalismo postestrukturalistaren defendatzaile batzuk ez datoz bat zenbait obratan –Gender Troublen kasu– postestrukturalismoak jasotzen duen joera “tematiko” aitortuarekin, eta, era berean, ezker kulturalaren eremuan, postestrukturalismoaren inguruko kritikak oso eszeptiko azaldu dira politikoki progresista den oro haren premisetatik eratorri daitekeela dioen baieztapenaren aurrean. Alta, ikuspuntu batean zein bestean, postestrukturalismoa zerbait bateratu, puru eta monolitikotzat hartzen da. Azken urteotan, ordea, teoria hori, edo teoria multzo hori, genero- eta sexualitate-ikasketetara eraman da, ikasketa postkolonial eta arraza-azterketetara. Hasierako formalismoa galdu egin du, eta bizitza berri eta lekualdatua lortu du teoria kulturalaren eremuan. Aspaldiko eztabaidagai da neure lana edo, besteak beste, Homi K. Bhabha, Gayatri Chakravorty Spivak eta Slavoj Zǐzěk idazleen lanak kultur ikasketen edo teoria kritikoaren barruan sartu behar ote diren; baliteke, ordea, galdera horiek beraiek agerian uztea bi enpresen arteko alde bortitza lausotzen ari dela. Badira teorialariak aldarrikatzen dutenak aurreko hori guztia kultur ikasketen barruan dagoela, eta badira kultur ikasketetako ikertzaileak beren burua teoria molde guztien aurka aurkezten dutenak (alta, esanguratsua da bide horri ez jarraitzea Stuart Hall-ek, Britainia Handiko kultur ikasketen sortzaileetako batek). Baina eztabaidaren bi aldeek batzuetan ahantzi egiten dute teoriaren profila aldatu egin dela, hain zuzen, jabetze kulturalengatik. Nahitaez purua ez den eremu berri bat du teoriak, non itzulpen kulturalaren ekintzan bertan sortzen baita, itzulpen kultural gisara. Ez da historizismoak teoria lekuz aldatu duela, eta ez da teoriaren historizazio huts bat gertatu, zeinak azaltzen baititu errazen orokortu daitezkeen aldarrikapenen muga kontingenteak; aitzitik, teoria agertzen zaigu zerumuga kulturalek bat egiten duten puntuan, non itzulpenaren beharra zehatza baita eta horren arrakastarako aukera, berriz, dudazkoa.
Gender Trouble “teoria frantsesean” oinarritzen da, eta hori, aldi berean, eraikuntza amerikar bitxi bat da. Ameriketako Estatu Batuetan baino ez ditugu aurkituko hainbeste teoria ezberdin elkarri lotuta, nolabaiteko batasun bat osatuko balute bezala. Nahiz eta liburua hizkuntza askotara itzuli den eta eragin handia izan duen batez ere Alemanian, generoari eta politikari buruzko eztabaidetan, beste herrialde batzuetan baino askoz geroago agertuko da Frantzian –azkenean argitaratzen badute–. Hori aipatu nahi dut argi uzteko testuaren itxurazko frantziar kutsua urrun dagoela Frantziatik eta teoria frantsesaren bizitzatik. Gender Trouble saiatzen da, aldarte sinkretiko batean, hainbat intelektual frantses batera interpretatzen (Lévi-Strauss, Foucault, Lacan, Kristeva, Wittig), zeinek gutxitan bat egin baitzuten, eta zeinen irakurleek Frantzian oso gutxitan, edo sekula ez, irakurri baitzuten besteetarik inor. Hain zuzen, testuaren nahas-mahas intelektual horrek egiten du amerikar, eta aldi berean testuinguru frantsesarentzat arrotz. Efektu bera sortzen du “genero” ikasketen tradizio soziologiko eta antropologiko ingeles-amerikarrean testuak jartzen duen indarrak; tradizio hori urrundu egiten da ikerketa estrukturalistan sortu zen “sexu-diferentziaren” diskurtsotik. AEBetan testuak eurozentrista izateko arriskua du, baina Frantzian teoriaren “amerikanizazio” gisako mehatxu bat da, liburua argitaratzea pentsatu duten editore frantses urrien hitzetan.
Jakina, “teoria frantsesa” ez da testu honetako hizkuntza bakarra. Hainbat teoriekin izandako engaiamendu luze baten ondorioz sortu da, hala nola, teoria feministarekin, gizarteak eraikitako generoari buruzko eztabaidekin, psikoanalisi eta feminismoarekin, Gayle Rubin-ek generoari, sexualitateari eta ahaidetasunari buruz egindako lan bikainarekin, trabestismoari buruzko Esther Newton-en ikerketa aitzindariekin, Monique Wittig-en idatzi teoriko eta fikziozko lan zoragarriekin, eta humanitateetako ikuspegi gay eta lesbikoekin. Feminista anitzek 1980ko hamarkadan ontzat hartzen zuten lesbianismoak feminismoarekin bat egiten zuela feminismo lesbikoan; alta, Gender Troublek ezeztatu egin nahi zuen jardun lesbikoak teoria feminista gauzatzen duela zioen ideia, eta bi kontzeptuen artean lotura korapilatsuagoak ezarri nahi zituen. Testuan, lesbianismoak ez dakar itzulera bat emakume izatean datzan garrantzizkoena den horretara; ez du feminismoa sagaratzen ez eta emakumea ardatz duen mundua erakusten ere. Lesbianismoa ez da sinesmen politiko batzuen burutze erotikoa (sexualitatea eta sinesmena molde askoz konplexuagoan lotzen dira, eta maiz ez datoz bat). Aitzitik, testuak galdetzen du sexu-jardun ez arauemaileek nola jartzen duten zalantzan generoaren egonkortasuna analisi kategoria gisara. Nola behartzen dute sexu-jardun jakin batzuek “zer da gizon bat, zer emakume bat” galdera? Uste bada generoa dagoeneko ez dela sexualitate arauemailearen bidez indartzen, ba al da queer testuinguruetara mugatzen den genero krisi bat?
Sexu-jardunak generoa ezegonkortzeko boterea duelako ideia Gayle Rubin-en The Traffic in Women liburuaren irakurketatik sortu zen, eta sexualitate arauemaileak genero arauemailea indartzen duela baieztatzeko baliatu nahi izan nuen. Labur esanda, marko teoriko horren arabera, emakume gara egitura heterosexual nagusiaren barruan emakume gisara funtzionatzen dugun heinean, eta egitura hori zalantzan jartzeak ekar dezake generoan betetzen dugun lekuaren zentzua nolabait galtzea. Uste dut hori dela testu honetako “generoaren auziaren” lehenengo formulazioa. Saiatu nintzen ulertzen “gay bihurtzean” batzuek sufritzen duten izuaren eta antsietatearen parte bat, hala nola, generoan beren lekua galtzeari beldurra edo beldurra ez jakiteari nor izanen diren genero ustez “bereko” norbaitekin oheratzen badira. Horrek nolabaiteko krisia sortzen du ontologian, bai sexualitate bai hizkuntza mailan. Auzi hori larriagotu egin da generoa pentsatzeko molde berri anitzak kontuan hartu ditugun heinean, hain zuzen, transgenero eta transexualitatearen, gurasotasun gay eta lesbikoen eta identitate lesbiko maskulino eta femenino berrien argitan sortu direnak. Noiz eta zergatik egiten du, esaterako, seme-alabak dituen zenbait lesbiana maskulinok “aitarena” eta beste zenbaitek “amarena”?
Eta zer gertatu da Kate Bornstein-ek proposaturiko kontzeptuarekin? Horren arabera, transexual bat ezin da “emakume” edo “gizon” izenekin definitu, baizik eta hari buruz mintzatzeko aditz aktiboak erabili behar dira, zeinek aditzera ematen baitute identitate berria “den” etengabeko transformazioa, edo hain zuzen, generoaren identitatearen izatea zalantzan jartzen duen “bitartekotasun” izaera. Lesbiana batzuek aldarrikatzen dute maskulino izateak ez duela zerikusirik “gizona izatearekin”; beste batzuek, ordea, defendatzen dute beren izaera maskulinoa gizon estatus desiratura heltzeko bidea baino ez dela edo ez zela izan. Paradoxa horiek ugaritu egin dira azken urteotan, eta agerian uzten dute liburuak aurreikusi ez zuen generoari buruzko eztabaida molde bat.
Baina orduan zein da nabarmendu nahi nuen generoaren eta sexualitatearen arteko lotura? Bistan denez, nire asmoa ez da aldarrikatzea sexu-jardun moldeek genero jakin batzuk sortzen dituztela, baizik eta esatea heterosexualitate arauemaileetako egoeratan generoa zaintzea maiz erabiltzen dela heterosexualitatea indartzeko modu gisara. Catharine MacKinnon-ek auzi horri buruzko planteamendu bat eskaintzen du, nirearekin antza baduena, baina, era berean, zenbait gauza erabakigarri eta garrantzitsutan ez gatoz bat. Honela dio:
Pertsona baten ezaugarria balitz bezala geldi badago, ezberdintasun sexualak genero itxura hartzen du; jendarteko harreman gisara mugimenduan, aldiz, sexualitate itxura hartzen du. Generoa sortzen da gizonen eta emakumeen arteko aldearen sexualizazio molde zurrun gisara.
Ikuspegi horren arabera, hierarkia sexualak generoa sortzen eta indartzen du. Baina izaera arauemaile heterosexualak ez du generoa sortzen eta indartzen; kontrara, generoaren hierarkia ezkutatzen da harreman heterosexualen atzean. Generoaren hierarkiak generoa sortzen eta indartzen badu, eta generoaren kontzeptu eragile bat aurresuposatzen badu, orduan generoak dakar generoa, eta formulazioa tautologian bukatzen da. Baliteke generoaren hierarkiak bere burua erreproduzitzeko dituen mekanismoak zehaztu nahian aritzea MacKinnon, eta ez besterik, baina ez da hori esaten duena.
“Generoaren hierarkia” aski al da generoa sortzen duten baldintzak azaltzeko? Noraino eragiten dio generoaren hierarkiak heterosexualitate gutxi gorabehera derrigorrezko bati, eta zer maiztasunekin egiten da generoaren arauen zaintza, hain zuzen, hegemonia heterosexuala sendotzeko?
Katherine Franke-k, arlo juridikoko teorialari garaikideak, modu berritzailean erabiltzen du bai ikuspegi feminista bai queer ikuspegia; azaltzen duenez, generoa ekoizteko generoaren hierarkiaren nagusitasuna ontzat ematean, MacKinnonek sexualitateari buruz pentsatzeko ustezko eredu heterosexuala ere onartzen du. Frankek MacKinnonena ez bezalako eredu bat proposatzen du generoaren bereizketa azaltzeko, modu eraginkorrean aldarrikatzen duena sexu-jazarpena dela generoa sortzen duen alegoria paradigmatikoa. Bereizketa oro ezin da jazarpentzat jo; jazarpen-ekintza izanen da, esaterako, pertsona bat genero jakin batera “bihurtzen” denean. Baina badira generoa sendotzeko beste modu batzuk ere. Beraz, Frankerentzat, garrantzitsua da behin-behineko bereizketa egitea generoaren eta sexu-bereizketaren artean. Gayek, kasu, lanpostu kontuetan bereizketa negatiboa jasan dezakete, genero-arau onartuekin “itxuraz” bat egiten ez dutelako. Halaber, baliteke gayen kontrako sexu-jazarpenak balio ez izatea generoaren hierarkia babesteko, baizik eta generoaren izaera arauemailea sustatzeko.
MacKinnonek sexu-jazarpenari buruzko kritika indartsua egiten badu ere, bestelako arautze bat ezartzen du: generoa izateak esan nahi du aurretik mendekotasunezko harreman heterosexual bat ezarri dela. Maila analitiko batean ekuazio bat egiten du, zeinak arrazoiketa homofobiko molde nagusi batzuen kutsua duela baitirudi. Horrelako ikuspegi batek generoaren sexu-ordenamendua sustatu eta baimendu egiten du, gizon diren gizonak heterosexualak eta emakume diren emakumeak heterosexualak izanen direla baieztatzean. Bada bestelako ikuspegi multzo bat, dio Frankek, hain zuzen genero ordenamendu molde horri kritika egiten diona. Generoaren eta sexualitatearen arteko harremanari buruzko ikuspegi sexista eta feministaren artean bada alderik, beraz: sexistak dio emakume batek bere emetasuna azaltzen duela soilik koito heterosexualaren ekintzan, non bere mendekotasuna bere plazer bihurtzen baita (esentzia bat dario, eta emakumearen mendekotasun sexualizatuan sendotzen da); ikuspuntu feministak, aldiz, aldarrikatzen du generoa eraitsi behar dela, deuseztatu, edo anbiguo bihurtu, zeren eta beti izan baita emakumearen mendekotasun ikur. Azken ikuspuntu horrek lehenengoaren deskribapen ortodoxoaren boterea onartzen du, eta deskribapen sexistak dagoeneko ideologia boteretsu baten gisara funtzionatzen duela aitortzen du, nahiz eta uko egiten dion.
Gai honekin tematu nahi dut zenbait queer teorialarik generoaren eta sexualitatearen artean bereizketa analitiko bat marraztu duelako, bien arteko kausazko edo egiturazko lotura baztertu duelako. Horrek zentzu handia du, nondik begiratzen zaion: bereizketa horrekin esan nahi bada izaera arauemaile heterosexualak ez lukeela generoa ordenatu behar, eta ordenamendu horri aurka egin beharko litzaiokeela, erabat ados nago ikuspegi horrekin. Alta, baldin eta horrekin adierazi nahi bada (deskriptiboki esateko) ez dagoela generoaren arautze sexualik, uste dut indar handienaz homofobiaren aurka egiten dutenek ez dutela aintzat hartzen homofobiak funtzionatzeko duen moduaren dimentsio garrantzitsu bat, nahiz eta ez bakarra. Hala ere, aitor dut generoaren subertsioan aritzeak ez duela sexualitateari eta sexu-jardunari buruzko deus ekarri behar. Generoak anbiguoa izaten segi dezake sexualitate arauemailea aldatu edo birbideratu beharrik gabe ere. Batzuetan, genero-anbiguotasuna erabiltzen da, hain zuzen, sexu-jardun ez arauemailea zigortu edo desbideratzeko, eta horrela sexualitate arauemaileak bere horretan segi dezan lortzeko. Beraz, ezin da loturarik ezarri, esaterako, transexual edo transgeneroaren eta sexu-jardunaren artean, eta joera heterosexual, bisexual eta homosexual bereizketa ezin da aurreikusteko moduan zehaztu genero aldatze edo nahaste baten itxurazko joan-etorrietatik abiatuta.
Azken urteotan lan handia eskaini diot Gender Troublen azaltzen den performatibitatearen teoria argitzeari eta berraztertzeari. Zaila da preseski zehazten zer den performatibitatea, ez “performatibitateak” adieraz dezakeenari buruzko iritzia denborarekin aldatu delako bakarrik (gehienetan kritika bikainei erantzuteko), baizik eta beste askok kontzeptua bere egin eta beren modura eman dutelako. Hastapenetan, generoaren performatibitatea ulertzeko gakoa Jacques Derridak Kafkaren Before the Law lanari egin zion irakurketak eman zidan. Horretan, legeari itxaroten diona legearen atearen aurrean esertzen da, eta nolabaiteko indarra lotzen dio zain daukan lege horri. Esanahiaren agerpen fidagarri bati aurrea hartzea da modua autoritate hori esleitu eta ezartzeko: aurrea hartzeak erakartzen du horren objektua. Ez dakit ez ote dugun itxaropen berarekin jokatzen generoari dagokionean, hots, agerian gera daitekeen barne esentzia batekin aritzea, funtsean, aurreikusitako fenomeno bera sortzen duen itxaropenarekin. Hortaz, lehenengo kasuan, generoaren performatibitatea metalepsi horren inguruan datza, non generoa duen esentzia baten aurreikuspenak sortzen baitu kanpokotzat jotzen duen zerbait. Bigarren kasuan, performatibitatea ez da ekintza bakartua, baizik eta errepikapena eta erritua, eta efektuak lortzen ditu gorputz baten testuinguruan gertatzen den naturalizazioaren bidez, hein batean, kulturak babesten duen aldi baterako iraunalditzat hartzen dena.
Galdera garrantzitsu anitz egin zaizkio doktrina horri, eta bereziki bat da hemen aipatzekoa. Generoa performatiboa delako ikuspegiak agerian utzi nahi zuen generoaren barne esentziatzat dugun hori ekintza multzo jarraitu batek eraikitzen duela, eta ekintzok aldarrikatzen dira generoan oinarrituriko gorputzaren estilizazioaren bidez. Horrela, bada, argi uzten da norbanakoaren “barne” ezaugarritzat dugun hori gorputz-ekintza jakin batzuen bidez aurreikusten eta sortzen dugun zerbait dela, natural bihurturiko keinuen haluzinaziozko efektu bat, azken batean. Horrek esan nahi al du psikeari buruz “barnetzat” hartzen den guztia, ondorioz, kanporatu egiten dela, eta barnetasun hori metafora faltsua dela? Nahiz eta, bistan denez, Gender Troublek generoaren malenkoniari buruzko lehenengo eztabaidan barne psike baten metafora baliatu, enfasi hori ez zitzaion aplikatu performatibitatearen beraren pentsamenduari. Bai The Psychic Life of Power bai gai psikoanalitikoei buruz kaleratu ditudan azken artikuluak saiatu dira auzi hori onartzen; jarrera hori liburuaren lehenengo eta azkeneko kapituluen arteko haustura gatazkatsu gisara ulertu dute anitzek. Uko eginen nioke psikearen barne mundu guztia ekintza multzo estilizatu baten ondorio baino ez dela dioen ideiari, baina, hala ere, oraindik ere uste dut psike munduaren “barnekotasuna” aurresuposatzea akats teoriko garrantzitsua dela. Munduaren ezaugarri jakin batzuk, ezagutzen eta galtzen dugun jendea barne, norbanakoaren “barne” ezaugarri bihurtzen dira, baina barneratze horren bidez eraldatu egiten dira, eta hain zuzen, barne mundu hori (hala izendatzen baitute kleiniarrek) psikeak gauzatzen dituen barneratze horien ondorio gisara eraikitzen da. Horrek iradokitzen du performatibitatearen teoria psikiko bat, zeinak azterketa sakonagoa eskatzen baitu.
Nahiz eta testu honek ez dion erantzuten gorputzaren materialtasuna guztiz eraikia dagoenetz galderari, hori izan dute ardatz ondoren egin ditudan lan anitzek, eta, beraz, espero dut argigarri gertatuko zaiela irakurleei. Ikastun zenbaitek performatibitatearen teoria arraza kontuetara bihurtu ote daitekeen auzia aztertu dute. Aipatu nahiko nuke generoari buruzko diskurtsoaren atzean, esplizituki aztertu beharreko moduan, etengabean ezkutatzen direla arrazazko aurresuposizioak, eta arraza eta generoa ez liratekeela analogia sinpletzat hartu beharko. Beraz, galdera moldatzea proposatuko nuke, hots, ez performatibitatearen teoria arraza kontuetara bihurtu ote daitekeen, baizik eta zer gertatzen zaion teoriari arrazarekin nahasten saiatzen denean. Eztabaida horietako anitzek ardatza jarri dute “eraikuntzak” duen estatusean, arraza eta generoa modu berean eraiki ote diren. Uste dut eraikuntzaren azalpenetarik bat berak ere ez duela balioko, eta kategoria horiek beti jokatzen dutela elkarren oinarri izatera, modurik boteretsuenean antolatzeko beti jotzen duela batak bestearengana. Hortaz, arraza-generoaren arauen sexualizazioari hainbat betaurrekorekin begiratu ahal zaio aldi berean, eta azterketa horrek generoaren mugak argi bereizteko aukera emanen digu, analisi-kategoria baztertzaile baten gisara.
Liburu hau osatzen duten zenbait tradizio eta eztabaida akademiko zerrendatu ditudan arren, ez da nire asmoa orrialde gutxi hauetan apologia oso bat egitea. Testua idazteko baldintzei buruzko alde bat ez da beti ongi ulertu: ez nuen akademiatik bakarrik idatzi, baizik eta parte hartu dudan giza mugimendu bateratuetatik ere bai, eta testuinguru jakin batean, hots, Estatu Batuetako ekialdeko kostaldeko komunitate gay eta lesbikoaren baitan, non liburu hau idatzi aurreko hamalau urteetan bizi izan bainintzen. Nahiz eta testuan subjektua testuingurutik kanpo azaltzen zaigun, bada hor pertsona bat; bilera, taberna eta ibilaldi anitzetan izan nintzen, eta askotariko generoak ikusi nituen, horietako batzuen bidegurutzean nengoela ulertu nuen, eta sexualitatearekin topo egin nuen bere hamaika kultura-ertzetan. Onartze eta askatze sexualaren aldeko mugimendu garrantzitsu baten erdian beren bidea zehazten saiatzen ari ziren pertsona asko ezagutu nituen, eta mugimendu horren parte izateak dakarren bozkarioa eta frustrazioa sentitu nituen, bai mugimenduaren alde itxaropentsuan bai barne desadostasunetan. Akademian nengoen garaian, pareta horietatik kanpoko bizitza ere bizi nuen, eta Gender Trouble liburu akademikoa den arren, niretzat, behintzat, trantsizio gisara hasi zen, Rehoboth Beach-en eserita nengoela, nire bizitzako alde anitzak lotu ahalko ote nituzkeen hausnarrean. Modu autobiografikoan idazteak, uste dut, ez du ni neu naizen subjektu hori testuingurutik kanpo uzten, baina agian, irakurleari nolabaiteko kontsolamendua emanen dio hitzen atzean norbait dagoela nabaritzeak (bazterrean utziko dut, momentuz, norbait hori hizkuntzan ematen delako auzia).
Maialen
2012-07-01
Zer esango dizut, bada…? Zorionak, eta mila esker: lehenik, Butler hona ekartzeagatik; bigarrenik, euskaraz ekartzeagatik, lan hori hartuta. Genero sistema hegemonikoaren kritika bat euskaraz leitu ahal izatea… mmm, zoragarria.
Bai. Zoragarria da ‘testuzko muturreko bat’ ematea “Butler ezin da euskaraz irakurri” pentsa dezakeen edonori. Ni itxaropentsu nago gai horren inguruan. Badira urte batzuk halako autore garaikideak euskaratzen ari direla, eta, aurrera begira, joera hori zabaldu egingo delakoan nago. Egia da ez dela erraza izango, beste askotan esan dugun bezala, ez euskal itzultzaileen gaitasuna zalantzazkoa delako, baizik eta produkzioaren eta irakurlearen arteko zubia oso ahula delako oraindik ere.
Baina tira. Aurrera.
Garazi
2012-07-01
Mila esker, Maialen. Egia esan, pixka bat etsigarria da batzuetan; nik konbentzituta itzuli nuen, kostata eta nekez, halere, ez baita eduki eta terminologia aldetik batere erraza. Eta badakit hobetzekoak dituela. Pentsatzen nuen, ordea, oso jende gutxik irakurriko zuela, nahiz eta bi txandatan eman. Eta estatistikek ere arrazoi eman didate; luzeragatik izanen da, edo gaiagatik, akaso. Horrek pixka bat tristatzen nau, baina bo, erantzun bat, behintzat, izan du eta gaitz erdi. Irakurtzen duenik artean bada, lana ez da alferrikakoa.
Maialen Berasategi Catalán
2012-07-01
Luzera, gaia, webgune hau irakurtzen dutenen ‘soslaia’… udako zoroaldi/txolinaldi kolektiboa; auskalo. Bostehun arrazoi eta aitzakia egonik ere halako itzulpen bat ez irakurtzeko, lana ez zenuen, inondik inora, alferrik egingo. Alde batetik, hemen gaituzulako ardi galdu bakan batzuk halako itzulpenak irakurtzeko prest; bestetik, lan neketsu eta gogor horiek asko irakatsi ohi dutelako, bai itzulpen lanari berari dagokionez, bai norbere itzulpen gaitasunari dagokionez (onartuko dizut neuk ere egina dudala saiotxoren bat Butlerren liburu horrexekin, etxean, neuretzat, presa-presiorik batere gabe, eta frustragarri samarra egin zitzaidan… Ez dakit; niri neuri, halako lan baterako hasiberriegia naizela iruditzen zait, baina kikildu ere ez gara egingo, ez? Ausardia ausarkeriarekin nahasten ez baldin badugu, uste dut inolako kalterik ez duela egiten halakoekin saiatzeak). Segi horrela!
Lapiko Kritikoa » Autoreak plazara: Judith Butler. (Garazi Arrula. elearazi.org)
2012-07-04
[…] elearazi.org […]