Ekainaren bukaeran ekarri genuen atari honetara Judith Butler filosofoaren Gender Trouble (Routledge, 1990) liburuko 1999ko hitzaurrearen lehenengo erdia. Orduan esan bezala, hilabete ondoren, bigarren erdia dakargu. Ez ditut errepikatuko lehenengo post hartan eman nituen azalpenak, nahi dituenak eskura ditu. Hori bai, aipatu nahi dut estatistikei nahiz erantzunei begira postak arrakasta handirik lortu ez badu ere, egon direla Butler euskaraz irakurtzeko aukera eskertu dutenak, eta hori, ezbairik gabe, pizgarri izan da bigarren zati honi ekiteko. Ez da idazkera erraza, eta zenbaitetan amorragarria ere izan da, aitor dut, hain modu “sinplean” esan zitezkeenak nola korapilatu dituen ikustea (edukiaren ulergarritasunaren kaltean, batzuetan) eta itzulpenean korapilo horri eustea. Batzuetan euskarazkoan islatzea lortu dut, bestetan ez, baina idazkera horrek ere, esaldi luzez eta mendekoz josiak, egiten du bereizgarri feminista hau, eta uste dut merezi zuela ahaleginak. Itzultzaileak bereak eginda, orain irakurleak du hitza.
Hitzaurrea, 1999 (jarraipena)
Atsegin handien eman didan gauzetako bat izan da jakitea gaur egun ere liburua akademiatik kanpo irakurtzen dela. Queer Nation-ek testua bere egin zuen bezala, Act Up taktiken oihartzuna izan zuten queer auto-adierazpenaren antzerki izaerari buruzko hausnarketa batzuek; halaber, AEBetako Elkarte Psikoanalitikoaren eta Elkarte Psikologikoaren kideek indarrean zuten homosexualitateari buruzko doxa berriz aztertzera bultzatu zituen testuak. Generoaren performatibitatearen auzia hainbat modutan bere egin eta egokitu zuten ikus-arteek, Whitney-eko erakusketek eta Los Angelesko Otis School for the Arts-ek, besteak beste. Liburuan azaltzen diren “emakumearen” auziari eta sexualitatearen eta generoaren arteko harremanari buruzko formulazioetako batzuek ere beren bidea egin zuten bai jurisprudentzia feministan bai eremu juridiko ez-diskriminatzailearen lan akademikoan, Vicki Schultz, Katherine Franke eta Mary Jo Frug-en obran.
Nik ere berriz hausnartu behar izan ditut Gender Troublen azaldu nituen zenbait jarrera, nire konpromiso politikoen ondorioz. Liburuan, “unibertsaltasunaren” aldarrikapena esklusibotasun negatibo eta baztertzaile gisara ulertzera jo izan nuen. Alta, konturatu naiz terminoak erabilera estrategiko garrantzitsua duela, hain zuzen, kategoria ez-funtsezko eta zabal gisara; horretaz ekintzaile talde zoragarri batekin lan egin nuenean ohartu nintzen, hasieran zuzendaritzako kide nintzela eta gero Gay eta Lesbianen Eskubide Zibilen Batzordeko buruzagi (1994-1997), zeinak eskubide zibilen inguruko askotariko kontutan gutxiengo sexualak ordezkatzen baititu. Orduan ulertu nuen nola unibertsaltasunaren baieztapena proleptikoa eta performatiboa izan daitekeen, oraindik existitzen ez den errealitate bati deitzen dio, eta alde batera uzten du artean elkartu ez diren zeruertz kulturalen aldiberekotasunerako aukera. Horrela, bada, unibertsaltasunaren beste ikuspuntu batera heldu nintzen, zeinak etorkizunari zuzentzen zaion itzulpen kulturaleko zeregin gisara definitzen baitu unibertsaltasun kontzeptua. Orain dela gutxiago, teoria politikoarekin eta, beste behin ere, unibertsaltasunaren kontzeptuarekin lotu nahi izan dut nire lana, Ernesto Laclau eta Slavoj Zǐzěkekin elkarlanean idazten ari naizen liburu batean, hegemoniaren teoriari eta horrek ezker ekintzaile teorikoan dituen ondorioei buruzkoa (Verso argitaletxeak kaleratuko du, 2000. urtean).
Nire pentsamenduaren beste dimentsio praktiko bat psikoanalisiarekin harremanean azaleratu da, psikoanalisia sektore akademikoan zein klinikoan ulertuta. Gaur egun, terapeuta psikoanalitiko progresista talde batekin nabil lanean, aldizkari berri batean, Studies in Gender and Sexuality, zeinak lan kliniko eta akademikoa sexualitatearen, generoaren eta kulturaren inguruko auziei buruzko eztabaida oparo batera eraman nahi baitu.
Gender Troublen kritikariek nahiz lagunek testuaren estiloaren zailtasuna azpimarratu dute. Ezbairik gabe, bitxia da (eta batzuentzat amorragarria) erraz kontsumi ezin daitekeen liburu bat estandar akademikoen arabera “arrakastatsua” izatea. Horrek sortzen duen ustekabea, agian, irakurlea gutxiestetik dator, erronka diren testu konplexuak irakurtzeko irakurlearen gaitasuna eta desira gutxiestetik, betiere konplexutasuna doakoa ez denean, desafioak balio duenean segurutzat jotzen diren egiak zalantzan jartzeko, eta egia horiek, hain zuzen, segurutzat jotzea zapaltzailea denean.
Iruditzen zait estiloa lur labainkorra dela, eta ez dela inondik inora guk eta ez beste inork kontzienteki aurreikusten ditugun helburuen arabera aukeratzen eta kontrolatzen dugun zerbait. Fredric Jamesonek argi eta garbi azaldu zuen hori Sartreri buruzko lehen liburuan. Noski, estiloak landu daitezke, baina erabiltzen ditugun estiloak ez dira erabat norberaren aukerazkoak. Gainera, gramatika eta estiloa ez dira politikoki neutralak. Diskurtso ulergarria gidatzen duten arauak ikastea hizkuntza normalizatua buruan sartzea da, eta horrekin ez konformatzeko ordaindu beharreko prezioa ulergarritasunaren galera bera da. Hala gogorarazi zidan Adornoren tradizioari segitzen dion Drucilla Cornellek: sen onak ez du erradikaletik deus. Errotikako ikuspuntuak adierazteko biderik onena onartutako gramatika dela pentsatzea akatsa litzateke, gramatikak pentsamenduari, alegia, pentsagarriari berari inposatzen dizkion mugei erreparatzen badiegu. Hala ere, batzuei benetan gogaikarri zaizkie gramatika desitxuratzen duten edo zentzu proposizionalaren subjektua-aditza araua inplizituki zalantzan jartzen duten formulazioak. Irakurleei neke handiagoa ematen diete, eta batzuetan, formulaziook eskatzen dietenagatik irakurleak mindu egiten dira. Bidezkoa al da mindutako horiek “hizkera tolesgabea” eskatzea, edo kontsumitzaile gisa duten bizitza intelektualaren aurreikuspenetatik sortzen da kexa hori? Hizkuntza-zailtasun esperientzia horietatik lortzen ahal da, agian, balioren bat? Monique Wittigek argudiatu bezala, generoa bera gramatika arauen bidez naturalizatzen bada, generoa sortzen den gramatika ukatzeak ekarriko du, hein batean, generoaren bestelakotzea, maila epistemiko funtsezkoenean.
Argitasunaren aldeko aldarriak ahantzi egiten ditu ikuspuntu ustez “argia” sustatzen duten amarruak. Avital Ronellek gogora dakar Nixonek nazioaren begietara begiratu eta zera esan zuen unea: “zerbait argi eta garbi esanen dizuet”, ondoren gezurra esateari ekiteko. Zer ezkutatzen da “argitasun” zeinuaren atzean, eta zein izanen da errezelo kritiko jakin batzuk ez azalerazteko ordaindu beharreko prezioa, argitasunaren etorrera iragartzen denean? Nork asmatzen ditu “argitasun” protokoloak eta noren interesei egiten diete mesede? Zer uzten dugu kanpoan komunikazio ororen nahitaezko irizpidetzat gardentasunezko estandar elizkoiak temati hartzen direnean? Zer ezkutatzen du “gardentasunak”?
Hazten ari nintzen garaian bertan zerbait ulertu nuen generoaren arauen indarkeriari buruz: anatomikoki gorputz anomaloa zuelako, osaba bat espetxeratu zuten, familia eta lagunengandik apartatu eta Kansaseko larreetan zegoen “institutu” batera bizitza osorako kondenatu zuten; lehengusu gayak etxetik alde egitera behartu zituzten, beren benetako nahiz irudikatutako sexualitatea zela-eta; neure aitortza publikoak hautsak harrotu zituen, 16 urte nituela, eta ondoren, helduaroan, halakoa izan zen panorama, galdutako lan, amorante eta etxe guztiekin. Horrek gogor kolpatu eta kondenatu ninduen, baina, zorionez, ez ninduen geldiarazi plazeraren bilatzean eta nire bizitza sexualaren aitortza legeztatzeko aldarrikapenean. Zaila izan zen indarkeria hori identifikatzea, hain zuzen, generoa segurutzat jotzen eta, aldi berean, bortizki zaintzen zelako. Aurresuposatzen zen generoa ezein giza ekintzak aldatu ezin zuen sexuaren adierazpen naturala edo ezaugarri kulturala zela. Bizitza baztertuaren indarkeriari buruzko zerbait ere ulertu nuen, “bizitza” izendatzen ere ez den horrena, zeinak, espetxeratzen bada, bizitzaren gabetzea edo heriotza-epai etengabea baitakar. Uste dut liburuan generoa “desnaturalizatzeko” ahalegin tematia desira indartsu batetik sortzen dela, bai sexuaren morfologia idealek inplikatzen duten indarkeria arauemailea ezeztatzeko desiratik, bai sexualitateari buruzko ohiko diskurtso akademikoetan oinarritzen diren heterosexualitate natural edo ustezkoaren inguruko suposizio zapaltzaileak ezabatzeko desiratik. Desnaturalizazio horri buruz idazteko arrazoia ez zen bakarrik izan hizkuntzarekin jolasteko nahia edo teatrozko pailazokeriak “benetako” politikari lehenesteko nahia, zenbait kritikarik hala adierazi badute ere (antzerkia eta politika beti bereizirik baleude bezala). Bizitzeko desiratik sortu zen, bizitza posible egiteko eta “posiblea” bere horretan hausnartzeko desiratik. Nolakoa zatekeen mundua nire osabarentzat, senideak, lagunak edo bestelako harreman motarik ondoan izan balu? Nola berrazaldu behar ditugu pertsonengan eragina duten muga morfologiko egokiak, arautik aldentzen diren horiek bizi arteko heriotzara kondenatu ez ditzaten?
Zenbait irakurlek galdetu dute ba ote dagoen arrazoirik Gender Troublek generoaren aukerak zabaltzea nahi izateko. Zera galdetzen dute: zer helbururekin sortzen dira generoaren konfigurazio berri horiek, eta nola ezberdintzen ahal ditugu? Galdera horrek, gehienetan, aldez aurreko premisa bat du, hots, testuak ez duela aurkezten pentsamendu feministaren dimentsio preskriptiborik edo arauemailerik. Bistan denez, elkargune kritiko horretan, “arauemailek” bi adiera ditu, behintzat, maiz erabiltzen dudan hitza baita, generoaren ideal jakin batzuek darabilten indarkeria mundutarra deskribatzeko asmoz, batez ere. “Arauemaile” erabili ohi dut “generoa gobernatzen duten arauei dagokiona” zentzuan. Baina “arauemaile” kontzeptua justifikazio etikoari ere badagokio, nola ezarri den eta zer ondorio zehatz dituen. Gender Troublek galdera kritiko hau egiten zuen: nola ekiten diogu generoa bizitzeko moduari buruzko epaiak emateari, hemen azaldu ditugun deskribapen teorikoetan oinarrituta? Ez da posible generoaren molde “arauemaileei” uko egitea aldi berean mundu generoduna izan beharko zukeenari buruzko ikuspegi arauemaile jakin bat eman gabe. Alta, adierazi nahi dut testu honetako ikuspegi arauemaile positiboak ez duela hartzen eta ezin duela hartu forma preskriptiborik, hala nola: “irauli dezagun generoa esaten dudan gisan, eta bizitza ona izanen da.”
Halako baieztapenak egiten dituztenek edo generoaren adierazpen subertsiboaren ala ez subertsiboren artean erabakitzeko prest daudenek deskribapen batean oinarritzen dituzte beren epaiak. Generoa modu honetan edo beste horretan agertzen da, diote, eta orduan, epai arauemaile bat egiten dute itxura horiei buruz eta dirudien hori oinarritzat hartuta. Baina, zerk baldintzatzen du generoaren beraren itxuren eremua? Tentagarria izan liteke honako bereizketa hau egitea: generoaren azalpen deskriptibo batek generoa ulergarri zerk egiten duen azaltzen du, besteak beste, bideragarritasun-baldintzen inguruko azterketa bat egiten du; azalpen arauemaile bat, ordea, generoaren zer adierazpen diren onargarriak eta zeintzuk ez galderei erantzuten saiatzen da, eta horretarako, adierazpen horiek aipatu moduan ezberdintzeko arrazoi sendoak ematen ditu. Alta, “zer ezaugarritzen da genero hitzarekin?” galderak berak botere eragiketa nagusiki arauemailea baiesten du, hots, “zer gertatuko da” esaldiaren eragiketa iheskor bat “zer gertatzen da” izenburupean. Horrela, bada, generoaren alorraren deskribapena bera ez da inolaz ere eragiketa arauemailearen galdera baino lehenagokoa, eta ezin da eragiketa horretatik bereizi.
Ez dut asmorik epaiak emateko subertsiboa ez-subertsibotik bereizten duenari buruz. Epai horiek testuingurutik kanpo eman ezin direla pentsatzeaz gain, epaiok luzaroan irauteko moduan ezin egin daitezkeela uste dut (“testuinguruak” berez dira denbora-aldaketak dituzten eta funtsezko batasun eza agerian uzten duten unitate postulatuak). Metaforek, denborarekin kontzeptu gisara sendotzean, metaforikotasuna galtzen duten bezala, errepikatzearen errepikatzeaz ekintza subertsiboek klixe ahul bihurtzeko arriskua dute, eta are gehiago merkantzia-kultura batean errepikatzen badira, non “subertsioak” merkatu balioa baitakar. Subertsiboaren irizpidea izendatzeko ahalegin orok porrot eginen du, eta hala behar du izan. Beraz, zer dago jokoan termino hori erabiltzean?
Oraindik ere gehien kezkatzen nauen auzia mota honetako galderak dira: zerk osatuko du bizitza ulergarri bat eta zerk ez, eta nola erabakitzen dute aurretiaz genero arauemaileari eta sexualitateari buruzko aurresuposizioek zer izendatuko dugun “gizatiar” eta “bizigarri”? Bestela esanda, nola funtzionatzen dute genero arauemailearen aurresuposizioek gizatiarrari buruz dugun deskribapenaren eremua bera mugatzeko? Zer bidek erakutsiko digu botere zedarritzaile hori, eta zer bidek ahalbidetuko digu hori eraldatzea?
Generoaren dimentsio eraikia eta performatiboa azaltzeko Gender Troublek darabilen trabestismoaren inguruko eztabaida ez da, egia esan, subertsio eredu bat. Hanka sartzea litzateke ekintza subertsiboaren paradigmatzat edo, baita ere, ekintza politikoaren eredutzat hartzea. Auzia aski bestelakoa da. Norberak uste badu gizon bat ikusi duela emakume gisara jantzita, edo emakume bat gizon gisara, pertzepzio horietako bakoitzaren lehenengo terminoa hartzen ari da norbera generoaren “errealitatetzat”: konparazioaren bidez sartzen den generoak “errealitatea” du faltan, eta irudipenezko figura da. Pertzepzio horietan, non itxurazko errealitate bat irrealtasun batekin lotzen baita, uste dugu badakigula zein den errealitatea, eta generoaren bigarren itxura hori artifizio huts, jolas, faltsukeria eta ilusiotzat jotzen dugu. Baina, zein da pertzepzioa modu horretan oinarritzen duen “generoaren errealitatearen” zentzua? Agian uste dugu badakigula zein den pertsonaren anatomia (batzuetan ez, eta segur aski ez genion erreparatuko deskribapen anatomikoaren mailan dagoen aldaerari). Apika, pertsona horrek daramatzan arropetatik ondorioztatzen dugu jakintza hori, edo arropak erabiltzeko modutik. Hori jakintza naturalizatua da, nahiz eta zenbait inferentzia kulturaletan oinarritzen diren, inferentzia horietako batzuk arras okerrak izanagatik ere. Egiaz, adibidea trabestismotik transexualitatera eramaten badugu, ezin izanen dugu anatomia egonkorraren inguruko epaia ondorioztatu gorputza estaltzen eta osatzen duten arropetatik abiatuta. Gorputz hori ebakuntza aurrekoa, bitartekoa edo ondokoa izan daiteke; gorputza “ikusteak” ere ezin diezaioke, agian, galderari erantzun, zeren eta zein kategoriaren bitartez ikusten dugu? Gure ohiko pertzepzio kultural serioek huts egiten duten unean, ikusten dugun gorputza ziurtasunez interpretatu ezin dugun unean, orduan da, hain zuzen, aipatu gorputza gizonarena edo emakumearena ote den segur esan ezin daitekeen unea. Kategorien arteko zalantzak berak osatzen du aipatu gorputzaren esperientzia.
Kategoria horiek kolokan jartzen direnean, generoaren errealitatea ere krisian sartzen da: erreala eta irreala bereizten zituen muga dagoeneko ez dago argi. Eta orduan dugu aukera jabetzeko “errealtzat” hartzen dugun hori, generoaren ezagutza naturalizatu gisara ikusten dugun hori, errealitate aldakorra eta berriz hausnartzekoa baino ez dela. Subertsiboa edo beste edonola deitzen ahal dugu. Nahiz eta ideia horrek, bere horretan, ez dakarren iraultza politiko bat, ez da posible iraultza politikorik posibleari eta errealari buruz dugun ikusmoldea goitik behera aldatu gabe. Batzuetan, gainera, aldaketa hori jardun jakin batzuen ondorio da; jardunok beren teorizazio esplizituaren aurretik daude, eta gure funtsezko kategoriak berriz hausnartzera bultzatzen gaituzte: zer da generoa, nola sortzen eta birsortzen da, zer aukera ditu? Horrela, bada, generoaren “errealitatearen” eremu egonkor eta objektu bihurtua bestelakoa izan zitekeen eremutzat hartzen da; zehazki, ez hain bortitza izan zitekeen eremutzat.
Liburu honen xedea ez da trabestismoa egiazko eta ereduzko genero baten adierazpentzat aurkeztu eta laudatzea (hala ere, garrantzitsua da noizbehinka agertzen zaigun trabestismoaren gutxiespenari uko egitea), baizik eta argi uztea generoaren ezagutza naturalizatua errealitatearen lehentasunezko zedarritze bortitz gisara gauzatzen dela. Genero arauek (dimorfismo ideala, gorputzen osagarritasun heterosexuala, maskulinitate eta feminitate egoki eta desegokiaren arau eta idealak, zeinetatik asko baitira araztasunaren arraza-kodeen eta mestizajearen aurkako tabuen ondorio) zehazten duten heinean zer izanen den ulergarriki gizatiarra eta zer ez, zer sartuko den “errealitatearen” zakuan eta zer ez, ezarriko dute eremu ontologikoa, non gorputzei bidezko adierazpenak eman ahalko baitzaizkie. Gender Troublen zeregin arauemaile positiborik bada, hau da: nabarmentzea bidezkotasun hori zabaldu egin behar dela faltsutzat, irrealtzat eta ezin ulertuzkotzat jo izan diren gorputzetaraino. Trabestismoa adibide bat baino ez da, adierazteko “errealitatea” ez dela orokorrean pentsatu ohi dugun bezain finkoa. Adibide horrekin, generoaren “errealitatearen” hauskortasuna bistan utzi nahi da, genero arauek darabilten indarkeriari aurre egiteko.
Testu honetan, beste batzuetan egin bezala, saiatu naiz ulertzen zer izan daitekeen ekintza politikoa, zeren eta ezin baita bereizi ekintza hori ondorio den boterearen dinamiketatik. Performatibitatearen errepikatzeko ahalmena ekintza-gaitasunaren teoria bat da, bere posibilitatearen beraren baldintza gisara boterea ukatu ezin duen teoria. Liburuak ez du performatibitatea bere dimentsio sozial, psikiko, korporal eta tenporalen arabera aski azaltzen. Nolabait, hutsune hori betetzeko nahia hurrengo argitalpen anitzen ardatz izan da, egin dizkidaten hamaika kritika bikainei erantzunez.
Beste hainbat kezka sortu dira liburu honen inguruan azken hamarkadan, eta beste argitalpen batzuekin saiatu naiz horiei erantzuten. Gorputzaren materialtasunak betetzen duen lekuari buruzko ikuspuntua Bodies that Matter libururako hausnartu eta berrikusi nuen. Azterketa feministek “emakumeen” kategoria beharrezkoa ote duten galderaren inguruko usteak zuzendu eta garatu ditut “Contingent Foundations” testuan, zeina Joan W. Scottekin batera editatu nuen Feminists Theorize the Political (Routledge, 1993) liburuan eta hainbat autorek sinaturiko Feminist Contentions (Routledge, 1995) izenekoan kaleratu baitzen.
Ez dut uste postestrukturalismoak idazketa autobiografikoaren heriotza adierazten duenik, baina agerian uzten du, hori bai, “nia” hizkuntzaren bidez adierazteko zailtasuna; izan ere, zuk irakurtzen duzun “ni” hori hizkuntzan pertsonen baliabideak arautzen dituen gramatikaren ondorio da. Ez nago eraikitzen nauen hizkuntzatik kanpo, baina “ni” hori posible egiten duen hizkuntzak ere ez nau baldintzatzen. Hori da auto-adierazpenaren harremana, horrela ulertzen dut nik. Esan nahi duena da ez naizela zure aurrean sekula agertuko elkarrekin egotea ahalbidetzen duen gramatikatik bereizirik. Gramatika hori zeharrargitzat hartzen badut, orduan ezinen dut nabarmendu preseski ulergarritasuna egonkortzen eta ezegonkortzen duen hizkuntzaren esfera hori, eta hala balitz, nire proiektua, hemen irakurlearentzat azaldu dudana zapuztuko nuke. Ez dut zaila izan nahi, baizik eta zailtasun bat agerian utzi, zailtasun hori gabe ezin baita inolako “nirik” agertu.
Zailtasun horrek dimentsio jakin bat hartzen du ikuspegi psikoanalitikotik begiratzen badiogu. Hizkuntzan “niaren” iluntasuna ulertzeko egin ditudan saiakeretan, psikoanalisira hurbiltzeko joera izan dut Gender Trouble argitaratu nuenetik. Esanen nuke psikearen teoria boterearen teoriatik polarizatzeko ahalegin ohikoak kontrako eragina duela, zeren eta generoaren molde sozialak zapaltzaileak baitira, hein batean, sortzen dituzten zailtasun psikikoen ondorioz. Foucault eta psikoanalisia batera zer kasutan pentsa daitezkeen hausnartu nahi izan nuen The Psychic Life of Power (Stanford, 1997) liburuan. Psikoanalisia erabili izan dut, halaber, performatibitatearen ikuspuntuak noizean behin hartu ahal izan duen boluntarismoari gainjartzeko, horrek ekintzaren teoria orokorrago bat ahultzen utzi gabe, betiere. Gender Troubleri egin dizkioten interpretazio batzuek diote generoa asmakuntza propio hutsa dela edo aurkezpen generodun baten esanahi psikikoa zuzenean bere kanpoaldearekin interpretatu ahal dela. Bi jarrera horiek urteekin zehaztu behar izan dira. Gainera, batzuetan, nire teoria performatibitatea zerbait linguistikoa dela esatearen eta teatraltzat hartzearen artean dabil, joan-etorrian. Azkenean, ondorioztatu dut bi interpretazioak nahitaez loturik daudela, kiasmo bidez edo, eta hizkuntza-ekintza botere-eredu gisara berradierazteak bi noranzkoetan jartzen duela arreta, bai antzerki bai hizkuntza dimentsioetan. Excitable Speechen arrazoitu nuen diskurtso-ekintza aldi berean dela zerbait egina[1] (beraz, teatrala, jendaurrean aurkezten dena eta interpretazio mende dagoena) eta zerbait linguistikoa, eta solas linguistikoekin duen lotura inplizituaren bidez efektu multzo bat sortzen duela. Diskurtso-ekintzaren teoria linguistiko bat gorputzaren keinuekin nola erlazionatzen den jakin nahi badugu, aski da kontuan hartzea diskurtsoa bera ondorio linguistiko zehatzak dituen gorputz-ekintza dela. Horrela, bada, diskurtsoa ez da gorputz adierazpenarena ala hizkuntzarena bakarrik, eta diskurtsoaren hitza eta ekintza izaera nahitaez da anbiguoa. Anbiguotasun horrek eragina du homosexualitatearen aitortza publikoaren praktikan zein hizkuntza-ekintzaren botere matxinoan, eta eragina du, baita ere, hizkuntzan, bai gorputz bidezko sedukzioaren bai min egiteko mehatxuaren baldintzatzaile gisa.
Orain liburu hau berridatzi beharko banu gaurko egoerara ekarriz, transgeneroari eta sexuartekotasunari buruzko hausnarketa bat gehituko nioke, eta azalduko nuke bi diskurtso motetan genero dimorfismo ideala nola gauzatzen den eta zeintzuk diren gai horiek kirurgia ebakuntzarekin dituzten lotura anitzak. Arrazazko bihurturiko sexualitatearen inguruko eztabaida bat ere gehituko nioke, eta, zehazki, azalduko nuke mestizajearen (eta arrazen arteko sexu-harremanen erromantizazioaren) aurkako tabuak funtsezkoak direla generoak hartzen dituen molde naturalizatu eta desnaturalizatuentzat. Espero dut gutxiengo sexualek identitate kategoria sinpleak gaindituko dituen koalizioa osatuko dutela, bisexualitatearen estigma bertan behera utziko duen eta gorputz-arau baztertzaileek ezartzen duten bortizkeriaren aurka borrokatu eta hura desegingo duen koalizioa. Nahiko nuke halako koalizio batek oinarri izatea bai sexualitatearen konplexutasun menderaezina bai botere diskurtsibo nahiz instituzionala duten hainbat dinamikatan sexualitateak duen inplikazioa. Ez nuke desioko, gainera, inork berehala hierarkiari boterea murriztu eta horren dimentsio politiko emankorrei uko egin nahi izatea. Jakin badakit gutxiengo sexual bateko kide izateagatik aintzatespena jasotzea eginkizun zaila dela legearen, politikaren eta hizkuntzaren diskurtso menderatzaileen baitan, baina oraindik ere uste dut aintzatespen hori bizirauteko behar-beharrezkoa dela. Identitateak kontra egiten diogun boterearen tresna bihurtzeko duen aukerak beti mehatxatuko du identitate kategoriak mobilizatzea, politizazioa helburu. Hori ez da, ordea, identitatea ez erabiltzeko arrazoi bat, ezta identitateak gu ez erabiltzeko arrazoia ere. Ez da botereak purifikatutako jarrera politikorik, eta, agian, ezpurutasun horrek berak sortzen du ekintza gaitasuna, erregimen arautzaileen balizko etenaldi eta erabateko aldaketa gisa. Alta, “irrealtzat” jotzen diren horiek errealari eusten diote oraindik ere, adostasunez eta zinez eutsi ere, eta ezusteko performatibo horrek hil ala biziko ezegonkortasuna sortzen du. Beraz, liburu honek xede zuen talde-borroka baten bizitza kulturalaren atal izatea; talde-borroka horrek nolabaiteko arrakasta zuen, eta jarraituko du izaten, bazter sexualetan bizi edo bizitzen saiatzen diren horiek bizitza bizigarria lortzeko aukerak hobetzeko borrokan.
Judith Butler
Berkeley, Kalifornia
1999ko ekaina
[1] Jatorrizkoan performed, “antzeztu” eta “egin” adierak dituena, besteak beste.
Hitzaurrea osorik, hemen: Butler
Ibai Atutxa
2012-07-30
Eskerrik asko! Justo honen bila nengoen eta ezin aurkitu ibili naiz. Azken boladan, estilo kontuak konplikatuegi iruditzeagatik irakurri ditudan kritika batzuen harira Butlerrek hemen aipatzen dituenak oso argigarriak iruditzen zaizikt. Batez ere zera dioenean:
– Gender Troublen kritikariek nahiz lagunek testuaren estiloaren zailtasuna azpimarratu dute.
– irakurlea gutxiestetik dator, erronka diren testu konplexuak irakurtzeko irakurlearen gaitasuna eta desira gutxiestetik, betiere konplexutasuna doakoa ez denean,
– estiloak landu daitezke, baina erabiltzen ditugun estiloak ez dira erabat norberaren aukerazkoak. Gainera, gramatika eta estiloa ez dira politikoki neutralak.
– Ikuspuntu erradikalak adierazteko biderik onena onartutako gramatika dela pentsatzea akatsa litzateke, gramatikak pentsamenduari, alegia, pentsagarriari berari inposatzen dizkion mugei erreparatzen badiegu.
– Argitasunaren aldeko aldarriak ahantzi egiten ditu ikuspuntu ustez “argia” sustatzen duten amarruak. […] Zer ezkutatzen da “argitasun” zeinuaren atzean […] Zer uzten dugu kanpoan komunikazio ororen nahitaezko irizpidetzat gardentasunezko estandar elizkoiak temati hartzen direnean? Zer ezkutatzen du “gardentasunak”?
Garazi
2012-07-31
Pozten naiz, Ibai, baliagarri izan bazaizu. Bai, blog honetan behin baino gehiagotan egin dugu errazkeriaren kontra, doakoa denean, estilo kontua edo berariaz eta irakurleari murtxikatuta emateko ez beste arrazoi bat ez denean, jakina. itzulpenean ere gertatzen da halakorik; entzun izan dugu euskaraz sortzen den literatura, orokorrean, aski “erraza” dela estilo, sintaxi edota idazkera aldetik, eta horrek on baino txar egin duela irakurleengan, joera hori ez duten beste hizkuntzen, kulturen edo norbanakoen testuak euskaratzen direnean “zailtzat” jotzen direlako, eta horrela etiketatzen dira itzulpen guztiak, jatorrizkoari erreparatu gabe, izan Chinua Achebe izan Annie Ernaux izan beste edonor. Ondorioz, errezeloa sortzen da itzulpenekiko. Nik ez dut gaia hainbeste kontrolatzen euskaraz sortzen den literaturaren erraztasun maila neurtzeko, nahiz eta badudan horren inguruko susmoa. Iruditzen zait, hizkuntzaren berezitasunak uzten digun neurrian, jatorrizkoaren molde idiosinkrasikoak gordetzeko ahalegina egin beharko litzatekeela, eta horretarako euskara pixka bat bortxatu behar bada, ba aurrera. Baina bada itzultzaile eskarmentatu aunitz uste horren aurka eginen lukeenik, batez ere irakurleek atzera egin dezaketela eta itzulpenek ere sortutakoarekin bat egin behar duela aurgudiatzen dutelako, euskal literatur sistemaren koherentziaren alde; ulertzen dut haien jarrera, oraingoz, guztiz bat ez banator ere. Saiakeran uste dut edukiari emanen niokela garrantzia, hori bai, jatorrizkoa erraztera jo gabe. Butlerek idazketaren argitasunaren inguruan teorian dioena praktikan aplikatzen du sikiera, ikusi beharko hemen hitz eta pitz iritziak botatzen gabiltzanok, nik neuk, alegia, koherentziaz jokatuko genukeen… Nahi arte, Ibai!
Garazi
2012-07-31
Nahi duenarentzat, bi zatitan eman dugun Butleren hitzaurrea PDFn jarri berri dugu post honetan bertan, bukaeran. Irakurleak itzulpenaren inguruan aholkurik edo zuzenketarik badu, itzultzaileak eskertuko dizkio ekarpenak.