Erbestea itzultzen

urria 8, 2012 @


barcelona-map

“Es en la literatura donde encontramos la huella profunda de la incurable herida que marcó aquel exilio tan largo, aquel destierro que resultó ser permanente”

Carlos Blanco Aginaga

Ostiralean “Translation Zones, Translation Cities” hitzaldira joateko aukera izan genuen, Gasteizeko Letren Fakultatean Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldeak antolatutako sinposiora. Aiora Jaka itzultzaile eta irakasleak egin zituen antolatzaile eta gidaritza lanak. Iñigo Roquek bere blogean iragarri bezala, hitzaldi interesgarriaren kronikarekin gatozkizue.

Helena Buffery izan zen lehena, “Exile in Translation” hitzaldiarekin. Jakak azaldu zuenez, Cork unibertsitateko irakasle diharduen Bufferyk hizkuntza minorizatuetatik eta minorizatuetara egindako itzulpenak izan ditu urtetan ikergai, identitatea, boterea eta inperialismoa gisako gaiak landu ditu eta azkenaldian antzerkia aztertzen dabil, itzulpenaren ikuspegitik, betiere. Hitzaldian, Espainiako gerra zibilaz geroztik erbesteratutako errepublikanoengan itzulpenak izan duen tokia izan zuen Bufferyk hizpide. Izan ere, 1939tik aurrera, batez ere, espainiar estatuko diaspora izugarrizkoa izan zen, eta horrek, nahitaez, hizkuntza eta kultura aniztasuna ekarri zuen, batez ere erbesteratuak gaztelera ez zen beste hizkuntza baten jabe zirenean.

Gai hori ez da sistematikoki landu, baina Bufferyk beste azterketa batzuen bidez jorratu ditu. Haren esanetan, oso arreta gutxi jarri izan zaio itzulpenari erbeste errepublikanoaren inguruko azterketa berrietan, bereziki ditugun ereduak narratiba nazionalei eta literatur historiografia elebakarrari lotzen zaizkielako, erbesteko subjektibitateen inpaktu transnazionala aztertu beharrean.

Eztabaida teoriko garrantzitsuenak aipatu zituen ondoren. “Mobility Studies” izenekoa azaldu zuen aurrena, Stephen Greenblattek Cultural Mobility (Cambridge, 2009) liburuan aipatua, kontingentzia kontzeptuarekin batera. Bufferyren ustez, ordea, horrek ez ditu hizkuntzak kontuan hartzen, hain beharrezkoak direnak erbestearen eta identitatearen eremuak ikertzerakoan. Beste hainbat autore eta obra[1] aipatu zituen, baina agian interesgarriena itzulpen-eremuaren (translation zone) kontzeptuaren Emily Apteren 2006ko formulazioa da.

Halere, Bufferyren arabera espainiar erbesteratuen lanak ez dira ikuspegi kosmopolita horietatik ikertu zenbait arrazoi direla medio. Hasteko, Frankoren erregimena hasieran nazioartean gaitzetsia izan bazen ere, komunismoa indartzen joan zen heinean, herrialde kapitalistek onargarriagotzat jo zuten Espainiako egoera eta bertatik ihes egindako ezkerreko idazle erbesteratuak baztertu zituzten (Frantzian zenbait salbuespen egon arren). Bigarrenik, hor sartzen da, baita ere, ikusgarritasunaren eta ikusgarritasun ezaren arteko auzia, gatazka batek itzulia izateko ikusgarria behar baitu izan. Izan ere, penintsulan zegoenarekin alderatuta, diasporaren ekoizpena handia izan arren, ez zuen ikusgarritasunik jaso. Azkenik, diktadurako lehenengo hamarkadetan, penintsulara lotuta jarraitzen zuten erbesteratuek, eta, beraz, itzulpena ez zen hain nabarmena, sorterrirako idazten baitzuten. Erbesteari buruz idazten zen batez ere, bestelako istorioak alde batera utziz. Itzulpena bigarren mailako zeregintzat hartzen zen, bazterreko zerbait eta lan faltaren seinale zen, bizirauteko zerbait, antzerkia idaztea bezala. Horrela, bada, itzulpenetan nahiz idatzietan ez dago kultur artekotasunari erreferentzia askorik.

Hain zuzen ere, arrazoi horiengatik da esanguratsua erbesteratuen bigarren belaunaldiak egindako lanak ikertzea, hots, erbesteratuen seme-alabek, identitatean fenomenoak zer leku duen ikusteko.

Bufferyk azaldu zuenez, 1970eko hamarkadaz geroztik arlo honetako ikerketak ugariagoak dira, itzulpena berridazketa eta birsortze gisara aztertzen dutenak. Ikuspuntua ere aldatu da; esaterako, berak Hamlet obra katalanez aztertu duenean, ez du pasarte edo gai politikoetan arreta handiagoa jarri, baizik eta neutralagoak diruditen baina itzulpen eremuaren, manipulazioaren eta erbestearen auzia berdin edo hobeki islatzen duten testuetan.

Bi mikroistorio

Erbestean itzultzeak eta erbestearen itzulpenak duten efektua aztertzeko, hainbat eremuri erreparatu behar izan diola azaldu zuen Bufferyk: erbesteratutako errepublikanoen itzulpen jardunaren azterketa enpirikoa; erbestean eta jatorrian eginiko itzulpenen alderaketa, batez ere bi merkatuek elkarri nola eragiten dioten; penintsulako beste hizkuntzetara eginiko itzulpen jarduna; itzulpen politikoa eta politikaren itzulpena, nor itzuli den beste hizkuntzetara; kanon paraleloen itzulpena eta sorkuntza; itzulpena bizibide modura; mikrohistoriak; itzulpena hezkuntzan; generoa eta itzulpena, bereziki 40ko urteetan emakumeek eginiko itzulpenen ikusgarritasun eza; itzulpen postkoloniala eta berridazketa; eta auto-itzulpena, besteak beste. Itzulpena mugen eta erbestearen metafora esanguratsua bihurtu zela adierazi zuen Bufferyk.

Bukatzeko, bi ikerketa kasu, bi mikroistorio aipatu zituen hizlariak, norbanakoen ibilbideak baitira berari gehien interesatzen zaizkionak. Lehena, José García Lorari buruzkoa, gerra zibilaren bukaeran Erresuma Batura joan zen erbesteratua. Idazlea antzerkigintzan aritu zen batez ere, besteak beste, “La Barraca” izeneko taldean. Birminghamen ikasi zuen beka baten bitartez, eta espainiar estatuko Urrezko Aroko antzerkiaren inguruko tesia egin zuen; horretarako, gazteleratik ingelesera obra bat itzuli behar izan zuen. Izan ere, garaian Erresuma Batuan ez zegoen itzulpen-eremurik, eta Bufferyren ustez, García Lorak irakurle molde bat sortu zuen bere itzulpenetarako, erabilitako hizkuntza jaso eta shakespearetarragatik.

García Lorak Marlowe eta beste autore klasiko britainiarren hainbat lan itzuli zituen gaztelaniara eta autoitzulpenean ere jardun omen zen. Dena den, autoitzulpena kasu honetan ez zetorren besterik gabe irakurle-eremua zabaltzeko desiratik baizik eta frustraziotik, bere lana taularatua ikusteko ezintasunetik, Ingalaterran ezin baitzituen gaztelerazko lanak antzeztu. Halaber, zenbait lan zuzenean inglesez sortu zituen. Bufferyren esanetan, García Lora itzulpen-eremu bat sortzen saiatu zen, eta hortik interesa.

Azkenik, Maruxa Vilaltaren inguruan mintzatu zitzaigun; bigarren belaunaldiko autorea da eta gurasoen erbesteratze bizipenez idazten du. Espainiar estatuan sortua baina Mexikon hezia da, eta bi herrialdeetako kanonek propiotzat hartzen dute. Sarri bigarren belaunaldiko autoreekin gertatzen den bezala, bi eremuetako ezaugarriak biltzen ditu Vilaltaren lanak. Itzulpengintzaren alorrean, besteak beste, aitaren idatziak gaztelaniaratu ditu eta autoitzulpenean ere aritu da, haatik, katalan izaera ukatzen du; esaterako, 1950 hamarkadako Diferència lana jatorriz gazteleraz idatzia eta beste norbaitek katalanerara ekarri zuela dio.

Vilaltak itzulpengintzarekin duen harremanetik aipagarriena Una voz en el desierto (Fce, 1991) lana da, zeinak San Jeronimoren bizitza kontatzen baitu. Arestian aipatu bezala erbesteratuak maiz itzultzaile aritzen ziren, halabeharrez sabela betetzeko. Lan horietako asko apur bat presaka eginikoak ziren, eta dedikazio gutxirekin, itzulpenaren marginaltasuna zela eta. Dena den, Vilaltaren lan hori bestelakoa da, kontu handiz aukeratu baitzituen ekarri beharreko pasarteak. Esanguratsuak dira San Jeronimoren bizitzatik azpimarratu nahi izan zituen aspektuak, hala nola, deserrian emandako garaia, genero berdintasunaren alde egindakoak eta izaera eleanitza eta kulturartekoa. Bufferyren ustez, itzulpenaren inguruko itzulpena da lan hori.

Hiriak itzulpen gune

“The deforming mirrors of Barcelona. Double languages and mixed messages” zuen izena bigarren hitzaldiak. Jakaren hitzetan, Sherry Simon quebectarrak itzulpena ikertu du kultur artekotasun, hibridazio, botere, postkolonialismo eta generoarekin harremanetan. Azken urteotan, hiriak itzulpen eremu gisara aztertu izan ditu, eta horren inguruko bi liburu ere plazaratu ditu: Translating Montreal (McGill-Queen’s University Press, 2006) eta Cities in Translation (Routledge, 2011).

Hasteko, hizlariak aipatu zuen ez zaiela liburuei bakarrik erreparatu behar, gauzei orokorrean itzulpen-ikuspuntu batetik begiratu behar zaiela beste hainbat gai aztertzeko, hizpide dugun erbestea eta historia hobeki ulertzeko kasu. Horrela, bada, Simonek hirietako bizimoldea aztertu nahi du itzulpenaren bidez. Izan ere, hiriak eleanitzak dira, eta “hala ez badira, ez dira hiri”. Interesgarri zaio, batez ere, hizkuntza bat baino gehiago jatorrizkoak diren hiriak, Montreal esaterako, non ingeles eta frantses hiztunek bere sentitzen baitute hiria. Hiri kolonizatuak ere halakoak dira, eta Kalkutaren adibidea jarri zuen, bai kolonoek bai indigenek bertako sentitzen baitira, nor bere hizkuntzaren bidez.

Alta, Simonen esanetan, Bartzelonako eleberrietan, hiri elebakar gisara aurkezten dute, hizkuntza autorearen araberakoa izanik, noski. Eguneroko bizitzari buruz aritzean bakarrik agertzen omen da beste hizkuntza horren aztarna, bitasun hori. Gaztelania hiztun autore anitzek ez dute katalana aipatu ere egiten, eta hori egin omen zitzaion bitxia, eleberrietan ez dagoela hizkuntza tentsioaren arrastorik, alegia. Izan ere, kanpotik, antzekotasun ikaragarria ikusten du berak katalanaren eta gaztelaniaren artean, nahiz eta barrutik bi mundu paralelo diren, bakoitza bere historia, kultura eta identitatearekin. Arroztasun eta hurbiltasun hori nabarmendu zuen.

Azaldu zuenez, bitasuna duten hirietan itzulpena gakoa da, baina zehaztu zuen itzulpenaren esanahia zabaldu behar dela, eta hor sartuko litzateke, beraz, itzulpen eza ere. Batzuetan, bi hizkuntza indartsu daudenean, saiatzen dira bata bestetik aldentzen, eta itzulpena errefusatzen dute.

1960ko hamarkadatik aurrera, itzulpena katalan identitatea berresteko modu bat izan zen. Montrealen eta Bartzelonaren artean antzekotasun handia dagoela esan zuen, identitatea taxutzeko itzulpena erabiltzeari dagokionez. Maria Aurèlia Capmany aipatu zuen, antifrankista, feminista eta idazle katalan entzutetsua. Itzulpen anitz egin zituen ingelesetik, italieratik eta frantsesetik. Woolf eta Beauvoirengandik jaso zuen bere idazkerak; elkarbidean ere aritu zen, miresten zituen obren transposizioak egin baitzituen. Prestigioa eman zion hizkuntza katalanari, eta itzulpena erabili zuen bere literatur sisteman aldaketak sortzeko. Simonen arabera itzulpenak bi funtzio mota nagusi izan ditzake: batetik “furthering” edo zabaltzea, zeinean itzulpena helburu hizkuntza aberasteko erabiltzen baita (hori da, hain zuzen, Capmanyk egindakoa); bestetik “distancing” edo urruntzea, non itzulpena erabiltzen baita jatorrizko eta helburu hizkuntzen arteko aldeak azpimarratzeko eta komunitateek beren identitate bereizia garatzeko.

Krimenezko fikzio asko idatzi da Katalunian, eta dualtasuna ageri da maiz katalan eta gaztelaniadunen artean, hizkuntza eta identitateen bitasun hori. Teresa Solana idazlea da horren adibide, metafora bidez dualtasun kontrajarria agerian uzten baitu. Alta, Simonek Carme Riera ikertu du batez ere, eta horri eskaini zion hitzaldiaren bigarren erdia. Rierak katalanez idazten du, eta bere obrak gaztelaniara itzultzen ditu; Bartzelona hiria darabil bitasunaren gaia lantzeko. Bitasun horrek susmoa, traizioa eta sekretutasuna sortzen du. Mon semblable, mon frère kontakizun laburra jarri zuen adibidetzat, Baudelaireri erreferentzia egiten dion izenburukoa. Ipuin horretan bi lagun idazle dira protagonistak, baina ez dago autorerik, lanak eta itzulpenak nahasten dira, baina ipuinak adierazten du nola gaztelaniaz idatzitako testuak katalanez funtzionatzen duten eta ez gaztelaniaz; itzulpena gailentzen da, beraz, balio berria hartzen du muga zeharkatzean.

Ipuina, ordea, bi poeta katalanengan du oinarria: gazteleraz idazten zuen Jaime Gil de Biedma eta katalanez egiten zuen Gabriel Ferrater. Simonek esan zuenez, bi poetek hizkuntza berean idatzi izan balute, poeta bera lirateke, tonua eta hizkera oso antzekoa baitzuten. Halako zerbait Bartzelona bezalako hirian baino gerta ez daitekeela azaldu zuen hizlariak, Montrealen ezinezkoa litzatekeela, hizkuntza komunitateak bereiziago daudelako.

Esan bezala, Rierak autoitzulpena egiten du, eta polemika handia sortu dute itzulpenek, testua aldatu duelakoan. Simonek beste bi itzulpen polemikoen berri eman zuen: bata Tagorerena, poesia itzuli baitzuen barkuan zihoala, mugimenduan, beraz, Kalkutatik Londresera bidean. Itzulpenean mendebaldea erakarriko zuen indiartasuna adierazi zuen; itzulpenarekin irabazi zuen Nobel Saria, irudi faltsu horretaz baliatuz, jatorrizkoari fidela izan gabe. Ondoren irudi hori ahal bezainbeste iraunarazi zuen. Bestea I.B. Singer izan zen, nobelduna, baita ere, Europatik AEBetara alde egin zuena; idatzi eta itzulpena gainbegiratzen zuen aldi berean, eta bi jatorrizko zituela aldarrikatzen zuen.

Autoitzulpenak traiziorako arriskua dakar Simonen iritziz. Rierak aldi berean idatzi eta itzuli egin izan du, kontzienteki; jardun bikoitza, beraz, idazlearen munduen bitasuna eta itzulpen espazioan batetik besterako mugimendua. Quebectarrak idazle postmodernotzat du Riera, eta dualtasun horrek zuzenean eragiten dio hiria bera definitzeko ariketan.

Azkenik, Simonek esan zuen harritzen zuela katalanek estatuan oihartzun handiagoa ez izatea, nazioartean badutela kontuan hartuta. Guk geuk aski argi ikusten dugu arrazoia, guztiz politikoa dena, baina hizlariek ez zuten horretan “busti” nahi izan. Euskal Herriko egoeraz galdetu zuten bukaeran, eta Atxaga atera zen, aldi berean idazten eta Asun Garikano emazteak itzultzen baititu obrak. Hizlariek ikergaiaren zabaltasun eta aniztasuna nabarmendu nahi izan zuten, han bildu ginenok ikertzera animatuz.

Esan behar dugu halako hitzaldi interesgarri gehiago egin beharko liratekeela fakultatean, eta eskertzen diogula Aiora Jakari ahalegina. Espero dugu hemendik aurrera Letren fakultateak ohiko dituen joera eta arloetatik apur bat urruntzen den bide honek jarraitasuna izatea.


[1] Hala nola, Julio Ortegaren El sujeto del exilio, Paolo Bartoloniren On the cultures of exile eta Bella Brodzkiren Can these bones live?.

Helena Buffery

Sherry Simon