Elena Poniatowska (Paris, 1932) kazetari eta idazle mexikarra, mugimendu ezkertiarrean eta feministan luzez jardundakoa. Frantzian jaio eta bertan bizi izan zen 10 urte bete arte, alegia, Bigarren Mundu Gerraren hastapenera arte, ondoren Mexikora egin zuen ihes ama eta ahizparekin. Ama Mexikoko familia burges bateko kide zuen eta aita, aldiz, aristokrata poloniarra. Pita Amor poetaren iloba da. AEBetako eskoletan ikasi zuen baina Mexikora itzuli bezain laster herrialdeko egoerarekin eta gizarte-gaiekin engaiatu zen. Excelsior egunkarian ekin zion bere kazetari ibilbideari, ondoren aldizkari andanatan idatzi du eta besteak beste, Debate Feminista aldizkariaren, Zinemateka Nazionalaren eta Siglo XXI argitaletxearen sortzaileetakoa izan da. Ezin aipatu gabe utzi Mexikoko Kazetaritza Sari Nazionala irabazi zuen lehenengo emakumea izan zela, 1978an. Hamaika kronika, ipuin-liburu eta eleberri argitaratu ditu, eta beste hainbeste sari eta aipamen jaso.
Bere eleberriek sarritan pertsona edo gertaera historiko bat dute oinarri eta Poniatowskak horien narrazio nolabait fikzionalizatua egiten du, New American Journalism-aren ildotik. Horien adibide lirateke La Noche del Tlatelolco (1971) 1968an Mexiko Hirian jazotako ikasle-sarraskiaren inguruan, Tinísima (Era 1992) Tina Modotti argazkilari italiarraren inguruan edo Leonora (Seix Barral, 2011) Leonora Carrington[1] margolari surrealista ingeles-mexikarraren inguruan. Horren adibide litzateke halaber guk hona dakarkigun eleberria epistolarioa, Querido Diego, te abraza Quiela (Era, 1978), Angelina Beloff margolari errusiarrak Diego Rivera senar aurre-Fridarrari bidaltzen dizkion gutunak (ondo dokumentaturik asmatuak) biltzen dituena. Eleberri hasierako bi gutun euskaratu ditugu, nahiko hunkigarriak eta aldi berean artegagarriak direnak. Hunkigarriak, batetik, deskribatzen duten pobrezia giroagatik, gertaera tristeengatik eta Beloffen bakardade ia absolutuagatik. Artegagarriak, bestetik, eskutitzei alde guztietatik garbiki darielako Beloffek Riverakiko sentitzen zuen debozio baldintzarik gabea, alegia, sakrifiziozko amodio erromantikoaren eredu klasikoa dena eta oraindik ere hobesten dena. Horri gehitu behar zaio Riveraren isiltasun eta jarrera matxo erabatekoa.
Infinitura arte luzatu gintezke (ia), hortaz, besterik gabe hemen utziko zaituztegu, Poniatowska txit gorenarekin.
[1] Leonora Carringtoni buruz gehiago jakin nahi izatekotan, Kulturpekaria Arte Aldizkarian bada zer irakurria. Maialen Berasategik Carringtonen ibilbideari buruzko artikulua idatzi zuen eta artistaren kontakizun bat euskaratu.
1927ko azaroaren 7a
Zure lerro bat bera ere ez eta hotzak tinko jarraitzen du gu izozteko bere ahaleginean. Negu ezin krudelago bat hastear da eta gogora dakarkit zuk eta nik ahaztu nahi genukeen beste bat. Zuk zeuk ere oihala utzi zenuen erregai bila joateko! Oroitzen duzu Severinitarrek esku-orgatxo bat eraman zutela Montparnassetik Monrougeko mugaz harago, non ikatz zaku erdi bat lortu baitzuten? Gaur goizean berogailua elikatzean gure semetxoarengan pentsatzen dut. Oroitzen ditut berokuntza zentral luxuzkoa zeukaten etxe aberatsak, uste dut gas bidez zebiltzan galdarak zirela, eta baita Zetingtarrek, Miguelek eta Mariak, umea Neuillyko apartamentura eraman zutela, zaintzeko. Nik ez zintudan utzi nahi izan. Ziur nengoen ni gabe ez zenuela lana sekula etengo, jateko ere ez. Umea ikustera joaten nintzen arratsaldero zuk El Matématico xurgatzen zenuen bitartean. Elur belztuko kaleetatik ibiltzen nintzen, oinezkoen pausoek lokaztutakoetatik eta bihotzak oso bortizki egiten zidan taupaka, nire semea ikusiko nuela pentsatzean. Zetingtarrek esan zidaten oneratu bezain pronto Miarritzera eramango zutela. Hunkituta nengoen umea zaintzean jartzen zuten arretarekin. Mariak batez ere, sehaskatik ateratzen zuen ─Dieguitok inoiz izandako sehaskarik ederrena─ erizain baten tentuarekin. Oraindik ikusi dezaket estalki zuria, izaratxo brodatua bereizten nik hobeto ikusi nezan. “Gaur oso gau ona izan du” murmurikatzen zuen pozik. Beilatzen zuen. Berak ama zirudien, nik bisitaria. Izatez hala zen, baina ez nengoen jeloskor, kontrara, zeruari eskertzen nion Zetingtarren adiskidetasuna, Maria gaztearen esku gozoak neure semea babesten. Etxera itzultzean, gizonen aurpegi goibelak ikusten nituen kaleetan, emakumeak beraien zapietan bilduta, ume bakar bat ere ez. Berriak beti ziren txarrak eta concierge-ak ematen zizkidan. “Ez dago esnerik Paris osoan” edo “Diotenez udal punpatze sistema osoa etetera doaz, ez dagoelako makinak lanean mantentzeko ikatzik” edo areago ”hoditeriak lehertzen ari dira, barneko ur izoztuagatik”. “Jainko maitea, hiltzera goaz denak”. Zenbait egun beranduago, sendagileak adierazi zuen Dieguito arriskuz kanpo zegoela, pneumonia gainditua zuela. Segituan eraman ahalko genuen tailerrera, ikatz apur bat lortu, Zetingtarrak ikustera etorriko zitzaizkion, tea ekarriko ziguten, Moskutik ekartzen zuten te pilo horretatik. Beranduago Miarritzera joango ginen, hirurok batera, umea, zu eta ni, zuk lan gutxiago izatean. Irudikatzen nuen Dieguito eguzkitzen, Dieguito zure izterren gainean, Dieguito itsasoaren parean. Irudikatu nituen egun zoriontsu eta onak, Zetingtarrak eta beraien etxea bezain onak, airea arazten duten pinuz inguratutako etxea Mariak kontatua didan bezala, estutasunik edo errazionatzerik gabeko etxea, non gure semea ibiltzen hasiko baitzen, eguzki-bainuek eta itsasoko uraren iodoak indarberrituta. Bi aste beranduago Maria Zetingek Dieguito eman zidanean, izu tximista bat nabaritu nion begietan, aurpegitxoa estali zion izararen ertz batekin eta nire besoetan paratu zuen arrapaladan. “Zenbait egun gehiago gordeko nukeen nirekin Angelina, hain ume ona da, hain polita, baina badakit izugarri sumatuko duzula faltan”. Zuk pintzelak laga zenituen sartu ginenean eta koskor txikia bere ohean egokitzen lagundu zenidan.
Maite zaitut Diego, oraintxe bertan min ia jasanezina sentitzen dut bularrean. Kalean, hala gertatu zait-eta, zure oroitzapenak kolpatzen nau eta jada ezin naiz ibili eta zerbaitek hainbeste mintzen nau, non paretaren aurka bermatu behar bainaiz. Beste egunean jendarme bat hurbildu zitzaidan: “Madame, vous êtes malade?” Burua mugitu nuen alde batetik bestera, maitasunaren kontua zela erantzun behar nion, badakizu, errusiarra naiz, sentimentala naiz eta emakumea naiz, baina pentsatu nuen azentuak salatuko ninduela eta funtzionario frantziarrek ez dituzte atzerritarrak estimatzen. Aurrerantz jarraitu nuen, egunero jarraitzen dut aurrerantz, ohetik irten eta pentsatzen dut ematen dudan pauso bakoitzak zugana hurbiltzen nauela, laster igaroko direla zure instalaziorako hilabeteak, ai zenbat! eta hemendik gutxira norbait bidaliko duzula nire bila, beti egon nadin zure alboan.
Musuz estaltzen zaitut, zure
Quiela
1927ko azaroaren 15a
Gaur inoiz ez bezala faltan sumatzen zaitut eta maite zaitut Diego, zure gorputzar handiak estudioa osorik betetzen zuen. Ez nuen atariko iltzetik zure alkandora eraitsi nahi izan: oraindik ere zure besoen forma gordetzen du, zure saihetsetako batena. Ezin izan dut tolestu ezta garbitu, hasierako forma galduko duenaren beldurrez eta ez ote naizelako geldituko lits batekin eskuetan. Orduan bai, negar egitera eseriko nintzateke. Oihal zimurtuak laguntzen nau, hari mintzo natzaio. Zenbat goizetan itzuli naizen estudiora eta ekin diodan garrasi egiteari: “Diego! Diego!” deitu ohi zintudan bezala, soilik eskaileratik zaku hori ikusi dezakedalako atetik hurbil eskegita eta iruditzen zaidalako estufaren parean eserita zaudela edo leihotik jakin-minez beha. Gauetan adoregabetzen naiz erabat, egunez guztia asmatu dezaket eta atelierrean aurkitzen ditudan lagunei aurre egin ere, zertan zabiltzan galdetzen didate eta ez naiz atrebitzen esatera ez dudala zure lerrorik jaso. Saiheska erantzuten dut, ondo zaude, lanean diharduzu, egiatan lotsa ematen dit deus kontatu ezin izateak. Jacobsenek Mexikora joan nahi du eta hiru kable bidali dizkizu Unibertsitate Nazionalera, erantzunaren prezioa ordainduta eta ez duzu bat bera ere erantzun. Elie Faure apur bat gaixo egon zen eta kexu da zure isiltasunaz. Guztiek galdetzen dute zugatik, tira, hasieran, orain gero eta gutxiago eta horrek ematen dit min, Diego maitea, beraien isiltasuna zureari gehituta, isiltasun konplize bat, izugarria, are begien bistakoagoa gure hizketarako gaia beti izan zarelako zu edo margotzea edo Mexiko. Beste zerbaitez hitz egiten saiatzen gara, ikusten dut nola saiatzen diren eta handik tarte batera agur esaten didate eta ni berriz ere joaten naiz nire isiltasun esferan sartuta, zeina zu baitzara, zu eta isiltasuna, ni isiltasunaren barruan, ni zure barruan, zeina absentzia baitzara, kaleetatik noa zure isiltasunaren oskolaren barruan. Lehengo batean, Maria Zeting ikusi nuen argi eta garbi eta ziur naiz berak ere ikusi ninduela, haatik burua makurtu zuen eta espaloiko beste aldera jo zuen ni ez agurtzeko. Agian Dieguitogatik da, agian pena ematen diodalako da edo besterik gabe presaka zihoalako eta zorameneraino sentsible bilakatu naizelako. Zu jada ez zauden honetan, iruditzen zait lagunak zain gelditu direla. Entre temps tratatzen naute itzultzen zaren arte eta bitartean soilik berriak eman diezazkiedan bilatzen naute. Nik onartzen dut nigatik ez egitea, azken finean, zu gabe ezer gutxi naiz, nire balioa zuk didazun maitasunak mugatzen du eta besteentzat existitzen naiz soilik zuk maite nauzunaren neurrian. Ni maitatzeari uzten badiozu, ez nik neuk ez besteek ezingo naute maitatu.
Beste garai batzuetan Dieguito izan nuen. Tailerrean jada ez zuen hainbesteko hotzik egiten, oroitzen? baina beharrezkoa zen ikatz bila joatea egunero. Zuk zeuk ere egin zenuen egunen batean, zure lana erdizka utziz. Nik sentitzen nuen Dieguito ez zela oneratzen, ez erabat behintzat. Beti entzuten nuen zarata txiki hura bere arnasan, inoiz ez lehendabiziko egunetako inarrosaldi orekatu eta isila. Antsiaz sehaskara hurbiltzen nintzen etengabe eta ekintza hark narritatzen zintuen: ”Ez zaio ezer gertatzen Angelina, laga ezazu, airea kentzen diozu”. Gure seme gaixoa! Gau batez kexuka hasi zen izugarriki. Parisen 1917an meningitis epidemia bat zegoen.
Ondoren guztia oso agudo joan zen. Burua izara artean ezkutatzen zitzaion ume hura osoki buru izatera iritsi zen eta zuri izugarria zitzaizun eztanda egitera zihoan puxika bat bezala puztutako kaskezurra. Ezin zenuen ikusi, ez zenuen nahi ikusterik. Umeak atsedenik gabe egiten zuen negar. Oraindik entzun ditzaket bere txilioak, kirioak hainbeste nekatzen zizkizutenak. Kalean ume bat negarrez aditzen dudanean gelditu egiten naiz: bere negarrean bilatzen dut Dieguitoren negarraren doinu berezia. Zetingtarrak jada ez zeuden Parisen. Ikatz bila joaten zinen, nire ustez, sufrimenduaren aurrean ezgai sentitzen zinelako. Oroitzen dut arratsalde batean egunkaria irakurtzen saiatu zinela eta zure desesperazio keinua iltzatu zitzaidan: “Ezin dut Quiela, ez dut ezertxo ere ulertzen, ezer ere ez gela honetan gertatzen denetik”. Margotzeari utzi zenion, Dieguito hil zen, Marie Blanchardi malkoak irristatzen zitzaizkion, beti esaten zuen Dieguito bere semebitxia zela, sekula izango ez zuen semea. Egun hartan hotz itzela egin zuen edo agian nik nekarren barrenean. Zu absente zeuden, ez zenidan behin ere hitzik esan, ez zinen mugitu ere besotik heldu zintudanean. Sehaska concierge-ari oparitu nion, pentsatu nuen hari emanez gero berriz ere eskatu niezaiokeela, agian beste umeren bat izango bagenu. Beti nahi izan nuen beste ume bat izatea, zu izan zinen ukatu zenidana. Badakit nire bizitza orain zaila izango zela baina zentzua izango zuen. Asko mintzen nau semea ukatu izanak, Diego. Haur bat izateak nire egoera okerragotuko zukeen baina, Jainko maitea, zer-nolako zentzua emango ziokeen nire bizitzari!
Zeru grisa ikusten dut eta zurea irudikatzen dut, basatiki urdina zuk deskribatu bezala. Espero dut egunen batean ikustea eta bitartean gai naizen urdin guztia bidaltzen dizut, musukatzen zaitut eta beti naiz zure
Quiela
Maialen Arnedo
2012-11-14
Eskerrik asko bioi eta zorionak, egun eskura ditugun idazleetako askoren berri ematearren. Elena Poniatowska, autore feminista eta ezkertiarrak bat egiten du (eta asko, gainera) nire literatur gustuekin (Danelek ondo dakien modura) eta plazer bat da zuen plazaratze hau konpartitzea. Badoa beste bat nire zerrendara!
gurekulturpekaria
2012-11-16
Ufa… Larrigarriak, bai, bi eskutitzak. Esanguratsuak. Ez nuen ezagutzen Poniatowska; mila esker haren berri emateagatik: dexente interesatuko zaidalakoan nago. Besarkada bat bioi!
Garazi
2012-11-16
Euskal Herrian, Txalapartak atera ditu Poniatowskaren zenbait liburu: http://www.txalaparta.com/wbnk.php?body=/ekom/productos.swal&search_text=poniatowska.
Gaztelaniaz, hori bai. Bakizu, beste bat euskarara ekarri beharrekoen zerrendarako…
danelesarriugarte
2012-11-17
Eskerrik asko denei iruzkin eta zehaztapenengatik, egia esan ni ere aitortza eta eskertza egin beharrean naukazue orain. Ez du irakurriko eta irakurrita ere ez du ulertuko baina mila-mila esker Devon Pollacki, Poniatowskaren berri emateaz gain liburua oparitzeagatik. Bestalde, Txalapartak ateratako “Tlapalería” eta Erak argitaraturiko “Querido Diego, te abraza Quiela” etxean dauzkat, norbaitek interesik balu, dudarik gabe eskatu diezazkidala.