Literaturaren autonomiaz

azaroa 22, 2012 @


anton

(Garazi Ugaldek bidali digu kronika hau. Mila esker berari, kolaborazioen metxa pizteko behar genuen sua eskaintzeagatik. Etorriko ahal da atzetik petardo sorta zaratatsua!)


Antón Figueroa (Chantada, Lugo, 1943) idazle eta katedratiko galiziarra entzuteko parada izan genuen azaroaren 15ean eta 16an Gasteizko Letren Fakultatean, “Ideología y autonomía del campo literario (artístico)” mintegi irekiaren aitzakian. Mahaiaren bueltan esertzeak ematen duen soseguarekin mintzatu zitzaigun Figueroa literaturaren autonomiaz, eta zenbait pentsalariren testuetan bermatuta ehundu zituen esparru artistikoaren eta gizartearen arteko gorabeherak. Ea hari-muturren bati tiratzen asmatzen dugun.
 
Bourdieuren esparruak
 
    Bourdieu soziologo frantsesak giza eta gizarte-zientzietarako egindako proposamenaren ildotik, Figueroak esparruka antolatua ulertzen du gizartea. Esparru horiek (ekonomikoa, politikoa, erlijiosoa, estetikoa, intelektuala…) egiteko sozial jakin baten inguruan biltzen dira, eta nahiko modu autonomoan funtzionatzen dute. Demagun esparru horietako bakoitza piramide itxurakoa dela, hau da, barne-antolaketa hierarkizatua duela, nor bere agente eta joko-arauekin. Demagun, halaber, esparru horiek tentsio-eremutzat hartzen ditugula, eta badela guztietan posizioak iraultzeko berezko ahalegin bat, menderatzaileen eta menderatuen arteko lehia deklaratu bat. Jakina, esparru horiek ez dira irla; aitzitik, beste piramideekin etengabeko hartu-emanetan dauden oreka- eta botere-harremanen multzo konplexua osatzen dute. Sare horretan irudikatu beharko genituzke esparru artistikoa eta literarioa ere.
 
Literaturaren autonomia erlatiboa
 
     Ekoizpen literarioa eta estetika, oro har, ezin dira garaian garaiko testuingurutik bereizita ulertu: gailentzen diren forma, genero eta eredu artistikoak, aurrezarritako arauak errespetatzeko joera zein horiekin errotik hausteko irrika, gizartearen eta une historikoaren isla dira. Hortaz, literaturaren autonomia beti izango da erlatiboa eta errealitate sozialak baldintzatua.
 
    Esparru literarioak berez autonomo izatera joko badu ere, literatura batzuk autonomoago izango dira eta beste batzuk, aldiz, heteronomoago. Hein batean inguruko esparruek eremu artistikoan duten esku-hartzearen araberakoa izango da literaturaren autonomia maila. Esate baterako, egoera historiko jakinetan politikak, ideologiak edota ekonomiak pisu handia har dezakete ekoizpen artistikoan, eta botere menderatzaileek euren neurriko ekoizpen kultural eta sinbolikoak ezartzeko ahalmena izan dezakete. Txanponari buelta emanda, aldiz, literaturak ere badu inguruan eragiteko modurik: idazleak eskura duen botere sinbolikoa baliatu eta esparru literarioan duen posiziotik gizartean eragin dezake. Ekoizpenak ahalmen eraikitzaile eta iraultzailea izan dezake, beraz.
 
    Autonomia aldarrikatzeak ez du zertan zerikusirik izan artea arteagatik egitearekin. Literatura testuinguru sozialarekin konprometitua eta autonomoa izan daiteke aldi berean. Beste esparruetatik aske izateak emango dio arteari hain zuzen ere modu konprometituan aritzeko aukera. Aipatutakoak gurera ekarrita, badago zertaz hausnartu: hizkuntzak eta literaturak euskal pizkundean izan zuten garrantzia edota euskal gatazkak literaturan izan duen presentzia, esaterako, hamarkada gutxitan euskal esparru literarioak bizi izan dituen bi egoera guztiz desberdinen adierazle dira. Azken horren harira Oinazea letraz janzteko manerak artikulu interesgarria idatzi zuen Beñat Sarasolak duela hiru bat urte Argian.
 
Itzulpenaren eraginaz bi hitz
 
    Itzulpenak ere izan zuen txoko bat mintegian. Figueroaren arabera, nazioarteko harremanik gabe nekez egingo da literatura nazionalik. Nazioartekotzeak homologatzeko eta legitimatzeko indarra du antza. Beste esparru artistiko batzuetan ez bezala, ordea, literaturak hizkuntzaren oztopoarekin egiten du topo beste literaturekiko hartu-emanean. Ikusmira horretatik, inportazioak eta esportazioak ahalbidetzeko modua litzateke itzulpena, kanpoko ekoizpena hurbiltzeaz gain etxeko literatura, bertako obra zein autoreak goratzeko balio duen tresna. Ezin hemen aipatu gabe utzi hizkuntza eta literatura gutxituetan itzulpenak izan dezakeen ahalmen eraikitzailea.
 
    Figueroa da literaturaren esparruaz, diglosiaz eta literatura gutxituez teorizatu izan duen autoreetariko bat. Batik bat Galiziako literaturan oinarrituta aurkezten dituen teoriek antzeko kasuak aztertzeko balio dezaketela kontuan hartuta, haren proposamenak bereziki interesgarri izan daitezke euskal literaturaren azterketan. Argitaratu dituenen artean dira, bakarren bat aipatzearren, Diglosia e Texto (1988) liburua edota “Les Problemes de la Traduction en langues minoritaires” (1992) eta “Literatura Nacional e sistema literario” (1992) artikuluak. Bi egun labur bezain marduletan digestio-lan handi samarreko orea landua eskaini zigun Figueroak bertaratu ginenoi. On dagizuela zuei ere.

Garazi Ugalde