elearazi prentsan
Irakurleak elearaziri buruz gehiago jakin dezan, pentsatu dugu egin dizkiguten elkarrizketatxo oro orrialde honetan biltzea. Lau dira (Bizkaia irratia, Hitzen Uberan, Hamaika telebista eta Barren aldizkaria), eta jarraian irakurri/entzunez gero, baliteke errepikakorra iruditzea… Dosi txikitan hartu, beraz. Bistan da, orain ez genukeen unean-unean esandako bera esanen, ez behintzat gisa berean, eta beste aunitz botako genituzkeen, hilabete beranduago esanen ez genituzkeen gisan. Hala ere, ordukoak islatzen dituzte, eta “ai, ama, nola esan nuen nik halakorik…” esaldiak maite ditugu. Dosi txikitan, baita ere.
Mila esker zuen saioak eta atalak elikatzeko gugana jo duzuon guzioi!
2012/03/26
Dabi Piedra Robledo esatariak Berbarako saiorako Garazirekin izan zuen solasaldia:
2012/04/14
Webgunean jarri baino hilabete lehenago egin zigun Imanol Ubedak Uberanerako elkarrizketa, martxoaren erdialdean. Profesionaltasun gutxirekin erantzun genizkien “boteprontoan” atera zitzaizkion galderei:
Elearaziko kideekin solasean
Itzulpengintzaz hausnartzeko blog-a jarri dute martxan
Itzultzaileek ez dute behar adina arretarik jasotzen. Hala uste du Danele Sarriugartek. “Literatura itzultzen baduzu, agian, zorte apur batekin, botako dizkizute zenbait lore, baina itzultzaile dabiltzanen gehiengoa beste testu praktikoagoekin ari da eta hor bai ez dela txintik esaten”. Itzulpenaren existentzia bera ikusezina dela aitortzeraino. “Gure gremioa ikusgarriago bihurtzearen aldeko borrokari eutsiko diogu, apurka hobetzen joango denaren menturan”. Borroka horretan, Elearazi blog-a jarri dute martxan Danelek berak eta Garazi Arrulak. Aurkezpen moduko idatzian diotenez, “itzulpena, hausnarketa eta sorkuntza izanen ditugu ardatz”. Interesgarri iruditu zaigu bi itzultzaile hauen ekimena eta, hitzen uberan gauden honetan, euren adierazpenak jaso nahi izan ditugu honoko elkarrizketan.
Itzulpen arloari eskainitako blog-a zabaldu berri duzue, Elearazi izenekoa. Itzultzaileei zuzenduta dago bereziki ala oro har literatur zale diren guztiei? Zein da Elearazi blog-ak bete nahi duen funtzioa?
Garazi Arrula. Ez, ez da preseski itzultzaileei zuzendutako orria, nahiz eta eztabaidagai nagusia itzulpengintza eta horri loturikoak izanen diren. Halere, “horri loturikoak” barruan hamaika gauza sar ditzakegu, etengabeko harremanean dagoen diziplina baita gurea. Egia da, literatur zaleak garenez, eremu horri jarriko diogula arreta handiena, literatur itzulpenari; hala ikus daiteke “Autoreak plazara” edo “Itzultzaileak mintzo” ataletan, nahiz eta ez den hori ardura bakar. Hizkuntza aztertuko dugu, guk bakarrik ez, baizik eta itzultzaile orok izan ditzakeen oztopo eta zalantzak argitzeko bide eman, eta abar. Orain, adibidez, terminologiari buruzko hausnarketa bat argitaratu dugu, nahas-mahas handia ikusten baitugu, eta ez gara bakarrak izanen. Asmoa da itzulpenari buruzko hausnarketa bat egitea, eta hausnarraraztea. Ez digu ezertarako balio guk geure iritziak eta kezkak askatzea, horrek segida edo hartu-emana izanen ez badu.
Danele Sarriugarte. Niri bene-benetan gustatuko litzaidakeena da zapatuko sagardotegiko bazkalostean lagunen bat hurbiltzea eta esatea: “Aizu, terminologiaren inguruan egindako hausnarketan azaldutako kezkekin guztiz bat nator, neureak ere badira, izan ere odontologia ikasten dihardut eta euskaraz matrikulatu banintzen ere irakurgai guztiak gazteleraz daude eta euskaraz dauden bakanak desastre hutsa dira. Hori aldatu beharra dago!” Hots, nahiko nuke itzulpengintzaren presentzia eta horren inguruko eztabaida unibertsitateko bulego zein ikasgeletatik irtetea eta hizkuntza darabilgun guztion elkarrizketetara zabaltzea; asmo aski naifa eta utopikoa badirudi ere. Garazik esan bezala itzulpengintza etengabe harremanean dagoen alorra da eta hizkuntzaren profesionalak batzuk bakarrik izan arren, hizkuntzaren erabiltzaileak askozaz gehiago gara eta begitantzen zait guztiok hartu beharko genukeela konpromisoa. Beraz, itzultzaileek eta literatur zaleek bereziki laketuko zaien arren, nik euskaraz irakurri dezakeen orori zuzentzen diot blog-a.
“Erortzeko eta altxatzeko. Ikasteko eta irakasteko”. Hori irakurri dugu zuen blog-ean. Funtzio pedagogiko bat ere badu zuen ekimenak.
Garazi Arrula. Funtzio pedagogikoa izatekotan, guretzako izanen da… Hasierako xedea, behintzat, ez zen hori. Egia da, ordea, guk artikulu bat plazaratzean hau eta beste irakurri eta hausnarketa bat egiten dugula, elkarrizketa bat prestatzean baliteke aurretik pentsatu gabekoak burura etortzea, iruzkin bati erantzun behar diogunean atzera gure hasierako ikuspuntua landu behar izatea… hori aberatsa da, eta hori ere bada pedagogia. Eta irakurleak gogoeta bat egiten badu edo akorduan gordetzen badu esandakotik zerbait, edo horren ez-ados badago non erantzuteko premia larria pizten zaion, gu pozik. Alde horretatik bai, pedagogikoa izan daiteke.
Itzulpengintza eta interpretazioa ikasketak iaz bukatu genituen, eta usu gertatzen den gisara, hankamotz geratu ginen. Xabier Mendiguren Bereziartuk orain egindako elkarrizketan esaten zuen izugarri hobetu direla baliabideak azken 30 urteotan, besteak beste, ikasketak badirelako. Ados gaude horrekin, eta guk ez dugu atzerako perspektiba zabal hori, baina gaur-gaurko ikuspuntu mugatutik baiezta dezakegu biziki hobetu daitekeela klase barruko pedagogia ere.
Danele Sarriugarte. Tira, pedagogia hitzak eta bere familiakoek burura dakarzkidaten oroitzapenak ez dira atseginegiak baina, bai, esan daiteke blog-etik ikasi daitekeela, blog-a zabaltzeko orduan gure helburu behinena irakaskuntza ez bazen ere. Nik neuk, hasteko, Xabier Mendiguren Bereziartu bezalako itzultzaile emankor eta eskarmentudunei entzutearekin asko ikasten dut eta elkarrizketa irakurtzen dutenei ere halaxe gertatuko zaiela uste dut. Bestalde, “Autoreak plazara” atalaren helburua ere nolabait pedagogikoa izan daiteke, euskarazko irakurlegoarentzat (oro har) arrotzak diren idazleak ezagutarazten baititu. Hartu dezagun esaterako gure lehendabizikoa, Joy Harjo. Poeta, emakumea eta indigena izanik ez du euskaraz argitaratua izateko aukera gehiegi, baina nik oso gogoko dut eta irakurle gehiagorekin partekatu gura nuen. Gero beste kontu bat da jendeari atsegingo zaion ala ez, baina gutxienez eskuragarri izango dute.
Bloga zabaltzea, hein handi batean, zuen “ofiziokoak” argitara eramateko modua ere bada. Zuen iritziz, itzultzaileen lana behar bezala estimatua dago ala ez du behar adina arretarik jasotzen itzulpengintzan dabilen sektoreak?
Garazi Arrula. Geroz eta estimu handiagotan dituzte itzultzaileak, batez ere helduentzako eleberri itzultzaileak. Horretan aunitz lagundu dute sariketek, EIZIEk eta baita ahoz ahokoak ere. Halere, errezeloa oraindik ere bada. Itzulpen ez oso on bat irakurtzean erraza da itzultzailearekin akordatzea, baina ez bestela. Ez dakit ohartzen garen; esanen nuke itzulpena dela XXI. mendeko hizkuntza. Literatura da ikusgarriena, baina inondik inora ugariena, administrazioa, ikus-entzunezkoak, aldarriak, legeak, makinetako jarraibideak eta abarrak ere itzuli egiten direla ahaztu egiten dugu maiz. Eta horien atzean itzultzaile bat edo gehiago dagoela.
Literaturara mugatuz, Euskal Herriko hainbat argitaletxek ez dute itzultzailearen izena 10. orrira arte jartzen. Aspalditik dator itzultzaileon ikusgarritasunaren aldeko borroka, baina faktore askok hartzen dute parte, ez da kontu estilistiko hutsa. Izan liteke argitaletxeari ez interesatzea produktu arrotz gisara aurkeztea, eta orduan aztertu beharko genuke zergatik, merkatuaren “mesedetan” den, txikitasun konplexua edo zer. Hamaika aspektu daude atzean, eta ez dut hutsalkeriatan geratu nahi pare bat besterik ez aurkeztuz. Egungo egoera askoz hobea da, ezbairik gabe, baina aunitz dago hobetzeko.
Danele Sarriugarte. Egoera hobetu da, hori ezin uka. Halere, niretzat itzultzaileek ez dute behar adina arretarik jasotzen. Literatura itzultzen baduzu, agian, zorte apur batekin, botako dizkizute zenbait lore, baina itzultzaile dabiltzanen gehiengoa beste testu “praktikoagoekin” ari da eta hor bai ez dela txintik esaten. Itzulpenaren existentzia bera ikusezina da. Konponbidea zein den ez dakit, hozkailuak dakarren argibide liburuxkan itzultzaileen izenak jartzea ez dela egingarria eta batez ere ez dela errentagarria esango didatelako. Gure gremioa ikusgarriago bihurtzearen aldeko borrokari eutsiko diogu beraz, apurka hobetzen joango denaren menturan.
Sautrelarenak egin duela dirudi. Literaturaren parte zareten aldetik, zer suposatuko luke zuentzat saio honen galera?
Garazi Arrula. Sautrelak bide garrantzitsua egin du urteetan, eta euskaraz egiten den literaturaren eta euskal literatur sistemaren erakusleiho izan da. Halere, iruditzen zait Sautrela bera kentzea ez dela arazoa, baizik eta erabaki horren sorburura jo behar dugula. Gaur egungo EITBko zuzendaritzak ez du euskaraz egiten den kultura sustatzeko eta ikustarazteko inolako estrategia politikorik, kontrakoa baizik. Hortaz, herri honen gehiengoarekin bat eginen duen proiektu estrategiko bat diseinatu behar da, zeinak ez dion EITBri soilik eraginen, baizik eta euskal kultur sistema osoari.
Danele Sarriugarte. Liburuzale porrokatua izanik zinezko tragedia greko gisa bizitzen ari naiz Sautrelaren bukaeraren berria. Gainera eta gureari dagokionez, eskertu behar da Sautrelak egindako ahalegina literatur itzultzaileei hitza emateko. Urrunera joan gabe, Elearazin bertan eskegi genuen lehen esteketako bat programa horretakoa da. Gogora datorkit halaber duela gutxi ikusi nuen aspaldiko atal bat, non Bukowskiren euskaratzailea elkarrizketatu zuten.
Egiatan, San Mames inguru horretan egon beharko genuke guztiok, kanpin-dendak eta afixak lagun hartuta, Athletic zaleen alboan hain zuzen, EITBri euskarazko programazio kultural duina eskatzen.
Besterik esan nahi?
Garazi Arrula. Aditu zein ez, itzultzaileen eta interesa duen ororen iritziak, kezkak eta gogoetak ongi etorriak izanen dira Elearazin, eta horretarako deia egin nahi dugu, jendeak parte har dezala, horrela izanen baitu eta ez bestela gogotsu ekin diogun proiektu honek segida, eta orduan beteko baitu hasierako helburua: hausnartzea eta hausnarraraztea.
Danele Sarriugarte. Garazirekin bat egiten dut erabat, jendea sartzen dela ikusi dugu baina iruzkinak ere gura genituzke, ahal dela mota guztietakoak: loreak, kritikak, galderak, proposamenak, ekarpenak, zuzenketak eta enparauak. Guztiak ongi etorriak. Hartu-emanik gabe nekez egingo baitugu aurrera.
2012/05/30
Apirilaren 20an grabatu genuen Bilboko estudioetan elkarrizketa, Ane Azkuek gidatzen duen Hamaika.bit saiorako. Facebook bidez iragartzean jarri genuen gisara, aunitz moztu eta laburtu dute, “telebistaren arauak… Hauen inguruan ere mintzatu ginen, elkarrizketan azaltzen ez badira ere: Kulturpekaria bloga, Lapiko Kritikoa bloga, literaturaren “ghettoa”, itzultzaile automatikoaren mugak, itzulpen baliabideak, artikuluen luzeraren zergatia, Mikropilulak bloga, hausnarketarako garrantzia, itzulpenaren nagusitasuna, euskararako itzultzaile erreferenteak… (Bide batez, abizena gaizki jarri dute, Arrula da, ez Arrua)”. Eta tarteko hilabeteak ezabatu dizkigun beste zenbait gauza. Mozketak gorabehera, eskerrak eman nahi dizkiogu kamerari, zoratu genuen, kasik.
Saio osoa jarri dugu, moztuz gero kalitatea galtzen baitzen nabarmen. 13. minutuan hasten da elkarrizketa.
2012/04/13
Daneleri Elgoibarko aldizkarian egin zioten elkarrizketa. Hau ere laburtu zuten nabarmen. Kurioski, Bizkaiko lurretan badirudi Arrula abizena Arrua bihurtzen dela. Argazkia oso polita da, nahiz eta ez den guzien gustukoa izanen irribarretsu agertze hori…