LITERATURA UNIBERTSALA: Ahal bezain hurbil, behar bezain urrun! (II)

ekaina 29, 2012 @


import_8927257_1

Astearte iluntzean ez zen, tamalez, egunean zehar metatutako sapa apalduko zuen galernarik sartu eta ekainaren 27a udako egunik sargoriena izango zelako profeziarekin iratzarri gintuen irratiak biharamunean. Bederatzietarako bagenekien iragarpena gupidagabeki beteko zela, hala ere, beste hiru hitzaldi mamitsu aditzeko gertu eta, halaber, parte hartzeko gogotsu agertu ginen Markeskuara, bigarren eguna praktikoagoa izango baitzen.

Txoria, ez ornitologoa

(Kronika hau idazten ari nintzela Juan Luis Zabalak Berrian argitaraturiko artikuluaren berri izan dut, zeinak Gerardo Markuletaren hitzaldiaren inguruan baitihardu. Dudarik gabe ni baino azkarrago ibili da Zabala eta errepikakor ez gertatzearren berak aipatutakoak, nahiz oso interesgarriak izan, ez ditut neuk ere hona ekarriko. Kontrara, hark esan gabe utzitakoak hartuko ditut ahotan, bata bestearen osagarri eta elikagai izan daitezen).

Hainbat arranguratu dira poesiak Literatura Unibertsala bilduman duen presentzia urriagatik eta hain zuzen, Gerardo Markuletak itzuli zuen orain arte LUn argitaratu den poema-liburu bakarra. Zenbait poeta katalan (Ibaizabal, 1997) antologia elebiduna, alegia. Poesia euskaratzearen eta euskaratik itzultzearen garrantzia azpimarratu zuen poeta eta itzultzaile oñatiarrak bere hitzaldian eta aitzin-solas gisa hainbat kontu aipatu zituen. Praktikatik abiatuta hitz egingo zuela argitu zigun, teorizazioa lagata daukalako eta itzultzearen ariketa bera baita hurbiletik ezagutzen duena eta azken urteotan egiten diharduena. Praktikaren gaineko teorizazioari beharrezko deritzon arren, ez du berak egingo, Arantxa Urretabizkaiak idazle ofizioaz galdegitean  erantzun bezala, “txoria naizelako, eta ez ornitologoa”.

Poema liburuaren eta itzultze prozesuaren inguruan mintzatu zitzaigun ondoren. 1995 eta 1997 urteen bitartean burutu zuen itzulpena eta bere bizitzako garairik gozoena izan ez bazen ere, ilusio handiz lotu zitzaion lanari. Berehala aholku bat eman zigun, alegia, sekula antologia bat osatzeko eta itzultzeko ideia otutzen bazitzaigun, argitaratuko diren poemen hautaketa jada finkatuta dagoenean ekiteko itzultzeari, lehenengo itzultzeak eta ondoren erabakitzeak buruhausteak besterik ez baitizkigu sortuko. Izan ere, halaxe gertatu zitzaion berari autore katalanekin, eta ondorioz, berandu amaitzeaz gain, ez zuen liburuarentzat hitzaurrerik osatu. Horren ordez, Felipe Juaristik idatzi zuen eta Markuletak ez zuen testua aldez aurretik irakurtzeko aukerarik izan. Aitortu zigunez, liburuari egindako kritika latzena hitzaurrean bertan dago. Juaristik hainbat poetaren falta sumatu zuen liburuan eta halaxe adierazi:

Gerardo Markuletak paraturiko hau antologia da. Horrek esan nahi du antologia egileak bere gustuko edo bere sokako poetak hartu dituela, bere gustuko poemak itzuli dituela, bere irizpide soila duela lagun eta gogaide. Aipaturiko bederatzi poeta katalanen poemak dakartza, txukun itzulita, iruzkina zilegi bazait. Falta dira, hala gertatzen da antologietan, bat edo beste, gure senak (edo senyak) sartuta behar luketela esaten badigu ere. Nik neuk izen batzuk dauzkat, abespeluan botatzeko, hala behar izanez gero: Pere Gimferrer, Narcis Comadira, Francesc Parcerisas, Joan Margarit, Salvador Oliva, Joan Brossa, artista, poeta.

Markuletak hura irakurri arte ez zekien “bere sokako poetarik” zegoenik ere, eta, egiatan, aukeraketarako irizpide zehatzagoak erabili zituela azaldu zuen. Antologia bat osatzeko orduan bi muturreko joera daude: alde batetik akademikoa, hau da, aldi berean didaktikoa izan eta ikuspegi zabala eskaini nahi duena, sorkuntza lana bera kritika eta bibliografia ugariarekin hornituz; eta, bestetik, sortzaile antologia deitzen dena, hau da, sortzaile batek hautatu eta antolatutakoa, esaterako, Joseba Sarrionandiaren Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak (Pamiela, 1985). Bi muturron artean askotariko bideak daude eta Markuleta ez zitzaion akademikotasunarenari estuegi lotu, izan ere, bere esanetan, irakurleak bibliografia eta oharrak eskertzen baditu ere, poesia irakurleak poesia liburu bat desio duelako oroz gain. Hori dela eta, jarraitutako irizpideak honakoak izan ziren: poetak hilik egotea, beste hizkuntzetako antologietan agertzea eta baita eskuliburuetan ere. Horrez gain poemak laburrak, garbiak eta biribilak izatea hartu zuen kontuan, aldi berean gurera ekartzeko egokiak eta euskaraz gozagarriak gertatzea. Hitz batean, irakurlearen alde ekin zuen.

LU bildumaz jardun zuen jarraiki. Kronologiari erreparatuta jada historikoa zela esan zuen, eta gogora ekarri zituen hastapenetako kontuak, besteak beste, LIM-LIBI tailerrak, non egun itzultzaile eskarmentudunak diren beste zenbait hasiberrirekin batera ofizioan lehen pausoak eman baitzituen. Garaian galduta zebiltzala kontatu zigun, gauza asko zeudelako faltan, beste asko oraindik erabakitzeko eta arautzeko. Egoerak urteekin hobera egin arren, itzulpengintza oraindik orain defenditu beharra dagoela adierazi zuen, irakurleak artean mesfidati ageri direlako. Testu gozagarriak sortzen aurreratu bada ere, oraindik ez da horiek benetan gozatzea lortu.

Ariketa praktikoekin hasi aurretik, poesia itzulpenaren berezitasun orokorrez aritu zitzaigun. Hemen ere bi jarrera nagusitzen dira, bata bestearengandik nahiko urrun daudenak. Alde batetik, itzulpen hitzez hitzezkoa, normalean balio erantsiko testuetarako erabiltzen dena, eta bestetik, itzulpen literarioa, xede hizkuntzan beste poema bat sortzea helburu duena. Funtsezkoa da erabakitzea zein motatako itzulpena egin nahi dugun, hots, non kokatzen den literaltasunaren ardatzean eta horren arabera testuarekin tratuak egitea, irakurlearekin daukagun konpromiso nagusia egundo ahaztu gabe. Beste zenbait aholku ere eman zizkigun, adibidez, poesia asko irakurtzea begirada zorrozteko eta fintzeko, tipografia eta puntuazioa aintzakotzat hartzea eta jatorrizkoaren itzulpenik ezagutuz gero zalantzarik gabe baliatzea. Izan ere, zeharbidezko itzulpenarekiko errezeloa dela medio, luzaz baztertu da aukera hori eta Markuletaren ustez ez da zentzuzkoa aski argigarriak gertatu daitezkeen bertsioei bizkarra ematea. Beste trikimailu lagungarri bat? Zentzumenen araberako azterketa zatikakoa egitea, hau da, hasteko usaimenarekin zerikusia duten hitzak aztertzea, ondoren ukimenarekin dutenak etab. Sinestesiak harrapatzeko ezin hobea.

Fernandoren egiak

Fernando Reyk garbi laga nahi izan zigun bera ere ez zela teorialaria, entzungo genuena ondokoei ikusitakoen eta esperientziatik ikasitakoen zerrenda izango zela. Bestalde, Reyk etxeko-lana bidalia zigun eta berari soilik bi ikasleren itzulpenak heldu bazitzaizkion ere, azaldu zigun tarte bat eskainiko geniola testuaren azterketa eta erkaketari.

Hasteko eta behin, literatura itzulpen bati heltzeko zenbait irizpide nagusi eman zizkigun, oso oinarrizkoak iruditu zezaketen arren ezinbestekotzat jo zituenak. Ezer baino lehen, itzulgaia osorik eta ongi irakurri beharra dagoela azpimarratu zuen, nahiz eta maiz, presagatik edo lan baldintzengatik ez den horrelaxe gertatzen. Behar-beharrezkoa da, haatik, lana arretaz irakurtzea eta bertan murgiltzea tonuari, musikari eta edukiari erreparatuz. Ikerketa dator ondoren, idazlea nor den, zer argitaratu zuen, nola, noiz, zergatik idatzi zuen aztertzea. Hainbat autoreren ustez itzultzailea irakurle pribilegiatu dela ekarri zuen gogora, obra bat xeheki ezagutzeko modurik onena obra horixe itzultzea dela. Jarraian, fideltasuna mantendu beharraz jardun zuen, hau da, jatorrizkotik ahal bezain hurbil gelditzeaz. Itzulpen lanaren erritmoari dagokionez, etenaldiak ekiditea gomendatu zigun, eta behin martxa hartuta daukagunean terminologiari eta enparauei lotutako zalantzarik sortuz gero (gurean bereziki ugariak direnak), horiek asterisko bidez markatzea hurrengo orrazketan argitzeko, banan-banan begiratuz gero lana geldotu eta behar baino nekezagoa egingo zaigulako. Zuzenketa dator gero, eta jatorrizkoan agertu guztia sartuta dagoela egiaztatu ostean, euskara ona dela ziurtatu behar dugu, hots, sorburu hizkuntzatik behar bezain urrun gaudela. Zurruntasuna ezabatu eta jatortasuna bilatu behar da, horretarako testuari behar adina traizio eginez. Traizio egitea, sarritan, zilegi ez ezik beharrezkoa ere badelako. Ez da ahaztu behar itzulpena biki bat dela, independentea hortaz, ikusi bestela puntuazioan ematen diren aldaketak.  Zalantzak argitu behar dira hurrena, iturri ugari erabiliz eta aholkulari fidagarriei galdetuz. Reyk egunetik egunera garbiago du itzulpena talde lana dela. Itzultzaileak denboraz gaizki ibiltzen direnez zaila izaten da, baina nafarraren ustez, oso mesedegarria da itzulpena zenbait hilabetez beratzen uztea eta ondoren berriro hartzea. Azkenik, zuzentzaile pare bati pasatzea komeni da eta zuzenketak sartu ostean, beste behin zuzentzea.

Etxeko-lanak aztertu eta iruzkindu ondoren italieratik itzultzeak berezko dituen zenbait arazo eta zailtasun aipatu zizkigun Reyk, hizkuntza hori barra-barra landu du-eta. Alde batetik, dialektoen auziaz aritu zen, beste hizkuntza eta kasu batzuetan ere arantzatsua gertatu daitekeena. Italiera estandarra nahiko gaztea izanik, dialektoen artean alde handia dago eta presentzia pisutsua dute. Horrelakoetan nola jokatu eta zein irizpide jarraitu erabakitzeko aholkuak eman zizkigun adibide praktikoak erabilita. Alde batetik, Natalia Ginzburg autoreak Gure etxeko kontuak (Igela, 2004) obran oro har italiera batuan idazten duen arren, noizbehinka Trieste, Venezia eta Milan inguruko hizkerak darabiltza. Reyk erabaki zuen euskara batutik ez ateratzea, horren ordez, dialekto mintzoaren ordaina emateko ahozko hizkerara fonetikoki albait gehien hurbiltzen saiatu zen, kasu, kontrakzioen bitartez. Gainera, ohar bat idatzi zuen. Andrea Camilleriren kasuan, italiar estandarretik nahiko urruti dago bere diskurtsoa. Hilabete bat Montalbanorekin (Igela 2011) euskaratzeko orduan, beste hizkuntzetan hartutako erabakiak aztertu zituen, Josu Zabaletarekin kontsultatu zuen (zeina Camilleriren beste obra bat itzultzen ari baitzen) eta azkenean euskara batuari eustea erabaki zuen. Beste bitartekari batzuk erabili zituen testua aberaste aldera, adibidez, sintaxia eta hiztegia bitxikeriaz hornitzea. Bi ondorio nagusi atera zituen. Lehenik, efektu literario berezi bat lortzearren ez bada, ez dela euskara batutik atera behar. Bigarrenik, eta hau powerpoint aurkezpenean letra larriz genekusanez, nik men: GARBI EDUKI EUSKARA BATUA EZ DELA GIPUZKERA ABERASTU BAT. Hau da, batutik irten gabe nork bere euskalkia ustiatu dezakeela.

Amaitzeko, lagun aizunen alor labainari heldu zion. Labaina laprastada andana sortzen dituelako eta sortu ditzakeelako, batez ere antz fonetiko aipagarria duten hizkuntzen artean, hala nola, italiera, portugaldarra eta gaztelera. Hegoaldeko itzultzaileek gaztelania nahiko hurbil eta barneratuta daukagunez, portugalera edo italieratik itzultzean, aipatu erdararen oihartzunek traba egin eta ataka gaiztoetan jarri gaitzakete. Kontuz ibili behar dugu, beraz. Baita ere, zubi-lanetarako gaztelania darabilgunean. Gehiago jakiteko.

Dinosauroen euskaratzailea

Juan Garzia, ikastaroko azken hizlaria, Miren Ibarluzeak asteartean aipatutako dinosauroetako bat da, duda izpirik gabe, ez bakarrik LUn bost obra itzuli dituelako baizik eta obren idazleen tamaina literario eta izaera kanonikoagatik ere, besteak beste, Borges, Rulfo eta Shakespeare ekarri baitizkigu. Guk ikastaroan Borges landuko genuen batez ere, horren ipuin bat itzultzea (La intrusa) izan baitzen gure etxeko-lana eta erronka. Postre ezin hobea, beraz.

Aurretik aritutakoek esandakoekin bat egin zuen Garziak, eta azpimarragarria zeritzon batez ere Markuletaren goizeko hitzaldiari, bertan itzulpenaren teoria dotore bat aurkeztu baitzigun. Horren hitzak baliatuko zituela esan zigun, zehazki poesia itzulpenaz jardun bazuen ere, ipuin laburrek zerikusi handiagoa dutelako olerkigintzaren moldearekin eleberrienarekin baino. Narrazio laburrak, orrialde kopuru txikia izanagatik, osotasuna duelako.

Pertinentziaz jardutea eta hierarkia ezartzea ezinbestekotzat jo zituen itzultzaile legazpiarrak, orain modan ez badago ere nolabaiteko azterketa fenomenologikoa eginez, testuaren helburua garbi eduki behar genuela azpimarratu zigun; garrantzizkoena eta ondorioz transmititu beharrekoa zer den erabaki eta horren arabera ekin. Autorearen eta obra zehatzaren dokumentazioa topatzea ere funtsezkoa begitantzen zaio. Garziaren ustez, itzultzaile batek egin dezakeen bekatu barkaezin bakarra, etikaren kontra doana, testuaren esaldi edo pasarte bat ulertu edo interpretatu gabe ematea da, hau da, esaldiaren gakoa zein den argi eduki ez arren hitzak zelanbait itzultzea baina transmititzen ari zarenaren arrastorik gabe. Pasartearen esanahiak katramilak sortuz gero eta hortaz jabetuz gero, itzultzailearen derrigorrezko eginbeharra da han eta hemen begiratzea, ikertzea, kideei galdetzea… Konbentzitzen duen interpretazioa erdietsi arte. Ondoren interpretazio hori ez bada zehatza eta ondorioz delako pasartea oker itzultzen bada, akatsa litzateke ere bai, baina ez hain larria, itzultzaileak bere apustua defendatu lezakeelako, horren alde egitera eroan zuten arrazoiak azalduz.

La Intrusa lanari buru egin genion ondoren, eta Garziak testua markatzeko erabilitako kolore-kodearen nondik norakoak azaldu zizkigun, itzultzean arazoak sor ditzaketen kontuak korapiltasun mailaren arabera sailkatzen dituena. Kaskoan gorde beharreko aspektuak hamaika pasatxo direla ikusi genuen eta ez dut ukatuko, hainbat etsipen hasperen iritsi zitzaizkidan alboko aulkietatik. Niri neuri, Garziaren erritmo bizia eta gaitasun gorena ikusita oharretarako boligrafoa atzamarretatik jausi zitzaidan eta kontenplazio hutsari lotu nintzaion.

Misterioz inguraturiko lana da aztergai eta hizpide izan genuen Borgesen ipuina. Literaturaren ikuspuntutik hainbat dira Garziak zerrendatutako gogoan hartu beharrekoak. Hasteko, ezin da ahantzi obraren ipuin izaera, hau da, sintetikoa dela. Ipuin mota ere kontu erabakigarria da, Borgesek jada itsu gelditu ondoren osatu eta diktatu baitzuen eta ondorioz, ahozkotasuna dariolako ezinbestean. Horrez gain, estiloaren hainbat aspekturi, hala nola, estilizazioari eta diskurtso-motari, eta tonalitatearen ertzei, orokorrei zein erregistroari dagozkionei, erreparatu behar diegu. Ipuin honek txoko kutsu, mimesi ukaezina du eta noski, hori islatzeak ere badu garrantzia. Alde batetik argentinismoz josita dago, adierazpideetan zein objektu/erakundeetan beretan, eta bestetik, hitzen denotazioaren eta konnotazioaren arteko alde sarritan esanguratsuak aintzat hartu behar ditugu, guztia neutro jarriz gero konkretutasuna eta girotzea galduko direlako. Amaitzeko, garrantzizkoena ipuinaren efektua errepikatzen saiatzea da, kontakizunaren xarma harrapatzea eta ipuin-kontalarien sutondo efektua erreproduzitzea. Istorioaren mamia tragedia zarpail bat da eta oroz gain hori da helarazi beharrekoa, egiatan artefaktuaren funtsa hori delako, Buenos Aireseko ezaugarri guztiez biluzten badugu.

Autore argentinarraren bilduma bakarra plazaratu du LUk, hain zuzen, Garziak itzulitako Ipuin hautatuak (Ibaizabal, 1998). Prestatu bazuten ere, La intrusa ez zen liburuan agertu, Borgesen alargunak lan horren argitaratzea debekatu baitzuen munduko txoko guztietan.

Ez nuke amaitu nahi zenbait kontu jakingarri aipatu gabe. Lehenik, Borgesen narrazio hau oinarri hartuta Euskal Herrian egokitzapen bat burutu zuen José Julián Bakedano zinema-zuzendariak, Bernardo Atxagaren gidoia erabilita. Istorioari arropa argentinarrak erantzi eta euskaldunak jantzi zizkioten, ekintza Durangoko inguruetan kokatuz. Emaitza Oraingoz izen gabe (Bakedano, 1986) deituriko filma izan zen. Bigarrenik eta egokitzapenekin jarraituz, zinez interesgarria iruditu zitzaidan Garziak aipatutako ekimena, itzultzaileak berak sustaturikoa, duela urte dezente Plazara aldizkariaren baitan. Proiektuaren izena “Ai gureak balira!” zen eta pieza antologikoak euskaratzea eta mozorrotzea zuen helburu. Irakurleek jatorrizko autorearen izena asmatzen bazuten sariak jasoko zituzten.

Nola ez, gure esker ona UEU eta EIZIEko langile eta kideei, ikastaro eder hau antolatzeagatik.

Gehiago jakiteko:

Ikastaroan banatutako irakurgaien estekak EIZIEren hemerotekan.