Danele Sarriugarte Mochales (Elgoibar, 1989)
Akordatzen naiz Elgoibarrek 90ko hamarkadan Europako HIES tasa altuenetarikoa izan zuela.
Akordatzen naiz ez ginela egundo eliza ondoko eskaileretatik jaisten, “drogadituak” bertan zeudelako.
Akordatzen naiz sei urte genituenean M-ren aita asko mehetu zela eta gero hil egin zela.
Akordatzen naiz Gatzagako aldapaz igande iluntzeetan eta Uribarri-Gamboako ur-azalaren distiraz ostiral eguerdietan, AP-1aren aurretik.
Akordatzen naiz Antzar Eguneko gauean beltzek portua kiskali zutela eta kaleak apurtu zituztela eta Gaizka eta ni korrika joan ginela herrikoen hondartzatik udatiarrenera.
Akordatzen naiz S-k pilula bat hartu behar izan zuela aukeratu ez zuen umekia kanporatzeko eta I, aldiz, ezin izan zela erditu agudoegi munduratu nahian sabelaldean hil zitzaion alabatxoaz. Sendagileek erauzi ziotela metalezko lanabes esterilizatuekin.
Akordatzen naiz ezagutu zintudan egunaz.
Akordatzen naiz 17 urterekin eta Edinburgon, B-ek alua jan nahi izan zidanean hankak itxi nizkiola, uste nuelako hori zela egitea zegokidana. Akordatzen naiz gau berean aldatu nuela iritziz.
Akordatzen naiz, lehenagotik jakin banekien arren, euskalduna izatearen kontzientzia lehendabizikoz Cuencan hartu nuela 12 urterekin eta zuria izatearena, aldiz, AEBetara iristean 21ekin.
Akordatzen naiz emakumea naizela beti jakin izan dudala eta beti jakinarazi izan didatela, subliminalki edo argi eta garbi; eta sistematikoki.
Akordatzen naiz “Instinto Básico” ikusi genuenean I-k galdegin zidala: Zuk ere nabaritzen dituzu kilimak aluan?
Akordatzen naiz 15 urte genituenean mutilak etengabe masturbatzen zirela edo etengabe masturbazioaz mintzo zirela eta gu ez.
Ahaztu ezin ditudanez akordatzen naiz.
Akordatzen naiz udako trenean guardia zibilak sartzen zirenean dokumentazio eske sortzen zitzaidan panikoaz, armei nien erabateko beldurraz. Oraindik hor dirau, sarriegietan.
Akordatzen naiz Scottek esan zidala: “Birjintasuna hamabi urterekin galdu nuen eta ez zen neuk gura nuelako izan”.
Akordatzen naiz liburu bat usaindu nuen estreinakoaz.
Akordatzen naiz astearte goiz batean Lina etorri zela gure eskolara eta kolonbiarra zela; jolasorduan guztiok egon ginela berari begira, animalia ezezagun eta bitxiei bezala.
Ostegunez akordatzen naiz.
Akordatzen naiz kutxa ikusi arte ez nuela aitonaren heriotza sinetsi.
Akordatzen naiz “ez dut sekula gehiago edango”-z. Behin baino gehiagotan.
Akordatzen naiz begirada hartaz.
Akordatzen naiz hoztasun klinikoz erabiltzen ninduela biharamunetan.
Akordatzen naiz txikitan Lekeitiorako bidean botaka egiteko gelditzen ginen bihurguneaz. Ia bidaiaro.
Akordatzen naiz okela jateari uztea erabaki nuen une zehatzaz, ia bestela bezala gertatu zela, eta hala ere, aurreikusitakoa baino galdera inpertinente eta buruhauste askoz gehiago eragin dizkidala.
Akordatzen naiz sekulako grazia egiten ziotela nire komentarioek.
Akordatzen naiz esan zidala: “pentsa zenbat jende pasatu den sukalde honetatik eta zenbat egoeratan, eta zu izan zara banko horretara igota dantza egin duen bakarra”.
Akordatzen naiz ikaragarri berezia nintzela sentiarazten zidala.
Akordatzen naiz bortxaketaren berri izan ostean sentitutako amorruaz. Eta mendeku-goseaz. Gehiegitan.
Akordatzen naiz beti nahi izaten nuela gauzak lortzea bat-batean, berehala, jada. Bestela interesa galtzen nuela.
Akordatzen naiz bakarrik bidaiatzeagatik ausarta nintzela esaten zidatela, baina niri ez zitzaidala ausardia iruditzen, baizik eta beste inor aguantatu behar ez izatearen erosotasuna.
Akordatzen naiz Elgoibarko zapatu arratsaldeetan garai batean ezagututako lagun minez. Gaur egun nonbait topatzen ditudanean beste bizitza batetakoak iruditzen zaizkidala.
Akordatzen naiz ahizpa eta biok txikiagoak ginenean eta kanpoan hotz egiten zuenean, amak berogailuan ipintzen zituela gure barruko arropa eta galtzerdiak, altxatu eta janzteko orduan epel-epel egon zitezen.
Mai
2013-04-16
Akordatzen naiz ezagutu ginen garaiaz.
Akordatzen naiz zuk aipatutako Gatzagako aldapaz domeka iluntzeetan eta Uribarri-Gamboako parajeaz barixakuetan. Baita afalorduko tortilaz eta telesail haretaz.
Akordatzen naiz astelehen goizetako urre koloreko uztailez eta coca-colaz bustitako espainez.
Akordatzen naiz goizeko bostetako palomita usainez, I-rekin berbetan.
Akordatzen naiz Leipzig-era joan zinenean, malkoak zapietan kabitzen ez zitzaizkidanean. Eta atzerriko Durangoko garaiaz, pusketa bat falta nuenean. Baina hemen denak jarraitzen zuen berdin, itsasoak, herriak eta lagunok, zure zain.
Akordatzen naiz domeka arratsaldeetako pastez.
Akordatzen naiz Kill Bill eta Pulp Fiction “sofakaman” ikusten genituen garaiaz.
Akordatzen naiz gure literatur hasnarketez eta M-ren filosofia eskolez.
Akordatzen naiz Berlinetik bueltan eman zenidan berriaz, txosnetan eta patxaran gaua zain zegoela.
Akordatzen naiz ezagutu ginen garaiaz eta zenbat aldatu garen, elkarrekin bada hobe, ezta?
Barrua husten dozun bakoitzian, pixkat gehixo ezagutzen zaitxut. Eskerrik asko, mamasita.
Bego Montorio Uribarren
2013-04-22
Mila esker zure akorduen lurraldean ibiltzen uzteagatik.
danelesarriugarte
2013-04-16
Akordatzen naiz “volverán las oscuras golondrinas” vs. “the lion, the witch and the wardrobe”.
Akordatzen naiz euskal kantuen antologiaz eta alegria enpresako autobusez.
…
Elkarrekin, beti. Eskerrak emateko hitzik gabe laga nauzu, eztarria korapilatuta.