Ikusezina ikusten ikasten

urria 17, 2013 @


GeneroAriketak-azala

Ekainetik kalean den arren, joan zen astera arte ez zuten aurkeztu Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak artikulu-bilduma Edo! argitaletxekoek. Hernanin egin zuten, Biteri kultur etxean, eta liburuaz aritzeko ez ezik, galera-asmorik gabeko argitaletxe berezi horren urteurrena ospatzeko ere baliatu zuten aukera. Okasioak merezi zuelako, hainbat parte-hartzailek girotu zuten ilunabarra, lepo egindako aretoan, eta saioaren aurretik garagardotxo bat hartzeko astia izango zutela pentsatu zuten despistatuek azken lerroak baino ez zituzten libre aurkitu 19:30ean ozta-ozta ailegatu zirenean.

Abiadura handiko lanik ez

Isa Castillo Etxano eta Iratxe Retolaza bildumaren apailatzaileek hartu zuten hitza lehenik. Liburuak Edo! argitaletxearen printzipioetako askorekin bat egiten duela azpimarratu zuten. Batetik, su txikian egositako lana da (abiadura handiko lanik ez!), 3 urte pasa dira egitasmoari ekin ziotenetik, Castilloren ideia bati tiraka. Bestetik, talde-lan ikaragarria dago liburuaren atzean, hainbat autore, irudigile, itzultzaile eta zuzentzaileren borondatezko lanari esker atera baita aurrera. Esker oneko hitzak izan ziren haientzat. Castillok eta Retolazak argi zuten hasieratik aurkezpena Hernanin egin behar zutela; izan ere, oso liburu hernaniarra izan da hau hasieratik. Hernaniko irakurle-taldeetan azaleratu ziren transfeminismoaren gaira hurbiltzeko gogoaren lehen haziak, eta hainbatetan aipatu zen ez zela euskaraz testurik urrats hori gauzatu ahal izateko.

Gainera, liburua Amaia-Aimar Elosegi hernaniar gazteari dago eskainia, bere buruaz beste egin zuena 2007an. Sexu-aldaketa prozedura bati ekin zion lagun zein senideen babesarekin; edonola ere, egoerak eta egoeraren inguruko hainbat gauzek sufrimendu latza eragin zioten, eta horiekin amaitzea erabaki zuen, aske. Bultzatzaileek liburua prestatzen ari zirela izan zuten Amaia-Aimarren ibilbidearen berri. Hasieratik garbi zuten feminismoaren ideiak eta proposamenak testuinguru historiko zehatz batean kokatu behar direla, egoera errealei aurre egiteko asmoa duen pentsamendua baita, ez abstrakzio hutsa larruzko besaulkietan gustura eserita irauteko. Hori zuzenean lotzen da Amaia-Aimarren kasuarekin; izan ere, zertarako behar dugu feminismoa? Hori bezalako egoerei aurre egiteko, saihesteko, errepika ez daitezen. Retolazak eta Castillok bihotzez eskertu zioten Elosegi sendiari haiek agertutako eskuzabaltasuna eta prestutasuna. Horrez gain, zuzenketa bat egin nahi izan zuten: liburuan bestela dioen arren, Amaia-Aimarri omenaldia Hernaniko Berdintasun Kontseiluak sustatu zuen, ez Udalak. Hain zuzen ere, Maialen Lujanbiok hitzordu hartarako berariaz prestatutako bertsoen azken lerroak ematen dio izenburua gure gaurko kronika honi.

Honenbestez, bakean uzten zaituztegu aurkezpenean gertatu zirenez gozatzeko.

 Gorka Setien

Hernanin sustraitutako poeta eta irudigileak egin du liburuaren azal ederra. Horren irakurketa poetikoa eskaini zigun ekitaldian.

Kattalin Miner

Kattalin Miner Medeakeko kidearen hitzak Amaia-Aimarrentzat.

King Kong neska

Duela zenbait hilabete hizpide izan genuen Virginie Despentesen obra oinarri hartuta bakarrizketa prestatu zuen Josune Monton aktoreak. King kong guztientzat.

Anari

Edo!-ko kide Ibon Egañak azaldu zigunez, Anari Alberdi delako batek hasieratik eman zion babesa proiektu editorialari. Mezu baten bidez jakinarazi zien finantzaziorako laguntza behar izatekotan, bera prest zegoela kontzertu bat egin eta bertaratzen zirenei, irteterakoan, sarrera kobratzeko. Argitaletxerako diru-bilketa nahiko ondo joan zela-eta azkenean ez zen kantaldirik egin, baina, ostera, Hernaniko aurkezpenean jarduteko eskatu zioten antolatzaileek musikari azkoitiarrari. Bost abesti eder eskaini zizkigun, gitarra gorritan eta paperekin oinetan, tarte bat daramalako zuzenean jo gabe. Guk bakarra ipiniko dugu; izan ere, aitor dut azken lerroko despistatu horietako bat izan ginela  eta ezin izan genituen nahi bezalako kalitatearekin grabatu abesti denak. Edonola ere, minikontzertu osoa ikusteko aukera hemen duzue, Antonio Casado da Rochari esker, gu baino gertuago eta finago ibili baitzen kamerarekin.