Euskarara ekarritako poesia

maiatza 13, 2014 @


Untitled1

(Irudia: Diario Vasco)

Kronikagilea: Garazi Ugalde

Joan den larunbatean Gerardo Markuleta (Oñati, 1963) izan genuen Literatura Eskolaren ikasturteko azken saioan, Gasteizko El Pilar Gizarte Etxean. “Euskarara ekarritako poesia” izan zuen hizpide, eta poesiaren eta itzulpenaren zirrikituetan barneratzeko aukera polita eskaini zigun bertaratutako literaturazaleoi. Goizeko lehen orduetan, poesiara eta itzulpengintzara hurbilpena egin eta itzultzeko kontsigna batzuk eman zizkigun itzultzaile-poetak. Inguruko hizkuntzetatik euskaratzean sortzen diren arazoei begiratu genien gero, eta poemen inguruko ariketa (buruhauste!) batzuk ere proposatu zizkigun. Ohiko kafe eta berriketaldiaren ondoren, berriz, ibilaldia egin genuen historian zehar euskaratu den poesian barrena, egin dena ezagutaraziz eta egiteko legokeen hori agerian utziz.

Poesia itzultzea egin beharreko lana da Markuletaren ustez; kanpoko hizkera poetikoekin harremanik ez duen hizkera poetikoa herdoildu eta kiribildu egingo da bestela. Poesia euskarara ekartzeak ekarpena egiten dio euskarari, baina euskaraz sortutako poesia ere zabaldu egin behar da, itzultzaile-poetarentzat mezu unibertsalak etxerako sortzeak ez baitu inolako zentzurik. Dena den, eta orain arte auziari gehiegi erreparatu ez bazaio ere, euskal literatura itzultzeak ez du soilik etxekoa kanpoan ezagutarazteko balio: euskaraz ez dakiten herritarrak euskal literaturara hurbiltzeko ere balia daiteke itzulpena. Markuletarentzat “luxu handiegia” da euskal herritar askok Sarrionandiaren edota Izagirreren poesia ez ezagutzea, eta horregatik ikusten du besteak beste euskaratik gaztelaniarako itzulpenak egiteko beharra.

Poesia itzultzaileak ez du poeta izan beharrik, bai ordea poesia irakurle amorratua. Poemak zer trinko eta beregaina dira eta, adierazpidearen ezaugarriak direla medio, hitz lauak baino sortze-kuota handiagoa eskatzen dute normalean. Halere, itzultzailearen arabera, poemak berehalakoan ematen du narrazioa itzultzean amaierara arte lortzen ez den ongi eginaren satisfazio hori. Poesia itzultzea ikasbide izan daiteke zalantzarik gabe, eta, Markuletaren iritziz, “trinkoa zabalera ekarrita, poesian ikasiak prosarako ere balio dezake”. Poesia itzultzea apeta izan daiteke, edo enkarguzko lana. Esku artean apetazko lana badu jolasean ari da itzultzailea, bere buruarentzako itzultzen. Argitaratzeko itzultzea, ordea, oso bestelako kontua da, eta lana egin ondoren ezustekorik ez izateko itzuli aurretik egile eskubideak lotuta edukitzea komeni dela gogorarazi zuen itzultzaile arituak. Enkarguzko lanak argitaletxeen, erakundeen edota idazleen eskariz iristen dira, eta bildumetarako, antologiak osatzeko, disko-kaieretarako, poesia jaialdietarako eta sarerako izaten dira gehienetan. Argi utzi zuen Markuletak poesia itzultzea nekez izango dela inoren ogibide, nekez izango dela aberasbide ere; ezer izatekotan, aberasgarri izango dela.

Itzultzea zer den eta zer ez

Itzultzea hitzak hizkuntza batetik bestera pasatzea baino zerbait gehiago da. Jatorrizko hizkuntzan dagoena deskodetzen du itzultzaileak aurrena, eta buruan hartutako “hitzik gabeko magma” hori xede hizkuntzan kodetzen du gero, bestela. Itzultzea eta idaztea ariketa homologoak direla esan zuen Octavio Pazek, izan ere, itzultzean idazten ere ari gara nolabait, itzultzean ere badago neurri bateko zein besteko “sortze-kuota bat”. Idazleak hitzik gabeko magma horretatik abiatuz kodetzen du mezua bere hizkuntzan. Itzultzaileak zeregin bikoitza du. Paul Verlain poeta frantsesarentzat, berriz, bitarteko ezberdinak erabilita efektu bera bilatzea zen ongi itzultzeko giltza. Miguel Sáenz itzultzaileak itzultzeko formula magikoa aurkitu bide zuen “jatorrizkotik ahal bezain hurbil eta behar bezain urrun” aritu behar zela esan zuenean. Markuletaren ustez ere, itzultzaileak jatorrizkotik urrundu behar du soil-soilik urruntzeak jatorrizkoaren mezua hobeki adierazteko balio duenean. Joao Mendes irakasle eta teorialari portugesarentzat, hizkuntza baten adierazpen ahalmena beste batera igarotzea da itzultzea, eta horretarako urrezko bi arau ematen ditu: batetik, literaturan itzulpen perfektua ezinezkoa dela eta, bestetik, itzulpen perfektuaren bila egindako ahalegina ona dela itzulpen on bat egiteko.

Poesia itzultzeko kontsignak

Poema bat izan liteke trikimailuz betetako trepeta linguistiko, emoziozko eta adimenduna. Mezua guztia da poema on batean, baina “itzulpenean efektua sortu behar da, poesia itzuli, poesia egiteko asmoarekin”. Itzultzaileak oso adi begiratu behar die idazleak asmo osoz erabilitako gaiei, hitzei, metaforei, efektuei, egindako keinu eta jokoei. Hori guztia baita poema. Zaindu egin behar dira, halaber, paratestuak, ortotipografia eta itxura tipografikoa ere. Itzulitako poemaren masak jatorrizkoaren antzekoa izan beharko luke, kaligrametan, akrostikoetan eta poema bisualetan bereziki. Simetria, lerroak banatzeko modua eta zangalatrabak, lerro hasierako letra xehe eta larriak, puntuazio-markak… guztia izan behar du kontuan itzultzaileak. Neurria eta errima ere garrantzitsuak dira, baina literatura garaikidean ez omen da hain ohikoa halako arazoei aurre egin beharra. Poema errimatuaren aurrean suertatuz gero itzultzaileak erabaki beharko du errima errespetatzeko lan nekezaren ahaleginak merezi ote duen. Izan ere, itzultzaile-poetaren ustez, errima eta neurria errespetatzen saiatzea poema antzutu dezakeen kapritxo bat izan daiteke zenbaitetan. Aukeratu beharra dagoen kasuetan Markuletak ez du zalantzarik: errimak ez luke beste ezer sakrifikatu behar, “ez dugu neurri-errima kontuengatik komunikazioa zalantzan jarriko”.

Hizkuntza bakoitzak bere ezaugarriak ditu, nor bere egitura, fonetika, esapide eta fraseologia bereziarekin. Euskarak, gainera, formari dagozkion berezitasunak ere baditu inguratzen duten hizkuntzen aldean. Hitz-ordena desberdina izateak, esaterako, zaildu egiten du itzulpena (poemetan informazioa lekuz aldatuko da ezinbestean), eta itzultzaileak kontuz ibili beharko du hizkuntzen arteko aldeak poemaren efektua gehiegi alda ez dezan. Itzultzailea da hurrenkera aldaketak kudeatu behar dituena, hitz-ordenagatik sortutako bat ez etortzeak ahalik eta hobekien konpentsatzeko.

Kafe, te, txokolate eta gosari-berriketaren ondoren aholku praktiko gehiago etorri ziren: itzultzerakoan erabilgarri izan litezkeen hiztegi eta baliabideen berri emateaz gain, poesia euskaratuaren bibliografia zabala ere ekarri zuen saiora hizlariak. Sarean, ekarriak.armiarma.com, nordanor.net/literatura eta andima.armiarma.com atarietan duzue euskarara itzulitako poesiaren berri.

[youtube=http://www.youtube.com/watch?v=mddG9NPnAy0&list=UU-JUIDrECQ0LQnt6owOMXuA&feature=share]

“Poetak maiatzean” ekimeneko taldeak grabatutako laburpena. Goiko ezkerreko ikonoa sakatu, eta agertzen den zerrendan aukeratu “Euskarara ekarritako poesia”.

Euskaratutako poesiaz

Zenbakietara jota, historian zehar euskarara itzulitako 78 poesia liburu baino ez dira ageri katalogoetan. Kopuru txikia da inondik ere, liburu itzulien kopuruarekin alderatuta. Markuletaren arabera, “hutsune handiak daude bai klasikoetan bai garaikideetan”, oso poeta nordiko gutxi itzuli ditugu, Afrikako idazlerik ere apenas, eta emakumezkoek egindako poesiaren presentzia ere eskasa da euskaraz. Bestalde, itzultzaileak esan zuen euskarak antologia gehiago behar lituzkeela. Badira euskaraz egile bakarrari eskainitako zenbait lan antologiko (hala nola, Bukowski, Maiakovski, Estellés edota Maria Mercè Marçal) baina ez poesia nazionalei eskainitako gehiegi (literatura espainiarreko, frantseseko, katalaneko eta galegoko lan batzuk kenduta).

Markuletak nabarmendu zuen, literaturaren historiako liburuek apenas aipatzen dutela euskal literatura itzulirik, itzulpena haien esparrutik kanpoko zerbait balitz bezala. Itzulpengintzaren inguruko ikerketa gero eta gehiago ari da zabaltzen akademian, eta poesiak ere izan du txokorik azken urteetan, Aiora Jakak Joseba Sarrionandiaren obraren inguruan egindako Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan tesian, esaterako (liburua sarean jarri berri du Euskaltzaindiak eta hemen kontsulta daiteke). Gainerakoan, argitaletxe gehienek ez dute poesia itzuliaren aldeko apustu argirik egiten, eta munduko literatura euskaratzea helburu duen Literatura Unibertsala bilduman ere ez da ia poesiarik itzuli, Gerardo Markuletak berak itzulitako Zenbait poeta katalan antologia salbuespen. Argitaletxeentzako diru galera izan ohi da poesia argitaratzea, nahiz eta poesia oraindik ere genero gorentzat hartzen den. Euskal argitaletxeen artean Pamielak eta Susak dute poesiaren eta poesia itzuliaren aldeko jarrera argiena, eta, horren harira, orain gutxi abiarazi den “Munduko poesia kaierak” proiektua ere hizpide izan genuen. Dena dela, liburu formatuan baino poesia gehiago argitaratu izan da aldizkarietan gerra aurretik hasi eta gaur arte: garai batean Egan, Olerti, Igela, Ustela eta Pott agerkarietan eta, gaur egun, Hegats eta SENEZ aldizkarietan, esaerako. Azken urteetan sarean ere argitaratzen da poesia, gero eta gehiago.

Itzulpena, idaztearen luzapen

“Poetarentzat poesia itzultzea bere lanaren luzapen moduko bat da”. Poesia itzultzaile gehienak, gainera, poetak ere badira: Mirande, Aresti, Sarrionandia, Izagirre, Borda… asko dira adibideak. Hortaz, pentsatzekoa da irakurtzen eta itzultzen dituzten lanek eragina izango dutela idazlearen sorkuntza lanean ere. Horrela ikusten du kontua Markuletak: “zenbat eta poesia gehiago itzuli, orduan eta euskal poesia on gehiago izango da.”

Itzultzaile aitzindari batzuk ere aipatu ziren saioan: Juan Angel Etxebarria Dirauket, adibidez, aitzindaria izan zen poeta frantses, katalan eta espainolen bilduma bana prestatu eta argitaratzen; Aresti itzultzaile nekaezinak hizkera literarioa lantzeko entsegu gisa hartu zituen itzulpenak; Izagirrek erruz itzuli du poesia (Armiarmaren web orrian eta aldizkarietan haietako asko); Bordak ere hainbat hizkuntzatako poesia itzuli eta argitaratu du, emakumezkoena bereziki, besteak beste, Maiatz eta Hegats aldizkarietan; Sarrionandiak poesia mordoa ekarri du euskarara, gustuko poemekin egindako egile-antologiak tartean (Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak eta Hezurrezko xirulak)… Euskaratutako poesia maiz idazle-itzultzailearen gutizia izan dela pentsa liteke, sorkuntza-lanaren luzapen moduko bat.

Entzuleak itzultzaile, eta poeta

Mahaiaren bueltan ginenok ere lanean jarri gintuen eta Gerardok, hainbat ariketa proposatuta: Vicent Andrés Estellésen “A vosaltres un dia…” poemaren zati bat osatzea eta “Relat” poema itzultzea; Joan Salvat Papasseiten “Proverbi” euskaratzea edota Bibliako zatitxo baten euskarazko bi itzulpenen alderaketa egitea. Saioari bukaera emateko, Felipe Benítez Reyesen “La desconocida” poemaren bertsio pertsonala osatu behar izan genuen. Ezin esan emaitzak Markuletaren neurrikoak izan zirenik, baina buruari eragin eta sasi-poeta bilakatzeko ahalegina egin genuen behintzat.

Amaitzeko, bi ohar poesiaz gozatzeko gogoa piztu dizuegun horientzat: maiatzaren 22an, Poetak Maiatzean jaialdiaren baitan, “Denbora bere lekura” errezitaldi musikatua eskainiko dute Gerardo Markuletak berak eta Jabier Muguruzak arratsaldeko 19:30etan, Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan. Poesia itzuliaren harira, berriz, “Munduko poesia da gurea” ikastaroa emango dute Koldo Izagirrek, Gorka Arresek eta Gotzon Barandiaranek Durangon maiatzaren 12tik 16ra bitartean, XX. mendetik gaur arte euskaratu den munduko poesia eta itzulpenek euskal poetengan izan duten eragina aztergai hartuta. Eta, horrez gain, ate-joka da laster Zarauzko Literaturia ere… bada beraz non gozatu!