Akordatzen naiz (II)

apirila 17, 2013 @


zerua

Autofikzioa (edo zer den egia eta zer faltsua ezkutatzeko saiakera).

Garazi Arrula Ruiz (Tafalla, 1987)

Koadrilako lagunei

Akordatzen naiz nire lehenengo kubata-tragoez. Hemezortzi urte nituen, epilepsiaren aurkako pilulak hartzeari utzi eta bizpahiru hilabete geroago izanen zen.

Akordatzen naiz pinuetako irristaketa-pistan ikasi nuela bi gurpiletako txirrinduaz ibiltzen, eta akordatzen naiz nork irakatsi zidan.

Akordatzen naiz aitonaren ahotsa ahantzi zitzaidala konturatu nintzen egunaz, eta argazkietako aitona baizik ez nuela gogoan konturatu nintzenekoaz.

Akordatzen naiz alua ikuskatu nuen lehenengo aldiaz, amari lapurtu nion poltsikoko ispilu batekin.

Akordatzen naiz institutu garaian hasi nintzela hausnartzen abertzaletasunaz eta euskalduntasunaz, ordura arte berezkoa iruditzen baitzitzaidan.

Akordatzen naiz lagun min eta klase-kide baten aitaren hileta-egunaz. Hurrengo egunean euskara azterketa genuen ikastolan, eta irakasleak bezperan jakinarazi zigun ez genuela izanen. Minaren artean poz printza bat nabaritu nuen barru-barruan, eta, erabat lotsatuta, lagunaren larruan sartzera behartu nuen nire burua, haren oinazea nigan birsortzera. Ordutik beste aldi bakan batzuetan zigortu dut nire burua horrela, baina uste dut ordukoa izan zela lehena.

Akordatzen naiz kartzelara bisitan joan nintzen lehenengoaz.

Akordatzen naiz ikastolan sinetsita nengoela handitan idazlea izanen nintzela bokazioz. Ofizioz masajista izanen nintzen, kazetaria, ballet dantzaria, irakaslea edo irrati esataria.

Akordatzen naiz aita nor nuen amari galdetu nion gauaz.

Akordatzen naiz zinemara Casinora joaten ginenekoaz.

Akordatzen naiz unibertsitatera Donostiara joan nintzenean harrotu egin nintzela Tafallakoa izanik euskaraz oso ongi mintzatzen nintzela harriturik esan zidaten lehenengoan. Hirugarrenean eta gaur egun ere izugarri amorratzen nau.

Akordatzen naiz nerabezaroan koadrilako batek lehenengoz masturbatzen zela aitortu zuenekoa, eta segidan guztiok esan genuela banan-banan ni ere bai.

Akordatzen naiz besarkada jakin batzuen balioaz.

Akordatzen naiz txikitan zapatak erostera joan eta txarolezko zapata gorri batzuk gutiziatu nituela, eta amak saltzaileari keinu egin ziola nire zenbakia ez zutela esan ziezadan.

Akordatzen naiz institutu garaiko dramaz eta hitz mingarriez, gure koadrila hortxe hautsiko ote zen beldur, nukleo hautsiezinaz kanpoko lagunekin ibiltzen hasi baikinen, kapitalean.

Akordatzen naiz ibaian bainatzen ginen udako egunez, eta nola botatzen ginen zuhaitz-adar batean kulunkan pozo redondo horretara, gutako bat eusten zuen zuhaitzeko adarra apurtu, eta biak, laguna eta adarra, uretara erori ziren arte.

Akordatzen naiz euskaldun jatorrekin izandako eztabaidez.

Akordatzen naiz zenbat aldiz lotsagorritu naizen idazle ospetsuren bat ezagutzen ez nuela aitortu behar izan dudanean, eta gero nola joan naizen etxera hari buruzko informazioa bilatu eta zerbait irakurtzera.

Akordatzen naiz amarenganako miresmen biziko uneetako batean esan niola nire lehenengo soldatarekin Alaskara eramanen nuela bidaian, berak nigatik egiten zuen guztiagatik.

Akordatzen naiz ligatzen ongi moldatzen nintzela konturatu nintzen gauaz. Jarraian konturatu nintzen zenbat gustatzen zitzaidan.

Akordatzen naiz txikitan maiz jartzen zituela amak Erramun Martikorenaren diskoak, eta halako batean negar batean joan nintzaiola, polita izanen da, baina oooso tristea da esanez.

Akordatzen naiz aurpegia estalirik pintura gorria eta horia lehenengoz bota genuen eguneko zirraraz.

Akordatzen naiz esan gabeez.

Akordatzen naiz, txikitan, nire urtebetetze egunean, kalera atera ginela elurrarekin jolastera, eta etxera itzultzean putzua egin zela egongelan, lagunetako batek elur bola bat poltsikoan gorde baitzuen.

Akordatzen naiz nerabezaroko estetikaz: praka marradunak, kalentadoreak, palestinoa, mahuka laburreko Cheren kamiseta mahuka luzeko beste baten gainean eta mendiko botak.

Akordatzen naiz 2004ko martxoaren 11z; institutuko irakasle batzuk kalera atera ziren afixekin, kontrakorik frogatu ezean ETArena baitzen errua.

Akordatzen naiz zer azkar maitemindu nintzen lehenengoz maitemindu nintzenean, eta zenbat kostatu zitzaidan bigarrenez maitemintzea.

Akordatzen naiz Iñaki ezagutu nuen egunaz, Belfasten. Akordatzen naiz harritu egin ninduela zeinen zirikatzailea eta txantxazalea zen.

Akordatzen naiz amonaz, loreak mimatzen, eta akordatzen naiz bere eskuez, ni laztantzen.

Akordatzen naiz lehen beti zela betiko; orain, geroz eta gutxiagotan.

Akordatzen naiz Donostiako paseo berriaz.

Akordatzen naiz zutaz.

Akordatzen naiz desio izan nuen lehenengo emakumeaz.

Akordatzen naiz miretsi izan ditudan guztiez, ez hainbeste larrua jo diedan guztiez.

Akordatzen naiz izuez; nekez ahanzten ditut.

Akordatzen naiz amak beti esaten duela eskerrak argazki piloa atera izan dizkidan beti, bestela ez bainintzen sekula deusekin akordatuko.

zapatos de charol

Tags: